→Zeberio

Txufer Garay, Zeberioko Artesa: «Lau urtez aurkeztu ondoren, sorpresa izan da San Tomasko ogi onenaren saria irabaztea»

Javier Martinezek eta Txufer Garay-k baserriko gari-irinezko ogi tradizionala eraman zuten epaimahaira, eta 22 aurkariren artean gailendu ziren atzoko San Tomas azokan

artesa okindegiko javier martinez eta txufer garay san tomaseko sariarekin // utzitakoa

Ogi onenaren saria, nora eta Zeberiora. Ekoizleen urteroko San Tomas azoka antolatu zuten atzo Bilbon, eta Gesalako Artesa okindegiak eskuratu zuen lehen postua. Javier Martinezek eta Txufer Garay-k baserriko gari-irinezko ogi tradizionala eraman zuten epaimahaira, eta 22 aurkariren artean gailendu ziren: “Lau urtez aurkeztu ondoren, sopresa izan da irabaztea”, onartu du Garayk.

Artesa okindegi “txikia eta oso berria” izan arren, sariak erakutsi dien bezala, ekoizleak esan du “bide onetik” doazela duela bost urte abiautako bidean. “Hasieran, ogi konbentzionala egiten hasi ginen, eta ondoren pasatu ginen ore amarekin ekoiztera, duela bi urte ogi ekologikora salto egin baino lehen”, azaldu du Garayk.

Egun, 13 edo 14 motako ogiak ekoizten dituzte, baina txapelketara, gainontzeko aurkariek bezala, errezeta tradizionala aurkeztea erabaki zuten. Forma, egitura, pisua, azala, mamia, mamiaren albeolatua, usaina eta ahoan duen zaporea eta egitura izan ziren epaileek kontuan hartu zituzten aspektuak. Eta horietan gailendu zen Zeberioko Artesaren ogia.

Artesako labean ogia egiten // Geuria

Ikusgaitasuna lortzeko

Sariaz gain, aurten beste “sorpresa positibo bat” izan dute okindegiko kideek. Ekoizle askok kritikatu egin dute azokan postuak Plaza Berritik Areatzara lekualdatzea, betiko bezeroek aurkitzeko zailtasunak izan baitituzte. Artesakoentzako, baina, postuak bertara eramateak “ikusgaitasuna” eman die ekoizleei.

“Lehen aglomerazio handia zegoen, eta orain, jendea gai izan da lasai ibili eta postu guztietatik ibiltzeko”, azaldu du Garayk. Aldaketak dena ikusgai egiteaz gain, “giro hobea” sortzeko eta 2022ko San Tomas gustora ospatzeko balio izan die.

Irinez zikin, irinez irri

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak