Sareak

☉ Zeberio

Euskal kostatik irteera prestatu du Austarri Mendi Taldeak, Zeberioko Abendu Kulturalean

Ibilbidean parte hartu nahi duten interesdunek abenduaren 11ra arte eman dezakete izena

|

Lekeitioko portua // euskadi.eus

Zeberioko mendizaleen elkarteak irteera berezia antolatu du Abendu Kulturalaren testuinguruan: abenduaren 14an egun osoko irteera prestatu dute Lekeitio eta Ondarroatik.

13,5 kilometroko eta 375 metroko desnibeleko ibilbidea izango da. Irteera Zeberioko plazatik egingo dute 08:00etan (autobusez). Ibilbidean parte hartu nahi duten interesdunek abenduaren 11ra arte eman dezakete izena elkartearen lokalean bertan (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte) edo austarrimenditaldea@gmail.com helbidera e-posta bidaliz. Informazio gehiagorako 665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakiak ahalbidetu dituzte.

Bizkaiko kostaldean dago Lekeitio, Lea-Artibai eskualdean, Otoio (399 m) eta Lumentza mendien magalean. Bertan itsasoratzen da Lea ibaia, Isuntza eta Karraspio hondartzen artean, San Nikolas uhartea ezkerreko aldean dela. Lekeitioko alde zaharreko kaleek herriaren ondare artistiko oparoaz gozatzeko aukera eskaintzen dute. Jasokundeko Andra Maria eliza dotorea da elementurik bikainena. Barruan gordetzen duen urre koloreko erretaula gotikoa aparta da zinez, Estatuko hirugarren handiena. Lekeitioko informazio gehiago webgune honetan topa dezakezu.

Ondarroako altxorrak: lekurik xarmangarriena Alde Zaharra da, leku berezia. Hiru kale nagusi ditu: Goiko kale, Ipar kale eta Kale Handi, Erdi Arokoak direla argi ikusten da, kale estuak eta aldapatsuak baitira. Portu Zaharra ere ikustekoa da, antzina itsas ontziak lotzen zituzten lekua. Eta da alde batera utzi Egidazu Kaia portua, arrainak jasaten duen prozesu guztia ikusi dezake bertan bisitariak.​

Ondarroak ibilbide interesgarriak eskaintzen ditu. Bertan garai desberdinetako zubi bitxiak, kale eta kantoi estu eta aldapatsuak, bata besteari lekua kentzen dauden eraikin gainjarriak, eliza, ibaia, portuak, itsasoa, hondartzak, mendi eta basoak, baserriak, baselizak edo dorretxeak ikus daitezke, besteak beste. Udalak udalerriaren inguruko informazio gehiago dauka webgunean.

‘GR11’ren proiekzioa

Euskal kostatik egin beharreko ibilbideaz gainera, ‘GR11’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu du Austarri Mendi Taldeak Abendu Kulturaleko egitarauan, abenduaren 11n, plazako ermita zaharrean.

Eta urteari amaiera osasuntsua emateko, betiko moduan igoera antolatu dute Austarri Mendi Taldekoek Tontorrandira.

Egitaraua | Abendu kulturala 2025

ABENDUAK 3, asteazkena
JOSEBA SARRIONANDIAREKIN HITZALDIA
19:00 Plazako ermita zaharra

ABENDUAK 5, barikua
BERTSOKLOWN 18.30
Plazako ermita zaharra

ABENDUAK 11, eguena
‘GR11’ DOKUMENTALA
19:30 Plazako ermita zaharra

ABENDUAK 12, barikua
KONTZERTUA: INGOT
19:00 Udaletxeko plaza

ABENDUAK 13, zapatua
KONTZERTUA: NAIARA TRIFOL
19:00 Plazako ermita zaharra

ABENDUAK 14, domeka
EUSKAL KOSTARA IRTEERA

ABENDUAK 15, astelehena
ARRATIAKO MUSIKA ESKOLAREN
EMANALDIA

ABENDUAK 19, barikua
BALLET IKUSKIZUNA
18:00 Plazako ermita zaharra

ABENDUAK 22, astelehena
RED BULL X-ALPS 2025
19:30 Plazako ermita zaharra

ABENDUAK 23, martitzena
EGURREZKO JOLASAK
11:00 Usaletxeko plaza

ABENDUAK 24, eguaztena
OLENTZERO ETA MARI DOMINGI
17:00 Ermitabarri

ABENDUAK 30, martitzena
PUZGARRIAK ETA JOLASAK
11:00 Udaletxeko plaza

ABENDUAK 31, eguaztena
TONTORRANDIRA MENDI IRTEERA

☉ Zeberio

Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion

Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

|

Drogak // Ertzaintza

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.

Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.

Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.

Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.

Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek

Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

|

Haurrak, puzgarrietan // Geuria

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.

Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.

“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.

2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bisitari gutxiago baina egonaldi luzeagoak izan dituzte Zeberioko apartamentu turistikoek 2025ean

255 bisitari etorri dira Ermitabarriko apartamentuetara 2025ean eta beren egonaldia lau egunekoa izan da Mihaela Vatamanu arduradunaren arabera

|

Bisitariak turismo aktiboa praktikatzea gustatzen zaie Zeberioko inguruetan // Geuria

2024ko norabidea jarraituz, Ermitabarri auzoan kokatutako apartamentu turistikoek 255 bezerorekin itxi dute 2025 urtea, aurreko urteetan baino gutxiago: 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an, 473 (2024ko bigarren seihilabeteko datuak falta dira: urtarriletik ekainera bitartean 74 pertsona igaro ziren).

2025ean 103 erreserba egin zituzten guztira: 76 Estatu mailakoak (% 74) eta 27 nazioartekoak (% 26). Egonaldien batazbestekoa lau egunekoa izan da eta erreserba gehienak (% 90a) Booking plataformaren bidez egin dituzte.

Apartamentuak kudeatzen dituen Mihaela Vatamanuren datuen arabera, Estatu mailako datuei erreparatuz, erreserba gehienak Bartzelonako turistak izan dira (% 20) eta jarraian Madril legoke (% 14): “Tendentzia hau azken urteetan mantendu izan da”, zehaztu zuen Mihaelak 2024an. Nazioarteko erreserbei dagokienez, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorri dira bisitari gehienak 2025ean.

“Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak etorri ohi dira, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”, azaldu zuen Mihaleak 2024ko balantzea egin zuenean. 11 urte daramatza Vatamanuk Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzen eta erreserba kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, turisten egonaldiak gero eta luzeagoak direla azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Elizondo, Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetako errepideak asfaltatuko dituzte hurrengo asteetan

“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik

|

2024an asfaltatutako errepide bat // Geuria

2025ean egin beharreko lanen artean ageri dira Zeberioko auzo jakin batzuetan egin beharreko asfaltatze-lanak. Zehazki, Ermitabarriko Elizondo (Eusebio Aldekoa egoitza aurreko errepidea), Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetan egin behar dituzte obrak.

“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Bide jakin batzuetan barandak ipiniko dituztela gehitu dute.

Lan hauek Uribarri auzoko sarrerako errepidea konpondu ostean hasi behar zituzten. Uribarrin egindako lanak “konplexuak” izan ziren, bide azpiko lurrak mugitu eta errepidea hondoratu zelako. Konponketa horretarako 80.000 euro bideratu zituzten 2025ean.

Pilotalekua, aurrera

Bestalde, Ermitabarriko frontoiko lanak aurrera doaz. Zeberioko Udalak iazko irailean iragarri zuen lan horiek 2025 urtea bukatu baino lehen amaituta egongo zirela ondo bidean, baina langileak bertan ari dira lanean egun hauetan. Udalak 70.000 euro bideratu ditu eraberritze lan sakonak egiteko Ermitabarriko pilotalekuan: “Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, aurreratu zioten udal ordezkariek GEURIAri 2025eko urtarrilean.

Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu zuten Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak | Txikienen ilusioa piztu dute Mari Domingik, Olentzerok eta Napok Zeberion

|

Olentzero eta Maridomingi, gaur, Zeberion // Geuria

Heldu da Zeberioko txiki (eta ez hain txikiek) irrikaz bizi duten eguna: Mari Domingi eta Olentzero menditik jaitsi eta Zeberiora heldu dira. Barkatu: Mari Domingi, Olentzero eta Napo menditik jaitsi dira. Astoa, urtero legez, protagonista handietako bat izan da, haur guztien begiradak erakarriz.

Euriari eta eguraldi petralari aurre eginez, GEURIA bertan egon da!

Osorik irakurri