Sareak

☉ Zeberio

Zeberion droga sintetikoen laborategi handi bat desegin du Espainiako Poliziak eta 450 kilo speed konfiskatu dituzte

Estatu mailan konfiskatutako speed laborategi handienetako bat da eta merkatuan 14 milioi euroko balioa izan lezake konfiskatutako drogak

|

Zeberion droga sintetikoen laborategi handi bat desegin du Espainiako Poliziak, eta 450 kilo speed konfiskatu dituzte. Estatu mailan konfiskatutako speed laborategi handienetako bat da.

Polaris operazioaren barruan, miaketetan 450 kilo speed atzeman dituzte, baita 500 litro prekurtsore, 140 marihuana landare, 10 kilogramo marihuana kukulu baino gehiago, 7.500 euro eskudirutan, bost ibilgailu eta arma luze bat, baita laborategian ekoizteko erabilitako tresnak ere.

Espainiako Poliziak zazpi pertsona atxilotu ditu (40 eta 53 urte bitarteko sei gizon eta emakume bat) erakunde kriminaleko kide izatea eta droga-trafikoa egotzita. Poliziak bost herritan egin ditu erregistroak: Zeberion, Turtziozen, Barakaldon, Igorren eta Galdamesen.

Atxilotuetatik hiru espetxeratzeko agindua eman du Instrukzioko Bilboko 1 zenbakiko Epaitegiak: erakundeko burua, sukaldaria eta laborategi horretako bizilagunetako bat. Erakunde kriminaleko liderra enpresari arrakastatsua da, hainbat sektoretan hainbat enpresa dituena.

Ikerketa iazko azarotik

Ikerketa iazko azaroan hasi zuten, agenteek Zeberioko landa-inguruneko familia bakarreko etxebizitza batean laborategi klandestino bat egon zitekeela susmatu ostean, bertan anfetamina sulfato kantitate handiak egiten eta banatzen zirelarik.

Laborategiaren kokapen estrategikoak asko zaildu zuen ondorengo ikerketak egitea: “Izan ere, eremu isolatu batean zegoen, ia zirkulaziorik gabe, eta handik kontrolatu zitzaketen sarbideak, edozein polizia-presentziaren berri azkar emanez. Gainera, droga sintetikoa ekoizteko beharrezko hornidura guztiak zituen, erakundearen sofistikazio handia islatuz”, adierazi dute Lurralde Politikako Ministerioko arduradunek.

Ikertzaileek egiaztatu zuten erakunde kriminala droga partida berri bat prestatzen ari zela, eta ekaianren 3an estupefazientea egiteko prekurtsoreen hornidura handia antzeman zuten. Hurrengo egunean, laborategitik alde egin ostean, 25 kilo anfetamina sulfato baino gehiago zeramatzala atzeman zuten enpresaria.

14 milioi euroko balioa

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak eta Jesus Herranz poliziaburuak Polizia Nazionalak Basaurin duen kuartelean Polaris operazioaren xehetasunak eman dituzte gaur.

Garmendiaren arabera, “merkatuan 14 milioi euroko balioa izan lezake konfiskatutako drogak”.

Agenteen kalkuluen arabera, laborategiak astean 500 kilo anfetamina sulfato ekoizteko ahalmena zuen, “eta, ondorioz, azken urteetan herrialdeko iparraldean desegin den laborategi handienetako bat da”, adierazi du Garmendiak.

Ikerketak irekita jarraitzen du eta ez dute baztertzen operazio horren esparruan atxiloketa gehiago egitea.

☉ Zeberio

Mauriziaren omenaldiak eta domekako azokak emango diete hasiera Zeberioko Abendu Kulturalari

Udalak Escape Room bat, bakarrizketak, Maurizia Aldeiturriagari omenaldia, neguko azoka eta beste horrenbeste jarduera prestatu ditu neguari ongi etorria emateko helburuagaz

|

Zeberioko Abendu Kulturala atejoka dabil eta Udaleko Berdintasun Batzordeak azaroko jarduerak aurreratu dizkio GEURIAri, programa guztiz osatuta ez badago ere, jarduerak, urtero lez, 2026ko urtarrilera bitartean luzatzen direlako.

Abendu Kulturalaren ekitaldien programa hilabetearen erdialdean hasiko da: izan ere, azaroaren 14an bertsolarien saioa programatu dute. Azaroaren 21ean Maurizia Aldeiturriagaren bizitzaren inguruko emanaldi berezi bat prestatu dute. Gainera, Escape Room-a egingo dute eskolan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu Udaletik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean.

Azaroaren 28an BostOK!-en bakarrizketak programatu dituzte: “Badira ikuslea pertsona hobe eta jantziago bat bilakatzen duten ikuskizunak. Nabarmen, Bostok! ez da horren adibide. Litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Izan ere horixe da bostOK! Bost umoregilek Ondutako Klima”.

Hilabetea behar bezala bukatzeko Domekako Azoka antolatu dute azaroaren 30ean, bertako produktuekin. Gorbeialdek Zeberioko Udalaren babesarekin prestatu du Zeberioko Zubialde auzoko plazako aterpean, 10:00etatik 15:00ak arte. Bertan, Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu lez, “eskualdeko eta inguruetako ekoizleen nekazaritza eta artisautzako produktuetaz gozatu ahalko dute herritarrek”. Gorbeialde saltokien zerrenda osatzen ari da hilabetean zehar.

Abendu Kulturaleko gainontzeko jarduerak zehazteke daude oraindik. Behin betiko zerrenda osatzean GEURIAn iragarriko dugu, urtero egiten den era berean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak topatu dituzte Zeberioko Ermitabarri auzoan

Bi harginek gangaren planoak marraztu zituzten Olabarrietako Santo Tomaseko horma batean eta horien artean aukeratu zituzten tenpluak gaur egun duen gangen eredua

|

Olabarrietako Santo Tomas // Geuia

Ermitabarri auzoko Olabarrietako Santo Tomas tenpluan topatu dituzte Bizkaiko eta, ziurrenik Euskadiko arkitektura plano zaharrenak, Bizkaiko Eleiz Museoan iragarri lez.

Museotik azaldu moduan, Bilboko elizbarrutiko Monumentu Katalogoko aurkikuntzetako bat izan da Zeberioko auzoko tenpluan egin dutena. Museoko talde batek presbiterioaren ondoko gela bateko horma batean marraztutako planoak aurkitu zituen, eta duela 450 urte egindako ganga baten planoak direla ondorioztatu dute.

Tenpluan lanean ari ziren bi harginek gangaren planoak marraztu zituzten Olabarrietako Santo Tomaseko horma batean. Horiexek ziren tenpluko arduradunei gehien gustatzen zitzaiena aukeratzeko egin zizkieten proposamenak.

Hargin “trebeenak” tertzelete bikoitzeko gurutze-ganga dotore bat egin zuen erregelaz eta konpasez, antza, hamahiru giltzarri biribilekin. Besteak, «ez hain instrumentala», eskuz marraztu zuen gurutzeria sinpleago bat, bost giltzarrikoa honako hau.

Azkenean, bigarrenak irabazi zuen lehiaketa (diseinu sinpleagoa zeukana, alegia). Gaur egun eliza estaltzen duten gangek bere ereduari jarraitzen diote. «Agian merkeena izango zen», adierazi dute Museoko arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bideoa | Baserri bat erre da Zeberioko Etxebarri auzoan eta pertsona bat artatu dute

“Baserria kiskalita zegoen eta bertan bizi zen pertsona bakarra bere kabuz irten zen etxebizitzatik”, azaldu diote GEURIAri Segurtasun Saileko ordezkariek

|

Baserria, sutan // Utzitakoa

Gaur goizaldean dei bat jaso dute larrialdi zerbitzuek 01:45ak aldera. Zeberioko Etxebarri auzoan baserri batek su hartu zuela zioen deiak.

Abisua jaso eta momentu horretan Zeberioko auzora gerturatu dira suhiltzaileak: “Baserria kiskalita zegoen eta bertan bizi zen pertsona bakarra bere kabuz irten zen etxebizitzatik”, azaldu diote GEURIAri Segurtasun Saileko ordezkariek. Auzotarra erietxera eraman dute.

“Baserriko hormak baino ez dira zutik geratu”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Sutearen arrazoia aztertzen ari dira eta momentu honetan suhiltzaileak daude bertan, sua berriro ez aktibatzeko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak | Mozorroak jantzi eta kalera irten dira zeberioztarrak Gau Beltzan

Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen

|

Herritarrak, Gau Beltzan // Geuria

Beste urte batez Gau Beltza edo Arimen Gaua prestatu du Zeberioko Txubelasu Guraso Elkarteak, Zubialden.

Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Luis Zubero txirrindulari ohia eta ‘Ciclos Zubero’ dendako sortzaile zeberioztarra zendu da

Txirrindulari ohiak, Goddet Tourreko zuzendariari esan zion aldapak jaisteko modua zeberioko kurbetan ikasi zuela

|

Luis Zubero // Ciclos Zubero

Luis Zubero euskal txirrindularitzako erreferentea hil egin da, 77 urte zituela.

Zubero 1968tik 1976ra bitartean izan zen txirrindulari profesionala eta KAS taldeko txirrindularia izan zen 1968tik 1974ra. Amateur izan zenean deitu zuen arreta zeberioztarrak: 1967an Bizkaiko eta Espainiako txapeldun izan zen.

Profesional lez Pascuas-eko zirkuituan eta Sabiñanigoko GPa irabazi zituen eta 1970eko Frantziako Tourreko etapa batean bigarren postua eskuratu zuen Eddy Merckx-en atzetik: “Etapa hura Merckxek irabazi zuen, den-dena irabazten zuen moduan. Ez zuen ezer besteentzat. Indartsuena eta handinahiena zen”, horrela gogoratzen zuen Zuberok Merckx. Ozta ozta ez zuen irabazi etapa hura, baina Merckxi beldurra emateko gai izan zen.

Garai hartan Tourreko zuzendaria izandako Goddetek galdera egin zion Zuberori: “Non ikasi duzu aldapak modu horretan jaisten?”. “Zeberion”, erantzun zion Luisek irribarretsu. “Kurbaz beteta dago herria”.

Txirrindularitza profesionala utzi ostean, Bilboko erdigunean kokatutako Ciclos Zubero denda zabaldu zuen, txirrindularitza askorentzat erreferente bilakatutako negozioa.

Osorik irakurri