Sareak

☉ Zeberio

Desfibriladorea erabiltzeko eta oinarrizko bizi euskarrirako teknikak ikasteko tailerrak eskainiko dituzte Zeberion

Apirilaren 18an eta 25ean egingo dituzte saioak, Kultur Etxeko jantokian, 18:30ean. Pili Vaquet Arrigorriagako osasun zentroko mediku eta erreanimazioan espezialista izango da prestakuntzen arduraduna

|

Herriko desfibriladore bat //Zeberioko Udala

Desfibriladore automatikoa nola erabiltzen den irakasteko eta oinarrizko bizi euskarrirako teknikak zeintzuk diren azaltzeko ikastaroak antolatu dituzte Zeberion. Apirilaren 18an eta 25ean egingo dituzte saioak, Kultur Etxeko jantokian, 18:30ean. Pili Vaquet Arrigorriagako osasun zentroko mediku eta erreanimazioan espezialista izango da prestakuntzen arduraduna.

Udalak, saio horiek egiteko, desfibriladore bat erosi du, beren-beregi. Egun, herrian bi aparatu baino ez dauden arren (bata, Ermitabarriko Taberna Zaharrean eta bestea, Zubialdeko Herriko Tabernan), etorkizunean gehiago jartzeko aukerak aztertzen ari dira. Horregatik, jendea desfibriladore automatikoen erabileran formatzeko beharra sortu da.

Izen-ematea

Lehen saio hauetan parte hartu nahi dutenek mezu bidez jakinarazi beharko dute udala.zeberio@bizkaia.org helbidea erabiliz; nahiago izanez gero, udaletxera ere dei dezakete (946481079). Astearte bakoitzean, zortzi pertsonarentzako lekua egongo da. Momentuz, lehenengo ikastarorako zazpi pertsonak eman dute izena, eta bigarrenerako, bik.

☉ Zeberio

Ekitaldiz beteta dator Zeberioko Abendu Kulturala!

Ia egunero kateatuko dira ekitaldiak, hala-nola Ruper Ordorika edo Bihotz Gorosperen kontzertuak,  Olentzeroren etorrera edo Gabonetako Haur Parkea

|

Olentzeroren etorrera Zeberiora, 2017an // Geuria

Hitzaldiak, kontzertuak, bertsopoteoa, filmak, mendi irteerak, azokak…abenduaren 11n hasi eta eta urtarrilaren 5era arte luzatuko den programazioan izango dute zer ikusi, zer abestu, zer dantzatu, zer jan eta zer gozatu zeberioztarrek, ohiko gabonetako programaz harago.

Hilabete berezi honi hasiera emateko, “Claves para vivir en positivo” hitzaldi ezin aproposagoa prestatu dute abenduaren 11rako, 17:30ean udaletxeko bigarren solairuan. Asteburu horretan bertan, abenduaren 15ean, Amets Arzallus eta Iruri Altzerreka helduko dira Zeberiora bertso poteoan aritzeko.

Hortik aurrera, ia egunero kateatuko dira ekitaldiak, hala nola Ruper Ordorika edo Bihotz Gorosperen kontzertuak,  Olentzeroren etorrera edo Gabonetako Haur Parkea. 

Egitarau osoa hemen

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Josu Artetxe Aiesta gogoratzeko ekitaldia egingo dute bihar Zeberion bere heriotzaren 50. urteurrenean

Mende erdia igaro da Donostiako Altza Auzoan polizia frankistaren operazio batean hil zenetik, artean 21 urte zituela

|

Bihar, abenduak 6, eguerdiko 13:00etan, ekitaldia egingo dute herriko plazan, Egiari Zor elkarteak deituta // Geuria

Mende erdia igaro da Josu Artetxe Aiesta zeberioztarra Donostiako Altza Auzoan polizia frankistaren operazio batean hil zenetik, artean 21 urte zituela. Bihar, abenduak 6, eguerdiko 13:00etan, ekitaldia egingo dute herriko plazan, Egiari Zor Fundazioak deituta. Ekitaldian salatu nahi dute “gatazkaren testuinguruan Estatuaren bortxa pairatu dutenenen aitortzarako bidean Bertsio Ofizialek eta Sekretu Ofizialen Legeak oztopo izaten jarraitzen dutela”.

Bertsio ofizialaren arabera, Artetxek poliziarekin izandako liskarraren erdian bere buruaz beste egin zuen. Egiari Zor Fundaziotik, baina, bertsio hau zalantzan jartzen dute, eta honako zera adierazi dute: “Poliziek Artetxeren etxebizitza gaseatu zutenean honek arnasa hartzeko asmoz burua atera zuen lehiotik, une horretan etxebizitza inguratzen zuten polizietako batek tirokatu zuen heriotza eraginez”.

Orduko hartan poliziaren bertsioa onetsi zen, ofizial bilakatzeraino, “inork inoiz Artetxeri egindako autopsiaren emaitzak eta etxe barruko peritu txostena ikusi ez baditu ere”, ekitaldiaren antolatzaileek azaldu dutenaren arabera. “Mende erdia pasa bada ere bertsio ofizialaren eraginak indarrean jarraitzen du eta diktadorearen Sekretu Ofizialen legearen bitartez gainera Artetxeren heriotzaren  inguruabarrak ezagutzea debekatzen zaigu, Egia jakiteko dugun eskubidea legez ukatzen zaigu” gaineratu dute.

 

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Egun osoko egitaraua prestatu dute Zeberion Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

Hainbat elkartek, udalarekin elkarlanean, egitarau oparoa prestatu dute, goizean goizetik hasita eta arratsaldeko azken ordurarte

|

Egun osoko egitaraua prestatu dute / Geuria

Zeberioztarrentzat egun garrantzitsua da Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Hainbat elkartek, udalarekin elkarlanean, egitarau oparoa prestatu dute, goizean goizetik hasita eta arratsaldeko azken ordurarte.

Eguneko lehen hitzordua 11:30ean izango da, eta etxeko txikienek izango dute zer ikasi eta zer gozatu: taloak egiteko txokoa, kamisetak eta txapak margotzeko txokoa eta karaoke txokoa prestatu dituzte eurentzat.

Ondoren, eta eguerdi partea girotzeko, 12:30ak aldera, Jon eta Maiderren kale animazioaz gozatu ahal izango dute txiki eta ez hain txikiek. Dantzan eta kantuan aritzeko aukeraz gain, gaztaina goxo-goxo batzuk jateko parada izango dute.

Ordubete geroago, 13:30ean, ekitaldia egingo da.

Eguna ezin hobeto bukatzeko, arratsaldeko  19:00etan Irati film magikoarekin itxiko dute egun berezi hau.

 

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Azaro feministari hasiera emango diote gaur Zeberion

Gaurtik hasita, eta datorren larunbata bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte: dokumentala, dantza ikuskizuna eta elkarretaratzea, hurrenez hurren

|

Iazko azaro feministako ekitaldi bat

Azaroaren 25aren bueltan programazio oparoa prestatu dute Zeberion. Gaurtik hasita, eta datorren larunbata bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte aurtengo azaro feministan: dokumentala, dantza ikuskizuna eta elkarretaratzea, hurrenez hurren.

Gaur bertan, arratsaldeko 18:30ean “Volar” dokumentala eskeiniko dute udaletxeko bigarren solairuan, eta ondoren solasaldia egingo dute filmeko protagonistekin.

Lan honek erakusten duen moduan, genero-indarkeriak ez du mugarik ez gizarte-klaserik ezagutzen. Film honek bederatzi euskal emakume biltzen ditu, bederatzi profil desberdinetakoak. Guztiek gizonen indarkeria jasan dute, oso urte zailak igaro dituzte, baina azkenean gainditzea lortu eta gaur egun arazo global hori agerian uzteko borrokatzen ari dira. Dokumentalean, bederatzi emakumeek asteburu bat igarotzen dute landa eremuan, eta han hitz egiten, gogoratzen, hausnartzen eta argitzen dute indarkeria horrek dakarren guztiaren inguruan.

Etzi, azaroak 24, “Etzanderak” dantza ikuskizuna eskainiko dute frontoian, arratsaldeko 19:30ean. Musika, dantza, historia eta feminismoa uztartzen dituen ikuskizun berezia da, zer pentsatua ematen duena, hunkigarria eta iradokitzailea.

Bukatzeko, azaroaren 25ean, eta Emakumeen Kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, elkarretaratzea egingo dute, 13:00etan udaletxe aurrean.

 

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzeko eta ikusarazteko hitzaldia egingo dute Zeberion larunbatean

“Haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzeko eta ikusarazteko” hitzaldia Maitane Urizar Elorza EHU-ko irakasleak gidatuko du

|

Pepe Godoyk "Shame European stories" erakusketan parte hartu zuen // Justice Initiative

Haurtzaroko eta nerabezaroko sexu-abusuen arazoa gaurkotasun handiko gaia da mundu osoan. Lau neskatotik batek eta 7 mutikotatik batek sexu-indarkeria pairatu du, pairatzen ari da edo jasango du, kasu gehienetan 13 urte bete baino lehen, eta eraso horien erantzulea bere familiako edo gertuko pertsona bat izango da ehuneko handi batean (% 65-85). Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusuek epe laburrean eta luzean ondorio larriak ekar ditzaketen arren, gaur egun horren inguruan dauden ikerketak, informazioa eta prestakuntza eskasak dira. 

Maitane Urizar Elorza EHU-ko irakaslearen “Rompiendo el secreto de los abusos sexuales contra la infancia y la adolescencia” liburuan jasotzen diren datu kezkagarriak dira hauek. Urizar gai horretan aditua da, eta datorren azaroaren 18an, larunbata, “Haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzeko eta ikusarazteko” hitzaldia eskainiko du Zeberioko udaletxean, 11:00etatik 13:00etara. Antolatzaileen hitzetan, ” haurrak etorkizuna dira, eta gure erantzunkizuna da haiek babestea”.  Hitzaldi honetan formazio teoriko eta praktikoa eskainiko zaie bertara hurbiltzen diren herritarrei.

Lau neskatotik batek eta 7 mutikotatik batek sexu-indarkeria pairatu du, pairatzen ari da edo jasango du, kasu gehienetan 13 urte bete baino lehen, eta eraso horien erantzulea bere familiako edo gertuko pertsona bat izango da ehuneko handi batean (% 65-85)

Modu berean, Pepe Godoy basauriarrak parte hartu duen  ‘Shame-European stories’ erakusketaren argazkietako batzuk eramango dituzte udaletxe sarrerara. Godoyk sexu abusuak pairatu zituen bere futbol entrenatzailearen aldetik, eta ekimen honen barruan  biktimek beren testigantzak eta erretratuak partekatu zituzten.

Osorik irakurri