→Zeberio

Udako turismo erreserbak %80tik ia zerora jaitsi dira Zeberioko bost apartamentuetan

zeberio landa apartamentuak
Bost landa apartamentu kudeatzen ditu Udalak / Zeberioko Udala

Euskal Herriko hiriburuetako turismoaz gain, bada herrietako turismoa ere, baita turismo berdea deritzona ere. Zeberiok azken horri heldu dio azken urteetan eta emaitza onak izan ditu. Baina aurtengo datuen beherakada erabatekoa izango da eta zerbitzua eta eskaintzari eusteko lanean ari dira Udaletik. “COVID-19ak eragin negatibo handia izan du, hondamenditzat jo dezakegu. Datuek erakusten dutenez, martxoan erreserba-mailak % 80ko okupazioa agertzen zuen apartamentu turistikoetan ekainerako, uztailerako eta abuzturako; eta koronabirusa heldu zenean, erreserbak bertan behera utzi zituzten erabiltzaileek, bata bestearen atzetik ia zerora iritsi arte. Eta ‘ia’ esaten dugu uda amaieran erreserbaren bat geratzen delako oraindik baliogabetu gabe”. Horiek dira udal arduradunen berbak.

Azken urteetan zabaldutako lan-ildoarekin jarraituz, turismo berdea indartzen jarraitzeko apustua egin du Zeberiok. Udalak lau apartamentuko eskaintza handitu eta aurten bost ditu, 35 eta 45 euroko salneurri bitartean. Iaz 420 pertsonek erabili zituzten, 2018an bezainbeste, eta 2017koen ia bikoitza. “Bisitari gehienak katalanak eta madrildarrak izan dira. Valentziatik eta Andaluziatik ere etorri dira. Frantziarrak, alemaniarrak eta italiarrak ere izan ditugu”, diote udal ordezkariek. Azken bi urteotan bisitari kopurua berdina izan bada ere, nabarmentzekoa da bisitariek gero eta egun gehiago egiten dituztela apartamentuetan: iaz batez beste 3,6 gau egin zituzten Zeberion.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak