☉ Zeberio
Arantza Perez Etxebarria: «Denok gara bat Mandoia Pelota Klubean; presidenterik ez dago»
Zeberioko pilota eskolak gaur egungoen eta datozen umeen etorkizunean izango duen aztarnaz hitz egin digu, aurten Zubialde auzoan konpondu behar duten pilotalekuan bertan

Arantza Perez Etxebarria (Zeberio, 1979) Zeberioko Mandoia Pelota Klubeko presidentea da “paperetan”. Zaila egiten zaio bere burua “zuzendari” moduan definitzea eta are gehiago kamera baten aurrean ipintzea. Zeberioztarrak klubaren atzean lan egiten duten herritarren ahalegina azpimarratu du, tartean Beñat García zaratamarraren lan bikaina goraipatu du.
Zeberioko pilota eskolak gaur egungoen eta datozen umeen etorkizunean izango duen aztarnaz hitz egin digu, aurten Zubialde auzoan konpondu behar duten pilotalekuan bertan. Izan ere, neguko hezetasunak eta euriteek umeen entrenamenduak baldintzatu dituzte eta frontoian egin beharreko obra horien garrantzia azpimarratu du.
Klubeko paperetan zuzendari lez agertzen zara, Arantza. Badakigu, hala ere, zuzendari moduan aurkeztea ez duzula gogoko.
‘Presidente’ hitza ez zait batere gustatzen baina egia da esparru administratiboan klubeko zuzendari lez agertzen naizela. Hala da.
Eta nolako erronka da zuretzat, eta klubaren atzean dagoen lantaldearentzat, noski, Zeberioko pilota eskola kudeatzea?
Nik ez nuke erronka lez definituko; zirkunstantziek egoera honetara ekarri ninduten eta presidente lanak egitea proposatu zidaten. Hala ere, klub honen atzean ez dago arduradun bakarra; denok gara bat Zeberioko Mandoia Pelota Klubean. Gauza da klub bezala sortu ahal izateko izenak behar zirela, taldearen egitura modu legalean sortzeko, beste hitz batzuetan azalduta.
2023an hartu zenuen kargu honen ardura zure lantaldearekin. Nolako esperientzia izaten ari da erantzukizun hain handia duen klub honen norabidea zehaztearena?
Pozik nago, egia esateko. Azken batean, esperientzia honen bidez erakusten ari gara emakumeok ere era honetako beharrak egiteko gai garela.
Zeberioko Mandoia Pelota Klubak eskola ugari eta partida dezente antolatu izan ditu. Herritarrek ba al dakite nolako lana dagoen Mandoia bezalako pilota klub baten atzean? Lantaldeak bloke baten modura egiten du lan: Whatsapp talde bat dugu gure artean lana antolatu ahal izateko. Lan gogorrena ikasturte hasieran izan ohi da guretzat. Abuztuko eta iraileko aste horietan Bizkaiko Pilota Federazioarekin harremanetan ipintzen gara haurren izen-emateak, kategorien sailkapena, fitxak eta behar bestekoak burutzeko. Ikasturtea antolatzeko, alegia. Arlo ekonomikotik, gure aurrekontua antolatu eta klubeko dirua zertara bideratuko dugun ere erabaki behar da, eta horrek ere lan handia eta buruhausteak ematen ditu.
Eskualdeko esku-pilotaz berba egiten denean Zaratamo izan ohi da erreferentziazko herria, askotan. Nolako pisua dauka pilotak Zeberion?
Zaratamoren ospea bertatik irten diren pilotari famatuengatik izango da ziurrenik, baina Zeberion ere betidanik izan dugu frontoia eta herritarrek betidanik jokatu dute kirol honetan. Arraroa bada ere eta esku-pilotarekiko pasio handia egon bada ere, esku-pilota taldea izan da faltan izan dugun gauza bakarra.
Arraroa da, gero! Eta zer egiten zuen pilota gustuko zuen Zeberioko jendeak, orduan?
Duela urte asko Zeberiok pilota eskola bazuen, baina desagertu egin zen, eta duela hiruzpalau urte esku-pilota taldea sortu zuten herrian. Ordura arte inguruko herrietara joaten zen jendea esku-pilotan jokatzen ikastera eta praktikatzera: Zaratamora, Igorreko esku-pilota taldera… Orain, aldiz, Zeberion daukagu esku-pilotan jokatzeko aukera.
Arraroa bada ere eta esku-pilotarekiko pasio handia egon bada ere, esku-pilota taldea izan da faltan izan dugun gauza bakarra.
Zenbat umek osatzen dute Mandoia Pelota Kluba?
30 inguruk. Egia da badirela noizean behin fitxarik gabe jokatzera datozen umeak, baina kasu puntualak izan ohi dira, normalean kirolarekin lehen kontaktua egitera datozelako, proba modura.
30 neska-mutil, beraz. Horietatik zenbat neska eta zenbat mutil?
Mutilak dira nagusi Zeberion. Gure eskolan lau neska baino ez ditugu.
Momentuz kopurua oso urria da, baina historian atzera begiratuta eta feminismoaren ikuspuntutik ikusita betiere, garapenik izan dela esango zenuke nesken partaidetzaren esparruari dagokionez?
Lehen pentsaezina zen emakumeak pilotan jokatzen ikustea. Baina esan beharrekoa da futbola bezalako kirol nagusiek ere emakume asko eraman dituztela, bai Zeberion, baita Euskal Herrian ere. Honekin esan nahi dudana da Zeberion esku-pilotan aritzen ez ziren emakumeak futbolean aritzen zirela, herrian emakumezkoen futbol taldea egon bazegoelako. Esku-pilotak ez zuen zorte hori izan, tamalez, eta ez dakit zein izan zitekeen horren arrazoia, egia esateko.
Eta pilotan emakume gehiago izateko formula zein izan liteke? Denbora kontua, agian?
Gero eta emakume gehiago dago esku-pilotan: bai entrenatzen, bai modu profesionalean jokatzen. Hori horrela da. Egoerak hobera egingo du, ziur, baina apurka-apurka. Ez da egun batetik bestera gertatuko den egoera izango.

Zu berez zeberioztarra zara, emakumea eta Mandoia Pelota Klubeko zuzendaria. Esku-pilota praktikatu ahal izan duzu inoiz?
Praktikatu berez ez, baina betidanik gustuko izan dut. Herretako eta profesionalen partidak ikustera joan izan naiz beti, baita herriko jaietan ere. Bi seme ditut eta esku-pilotan jo eta su dihardute biek. Azken batean horixe da asmoa, gazteek eta atzetik datozen umeek klub bat izatea maite duten kirol hau praktikatu ahal izateko.
Mandoia Pelota Klubak hiruzpalau urte besterik ez ditu. Nola ikusten duzu hemendik urte batzuetara? Herriko umeek maila profesionalean jokatzera iristeko erreminta modura erabili ahal izango dute?
Hori umeen esku dago. Nabarmendu nahi nuke entrenatzailerik onena dugula Zeberion: Beñat Garcia. Haurrak primeran entrenatzeaz gainera, psikologo modura lan izugarria egiten du haiekin eta umeak zein herritarrak benetan pozik daude berarekin.
Zer esan dezakezu Zubialdeko frontoiaz?
Leku oso onean kokatuta dago eta polita bezain handia da Zeberiokoa. Aukera asko ematen ditu jarduera ezberdinak antolatu ahal izateko: partidak jokatzeko, entrenamendu saioetarako… Frontoi asko laburtxoak dira eta jarduera ezberdinak antolatzeko arazoak izan ohi dituzte.
Hala ere Zeberioko frontoi honek konponketa garrantzitsu batzuk baditu faltan.
Itxura batean ondo dago, baina negu aldera, euria eta hotza datozenean, arazoak izaten hasi gara hezetasunarekin, entrenamendu saio asko bertan behera utzi behar izateraino. Astean zehar euri asko egiten duenean, asteburuko federazioko partidetan eragina du horrek guztiak eta ezin izan dira jokatu; “partxeak” ipini baditugu ere, zorua urez betetzen da.
Zer dio Udalak honen inguruan?
Udala laguntzeko prest agertu da lehen momentutik eta egoeraren jakitun da. Etengabeko harremanetan gaude udal ordezkariekin eta aurtengo obra nagusia frontoian egingo dutela esan digute. Berez, obrari argi berdea eman diote. Hala ere, era honetako jarduketek denbora behar izaten dute eta guk ez dakigu noiz hasiko diren, ezta zer nolako jarduketa egingo duten ere.
☉ Zeberio
Gabon Kontzertua eskainiko dute gaur Arratiako Musika Eskolako ikasleek Zeberion
Kontzertua Plazako ermitan antolatu dute eta saio bi prestatu dituzte guztira: bat 17:30ean eta bestea, 19:00etan

Arratia Musika Eskolako ikasleek Gabonetako Kontzertua eskainiko dute Zeberioko Abendu Kulturalaren markoan.
Kontzertua gaur bertan izango da Plazako ermitan eta saio bi prestatu dituzte guztira: bat 17:30ean eta bestea, 19:00etan: “Gabonak ospatzeko kontzertu batzuk prestatu ditugu hainbat herrietan. Astelehenean Zeberio eta Otxandioko txanda izango da. Etorri ikustera!”
Egitaraua | Zeberioko Abendu Kulturala 2026
ABENDUAK 15, astelehena
17:30 Arratiako Musika Eskolaren emanaldia
ABENDUAK 19, barikua
Ballet ikuskizuna
18:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 22, astelehena
Red Bull X-Alps 2025
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 23, martitzena
Egurrezko jolasak
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 24, eguaztena
Olentzero eta Mari Domingi
17:00 Ermitabarri
ABENDUAK 30, martitzena
Puzgarriak eta jolasak
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 31, eguaztena
Tontorrandira mendi irteera
☉ Zeberio
Euskal kostatik irteera prestatu du Austarri Mendi Taldeak, Zeberioko Abendu Kulturalean
Ibilbidean parte hartu nahi duten interesdunek abenduaren 11ra arte eman dezakete izena

Zeberioko mendizaleen elkarteak irteera berezia antolatu du Abendu Kulturalaren testuinguruan: abenduaren 14an egun osoko irteera prestatu dute Lekeitio eta Ondarroatik.
13,5 kilometroko eta 375 metroko desnibeleko ibilbidea izango da. Irteera Zeberioko plazatik egingo dute 08:00etan (autobusez). Ibilbidean parte hartu nahi duten interesdunek abenduaren 11ra arte eman dezakete izena elkartearen lokalean bertan (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte) edo austarrimenditaldea@gmail.com helbidera e-posta bidaliz. Informazio gehiagorako 665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakiak ahalbidetu dituzte.
Bizkaiko kostaldean dago Lekeitio, Lea-Artibai eskualdean, Otoio (399 m) eta Lumentza mendien magalean. Bertan itsasoratzen da Lea ibaia, Isuntza eta Karraspio hondartzen artean, San Nikolas uhartea ezkerreko aldean dela. Lekeitioko alde zaharreko kaleek herriaren ondare artistiko oparoaz gozatzeko aukera eskaintzen dute. Jasokundeko Andra Maria eliza dotorea da elementurik bikainena. Barruan gordetzen duen urre koloreko erretaula gotikoa aparta da zinez, Estatuko hirugarren handiena. Lekeitioko informazio gehiago webgune honetan topa dezakezu.
Ondarroako altxorrak: lekurik xarmangarriena Alde Zaharra da, leku berezia. Hiru kale nagusi ditu: Goiko kale, Ipar kale eta Kale Handi, Erdi Arokoak direla argi ikusten da, kale estuak eta aldapatsuak baitira. Portu Zaharra ere ikustekoa da, antzina itsas ontziak lotzen zituzten lekua. Eta da alde batera utzi Egidazu Kaia portua, arrainak jasaten duen prozesu guztia ikusi dezake bertan bisitariak.
Ondarroak ibilbide interesgarriak eskaintzen ditu. Bertan garai desberdinetako zubi bitxiak, kale eta kantoi estu eta aldapatsuak, bata besteari lekua kentzen dauden eraikin gainjarriak, eliza, ibaia, portuak, itsasoa, hondartzak, mendi eta basoak, baserriak, baselizak edo dorretxeak ikus daitezke, besteak beste. Udalak udalerriaren inguruko informazio gehiago dauka webgunean.
‘GR11’ren proiekzioa
Euskal kostatik egin beharreko ibilbideaz gainera, ‘GR11’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu du Austarri Mendi Taldeak Abendu Kulturaleko egitarauan, abenduaren 11n, plazako ermita zaharrean.
Eta urteari amaiera osasuntsua emateko, betiko moduan igoera antolatu dute Austarri Mendi Taldekoek Tontorrandira.

Egitaraua | Abendu kulturala 2025
ABENDUAK 3, asteazkena
JOSEBA SARRIONANDIAREKIN HITZALDIA
19:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 5, barikua
BERTSOKLOWN 18.30
Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 11, eguena
‘GR11’ DOKUMENTALA
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 12, barikua
KONTZERTUA: INGOT
19:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 13, zapatua
KONTZERTUA: NAIARA TRIFOL
19:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 14, domeka
EUSKAL KOSTARA IRTEERA
ABENDUAK 15, astelehena
ARRATIAKO MUSIKA ESKOLAREN
EMANALDIA
ABENDUAK 19, barikua
BALLET IKUSKIZUNA
18:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 22, astelehena
RED BULL X-ALPS 2025
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 23, martitzena
EGURREZKO JOLASAK
11:00 Usaletxeko plaza
ABENDUAK 24, eguaztena
OLENTZERO ETA MARI DOMINGI
17:00 Ermitabarri
ABENDUAK 30, martitzena
PUZGARRIAK ETA JOLASAK
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 31, eguaztena
TONTORRANDIRA MENDI IRTEERA
☉ Zeberio
Bideoa | Raquel Cilla Lopez: «Inori axola ez zaion gela batean zeuden Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak»
Juan Manuel Gonzalez lankidearekin batera Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak topatu ditu Raquelek Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas eleizan

Olabarrietako Santo Tomas elizako lau metro karratuko biltegi txiki batean elkartu gara Raquel Cilla Lopez (Zaragoza, 1975) Eleiz Museoko zuzendariarekin. Cilla Ermitabarrin bizi da 2003tik hona, eta Juan Manuel Gonzalez lankidearekin batera egindako aurkikuntza historikoa ezagutzeko aukera izan dugu: Bizkaiko arkitektura-plano zaharrenak.
Eleiz Museoko langileek kasualitatez aurkitu zituzten Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoa osatzeko lanetan ari zirela. Tamaina handiko armairu bat lekualdatu ostean ganga batzuen diseinu bi topatu zituzten hormako zarpiatuan, hondatutako eskultura eta garbiketarako tramankulu batzuen artean ezkutatuta.
Istorioa ezagutu dugu Eleiz Museoko zuzendariaren eskutik.

Gelaxka txiki batean topatu dituzte plano biak // Geuria
Aurkikuntza potolo bi egin dituzue Eleiz Museotik Zeberioko Olabrrietako Santo Tomas eleizan. Nola gertatu da? Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoan lan egiten ari gara momentu honetan, eta ikerketa modu oso sakonean egiten da: tenplu bat ikertzerako orduan den-dena ikertzen dugu, eta altzari eta kajoi guztiak zabaltzen ditugu, ahalik eta informazio gehien eskuratzeko.
Alde batetik eraikina behatzen duten teknikariak daude lantaldean, eta bestetik altzariak eta bestelako elementuak arakatzen ditugunok: eskulturak, erretaulak… askotan elkarrekin egiten dugu lan bera, begi gehiago dagoelako ikerketan. Juan Manuel Gonzalezekin batera Olabarrietako Santo Tomasen lan egiten ari ginela, eraikina ikertzen ari ginen eta biltegi baten antza duen gela txiki bateko horman marka batzuk aurkitu genituen. Arin batean jabetu ginen ganga batzuen diseinuak zirela. Hormako zarpiatua zaharra da berez eta horien gainean egin ziren gaur egungo gangen diseinuak. XVI. mendekoak dira.

Raquel, Ermitabarriko Santo Tomas eleizako erretaularen aurrean // Geuria
Zer dela eta mantendu izan dira hain ondo denbora honetan zehar bertan? Biltegi txiki batean egin zituztelako, inori axola ez dion leku batean, hain zuzen ere. Diseinu horiek eleizako nabe nagusian edo sakristian egin izan balituzte, urteetan izandako eraberritze-lanak direla eta bertan galduko ziren, zalantza barik. Gelaxka horri inork ez dio kasurik egin mendeetan zehar eta hasieratik eman dute bertan diseinuek. Benetan harrigarria da aurkitu izana.
Azaldu zehazki egin duzuen aurkikuntza. Nolako diseinuak dira? Gangak eraikitzeko diseinu bi dira: lehenak 13 giltzarri eta hainbat tertzelete ditu. Ganga nahiko konplexua da arkitektura ikuspegitik eta tentu handiz diseinatuta dago: ematen du erregela eta konpasa erabili zutela diseinua egin ahal izateko. Bigarren diseina, ordea, sinpleagoa da: eskuz egin zuten eta elementu gutxiago ditu. Diseinu bien artean bigarrena aukeratu zuten. Gure hipotesiaren arabera, XVI. mendean lehiaketa bat antolatu omen zuten eta diseinu bat aukeratu behar zen Olabarrietako Santo Tomas eleizako sabaian eraikitzeko. Bertan hargin batzuek hartu zuten parte. Diseinu proposamen horiek zarpiatuan bertan egin zituzten. Gure ustez sinpleena aukeratzearen arrazoia kostua zen: zenbat eta sinpleagoa, orduan eta merkeagoa.
Nolako garrantzia dauka non eta Zeberion egindako aurkikuntza honek? Bizkaia mailan aurkitu diren arkitektura-plano zaharrenak dira, eta litekeena da Euskal Herri osokoak ere. Aurkikuntza benetan garrantzitsua izan da.
Zaragozakoa zara baina 2003tik bizi zara Ermitabarrin. Zer da zuretzat Olabarrietako Santo Tomas eleiza? Landa-eremuko parrokia-eliza da, eta hasiera-hasieratik harritzen du, bere tamaina handiagatik. Bertara iristean, errepidetik mendixka batean nola altxatzen den ikusten da. Bereziki, landa-ingurune bateko eliztar komunitate txikia harritzen du.

Olabarrietako Santo Tomas // Geuria
Bere monumentu-mailagatik eta barruan duen erretaulagatik ere harrigarria da. Izan ere, XVI. mendeko egile onenetako batek eraiki zuen: Martin Ruiz de Turiatek. Badakigu elizan 11 erretaula ere egon zirela. Denboraren poderioz, hondatu egiten dira, desmuntatu… Gaur egun, egungoaren berri baino ez dugu. Denboraren igarotzea gainditu ez zuten gainerako erretaulak, pieza batzuk geratzen dira eta gaur egun sakristian gordeta daude, museo txikitzat har daitekeen leku batean: barruan irudi eta objektu pila aurki daitezke, batez ere XVI. mendekoak, eliza altzariz bete zen garaikoak, alegia.
Eleiz Museoa Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoan lan egiten ari dela azaldu duzu hasieran. Zer da zehazki lan hau eta zein da helburu nagusia? Monumentuen Katalogoa 80-90. hamarkadan jaio zen Deustuko Unibertsitateko katedradun baten eskutik: Jose Angel Barrio Loza. Lehen Monumentuen Katalogo bat sortu zuten garai hartan eta bertan Bizkaiko parrokietan eta zenbait monumentu-baselizatan dagoena dokumentatu zen. Oinarri modura lan hori oso ondo dago, baina zaharkituta geratu da. Beraz, Eleiz Museoa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, katalogo horren berrikusketa eta eguneratze lanak egiten ari da. Izan ere, lehen katalogoak dokumentatutako 400 tenplu baino gehiagotik 785era igaro gara. Kopurua bikoizteko gutxi falta zaigu!
Zergatik igoera nabarmen hori? Bertan baseliza guztiak dokumentatu ditugulako, ez bakarrik monumentalak. Parrokia guztiak ere kontuan hartu ditugu (garaikideak barne: ezker eta eskuinaldekoak, Bilbo Handikoak…) eta hasieran esan moduan, tenplu bakoitzean ikerketa sakona egiten dugulako. Informazio guztia garrantzitsua da guretzat.

Eleiza Ermitabarriko muino batean kokatuta dago, ipuin batetik ateratakoa balitz // Geuria
Izan ere, argazkiak egiten egon garenean Zeberioko eleizan tamaina handiko karraka bat topatu duzuela esan didazu. Hala da! arkupetik gertu dagoen gelaxka batean zegoen eta lan egiten ari ginela XVI. mende hasierako tamaina handiko kristo baten ondoan aurkitu genuen. Ikusi izan dugunez, Euskal Museoak soilik dauka Zeberion aurkitutakoa baino tamaina handiagoko karraka bat. Ez dago antzeko besterik!
Zeberioz gainera, eskualdeko beste leku batzuetan egin duzue lan. Ugaon, urrutira joan gabe. San Bartolome eta Udiarragako Amabirjinaren tenpluetan izan gara. Lan mota berbera egin dugu bertan, baina esan beharrekoa da: Ugao ez da udalerria, hiribildua baizik. Hala eta guztiz ere ez dauka Zeberiok besteko ondare-aberastasunik. Dokumentazio-lanak egin ditugu eraikin bietan, horien erretauletan eta bertan egin diren obretan.

Gangen diseinu konplexua. Albo batera utzitakoa // Geuria
Eleiz Museoko zuzendari modura. Nolako lanak burutzen dituzu, Raquel? Jende askok uste du museoetako zuzendariak museoetan gaudela katalogazio lanak egiten soilik, eta gure kasuan ez da horrela; Eleiz Museoa museo batetik harago doa. Bizkaiko elizetako ondare higigarri ororen kudeaketa daukagu, pintura, eskultura, urregintza, metalistika, erretablistika, ehun-apaingarriak… barne. Hori guztia gure eskumena da. Katalogoaren berrikusketa eta eguneratzeaz gainera Bizkaiko elizetako ondare higigarri osoa babesten, zabaltzen eta ikertzen dugu.
Eta lan horiez gainera landa-lana egitea ere gustuko duzu. Kaskoa ipini eta tenpluetako dorreetara igotzea gustuko dut! Bai noski! Edozer gauza egiteko prest gaude beti, gure lanaren parte delako (barreak).
Zeintzuk dira katalogoaren hurrengo erronkak? Urte hau Monumentuen Katalogoa eraberritzearen lehen izan da Nerbioi Garaiko eskualdean. Esperimentatzeko balio izan digu eta baita lan-metodologia zehazteko ere. Gauza asko deskubritzeko aukera eman digu. Orain Arratiaren txanda da eta gure lana 2026ko martxoan aurkeztuko dugu, ondo bidean. Arratiatik Uribera lekualdatuko gara… Asmoa urte bakoitza Bizkaiko eskualde batean lan egitea da, eta 2030ean lan guztia amaitzea.

Diseinuak horman ikus daitezke gaur egun // Geuria
☉ Zeberio
Programa | Euskararen Eguna Zeberion
Udalak jardueraz betetako Gabonetako programa prestatu du abenduaren 3tik urtarrilaren 2ra bitartean, Zubialden

Gabonak ate joka daude eta Zeberion opor garaiko programa iragarri du Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, Abendu Kulturalaren markoan. Jarduerak Euskararen Nazioarteko Egunean hasiko dira, eguazten honetan bertan.
Aurten, Euskararen Nazioarteko Eguneko berritasun nabarmenena Joseba Sarrionandiak eskainitako eta Xabier Madariaga kazetari zeberioztarrak gidatutako solasaldia izango da. Baina ez da jarduera bakarra izango: gainera, taloak, eskolako umeen ekitaldia eta txokolatada antolatu dute, Txubelasu Guraso Elkartearen laguntzarekin.
Egitaraua | Euskararen Eguna
ABENDUAK 3, asteazkena
11:30 Taloak eta eskolako umeen ekitaldia, eskola zaharra
17:30 Txokolatada musikaz girotua, eskola zaharra
19:00 Solasaldia: Joseba Sarrionandia, Xabier Madariaga kazetariarekin, Plazako ermita zaharra

Euskararen Egunak, aldiberean, hasiera emango dio Zeberioko Abendu Kulturalari. Horrela, abenduaren 3tik 31ra ekintza ugari antolatu dituzte herrian.
Egitaraua | Abendu kulturala 2025
ABENDUAK 3, asteazkena
JOSEBA SARRIONANDIAREKIN HITZALDIA
19:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 5, barikua
BERTSOKLOWN 18.30
Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 11, eguena
‘GR11’ DOKUMENTALA
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 12, barikua
KONTZERTUA: INGOT
19:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 13, zapatua
KONTZERTUA: NAIARA TRIFOL
19:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 14, domeka
EUSKAL KOSTARA IRTEERA
ABENDUAK 15, astelehena
ARRATIAKO MUSIKA ESKOLAREN
EMANALDIA
ABENDUAK 19, barikua
BALLET IKUSKIZUNA
18:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 22, astelehena
RED BULL X-ALPS 2025
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 23, martitzena
EGURREZKO JOLASAK
11:00 Usaletxeko plaza
ABENDUAK 24, eguaztena
OLENTZERO ETA MARI DOMINGI
17:00 Ermitabarri
ABENDUAK 30, martitzena
PUZGARRIAK ETA JOLASAK
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 31, eguaztena
TONTORRANDIRA MENDI IRTEERA
☉ Zeberio
Joseba Sarrionandiaren hitzaldia eta Ingot taldearen kontzertua, Zeberioko Abendu Kulturalean
Udalak jardueraz betetako Gabonetako programa prestatu du abenduaren 3tik urtarrilaren 2ra bitartean, Zubialden

Gabonak ate joka daude eta Zeberion opor garaiko programa iragarri du Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, Abendu Kulturalaren markoan. Jarduerak Euskararen Nazioarteko Egunean hasiko dira, eguazten honetan bertan.
Aurten, berritasun nabarmenena Joseba Sarrionandiak eskainitako hitzaldia da, Xabier Madariaga kazetari zeberioztarrak gidatutako saioan.
Bestalde, Itziar Ituño aktore basauriarrak gidatutako Ingot bandaren doako kontzertua antolatu dute udaletxeko plazan eta baita Naiara Trifol zeberioztarrarena. Aurten Arratia Musika Eskolaren emanaldia hartuko du plazako ermita zaharrak.
Bestalde, urtero lez, haur eta gaztetxoentzako hainbat jarduera prestatu dituzte ere: puzgarriak eta jolasak, egurrezko jolasak, eta nola ez, Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera Ermitabarritik.
Gainera, ‘GR11’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia eta egun osoko euskal kostara irteera antolatu dute ere. Urteari amaiera osasuntsua emateko, betiko moduan igoera antolatu dute Austarri Mendi Taldekoek Tontorrandira.

Egitaraua | Abendu kulturala 2025
ABENDUAK 3, asteazkena
JOSEBA SARRIONANDIAREKIN HITZALDIA
19:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 5, barikua
BERTSOKLOWN 18.30
Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 11, eguena
‘GR11’ DOKUMENTALA
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 12, barikua
KONTZERTUA: INGOT
19:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 13, zapatua
KONTZERTUA: NAIARA TRIFOL
19:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 14, domeka
EUSKAL KOSTARA IRTEERA
ABENDUAK 15, astelehena
ARRATIAKO MUSIKA ESKOLAREN
EMANALDIA
ABENDUAK 19, barikua
BALLET IKUSKIZUNA
18:00 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 22, astelehena
RED BULL X-ALPS 2025
19:30 Plazako ermita zaharra
ABENDUAK 23, martitzena
EGURREZKO JOLASAK
11:00 Usaletxeko plaza
ABENDUAK 24, eguaztena
OLENTZERO ETA MARI DOMINGI
17:00 Ermitabarri
ABENDUAK 30, martitzena
PUZGARRIAK ETA JOLASAK
11:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 31, eguaztena
TONTORRANDIRA MENDI IRTEERA











