Sareak

☉ Zeberio

Herritarrak Ugaoko osasun zentrora eramateko doako taxi-zerbitzua eskainiko du Zeberioko Udalak

Herritarrek erizaintza zerbitzua izango dute egunero Zeberion bertan, baina mediku hitzorduetarako Ugaoko zentrora joan beharko dute uztailean eta abuztuan zehar.

|

Taxi-zerbitzua Basaurin // GEURIA

Zeberioko Udalak debaldeko taxi-zerbitzua jarriko du martxan bisita medikuetara joan behar duten herritar guztiak Ugaora eramateko. Astelehenetik ostiralera erabili ahalko da garraioa, 08:00etatik 14:00etara bitartean, telefono zenbaki honetara deituz: 607 90 76 85.

Herritarrek erizaintza zerbitzua izango dute egunero Zeberion bertan, baina mediku hitzorduetarako Ugaoko zentrora joan beharko dute uztailean eta abuztuan zehar. EAEko Osasun Sailak jakinarazi duenez, udako bi hile horietan ezinezkoa izango da Lehen Mailako Arreta Zentro guztietan medikuen presentzia bermatzea. Profesionalen falta jasango duen udalerrietako bat izango da Zeberio, eta horri konponbidea emateko jarri du martxan taxi-zerbitzua Udalak.

Kontzentrazioa, asteazkenean

Zeberioko EH Bilduk osasun zerbitzuaren egoera salatu du komunikatu bidez: “Osakidetzak lau haizetara zabaltzen ari den normalizazioaren aurrean, eguneroko kontsulta barik jarraitzen dugu, kontsulta zabalik zein egunetan egongo den jakin gabe”. Mediku falta horren aurka egiteko eta beste osasun sistema eredu bat aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu dute asteazkenean (ekainak 29), 19:30ean, udaletxe aurrean.

Herrian “jarraipen zehatza, tratu pertsonalizatua eta arreta berezia behar duen adinekoen multzo handi bat” dagoela nabarmendu dute, eta, askotan, “abandonu sentsazioa” dutela jasotzen duten tratuagatik. Biztanleria gero eta zaharragoa den gizartean, arreta komunitarioa indartzearen aldeko apustua egin behar dela diote alderditik: herrietan Lehen Mailako Arretari eta aurrez aurreko kontsultei lehentasuna eman.

☉ Zeberio

Kartel lehiaketa eta eraso sexisten aurkako protokoloa Zeberion Sandoniei begira

|

2023ko Sandoniak // Geuria

Udaren bueltan helduko dira Sandoniak Zeberiora, eta dena prest egon dadin lanean ari dira herrian. Alde batetik 12. kartel lehiaketa antolatu dute, eta lanak aurkezteko epea uztailaren 24a arte dago zabalik.

Bestetik, bihar jai batzordearen bilera egingo dute, 19:00etan. Hori bakarrik ez, Berdintasuna eta Gizarte Batzordean jaietarako eraso sexisten aurkako protokoloa lantzen ari dira. Atzo hirugarren bilera egin zuten,  ekainaren 13an eta 24ean burutakoen ostean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Masterclass bi antolatu ditu Foru Aldundiak Zeberioko Pump Track pistan

Foru Aldundiak hilaren 30ean antolatu du masterclass bikoitza, 10:00etatik 14:00ak arte

|

Zeberioko Pump Track pista, 2022an inauguratu zutenean // Utzitakoa

Ekainaren 30ean, Pump Track inguruko ezagutzak eskuratzeko materclass bi antolatu ditu Foru Aldundiak Zeberioko Ermitabarri auzoan kokatutako pistan, 10:00etatik 14:00ak arte. Parte hartzeko gutxieneko adina 10 urtekoa izango da. Izena emateko Google Docseko inprimaki hau bete beharko dute interesdunek.

Masteclass bi izango dira: lehena, 10:00etatik 11:55etara prestatutakoa, oinarrizko ezagutzak bereganatzeko izango da eta kirol hau inoiz egin ez duten edo oso modu puntualean egin duten pertsonei zuzenduta dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek. Bigarrenak Hobekuntza izena du eta diziplina honetan entrenatzen denbora daramatenei zuzenduta dago. 12:00etatik 14:00ak arteko iraupena izango du.

Ugaon masterclass hura joan den ekainaren 22an antolatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Austarriko mendizale zeberioztarrak Nafarroako Urbasara abiatuko dira hilabete amaieran

Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 17an izango da

|

Urbasako basoak // Jon Goikouria Larrabeiti

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak asteburu osoko irteera prestatu du ekainaren 22an eta 23an Lizarra aldera, Nafarroara. Bidaia honen helburua Urbasa eta Lokiz mendikateetatik ibilaldia egitea da Lokiz (1.121mt) eta Azantza (1.085mt) bisitatuz.

Lokiz edo San Kosme Nafarroako mendebaldean dagoen mendia da, izen bereko mendilerroan eta Allingo udalerriaren barruan dagoena. Lehen ibilbidea Galdeanon hasi eta Lokizera helduko da. Ostean Ibirin eta Sartzaletatik igaroko dira mendizaleak. Guztira 12,5 kilometroko ibilaldia egingo dute 750 metroko desnibelekoa.

Bigarren egunean Azantzara abiatuko dira zeberioztarrak, Urbasako mendilerroko gailurrera hain zuzen ere. Mendilerroaren hegoaldeko muturrean kokatua dago, Lizarrarantz luzatzen den adarrean. Abartzuza eta Irantzu artean dago, Etxabarriko Haitzak izenez ere ezagutzen den paraje hau. Ibilbidea Irantzun hasiko dute, Azantzara igaroz (1.085mt). Hortik Abarzuzara jarraituko dute. 12 kilometro izango dira guztira, 525 metroko desnibelekoa.

Aukeran egongo dira Galdeano, San Kosme eta Artabia bisitatuko duen zein Irantzu, Peña del Sacristánetik igaroko diren ibilbideak egitea.

Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 17an izango da austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 zein 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko ermiten maketa-erakusketa egingo dute udaletxean

Txomin Bustinza Ibarrondo, Jose Mari Ruiz del Rio eta Alfonso Ruiz del Rioren maketak ekainaren 3tik 13ra ikusi ahalko dira Zeberioko udaletxean

|

Zeberiogana // Geuria

Ekainaren 3tik 13ra Zeberioko eraikinen maketa-erakusketa antolatu dute udaletxeko bigarren solairuan. Erakusketa honetan Zeberioko auzo ezberdinetako ermitak ikusteko aukera izango dute herritarrek: Etxasoko San Esteban, Argiñaoko san adrian, Uriondoko asentzio, Undurragako dan justo eta san pastor, Barañaoko San Anton, Urizargo San Bartolome eta Olabarrietako Santo Tomas.

Maketak Txomin Bustinza Ibarrondo, Jose Mari Ruiz del Rio eta Alfonso Ruiz del Riorenak dira. “Txomin zendu baino lehen etxeko tailerrean maketak ikusteko aukera izan genuen iazko Gabonetan”, azaldu dute erakusketako antolatzaileek. “Txomin berez galdakoztarra zen baina familia Zeberiokoa zen eta ondare horrekin udalerrian enfokatutako erakusketa egitea ideia polita izango litzatekeela pentsatu genuen”.

Olabarrietako Santo Tomas, Ermitabarrin // Geuria

Ideia proposatuta, Txominen familia Zeberioko Udalarekin harremanetan ipini zen eta printzipioz udalerriko ermiten bilduma ikusteko aukera izango dute herritarrek, Ruiz del Río anaien Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas parrokiarekin batera. “Txominek Zeberioko eraikin askoren maketak egin zituen bizitza zehar baina erakusketa, hasiera batean, ermiten ingurukoa izango da”.

Maketak astelehenetik barikura 10:00etatik 13:30ak arte eta 16:30etik 20:00ak arte ikusi ahal izango dira. Zapatu eta domeketan ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Lainoak ez ditu Austarriko zeberioztarrak geldiarazi Altzaniako mendilerroan, Araban

Lainoak ikuspegia mugatu bazien ere, eguraldia alde izan zuten mendizaleek Araban

|

Zeberioko mendizaleak / Austarri Mendi Taldea

“Oraingoan, hainbat tontor erraz ikusteko aukera ematen duen Altzaniako mendilerroan barrena ibiliko gara”, horrela azaldu zuten Austarri Mendi Taldeko arduradunek maiatzaren hasieran Altzaniako Mendilerrora egin behar zuten irteeraren asmoa, eta oroitzapen ederra bidali diote GEURIAri.

“Jendea oso pozik itzuli da maiatzeko irteeratik”, izan dira mendi taldeko ordezkarien berbak. “Aurreikusitakoa bete dugu eta lainoa dela-eta bista eskasak izan baditugu ere ez dugu euririk izan irteera osoan zehar”. Gutxienez tontorrean argazkia ateratzeko aukera izan zuten mendizaleek.

Ekaineko irteera asteburu osokoa da eta Nafarroara egingo dute hilaren 22an eta 23an, Lokiz eta Azantzako bazterrak bisitatzera.

Osorik irakurri