☉ Zeberio
Gaztela eta Leongo mendietara egingo dute irteera Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek
Irteeran izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

Austarri Mendi Taldeak irteera berria programatu du Gaztela eta Leoneko mendietara. Oraingo honetan Cadagua (411mt), Canto Muriel (896mt), Cantonad (820mt) eta Lezana (366mt) tontorretatik igaroko dira egun bakarreko irteeran, irailaren 21ean.
“Mendi-ibiliak maite dituztenentzako gune interesgarri baten parte dira. Mendi horietara igotzeko, pagadi-basoez gozatzeko eta Kadagua ibaiaren sorrera bisitatzeko ibilbide zirkularrak egiten dituzte. Tontorren gailurretik Peña Mayor eta Mena Harana bezalako tokiak ikus daitezke. Ibilbideak mendi-mazelak inguratzen ditu, bide arabiarretik igarotzen da eta Cantonad eta Canto Muriel tontorretara igotzen da”, azaldu dute.
Autobusa 08:00etan abiatuko da irailaren 21ean Zeberioko plazatik. Mendizaleek egin beharreko ibilbidea 14 kilometrokoa izango da. Izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre egin daiteke Hogarrean (barikuetan, Hogarrean, 20:00etatik 21:00ak arte) edo telematikoki: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz. Telefonoz egiteko aukera dago ere. Horretarako, interesdunek 665 735 054 edo 656 415 595 telefono zenbakiekin ipini behar dira harremanetan.
☉ Zeberio
Zeberioko Udalak Korrikako lekukoa eramateko aukera luzatu die herritarrei
Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da 14:00ak baino lehen

Beste urte batez, Zeberioko Udalak Korrikan hartuko du parte. “Udala denon artean osatzen dugu”, azaldu dute udal ordezkariek, “ordezkaritza politikoa duten bi taldeek, herriko langileek, norbanakoek eta udal langileek”.
Aurreko edizioan, 2024an, udal langileak izan ziren Korrikako lekukoa eramateaz arduratu zirenak eta aurten aukera hori zabaldu nahi diete herritarrei: “Lekukoa eraman nahi baduzu udal webgunean ipini dugun QR kodea eskaneatu beharko duzu izena emateko”.
Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da 14:00ak baino lehen. Izen-emate bat baino gehiago egotekotan zozketa egingo lukete Udaletik egun berean, 14:45ean, udaletxean bertan.
!Animatu eta izan Korrikaren parte! Euskararen aldeko kilometroak elkarrekin egingo ditugu”.
☉ Zeberio
‘Gure Denboran’ dokumentaleko protagonistak omendu dituzte Zeberion, Emakumeen Nazioarteko Egunean
Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz

Urtero lez, Zeberioko Udalak elkarretaratzea egin du Emakumeen Nazioarteko Egunean, eguerdi aldera, herriko plazan.
Jarraian, Zeberioko emakumeei ahotsa ipini dien 35 minutuko ‘Gure denboran’ izeneko dokumentala proiektatu dute plazako ermitan eta harrera ona izan duela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek.
Zintaren proiekzioaren ostean, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak omendu dituzte eta lore sorta bat eman diote bakoitzari.
Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz.

Hauek, baina, ez dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egingo diren jarduera bakarrak. Datozen egunetan bestelako ekintzak prestatu dituzte.
Egitaraua | Zeberioko Martxo Feminista
Martxoak 13, barikua
18:00 Maskulinitate toxikoari buruzko saioak, eskola zaharra
Martxoak 23-26
18:00 ‘Zeberioko emakumeak historian’ + erakusketa, plazako ermita zaharra
☉ Zeberio
Gaur antolatu dute Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra Zeberion
Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte

Zeberioko eskola zaharrak Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra hartuko du gaur arrastian, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian.
Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte, eta norberak istorio bakar eta pertsonala sortuko du, sormena eta irudimena erabiliz.
Amaieran, beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Bertan, elementu beretik abiatuta istorio desberdinak eta bakarrak sortu daitezkela erakutsiko dute parte-hartzaileek.
Saioa 8 urtetik gorako umeentzat zuzenduta dago eta 18:00etan eskainiko dute. Izena eman nahi dutenek 15:00ak arte daukate.
☉ Zeberio
Zeberioko etxebizitza bateko tximinia batek su hartu du eta jabeek beraiek amatatu dute
“Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu dute Segurtasun Sailetik

Zubialde auzoko tximinia batek su hartu du gaur arrastian. Auzotarrek larrialdi zerbitzuetara abisua eman eta Bizkaiko Suhiltzaileen auto-eskala bat eta ur ponpa pisutsu bat gerturatu dira Zeberioko auzora, 19:00ak aldera.
Segurtasun sailetik azaldu dute sutea lehen mailakoa izan dela eta etxebizitzako jabeek beraiek amatatu ahal izan dutela larrialdi-zerbitzuak iritsi direnerako: “Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu diote GEURIAri.
Ezbeharraren kausa argitu barik dago momentuz.
☉ Zeberio
Arrastia igarotzeko irteera prestatu dute gazte zeberioztarrentzat Basauriko KNS Aventura Parkera
Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik, hilaren 14an. Izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da

Martxoaren 14an egun arrastia igarotzeko irteera prestatu die Zeberioko Udalak herriko 12 eta 17 urte bitarteko gazteei, Basauriko KNS Aventura Parkera.
Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik eta izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da. Interesdunek 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute horretarako.
KNS Aventura Park abentura anitzeko parkea Bilbo inguruko 7 urtetik gorako helduentzako eta haurrentzako 1.500 metro karratuko azaleradun jarduera-parkea da.
Lau aire zabaleko zirkuitu ditu, metro bateko garaieratik hasita eta bederatzi metro artekora, 80 metroko luzerako tirolinekin eta pasabide eta ibilbide anitzekin.
‘Humor Amarillo’ eta ‘Grand Prix’ telebista programetako eszenatokietako elementuak ere badaude bertan: giza futbolina, gladiadoreen borroka, infernuko horma, giza boloak, sator-matea eta tragabolak.
Gainera, bestelako jokoak eta jarduerak eskaintzen ditugu: rokodromoa, boulderra, aizkora eta izarrekin tiro egitea… eta beste jarduera batzuk.










