☉ Zeberio
Gipuzkoako mendi altuenetara abiatuko dira Zeberioko Austarri mendi taldekoak
Egun osoko irteera honetan Petroleros (940 mt), Aizkorri (1.523 mt), Aketegi (1.551 mt) eta Arantzazutik igaroko dira (731 mt), 13 kilometroko ibilbidea eginez
Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleak Aizkorri mendilerrora abiatuko dira irailaren 15ean. Egun osoko irteera honetan Petroleros (940 mt), Aizkorri (1.523 mt), Aketegi (1.551 mt) eta Arantzazutik igaroko dira (731 mt), 13 kilometroko ibilbidea eginez.
Aukeran egongo da Petroleros – Urbia eta Arantzazu ibilbidea. Inguru hori guztia Gipuzkoak eta Arabak partekatzen duten Aizkorri-Aratz izeneko parke natural handian dago (Aizkorri-Aratz).
Hitzordua irailarren 15a izango da, 07:30ean, Zeberioko udaletxeko plazan bertan. Interesdunek irailaren 12ra arte eman dezakete izena Hogarrean (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte), austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 zein 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
Garaiera handiko irteera
“Aizkorri mendilerroan daude Gipuzkoako mendirik altuenak. Harresi handi bat balitz bezala, Aizkorri mendilerroa Zegama herriaren gainera erortzen dela dirudi, Goierriko eskualdean. Beste aldean, oasi berde gisa, Urbiako zelaiak zabaltzen dira, artzainen eta animalien etxolek zedarrituta, hala nola ardiak, behiak…” Horrelaxe azaldu dituzte Austarri Mendi Taldeko ordezkariek txangoaren nondik norakoak.
Zelai horietatik inguruko hainbat tontor igotzeko aukera izango dute mendizaleek: Aizkorri, Aketegi (Gipuzkoako mendirik garaiena, 1.551 mt), Aitxuri… “Zelai horien amaieran, Donejakue Bidea igarotzen den San Adriango Tunela dago. Urbiako erdialdean, ermita bat bisitatu eta Urbiako Fonda ezagunean indarrak berritzeko aukera izango dugu”.
Aizkorri-Aratz inguruan erliebe malkartsua dago, kareharriz osatua nagusiki. Fenomeno karstikoak paisaiako ezaugarri garrantzitsuenetakoak dira, eta lurpeko ur-jariatze sare zabala ere badu; honek lurpeko barrunbe ugari sortu ditu.
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Mendiak dira eta hainbat udalerri parkean bertan kokatuta daude
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Mendiak dira eta hainbat udalerri parkean bertan kokatuta daude: Gipuzkoako Aretxabaleta, Eskoriatza Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zegama, Zerain; Arabako Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondo; eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra eta Apota-Ubarrundiako Partzuergoa.
Inguru honetan, jatorrizko basoek eremu handiak hartzen dituzte. Pagadi kaltzikola eta azidofiloak batez ere gipuzkoar isurialdean topa ditzakegu; horietan ageri-agerikoa da joandako garaietan zertutako ikazkintza jarduera.
☉ Zeberio
Enaitz Arandia eta Arhane Mendibil zeberioztarrak txapeldun eta txapeldunorde izan dira Bizkaiko Eskuz Banakakoan
Enaitz Arandia txapelduna izan da nagusien hirugarren mailan eta Arhane Mendibil txapeldunordea nesken kadete-gazte mailan
Joan den asteburuan (urtarrilaren 18an) Bizkaiko pilotako eskuz banakako txapelketako maila ezberdinetako finalak jokatu zituzten Basaurin eta Lemoan. Enaitz Arandia (Zeberio, 2002) txapelduna izan zen nagusien hirugarren mailan. Arandiak Mungiako klubean jokatzen du baina izatez zeberioztarra da.
Arhane Mendibil (Zeberio, 2010) txapeldunorde izan zen Lemoan jokatutako nesken kadete-gazte mailan. “Finalean ez zen gustura sentitu Arhane, partidaren emaitza sakean erabaki zelako bereziki”, aitortu du Aitziber Mendibil Arhaneren aitak. Finalera heltzeko partida “gogorrak” irabazi ditu Arhanek Sestaon, Markinan…
“Final batean faktore asko jokoan daude: jokatzeko modua, urduritasuna… Hala ere, eta finalera heldu arteko lan gogorraren erakuslea izan ez bazen ere, frontoian egoten badakiela erakutsi zuen Arhanek”.
Goizean Basaurin jokatu zituzten finalak (lau guztira) eta arrastian Lemoan antolatu zituzten beste lau partida. Zeberioko Mandoia Pelota Klubetik azpimarratu dute klubentzako oso onuragarriak izan direla joan den asteburuan jokatutako partidak: “Azken batean, Zeberion herritarrak diren pilotariak mugitzen ditugu bakarrik; kanpotik neska bakarra etorri ohi da klubera”, azaldu diote GEURIAri Mandoia Pelota klubetik.
Aitziber Mendibilek Beñat García Zeberioko Mandoia Pelota Klubeko entrenatzailearen lana goraipatu du: “Arhaneren erreferentea Beñat da. Izugarri laguntzen dio. Guraso moduan esan dezaket ondo entrenatzeaz gainera sekulako balioak transmititzen dituela. Umeek benetan maite dute”.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
12:00etan meza santua egingo dute eta jarraian luntxa prestatuko diete bertara hurbilduko direnei
Urtarrilaren 17an, bariku honetan, San Antonak ospatuko dituzte Zeberioko Barañao auzoan.
Zeberioko auzo txikietan egiten duten lez, 12:00etan meza santua egingo dute eta jarraian luntxa prestatuko diete bertara hurbilduko direnei.
☉ Zeberio
Zeberioko gazteek irteera antolatu dute sagardotegira martxoan
Irteeran izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a izango da
Martxoaren 15ean irteera antolatu dute Zeberioko gazteek. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a izango da.
“Aurten be sagardotegireko irteera preparau gurean gabiz. Badakigu ondiño ezkabizela informaziño asko emoten baia gauzek aurreratu ahala joango gara dana eguneratuten”, azaldu dute Zeberioko taldetik.
Parte hartu nahi dutenek modu bitan ipini daitezke harremanetan elkartearekin: 667 841 838 telefono zenbakira deituz edo instagrameko kontuaren mezularitza zerbitzua erabiliz. “Animau!! Igez itzelezko egune pasau gendun eta!!”.
☉ Zeberio
Gorka Perez: «Mendiko artzaintza galtzen ari da eta han behar dira, hain zuzen ere, txakurrak»
Artzain txakurrak trebatzea maite du Gorka Perez Olabarrik, eta praktika horren garapenaren inguruan berba egiteko elkartu gara beragaz Undurragako lurretan
Gure mendietan gero eta artzain gutxiago ikusten ditugu. Gainbeheran dagoen ogibidea da. Urteek aurrera egin ahala, ardiak menditik jaitsi eta betidanik ezagutu den artzaintza estentsiboak indarra galdu eta intentsiborako joera nabarmentzen ari dela azaldu du Gorka Perez Olabarrik (Zeberio, 1986). Eta egia da: gero eta sarriago ikusten ditugu ardiak nabe handietan edo etxe ondoan, belarra jaten, inguruak “garbitzen”.
Artzainekin batera artzain-txakurrak daude, eta beren lana ezinbestekoa da ardiak edo ganadua leku batetik bestera eramateko orduan. Orduan, mendietatik urrun, non gelditu da txakur hauek hainbeste urteetan zehar eskainitako laguntza? Gorkak txikitatik ezagutu ditu artzainen lagun fidelen mendiko lanak. Egun batez bada ere, beragaz, Pintxogaz eta artaldexo bategaz izan gara Zeberioko azken auzoan.
Nondik datorkizu txakurrak trebatzeko zaletasun hau, Gorka? Txikitan baserri inguruan ibiltzen nintzen. Bertan, Undurragan, artzain zaharrak egon ohi ziren eta horiekin ematen nuen denbora. Hor sortu nuen artzain txakurrak trebatzeko lotura. Lehen aldian txakur bat ekarri nuen etxera, ondoren ardiak jarri genituen eta zaletasun hura pizten hasi zen, astiro-astiro.
Edozein txakur prestatu daiteke ardiekin lan egiteko? Txakur arraza jakin batzuk daude ardiekin lan egiteko, baina hortik harago garrantzitsuagoa da la hori burutzeko instintua edukitzea. Gaur egun arrazak garatuta daude eta Border Colliea, Euskal artzain txakurra, Gos d’atura (kataluniarra), Kelpie australiarra… asko dira lan egiteko balio dutenak.
Txakur hauek arreorako erabili egiten dira; ez dira guardiarakoak. Hori da. Ardiak kontrolatzeko, ganadua landa batetik beste batera eroateko, transhumantziarako… lan egiten dutenak dira arreokoak. Guardiarako mastinak bezalako txakurrak erabili ohi dira, esaterako.
Nola aukeratu egiten da artzaintzarako txakur bat? Lehenik eta behin txakurra zertarako erabiliko den jakin behar da. Ardiekin lan egiteko mugatzen bada jarduera arraza garatuena Border Colliea da. Euskal artzain txakurra ere badago kategoria horretan, baina malgutasun handiagoa dauka azken honek eta gainontzeko ganaduarekin lan egiteko balio du ere. Lanaren arabera aukeratuko dugu trebatu beharreko txakur arraza. Border Colliearen kasuan, bere espezialitatea inguraketa lanak egitean datza, esaterako, baina aldi berean oso animalia delikatuak izan ohi dira: zaratak daudenean txakur oso sentsibleak dira.
Gorka Perez: “Txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da”
Kontuan hartu beharreko beste faktore bat aukeratutako txakurraren jatorria da: gurasoak nortzuk diren, alegia. Iraganean artzaintzaren munduan lan egin izan badute berme handiagoa du kumeak esparru horretan lan egiteko. Eta txakurtxoa zaletasun horrekin jaiotzea benetan garrantzitsua da. Hala ere, txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da. Beraz, guri dagokigunez garrantzitsuena animaliaren arbasoek izandako gurutzaketen berri izatea da.
Lehen instintua aipatu duzu artzaintzarako txakur batek izan behar dituen ezaugarrien artean. Eta hezitzailearekiko lotura? Animaliak lotura bat izan behar du bere hezitzailearekin. Horregatik obedientzia lantzeak inportantzia handia dauka. Behin garatuta, ardiak gehitu egiten zaizkio entrenamenduetan.
Nolakoa da hezitzaile batek txakur bat behar bezala trebatzeko prozesua? Txakurra lehen bizpahiru hilabeteak bete dituela banatzen da amarengatik. Garrantzitsua da ulertzea nork ematen dion jaten, nork eramaten duen paseoan, nor den etxeko ‘jabea’… Lotura horrek indarra hartzen du egunek aurrera egiten duten heinean. Oinarrizko obedientzia hori landuta dagoenean ardiak gehitzen zaizkio entrenamendu saioei. Hasiera batean agian kontaktu bisuala landu beharko du animaliak ardiekin eta espazio baten barruan babestuta egon beharko dira, egoera arriskutsuak eta estresa ekiditeko. Denborak aurrera egin ahala askatasun handiagoa ematen zaio txakurrari. Ardiekin obedientzia landuta txakurraren kontrola lortzen dugu. Eman beharreko hurrengo pausua agindu jakin batzuk lantzea izango da.
Denbora asko behar da txakur bat behar bezala hezteko? Artzainak eskatzen dionaren arabera, egia esan. Baina esan genezake, orokorrean, prozesuak normalean urtebeteko iraupena izan ohi duela, gutxi gorabehera. Urte eta erdiko txakur batek ardiekin lan egin ez badu gerora zaila da adin horrekin behar horietarako trebatzea.
Eta artzaintzan lan egiten duen txakur bat arraza garbikoa izatea inportantea da? Ez du zertan izan beharrik. Adibide modura, Border Collie eta Euskal artzainen arteko nahasketek emaitza oso onak izan ohi dituzte. Baina egia da arraza garbiko txakurrek berme hori ematen dutelaren ospea dutela.
Gero eta artzain gutxiago ikusten dira gure mendietan, baina kontraesankorra badirudi ere Hego Uribeko herri askotako jaietan artzain txakurren ikuskizun ugari egiten dituzte oraindik. Zergatik da hau? Zaletasun handia daukan mundua da, ezbairik gabe. Eskualdean eta baita eskualdetik kanpo ere! Hor dago ere Oñatin urtero egiten den nazioarteko artzain txakurren txapelketa, Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak… lehiaketa ugari antolatzen dira inguruan eta ez bakarrik txakur artzainen ingurukoak; euskal artzain txakurren arteko txapelketak eta arraza libreko lehiaketak ere antolatzen dituzte. Urtez urte ere artzainen belaunaldi aldaketa ikusten da eta zaletasuna gogor mantentzen dela esan daiteke.
Gorka Perez: “Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadi osoan”
Eta horren haritik artzain txakurrak hezteko negoziorik al dago? Oso gutxi. Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadin. Eskari gutxi daukan zaletasuna da eta txakur hauek egunerokotasunean behar dituen artzainak bere kabuz hezten ditu txikitatik. Baina egoera zuk zeuk azaldu duzu: mendiko artzaintza galtzen dabil eta mendian behar dira txakurrak. Artzaintza estentsiboa galtzeko joera ematen ari da azken urteetan eta horren ordez intentsiboaren norabidea hartzen ari da, baserri formatura: ardiak azpiegituretan ikusten hasi gara, nabeetan. Bertan, txakurren lana ez da hain beharrezkoa.
Hezitzaile modura, zein esparrutan hezten dituzu zure txakurrak? Obedientziaren esparruan: paseoren bat ematen badut nire alboan egoteko eta bereziki ardiekin egoteko. Nire txakurren lana ardietan zentratzen da.
Lana ematen dute ardiek gaur egun hemen, Zeberion? Bai, egunero egin behar da ezer beraiekin: landaz aldatu, txertoak ipintzeko leku zehatz batean ipini behar da artaldea, ardiak kontatzeko banan-banan igaro behar dira leku jakin batetik… hori guztia txakurraren lana da. Txakur barik lan hori egiteko denbora hiru aldiz biderkatuko litzateke.
Non egiten dituzu trebaketa saioak? Etxean bertan. Duela urte batzuk Nafarroara joan nintzen praktika honen inguruko ezagutzak jasotzera. Garai hartan beste txakur bat neukan eta Border Collien inguruko Britainiatik zetorren metodo bat ikastera joan nintzen Nafarroara. Hala ere, nire txakurrak nik neuk hezi izan ditut.
Nola ikusten duzu artzain txakurren lanaren etorkizuna? Zail, ez dizut kontrakoa esango. Gero eta oztopo gehiago ipintzen dizkiete artzainei eta txakurrei esparru estentsiboan. Apurka-apurka, artzain txakurren lana menditik etxe ondoetara mugatzen ari da, arrazoi batengatik: etxeko lurrak garbi mantentzeko. Azken batean, lursailean artalde ertain edo handiak dituenak txakurra behar du ardiak landa eremu batetik bestera mugitzeko.
☉ Zeberio
Aerosorgailu parke bat ipini gura du ‘Feroskana Parke Eolikoa’ proiektuak Zeberioko Mandoian
Bost aerosorgailu Zeberioko lurretan ipini gura dituzte, eta bat Bedia udalerrian. Aurtengo apirila-maiatza aldera, proiektua jendaurrean aurkezteko epea zabalduko dute
‘Feroskana Parke Eolikoa’ Ferosca Wind (Delta Power) enpresaren proiektua da. Horren arabera, 27 MWko sei aerosorgailuz osatutako parke eolikoa ipini gura dute Mandoia kordalean: bost Zeberio aldean eta bat Bedia udalerrian. Aerosorgailu bakoitzak 4,7 MWko potentzia izango luke.
Zeberioko Udalak argitaratu duen dokumentu baten arabera, proiektu hau 2023ko abenduan jaio zen. Urte hartan parke eolikoa sortu ahal izateko lehen eskaria egin zuen Ferosca Windek eta 2024ko urtarrilean eskumen izapidearen ebazpena egin zuten.
2024ko uztailean, enpresak Aurretiazko Administrazio Baimenaren (LMA) eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren (HIA) eskaera aurkeztu zuen Industriako Bizkaiko Lurralde Bulegoan.
Aurtengo apirila-maiatza aldera, proiektua jendaurrean aurkezteko epea zabalduko dute, 30 egunekoa, informazioa publikoa izan dadin eta enpresa eskatzaileak (Ferosca Windek) aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gehigarria aztertu ahal izateko. Azaroan bertan ingurumen-inpaktuaren adierazpenari buruzko ebazpena egingo dute.
Aerosorgailuak EAEn
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mendietan lau parke eoliko daude gaur egun, horien artean Oiz mendian eraikitakoa. Bizkaian Enkarterrietako guneak jasango du eragin handiena, bertako itsasertzeko mendiguneetan hainbat zonalde identifikatu dituztelako. Gipuzkoan, herrialde osoan daude instalazio eolikoak jartzeko kokalekuak, oro har.
Aerosorgailu baten batez besteko ahalmen elektrikoa bizpahiru megawattekoa (MW) da. Horri esker, urtean 6 milioi kilowatt orduko (kwh) elektrizitate ekoiztu ditzake. Etxe batek urtean 3.500 kWh kontsumitzen ditu batazbesteko, hau da, 400 megawatt orduko gutxi gorabehera.
Urtean 6 milioi KWh elektrizitate ekoiztu dezake aerosorgailu batek. Etxe batek 3.500 kWh kontsumitzen ditu urtero (400 MW orduko, gutxi gorabehera)
Siemens Gamesa enpresak, esaterako 4,7 MW potentziako aerosorgailuak sortzen ditu. Haize baxuko guneetarako bereziki diseinatutako turbinen garapena bultzada garrantzitsua da onshore energia eolikoaren garapenerako, baliabide eoliko handiko kokalekuak mugatuagoak diren merkatu helduetan. Errotoreen tamaina handitzean, turbinak energia gehiago ekoizteko gai dira, eta, horrela, haien gaitasun- edo erabilera-faktorea handitzen da”.