→Zeberio

Aitziber Mendibil: «Frontoia bizirik dago eta palarekin eman nahi diogu jarraipena»

Herrian umeen pala taldea sortzearen alde, lehenengo topaketa egin zuten irailean Zeberion. Aitziber Mendibil guraso eta Mandoia Zeberio Pilota Kirol Klubeko zuzendaritza taldeko kideak egitasmoa bide onetik doala uste du

Aitziber Mendibil, Mandoia Zeberio Pelota Kirol Klubeko zuzendaritza taldeko kidea // Geuria

Mandoia Zeberio Pelota Kirol Klubak 2021eko maiatzean zabaldu zituen ateak, eta ordutik, hainbat ume eta gazte hasi dira Zeberioko frontoian astero biltzen esku-pilotan entrenatzeko. Ekimenak izan duen arrakasta ikusita, frontoia biziberritzeko beste pauso bat ematea pentsatu dute klubetik: pala taldea sortzeko topaketekin hastea. Aitziber Mendibil (Basauri, 1973) Mandoia Zeberioko zuzendaritza taldean dago, eta harekin hitz egin dugu proiektuaren hasieraz eta herriko haurrei pilota lehiaketetatik kanpo ere bizi daitekeela irakasteko beharraz.

Zerk bultzatu zaituzte pala taldea sortzeko topaketak antolatzera? Hemen betidanik egon izan da ohitura frontoiko jokoetara jokatzeko, batez ere frontenisera. Halere, esku pilota kluba hasi genuenean, ez genuen talderik sortu, nahiz eta uste dugun pilotaren mundua beste modalitate horietara ere zabaldu behar dela. Esku-pilota telebistan agertzen denez, jaun eta jabe da, eta umeek hori nabaritzen dute: nagusiok esku pilota arreta handiz ikusten badugu, baina gero katez aldatzen badugu palako partida bat dagoenean, haurrek pentsatzen dute hori dela jokatu behar dutena. Eta guk ezin ditugu frontoiko modalitate horiek ahaztu. Zeberion, gainera, jende askotxok jolasten du palan, eta joko hori ere izan daiteke jendea klubera hurbiltzeko gakoetako bat; izan ere, esku hutsezko jokoen aurrean, palarekin edo bestelako erremintekin ibiltzea erakargarriagoa izan daiteke batzuentzat.

Nor erakarri dezake palak? Badaude ume batzuk pilotari eskuarekin ematea hain gustuko ez dutenak (agian, bortitza izan daitekeelako atzamarrentzat), eta horietako asko frontoira palarekin edo erraketarekin hurbiltzen dira. Orduan, horri forma pixka bat emateko, entrenatzaileekin hitz egin genuen: hori izan zitekeela hasiera. Horrez gain, kontutan izan behar dugu pilota taldeetan, gurean bezala, genero arrakala dagoela: askoz mutil gehiago daude neskak baino. Eta pala jokoa eskaintzen badugu, haiek ere erakarri genitzake beharbada, batek daki.

Frontenisa ere aipatu duzu. Zergatik egin duzue palaren aldeko hautua erraketaren aurrean? Frontenisean jolastea errazagoa da, nahiz eta ondo jokatzeko asko praktikatu behar den, kirol guztietan bezala. Palarekin alderatuta, erraketa ez da hain konplikatua maneiatzeko, zabalagoa delako, eta gainera, palak teknika gehiago eskatzen duelako: eskumuturrarekin indarra egin behar da, eta materiala egokitu arren, maneiu ona eskatzen du. Halere, Euskal Herrian, tradizioz, beti jokatu izan da palaz. Orduan, gurea bezalako taldeek eta elkarteek modalitate hau zaintzearen alde egin behar dute, galtzeko zorian ere egon baita.

Palarekin hasteko, baliabide aldetik, nahikoa dituzue? Momentuz, ez, forma emateko eta taldea sortzeko lanetan ari baikara oraindik. Hasteko, adibidez, Zaratamoko pilota elkarteari eskatu diogu laguntza materialetarako, alde horretatik talde guztiok gabiltzalako nahiko eskas. Beraz, taldeen artean hitz egiten dugu.

Beste zein pala talde daude Zeberio inguruan? Zeanurin, Artean eta Orozkon badaude, eta Zeberion ez dagoenez, jokatzen duen jendea kanpora joaten da. Orduan, dauzkagun instalazioekin eta jen- dea izanda taldea egiteko, elkarteak hartu behar du hori bultzatzeko erronka.

Topaketekin jarraituko duzue? Bai, topaketak ostegun guztietan egiten ditugu, udaletxeko frontoian, 17:00etik 19:00etara. Baina, hemendik aurrera, jendeak hurbiltzen jarraitzen badu eta interesatuta badago, datorren urteari begira, eguna jarriko dugu eskola kirolean bezala apuntatzeko. Gainera, badaukagu beste frontoi bat ere, Ermitabarrikoa, eta epe luzera ordutegi ezberdinak planteatu daitezke: klaseak asteko bi egunetan egitea, ordu bateko edo ordu eta erdiko entrenamenduak.

Zer egiten duzue topaketetan? Hurbiltzen diren umeekin jolasak egiten ditugu eta beroketak “gantxo” moduan erabiltzen ditugu, apurka-apurka ariketa ezberdinak tartekatzen joateko. Bitartean, bakoitzaren maila zein den ikusten dugu (batzuk hasiberriak dira, beste batzuk trebatuta daude palan), eta horren ara- bera antolatzen ditugu taldetxoak. Bestela, hasiberriak jolasten hasten badira eta ikusten badute ez dutela asmatzen, desanimatu egiten dira. Beraz, bakoitzari bere mailako ariketaren bat jartzea ere komenigarria da.

Orain arte, zein adinetako umeak gerturatu zaizkizue? Lehen Hezkuntzakoak eta baita Bigarren Hezkuntzakoak ere, 9-10 urtekoak zein 12-13 urteko neska-mutilak. Talde mistoa.

Lehiaketetan eta txapelketetan parte hartzeko arazoak izango dituzue agian, kategoria ezberdinetako umeak daudelako. Baina hori Federaziotik kudeatzen da: partidak, daukaten mailaren arabera egiten dira. Haur bat oso maila altuan jartzen baduzu, desmotibatu egiten da behin eta berriro galtzen ari dela ikusten badu. Egia da porrota kudeatzen ere ikasi behar dela, baina beti badabil galtzen.

Orduan, hau afizioa sortzeko baino ez da? Bai. Azkenean, txapelketak motibatzeko baliabide bat dira, eta horrela izan behar dira beti. Lehiaketak eta egiten ditugun txapelketak kirolak behar duen saltsa dira, mugimendu apur bat, baina gehiegi ez da komenigarria, umeek ez dakitelako presio hori kudeatzen. Zeberion ere, harmailak gurasoz beteta daudenean, haurrek presio izugarria daukate. Beraz, haientzat, momentuz, nahikoa da herriko jendearekin jolastea eta ondo pasatzea. Pilota, gainera, ez da txapelketen mundua bakarrik: lehiaketetatik kanpo badago beste arlo bat ere, monitorearena, entrenatzailearena, epailearena… Pilotari profesionalen kasuan, goreneko maila uzten dutenean, dena ez da hor bukatzen, frontoia beti baitago hor edozeinek jolasteko. Gustua hartzen badiozu, bizitza osorako balioko dizu, eta hori irakastea da gure helburua.

Kontzeptua aldatzea, zer izan daitekeen, nola hasi eta nola jarraitu. Noski. Eta ohiturak ere bai: frontoira hurbiltzea kirola ikusteko eta herriko bizitza sustatzeko. Jaietan, adibidez, emakume profesionalen partidekin, beteranoenekin eta umeenekin giro polita egon zen. Azkenean, frontoia bizirik dago eta palarekin eman nahi diogu jarraipena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak