→Zeberio

Polemikarekin tiroka, Upoko 16. lerroan

Mikel Abrisketa eta Josu Etxebarria Zeberioko ehiztariek askorentzat eztabaidagarria den zaletasuna konpartitzen dute, eta, 2020a urte txarra izan bada ere, ehizaz aritu dira Upoko 16. tiro-lerroan.

Mikel Abrisketa eta Josu Etxebarria, Zeberioko ehiztariak // Geuria

[2020ko abenduaren 17an GEURIAren paperezko edizioan argitaratua] Abenduko lehen asteetan erruz egin du euria eta negua bat-batean ekarri digu Hego Uribera. Argazkiak argi uzten ez badu, Mikel Abrisketa (Zeberio, 1978) eta Josu Etxebarria (Arantzazu, 1979) Zeberioko ehiztariak ditugu. Gaztetatik ezagutzen dute elkar eta zaletasun polemiko honek inoiz baino gehiago elkartu ditu Zeberioko mendietan barrena. Kontrolatutako ehiza-gunea da Zeberio eta bertan ehizatzeko azken egunean izan gara beraiekin. Zeberion hiru gune bereiz daitezke: Gezala, Olatxu eta Upo Mandoia, Ermitabarri ehizarik gabeko erreserba-eremua izanik. Abrisketak eta Etxebarriak Upoko Lerroan praktikatzen dute ehiza. Abrisketak asteburuetan ehizatzen du eta Etxebarriak, erreleboetan behar egiten duenez, astean zehar praktikatzen du ehiza. Zeberio leku aparta da ehiza xeheko usoak, birigarroak eta oilagorrak zein ehiza larriko basurdeak eta basahuntzak, orkatzak kasu, ikusteko. Uriondo auzoa atzean utzi ostean eta San Segismundora heldu bezain pronto usoen ehiza-postuak ikus daitezke lerroan, mendian gora.

Zapatua da eta eguraldiak ez du hobera egiteko asmorik. Zubialden bost graduko tenperatura bazegoen, Upo magalean hiru baino ez daude. Gainera, elurrarekin nahastutako euria egiten hasi da. Hala ere, ez da aitzakia eskopetak auto barruan sartu eta aire freskoa arnastera joateko. “Gaur ez duzu argazki zoragarririk egingo” esan didate ehiztariek barrezka. Upo magaleko usoen ehizarako 31 postu daude guztira eta gaur 16.ean egon dira ehiztariak. Egun argitsuetan itsasoa ikus daiteke bertatik, eta hegazti migratzaileen pasaleku estrategikoa da. Bertatik igarotzen dira hegaztiak, iparraldetik hegoalderantz, lurralde epelen bila: “Uso-saldoek zerua guztiz estaltzen dute batzuetan”, dio Abrisketak. Hitchkock bera harrituko litzateke ikuskizun horren lekuko balitz: “Eszena paregabeak ikus daitezke hemendik”. Ehiztarien hitzetan uste baino tiro gutxiago botatzen dituzte eta normalean orduak berbetan edo hamaiketakoa jaten ematen dituzte.

“Ehizan egiteko gune gutxi daude gaur egun eta jarduera oso kontrolatuta dago” adierazi du Mikelek autoa gelditu eta Josuk bere Benelli Premium Superligera eta Mikelen marka bereko Centro Crio eskopeta semiautomatiko italiarrak ateratzen dituen bitartean. Ehiztari biak 11 eta 14 urterekin hasi ziren lehen hastapenak egiten, aita laguntzen eta noizean behin tiroak botatzen. Familia kontua dela diote. “Aitarekin hasi nintzen eta noizbehinka tiroren bat botatzen uzten zidan”, gogoratzen du Abrisketak nostalgiaz.

// Geuria

Ehizaren jarduera gai oso polemikoa izan da betidanik baina ez da tiroak botatzera mugatzen soilik: Onddozaleekin gertatzen den bezala, ehiztari biak eguna pasatzera doaz mendira, naturaz gozatzera, baina jardueraren emaitza ezberdina izan ohi da, onddoen bilketak ez baitu hildakorik uzten, eta ehizak bai: “Ehiza benetan gustatu behar den zaletasuna da, eta pena da kirol honen inguruan dagoen ikuspuntu eztabaidagarria: jendeak jardueraren amaiera baino ez du ikusten: tiro bat eta hildako animalia”, azaldu du Etxebarriak. “Demonizatuta dagoen jarduera da”, gehitu du Mikelek. “Hori dela eta, benetan zaila da zaletasun hau jendearengana hurbiltzea. Hiltzaile etiketa jartzen digute askotan. Hori da jendeak ehizaren inguruan daukan irudia”. Josuk 50 irteera egiten ditu urtean eta ehiztariaren hitzetan, irteera horien erdia baino gehiagotan ez du ezer ehizatu: “Animaliarik ehizatzen ez bada, berdin-berdin gozatzen dut mendian, txakurrekin paseoan mendian gora eta behera”.

Ehizak eta ehiztariak, oro har, urteetan zehar izan duten ospe txarrak eta elkarte animalistek jendearengan garatutako kontzientziak eragin nabarmena izan du belaunaldi gazteenetan, eta horregatik gazte gutxi dira zaletasun hau mantendu nahi dutenak: Zeberioko ehiza elkartean 50 kide inguru daude, nagusiak gehienak. 30 urte inguruko gazte bik baino ez dute izena eman azken urteotan. Abrisketak berak familian bertan bizi du errealitate hau: “Semea behin baino gehiagotan etorri da nirekin, baina ez du zaletasun honekiko grina nik bezala garatu”.

// Geuria

Garai batean eskopeta eskuan herriko tabernara sartzea gauza normala zela diote. Gauzak aldatu dira baina, eta gaur egun Foru Aldundiak kontrol zorrotzak ezarri ditu ehizaren jarduerarako. “Ehiza elkarterik ez zegoen garaian ehiza librea praktikatzen zen, eta animaliak harrapatzeko orduan ez zegoen mugarik”. Orain, ordea, arau ugari errespetatu behar dira: Hasteko, ehiza librea egiteko sasoiak daude, aurtengoa urriaren 12tik 2021eko urtarrilaren 31ra artekoa izanik. Horrez gain, ehizan egin ahal izateko pase bat behar da eta Foru Aldundiak ezarritako ordutegia errespetatu behar da: “Neguan 08:00etatik 17:30ak arte egin daiteke ehizan, eta jarduera bukatu bezain pronto, ehizatutako animaliak idatziz aitortu behar dira ehiza-aitorpen horretan”, azaldu du Josuk.

Animalia asko eta tiro gutxi

Aurtengo itxialdia dela eta, animalia basati askok gizakiarenganako beldurra galdu dute eta herrietan ikusi ditugu behin baino gehiagotan: orkatzak, basurde familiak, oreinak… itxialdiko izaki ukiezinak izan dira, eta ehiztariek etxeko leihoetatik ikusi ahal izan dituzte, safari batean bezala. “Maiatza aldera, kalera irteten utzi zigutenean ere uso pase gutxi ikusi izan dira eta aurtengo ehiza sasoiak ez du zerikusirik izan iazkoarekin”, azaldu du Etxebarriak. Urriaren 26an mugikortasuna murriztu zuten berriro, eta ehiza alboetako herrietan baino ezin izan zen praktikatu: “Zeberiora etortzeko pasea zeukan jendea ezin izan zen bertara gerturatu eta ondorioz Zeberio eta Usansoloko herritarrak izan ditugu gure inguruetan”, azaldu du Etxebarriak. “Egun on bakarra urriaren 30a izan zen, eta uso gehienek altuegi egin zuten hegan”.

// Geuria

Hala ere, basurdeak ehizatzeko salbuespenak ere egon dira. Ehiztarien arabera, urtean milaka basurde hiltzen dituzte Bizkaian: “Basurdeek kalte ugari egiten dituzte soloetan eta lizentzia berezi bat sortu dute Foru Aldundian animalia hauek ehizatzeko eta populazioa kontrolatzeko”, azaldu du Mikelek. Uztailean ehiza egutegiak sortu ziren, eta basurdeak ehizatzeko baimen berezia sortu zuten: “Basurdeak ehizatzeko koadrilak osatzen dira, eta koadrila bakoitzean herri ezberdinetako ehiztariak daude. Jarduera hauetarako baimen espezifikoak atera dituzte, herri ezberdinetako ehiztari horiek dagokien herrian jardun ahal izateko”, argitu du Abrisketak. “Basurdea harrapakaririk gabeko animalia da eta ehizatuko ez balitz, bost urtetan herriko plazetan izango genituzke. Deskontrola litzateke”, azaldu du Etxebarriak. Aurtengo berezitasunen artean ere murrizketak egin dira eta koadriletako ehiztariek ezin dute gonbidaturik eraman.

Animalien ehizaz gainera, Zeberioko ehiza elkarteak plater-tiroketa jarduera antolatzen du urtero Ermitabarriko San Antonio jaietan, aurtengo edizioa egiterik izan ez badute ere: “Urte askotan antolatu barik egon zen jarduera hau lan handia ematen duelako: baimen ugari prestatu behar dira Guardia Zibilaren bitartez eta buelta asko eman behar dira dena prest edukitzeko”. Duela hiru urte, Mikelek eta Josuk elkarteren zuzendaritza hartu eta jendeak asko disfrutatzen duen jarduera da: platera jaurti eta pimba pumba.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak