→Zeberio

Zeberioko baso-suteak nahita piztutakoak diren ikertuko dute

Badaude hipotesi hori frogatzen laguntzeko hainbat datu: oso denbora tarte laburrean piztu dira denak, 12:30 eta 15:00ak bitartean eta errepidetik 200 metro eskasera

Suhiltzaileak irailaren 5eko sutea itzaltzen // Geuria

Baso-suteek ezinegona sortu dute azken asteotan Zeberion. Bi hilabetetan, hiru piztu dira; azkenak, irailaren 5ean eta irailaren 11n, aste berean. Suteen izaeragatik eta ezaugarriengatik, naturalak baino nahita piztutakoak diren ikertzen ari dira suhiltzaileak, Ertzaintza eta Aldundia; izan ere, Karlos Idirin alkateak esan duenez, badaude hipotesi hori frogatzen laguntzeko hainbat datu: oso denbora tarte laburrean piztu dira denak, 12:30 eta 15:00ak bitartean eta errepidetik 200 metro eskasera.

Udako jazoeren ostean egoerak hobera egin dezakeela iruditu arren, oraindik adi ibili behar dela esan du alkateak, udazkenean eta neguan sute arriskua handiagoa izan baitaiteke herrian. Idirinek gogoratu du Zeberion egon diren suterik larrienak abendua inguruan gertatu izan direla, orduan lurra lehor baitago aurreko hilabeteetako tenperaturengatik eta euri faltarengatik.

Hiru sute, bi hilabetetan

Azken hilabeteetako suterik larriena iraileko bigarrena izan da. Garrak Elorrebieta, Arbildu eta Uriondo artean piztu ziren, eta suhiltzaileak “berehala” heldu arren, sutea Saldarian auzorantz hedatu zen. Udaletik, auzotarrak euren etxeetatik irtenarazi behar zituzten ala ez baloratu zuten, suhiltzaileek “arriskurik ez” zegoela esan arren, sutea piztu eta hurrengo orduetan haizearen norabidea aldatu egin zitekeelako.

Irailaren 5eko sutea ere antzekoa izan zen: Uriondo auzoan piztu zen, Bi-3524 errepidetik oso hurbil. “Sugarrak itzelak ziren eta arin batean hedatu ziren, errepidera heldu arte”, azaldu zioten GEURIAri bertako lekukoek.

Aste berean gertatutako bi suteez gain, udan beste hirugarren bat piztu zen Zeberion, uztailaren 18an. Suhiltzaileak jarraian bertaratu eta dena “kontrolpean” uztea lortu zuten, eta garrek etxebizitzei eragin ez bazieten ere, hainbat hektarea kiskali zituzten: sasitzak eta oihanpeak, 8 hektareako azaleran.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak