☉ Zeberio
Aitziber Mendibil Barañano: «Garai batean, euskaldunontzat oso garrantzitsua zen erleei zuka egitea»
Uriondoko erlezainak bere irakasle lana eta erleen mundua uztartu ditu eta erlezaintzaren munduko ateak zabaldu dizkigu baserri ondoan dituen erlauntzetan
Aitziber Mendibil Barañanok (Zeberio, 1973) ia dena daki erleen inguruan. Osabarengandik ikasi zuen erlezaintzaren lanbidea, baina ez du horretan lan egiten; Mendibil Heziketa fisikoko irakaslea da Basaurin eta GEURIAri azaldu bezala, bere irakasgaiak harreman oso estua dauka natur zientziarekin eta, hortaz, bioaniztasunarekin, polinizazioarekin eta aldaketa klimatikoarekin, besteak beste. Udaberriko azken txanpan Aitziberren familiak Uriondoko baserrian duen erlauntzetara hurbildu gara, lanean ari diren izaki txiki horien mundu hain ezezaguna ezagutzera.

Zerk eraman zintuen erlezaintzara, Aitziber? Etxean betidanik izan gara ortuzaleak, eta osaba zaharrak erleak ere bazituen. Duela 15 urte gutxi gorabehera, baserria berriztu genuen. Erlauntzak zeuden bertan. Egun batetik bestera, horietako batean erlauma bat sartu zen eta osabarekin batera hori zaintzen hasi ginen. Horrela hasi zen dena. Galderak osabari eginez eta bere erantzunei so eginez erlauma bat, bi hiru… hazten hasi nintzen. Gaur egun 30 erlauma ditut eta 50 izatera heldu naiz ere.
Denak Uriondo auzoan? Duela urte batzuk beste modu batean bizi ohi nuen zaletasun hau eta erleak Gorbeiara eraman ohi nituen. Bertan ainar arruntaren eztia egiten nuen eta ondo zegoen. Baina zeberioztarra izanda, Gorbeiara heltzeko bidea ez zen batere aproposa eta erleak Uriondo auzoan haztea erabaki nuen. Hemen lore anitzeko eztia ekoizten dut.
Lanbidez irakaslea zara Basauriko Uribarri institutuan. Loturarik badu zure lanak erlezaintzarekin? Heziketa fisikoko irakaslea naiz eta gure irakasgaia oso zeharkakoa da. Nahiz eta oso zehatza izan, kirola eta jokoak soilik lantzen ditugula eman dezake baina loturak ditu natur zientziekin. Lankideekin berba egitean berehala konturatu ginen gure ikasgaiak beste hainbat gairekin harremanak izan zitzakeela: bioaniztasuna, polinizazioa, aldaketa klimatikoa, espezie inbaditzaile baten eragina, kulturalki nolako garrantzia duen erlezaintzak garai jakin batean argizaria ekoizteko… Euskararen aldetik landare batzuen izenak, hiztegia (erle mandoa, erle erregina, abaraska, argizaria…)… Laburbilduz: erlezaintzarekin loturak eta harremanak egiteko aukera ugari ematen ditu nire lanak, eta hori altxor txiki bat da irakaskuntzan.

Batek baino gehiagok pentsatuko du erlezaintzaren atzean erleak eta eztia dagoela soilik; baina erlezaintzak mundu oso bat ezkutatzen du. Hala da. Garai batean euskaldunontzat oso garrantzitsua zen erleei zuka egitea. Erleak animalia sakratuak bezala tratatzen zituzten eta logikoa da: erleek argizaria produzitzen dute eta argizaria kandeletan ipintzen. Eta zer daukate argizaiolek? Biribildutako argizaria. Erleek ekoiztutako argizariak jendearen bizimoduan eragina zuen eta elizkizunetan garrantzi handia zeukan.
Bestalde, antzina ez ziren erleak saltzen eta gaur egun ohitura hori galdu egin da. Gaur, erlezain profesionalen artean bereziki, erlaumak saltzeko ohitura dago. Lehen hori ez zen posible: erlaumak diru iturri inportanteak ziren eta opari lez edo belaunaldi ezberdinen artean transmititu ohi ziren.
Beste ohitura zahar baten adibidea ematearren, antzina, erlezaina hiltzen zenean erlategira joan eta erlauntzak astindu egiten ziren, ugazaba hil izanaren seinale modura. Historiaren aldetik lan ederrak egin dituzte erlezaintzaren inguruan.
Nolako lanak ematen ditu erlauntzak mantentzeak? Hori erlauntza kopuruaren araberakoa izan ohi da. Helburu bakarra eztia produzitzea bada, denborak eta loraldiak hartu behar dira kontuan. Erleak hainbat faktorerengatik zaindu behar dira: kopuruaren aldetik eta gaitzen aldetik bereziki. Momentu jakin batzuetan erlaumaren hazkundea ere kontrolpean izan behar da. Horren guztiaren arabera argizari gehiago edo gutxiago ipini, tratamendua jarri eta bestelako lanak egin behar dira. Emaitza eztia izango da.
Eta ezti hori erle bakoitzak jaten duenaren eta bere zikloaren arabera produzituko dute. Momentu jakin batean erlauntza “gelditu” egiten da, baina naturaren esnatzearekin erleak ere esnatzen dira eta beren zikloari berrekiten diote. Udan, lore anitzeko eztia produzitzen dugunoi dagokigunez, gero eta arinago ateratzen ari gara eztia. Eztia atera ondoren, erlauntzaren tamaina egokitu behar da erleak negualdia prestatzen hasteko. Lekurik ez izatekotan, erregina zaharra erle pila batekin eta eztiarekin joan egingo da eta erlauntzean erregina berria geldituko da. Eztia produzitu nahi izatekotan horixe da zaindu beharrekoa.

