→Zeberio

Aitor Azkueta, Zeberioko artzaina: «Basurdeak hirietara jaitsiko balira, egiten duten kaltea ikusiko luke jendeak»

Azken egunotan, Zeberioko landetan hainbat kalte eragin dituzte basurdeek. Nekazariak eta abeltzainak kexu dira

Ugaorekin mugan dauden landak, basurdeek kaltetuta // Utzitakoa

Ez da lehen aldia basurdeek abeltzain eta nekazarien lurrak hondatzen dituztena. Eta Zeberion ondo dakite hori, bereziki azken egunotan landetan sufritutako kalteak ikusita. Aitor Azkueta artzainak (Olarrekoa gaztaren ekoizlea) kontatu digunez, lursailak txikituta daude: “Urte hasieratik hona, egoera txarrera joan da: gero eta basurde gehiago daude eta gau gehienetan etortzen dira landetara”.

Azkuetak Ugaorekin muga egiten duen gunean dauzka lurrak, baina azaldu du ondoko sailetan ere arazo bera daukatela. “Ez da lehenengo aldia” —gogoratu du— “Eta kaltetu bakarra ez naiz ni izan”. Gainera, negu garaian arazoa larriagoa da ekoizleentzako, lurra bustita dagoenez, bigun dagoelako eta zuloak erraz egiten dituztelako animaliek. “Udan landak siku egoten dira, eta egindako kalteak konpondu ezean, ezin da ezer egin; ez belarrik ebaki, ez ezer”.

Ugaorekin mugan dauden landak, basurdeek kaltetuta // Utzitakoa

Basurdeen kopuruak, gainera, gora baino ez du egiten, eta horrek arazoa larritu egiten du. Ehiztariek uxaketetan hiltzen dituzte hainbat, baina ehiza-barrutietatik kanpo basoak “zikin daudela-eta”, ez dute landa horietan jardun nahi. Gainera, ehiza-denboraldia martxoa inguruan bukatuko da, eta, beraz, babes gabe geldituko dira hilabete pare bat barru.

Arazoak badaude, “basozaina etortzen da, zer dagoen ikusten du, eta Aldundira bidaltzeko txostena prestatzen du”, azaldu digu Azkuetak. Baina lan hori ere ez da nahikoa izaten konponbidea jartzeko, eta azkenean, nekazariek eta abeltzainek beren kabuz hartu behar izaten dituzte neurriak.

“Basurdeak hirietara jaitsiko balira, egiten duen kaltea ikusiko luke jendeak”, gogoratu du artzainak. Eta agian, hori gertatuko balitz, arazoaren larritasunaz jabetuta, laguntza gehiago izango lituzkete ekoizleek.

Ugaorekin mugan dauden landak, basurdeek kaltetuta // Utzitakoa

Arazoa hirietan

Hego Uriben, 2018. eta 2019. urteetan, arazoak egon ziren basurdeekin hiriguneetan ere. Kalterik sortu ez zituzten arren, Basauriko Iruaretxeta eta Zabalandi auzoetara jaitsi ziren animaliak udan eta urte amaieran, eta Aldundiak zenbait uxaketa antolatu zituen. Orduan, aktibista talde batek ekintza gelditzeko deialdia egin zuen, eta Animalienganako errespetuaren aldeko plataformak  sinadura bilketa antolatu zuten sareetan, Udalari ekimena bertan behera uztea eskatzeko. 

Irudi hauek 2019ko azaroan grabatu genituen GEURIAn, Iruaretxeta parkean:

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak