→Zeberio

Arabara mendi irteera eta indaba-jana antolatu ditu Zeberioko Austarri Mendi Taldeak

14 kilometroko bi ibilbide prestatu dituzte, nagusiei zein txikiei egokituta. Laudiora heltzean, indaba-jana egingo dute

Mendi irteera bat // Austarri Mendi Taldea

Azaroaren 6an, igandean, Arabako mendietara irteera egingo du Zeberioko Austarri Mendi Taldeak. 14 kilometroko bi ibilbide posible prestatu dituzte, nagusiei zein txikiei egokituta: bata, Pagonabarra eta Pagolar mendietatik igaroko da, eta bestea, egiteko errazagoa, Amurriotik eta Laudiotik doan “Nerbioiko Bide Berdetik”.

Zeberioko plazatik 08:30ean irtengo dira autobusean, eta hortik abiatuko dira Arabarantz. Lehenengo ibilbidea Laudioren eta Amurrioren artean dagoen Lujaondo herritik hasiko dute (178 metrotan), eta Pagonabarratik (606 metro) igaro ondoren, izen bereko mendilerroan dagoen Pagolar —edo Paular— mendira igoko dira (722 metro), hortik Laudiora jaisteko. Amurriotik hasten den bide berdea ere herri horretan bukatuko da.

Laudiora heltzean, parte hartzaileek indaba-jana egingo dute. Halere, ez da derrigorrezkoa izango mendi ibilbideak egitea bazkarira joateako. Aukera egongo da ibilbidea egiteko eta bazkarira joateko, iblbidea egiteko eta bazkarira ez joateko, edo ibilbidea ez egiteko baina bazkarian parte hartzeko.

Inskripzioak

Izena emateko epea azaroaren 2ra arte egongo da zabalik, Mendi Taldearen lokalean (ostiraletan, 20:00ak eta 21:00ak artean), 665735054 edo 656415597 telefonoetara deituta edo austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatzita. Nagusientzako inskripzioak 5 euro izango dira eta umeentzako, doan. Prezioaren barruan Arabara joango den autobusa da sartzen dena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak