→Zeberio

Zeberioko aurrenkontu parte hartzaileetan bozkatzeko epea zabaldu dute

Udalak etxez etxe bidali duen inkestari erantzun edo webgunean eskegitako galdetegia bete beharko da, azaroaren 20a baino lehen

Langileak errepide nagusia txukuntzen, 2020an // Zeberioko Udala

2023ko aurrekontu parte hartzaileetan bozkatu eta herrian egin behar diren hobekuntzen inguruko ekarpenak egiteko aukera izango dute zeberioztarrek. Herritarrei premiazkoenak iruditzen zaizkien inbertsioez galdetuko diete, eta datorren ikasturteari begira, aukera izango dute aurrekontuaren zati bat nora bideratu nahi duten hautatzeko. Horretarako, Udalak etxez etxe bidali duen inkestari erantzun (eta udaletxearen beheko solairuko postontzira bota) edo webgunean eskegitako galdetegia bete beharko dute, azaroaren 20a baino lehen.

Inkestan bertan herrian egiteko hainbat obra eta hobekuntza posible planteatu dituzte udaletik, hala nola seinaleak atontzea, saneamendu-sarea etxeetara lotzea, argiteria publikoa hobetzea, auzo-bideak zein bidezidorrak asfaltatzea eta konpontzea, baita umeentzako jolasak eta aisialdirako guneak egitea ere. Dena den, proposamenak irekiak dira, eta bozkatzen dutenek aukera izango dute hobekuntza gehiago planteatzeko ere.

Azaroaren amaierara, udalbatzak bozkaketaren emaitzak eta jasotako ekarpenak bildu eta kontutan izango ditu 2023ko aurrekontuak nora bideratu erabakitzeko; izan ere, jakinarazi dute lehentasunak ezartzeko behar-beharrezkoa dela herritarren ikuspuntuez galdetzea, guztien beharrizanak jabetzeko. Horrela, aurrekontuen inguruko edozein zalantza galdetu edo zerbait gehitu nahiko balute, zeberioztarrek alkatearekin zuzenean batzea eskatu dezaketela gogoratu du Karlos Idirinek. Era berean, herriko EH Bilduk iragarri du, azaroaren 16an (asteazkena), zeberioztarren iritzia batzeko bilera egingo duela  herriko plazan, 18:30ean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak