Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak Lekandara egingo du irteera, Euskal Mendi Federazioaren 100. urteurrenean

Zeberioko mendizaleek domeka honetan ipini dute hitzordua, 09:00etan, Zubialdeko plazan. Asmoa Pagomakurrera autoz joatea da

|

Lekanda // Mikel Martinez de Osaba

Datorren apirilaren 28an, domeka, Lekanda mendira abiatuko dira (1.309 m) Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideak, Euskal Mendi Federazioaren 100 urteak ospatzeko (1924-2024). Izatez, apirilaren 27 eta 28an Euskal Herriko ehun mendi talde baino gehiago igoko dira zazpi herrialdeetatik aukeratutako 100 tontorretara, eta ehungarren urteurreneko bandera eramango dute. Efemeridea oroitzeko bi mila mapa egingo dituzte.

Zeberioko mendizaleek 09:00etan ipini dute hitzordua Zubialdeko plazan eta asmoa Pagomakurrera autoz joatea da. Behin Pagomakurren ibilbidea hasiko dute honako lekuetatik igaroz: Pagomakurre, Arraba, Lekanda, Itxina, Atxular eta Pagomakurre.

Lekandako tontorra. Atzean, Gorbeia // Menditxoko

Axnagusia, gertutik

Itxina kareharrizko mendigunearen gailurrik garaiena da, Gorbeiako mendigune handiaren zati dena. Arrabako axnagusia edo, besterik gabe, Axnagusia ere esaten zaio. Lekanda toponimoak mendiaren iparraldeko isurialde malkartsuan du jatorria, baina, azkenean, gailurreraino ere zabaldu dela dirudi. Itxina mendigunearen ekialdean dago, 1200 metroko desnibelarekin Arratiako harana menderatzen duela, Zeanuriko zeruaren gainean (205 m). Iparralderago dagoen gailurra Igalirrintza (1296 m) deitzen da, askotan Lekandaren sinonimo bezala erabili izan dena.

Itxina da Gorbeiako mendigunearen (Gorbeiagane) zatirik malkartsuena eta erakargarriena. Oso ondo mugatutako paraje malkartsua da, “belarri” itxurakoa. 5 km2 inguruko hedadurarekin, 1.309 metroko gehienezko kota du Lekandan, eta 1.017 metroko gutxieneko kota Axpezar sakonunean. Arro itxi hondoratu bat da, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera Itxinako erdigunea zeharkatzen duen arrakala handi bati jarraituz.

Itxinako barnealderako sarbideak oso urriak dira. Ikusgarriena Atxulaurren Begia da, ekialdeko harresian irekitzen den zuloa, Supelegor eta Lexardi inguruetarako sarbidea ematen duena. Arrabako zelaietatik (1.070 m) garrantzitsuak dira Kargaleku (1.113 m) eta Igalerantz (1.162 m) pasabideak. Mendebaldeko harresia, batzuetan Torruntxueta deitua, oso malkartsua da eta Sintxitako amildegira erortzen da. Gurdietarako pasabide bakarra Itxingo arratea zen (1.080 m), Orozkoko bailaratik sartzeko aukera ematen zuena. Axkorrigan gailurrera sartzeko (1.090 m), Atxaragun pasabidea (1.042 m) dugu.

“Irteera herritar guztientzat zabalik dago eta jendea animatuz gero horixe kudeatu beharko genuke”, azaldu dute Austarri Mendi Taldetik. Horregatik, ekimenean parte hartu nahi dutenek Zeberioko mendi taldearekin harremanetan jarri behar dira. Gainera, nor bere bazkaria eraman behar dutela jakinarazi dute.

☉ Zeberio

Miren Amurizak eta Jon Maiak bertso afaria eskainiko dute Zeberioko Ermitabarrin

Izena emateko azken eguna abenduaren 10a izango da eta txartelak 20 eta 25 euroan daude, Zeberion bertan salgai

|

Miren Amuriza, 2019an // Jon Goikouria Larrabeiti

Lanku Bertso Zerbitzuak, Zeberioko Udalaren babesarekin Bertso afaria antolatu dute datorren abenduaren 13an, Miren Amuriza eta Jon Maiarekin, Ermitabarriko Taberna Zaharran.

Hiru lekutan eman daiteke izena bertso afarian parte hartzeko: Zubialdeko Herriko tabernan, dendan eta Ermitabarriko Taberna Zaharran bertan. Izena emateko azken eguna abenduaren 10a izango da.

Prezioa 25 eurokoa izango da. Langabetuek eta ikasleek ostera, 20 euro ordaindu beharko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean ibiliko dira Zeberioko mendizaleak abenduko irteeran

Egun osoko irteeran izena emateko azken eguna abenduaren 12a izango da, bai mendi taldearen lokalean zein telematikoki

|

Ondarruko portua // Turismo Euskadi

Datorren abenduaren 15ean Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldetik egingo dute ibilbidea Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideek. Egun osoko irteera honetan Deba, Mutriku eta Ondarroatik igaroko dira 10,5 kilometroko eta 425 metroko desnibeleko ibilbide batean.

Irteera hilaren 15ean izango da 08:00etan Zubialdeko plazan, eta izena emateko azken eguna abenduaren 12a izango da, mendi taldearen lokalean (ostiraletan 20:00ak eta 21:00ak artean) edo austarrimenditaldea@gmail.com helbide ellektronikora e-posta bidaliz zein 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

Deba Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean dago, Deba ibaiaren bokalean. Alboan duen eta Bizkaiako lurralde historikoarekin muga egiten duen Mutriku herritik oso gertu eta Zumaiatik ere kilometro gutxira. Hiru herriok Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen dute. Itsasoaren ertzean dagoen hiriguneaz gain, liluraz beteriko hainbat nekazal auzo ditu, horren adibide dira Itziar, Lastur eta Elorriaga. Eta hori guztia, paisaiek itsasoaren urdinaren eta mendien etengabeko berdearen arteko fusio bikaina osatzen duten inguru natural ezin ederragoan.

Debak hondartza eder bi ditu, ia herrigunean bertan. Biek, Santiagokoak eta Laparikoak, ISO 14.001 ziurtagiria dute. Haien gainetik, behatoki luze gisa, Cárdenas eta Pablo Sorozabal itsas pasealekuek kostaldea zeharkatzen dute Bizkaiko Golkoko kostaldearen eta itsasoaren panoramika ikusgarriak eskainiz. Bertan sortzen diren olatuen kalitatea ezinhobea da, eta maila guztietako surflarientzako modukoak dira.

Mendeetan zehar Debako hiribilduaren ardatz ekonomikoa izan zen itsasadarra aisialdiko elementu ludiko bilakatu da. Ertz batean kirol portu txiki liluragarria dago. Itsasadarraren kaietan, egunero lehorretik eta ontzietatik arrantza egiten duten arrantzaleek beraien harrapaketei buruz hitz egiten dute. Beste aldeko ertzean, Casa Campo izeneko gune babestua dago: urtero ubarroiak, lertxunak eta zenbait hegazti limikola jasotzen dituen padura ederra. Baina Deba zerbaitetaz harro baldin badago, pasealekuei, lorategiei eta parkeei eskainitako lekuaz da: herriaren azalera osoaren ia herena. Horren adibide bikaina Calbeton zumardia da, 2 hektarea hartzen dituen zuhaitzez eta lorategiz beteriko leku ederra, haurren eta nagusien jolasleku.

Mutriku xarma historiko handiko arrantza-herria da. Marinel-herri hau balearen ehizan bizi izan zen mendeetan zehar. Mutriku bere hondartza ederrengatik da ezaguna (adibidez, Saturraran hondartza eta Mutrikuko hondartza bera), bai eta inguruko itsaslabar ikusgarriengatik ere; horregatik, benetako altxorra da naturazaleentzat.

XIII. mendearen hasieran (1209an) sortutako alde zaharra bisitatu behar da Mutrikun, jauregiekin, dorreekin eta etxe armarridunekin apaindutako kale harriztatu estuak baititu bereizgarri. Udalerriaren berezitasunetako bat zera da, Antonio Gaztañeta, Cosme Damian Txurruka (Trafalgarko batailako heroia) eta beste hainbat itsasgizon ospetsuren sorlekua dela.

Ondarru, Bizkaiko kostaldeko altxorra

Ondarruko lekurik xarmangarriena Alde Zaharra dela diote Udaletik, “leku berezia”. Hiru kale nagusi ditu: Goiko kale, Ipar kale eta Kale Handi, Erdi Arokoak direla argi ikusten da, kale estuak eta aldapatsuak baitira. Portu Zaharra ere ikustekoa da, antzina itsas ontziak lotzen zituzten lekua.

Ondarroak ibilbide interesgarriak eskaintzen ditu. Bertan garai desberdinetako zubi bitxiak, kale eta kantoi estu eta aldapatsuak, bata besteari lekua kentzen dauden eraikin gainjarriak, eliza, ibaia, portuak, itsasoa, hondartzak, mendi eta basoak, baserriak, baselizak edo dorretxeak ikus daitezke, besteak beste.

Austarritik azaldu dute Ondarru bisitatzeko aukera egongo dela eta bertako Udalak herrian egin daitezkeen ibilbideen proposamena egin du  webgunean bertan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Txubelasuk mural-margoketa, umeen ikuskizuna eta txokolatada antolatu ditu Zeberion, Euskararen egunean

Igandean, 13:00etan Tio Teronen Semeak dantza-ikuskizuna antolatu dute Zubialdeko aterpean

|

Txokolatada // Geuria

Abenduaren 1ean, 11:00etatik aurrera, mural margoketa, tattoo gunea, txapa tailerra, umeen ikuskizuna eta txokolatada antolatu dute Zeberion Txubelasu Guraso Elkartekoek, Udalaren babesagaz, Euskararen eguna ospatzeko.

12:00etan, gainera, Mintzodromoa egingo dute eta jarraian, 13:00etan Tio Teronen Semeak dantza-ikuskizuna antolatu dute Zubialdeko aterpean. Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira taldea sortzeko. Bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Estilo desberdinak nahastuko dituzte Gipuzkoatik etorritako artista hauek ondo pasatzeko helburu bakarrarekin.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bertan behera utzi dute gaur arrastian Zeberion eskaini behar zuten ‘La maja y la mona’ antzezlana

Atzoko jarduera ere bertan geratu zen jende faltagatik. Azkenean haurrentzako kontakizun interaktiboa eta Familientzako genero rolak tailer interaktiboa egin dituzte

|

La maja y la mona // ttipia.eus

Azaro feministako azken jarduera zen ‘La maja y la mona’ izeneko antzezlana, Zeberioko Hogarrean eskaini behar zutena. Teknikaririk ez egoteagatik bertan behera utzi behar dute. Atzoko ‘Genero indarkeriaren mitoak’ izeneko tailerra ere bertan behera utzi behar izan zuten ere, jende faltagatik.

Beraz, azaroaren 21etik 26ra ospatu dute Azaro Feminista  Zeberion. Bertan haurrentzako kontakizun interaktiboa eta Familientzako genero rolak tailer interaktiboa egin dituzte, Azaroaren 25eko elkarretaratzeaz gainera.

Abendu Kulturala, martxan

Hala ere, Zeberioko Udaletik gogoratu dute domeka honetan Abendu Kulturaleko Tito Teronen Semeak antzezlana eskainiko dutela aterpean, aurreikusita zegoen moduan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko apartamentu turistikoek bisita gutxiago baina iraupen luzeagokoak erregistratu dituzte

Udan Madril, Katalunia eta Andaluziatik datoz turistak. Udazkenean, berriz, Frantzia eta Herbehereetatik gehien bat, turismo aktiboa helburu

|

Ermitabarriko apartamentuak // Geuria

Urteko bigarren erdialdeko datuak faltan, 2024ko urtarriletik ekainera 77 turista igaro dira Ermitabarriko apartamentuetatik. Zeberioko Udalaren arabera, 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an 473. Hau da, azken urteko datuei erreparatuz iaz aurreko urtean baino 153 erabiltzaile gutxiago igaro ziren bertatik.

“Bistan da aurtengo datuei begira egin daitekeen aurreikuspenari erreparatzen badiogu 2024an pertsona gutxiago igaro direla Ermitabarriko apartamentuetatik”, azaldu du Mihaela Vatamanu Taberna Zaharrako gaur egungo kudeatzaileak, “baina erreserbatzen diren gau kopuruak nabarmen egin du gora”, gehitu du. “Datuak beraz, bestekoaren antzekoak dira”.

Mihaelak 10 urte daramatza apartamentuak kudeatzen eta urtero patroi bera errepikatzen dela ziurtatu du: “Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak datoz, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”.

Osorik irakurri