Nolako erleak topa ditzakegu gure inguruetan? Kantauri isurialdean Erle Beltza (Apis mellifera iberiensis) bizi da eta Bizkaiko Erlezainen Elkartearen helburua da bertako espezie hau zaintzea.
Eta erlezainei dagokienez, zeintzuk dira bereizi beharrekoak? Erlezain profesionalak eta ez profesionalak daude. Profesionala izateko 150 erlauntza baino gehiago eduki behar dira; zaintza era ekologikoan egiten bada, 50etik gora. Horiek horrela, erlezaintza egiteko modu bi daude: alde batetik, erleak kokapen batean urte osoan izatea eta, beste alde batetik, erlauntzak urtean zehar leku batetik bestera mugitzea. Kostaldean, erlezain gehienek transhumantzia egiten dute Liztor asiarra (Vespa Velutina) etorri delako eta erleek ezin dietelako liztorren erasoei eutsi. Erle horiek normalean leku garaietara edo Burgos bezalako toki sikuagoetara eramaten dituzte.
Erlauntzak leku batetik bestera eramatearen ideiak ez dirudi arin batean egin daitekeen zerbait. Garraioa Bizkaian egin behar bada erleak hartu eta behar den lekura eraman behar dira, besterik gabe. Bizkaitik irten egin behar bada, ordea, baimenak eskatu behar dira. Nola edo hala, erleak ezin dira edozein momentutan garraiatu: goiz-goizean edo iluntzean egin ohi dira lan hauek, erlauntzaren barruan lasai daudelako, atseden hartzen.
Eta den dena Asiako liztorrengatik. Asiako liztorrek ura behar dute beren habiak eraikitzeko (kostaldea, ibaiak…). 900 metrotik gorako altueretan bizitzea ere kostatzen zaie kanpotik etorritako espezie hauei.

Eta nolakoa da Zeberio erleak zaintzeko? Ba al dago zure pasioa praktikatzen duen beste inor? Bai, noski! Zeberion suhiltzaile batzuk daude eta askotan erlaumak kentzen dituzte etxebizitzetatik. Zeberioko Presalden Unai Larrabide izeneko lagun bat bizi da eta Iruatxetan Koldo Velasco. Azken honek Burgosetik ekarritako ainar arruntaren eztia saltzen du Amañe tabernan bertan.
Ezti hori erleen altxor preziatuena da, baina ez da munduari egiten dioten ekarpen nagusia. Erleek munduari egiten dioten ekarpen nagusia polinizazioa bera da, polinizatzaile eraginkorrena delako (tximeletak eta bestelako intsektuak erlearen atzetik doaz) eta urte osoan zehar egiten duelako lan. Hemen ez da gertatzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan ordaindu egiten dute erlezain batek fruitu-arbolak polinizatzeko eskainitako zerbitzuarengatik. Bertan Bombus izeneko erlaztarra erabiltzen dute.
Hainbeste lan egin eta gero kanpoko espezie inbaditzaileak etorri eta zapaltzeko. Eta Asiako liztorrak ez dira erleen arerio bakarrak izan; 80ko hamarkadan Barroa izeneko gaixotasuna etorri zen Asiatik eta erlauntzak “menderatzen” zituen. Tratamendurik ipini ezean, erlauntzetako erleak hil, erleak deformatu eta infekzioak barreiatzen zituen. Gaixotasun hark erlezaintza guztiz aldatu zuen eta, ondorioz, gaur egungo erlezaintza modernoaren aroa hasi zen.
☉ Zeberio
‘Ardoa eta Arrainaren Ibilbidea’ren etapa bat egingo dute hilabete honetan Zeberioko mendizaleek
Ibilbidea otsailaren 22an antolatu dute eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da

Austarri Mendi Taldeak ‘Ardoa eta Arraina’ bezala ezaguna den GR38 ibilbideko etapa bat egingo du otsailaren 22an, eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da. Etapa hori Lagran eta Pariza artekoa izango da.
Etapa ederra izango dela azaldu dute Austarritik, “pago eta ezpel baso xarmangarri bat eta gorosti ale eder bat zeharkatuko ditugu”.
Desnibela leuna da. Lañuko irteeran, bertako haitzuloak ikusiko ditugu. Labar-kobazulo artifizialak dira, IV. mendekoak. “Hurbiltzea eta bisita egitea merezi du”. Etaparen gainerakoa lursail-sailetatik doa Pariza herriraino, eta han amaituko dugu ibilbidea.
Guztira 13,31 kilometroko luzeera izango du mendizaleek egin beharreko ibilbideak, 275 metroko desnibel positiboa eta 952 metroko garaiera erdietsiko dute. Ibilbidea norabide bakarrekoa izango da eta ordu bi eta 20 minutuko iraupena izatea aurreikusi dute.
Izena emateko austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatzi edo 665 735 054 / 656 415 597 telefono zenbakietara deitu beharko dute interesdunek. Mendi taldearen lokalera hurbildu daitezke ere interesdunak ostiraletan, 20:00ak eta 21:00ak artean.
Ardoa eta arraina, ardatz
Oiongo mahasti-lurraldeetatik Bermeoko mendateraino, GR 38k Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko aukera ematen du, era askotako paisaia liluragarriak gurutzatuta. Ardoaren eta arrainaren ibilbidea zazpi etapatan banatuta dago (zazpi egunetan egin daiteke) eta Oionen hasi eta Biasterin amaitu egiten da.
Euskadi.eus webgunearen arabera, ibilbide osoan zehar, gainera, gure arbasoen historia ezagutzeko parada izango dugu. Lehenago, mandazainek erabilia, oraindik ere galtzadari badario bide horretan barrena zebiltzan salgaien urrina. Mandazainak Bermeoko, Ondarroako eta Lekeitioko portuetatik abiatzen ziren, mandoak arrain freskoz eta gatzetan jarritako arrainez zamatuak zihoazela. Itzulbidean, berriz, gurdiak gariz, gatzez, ozpinez eta ardoz zamatzen zituzten.
Turismorako eta kulturarako baliatu den ibilbide honek, beraz, garai bateko ospea berreskuratu du, gure mende honetako ibiltari berriei esker. Guztira, 166 km dira.
Ibilbidea Oionetik abiatu eta Biasterirantz doa, mahasti zabal amaigabeen artean. Behin Toloño Mendiko erliebe zutak gainditua, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako Lautadan.
Uribarri Ganboako urtegiaren paretik doa eta, ondotik, garai bateko “Vasco-navarro” trenbidearen ibilbideari jarraitzen zaio. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik aurrera egin, Arabari agur esan, eta Otxandiok Bizkaiko ongietorria emango digu. Urkiolako inguru ikusgarrian gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaisten da, eta handik Oizko erliebeetaraino igoko gaitu. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, bideak Bermeo herriraino gerturatuko gaitu, eta herri hori gure bidaiaren helmuga izango da.
Ondarroako eta Lekeitioko portuek ere merkataritza-ibilbideak egin zituzten eta, XV. mendetik XVIII. mendera arte, barnealdeko lurraldeekin harremanetan aritu ziren. Bi bideak Santutxun elkartzen ziren; handik, Oiz mendiko oinetara joan eta Bermeotik zetorren ibilbidearekin bat egiten zuten.
Itsasoa, padurak, Toloño Mendilerroko beheko magalak, Urkiolako bazter malkartsuak… Ibilbideak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu, denak bisitariak liluratzeko modukoak.
☉ Zeberio
Erreportajea | Botosani eta Zeberio lotzen dituen haria
Joan den urtarrilaren amaieran 10 urte bete ziren Mihaela Vatamanu eta bere familia Ermitabarrira heldu eta Taberna Zaharra eta apartamentu turistikoen ardura hartu zutenetik. Bere istorioa da honako hau

Mihaela Vatamanu (Botosani, Errumania, 1989) Ukrainako mugatik ordubetera dagoen Errumaniako iparraldeko Botosani izeneko hirian jaio zen. Ekonomia eta azpiegiturei begira garapen txikiko hiria bezala gogoratzen du gaur egun Ermitabarriko Taberna Zaharra eta apartamentu turistikoak kudeatzen dituen emakumeak. Urtarrilaren 30ean 10 urte bete ziren Ermitako taberna hartu zutenetik.
Familia xume baten alaba bakarra da Mihaela. Bere gurasoak langileak izan dira betidanik. Mihaelak Botosanin burutu zituen ikasketak. “Bizimodu lasaia eta sinplea neukan Errumanian. Ikasi ostean amama-aititen etxera joan ohi nintzen, lanak egiten laguntzera. Horrela diru apur bat ematen zidaten”, gogoratzen du.
Aitak ahalegin handia egiten zuen alabak ikas zedin: “Asko ikasiz gero aukera gehiago izango dituzu etorkizunean, Mihalea”, esaten zion. Zentzu horretan neskatila autonomoa izan zen betidanik txikitan: eskolara bakarrik joan ohi zen oinez, etxerako lanak bere kabuz egiten zituen. Urte batzuk geroago horrelaxe jarraitu zuen institutuan eta baita unibertsitatean ere. Ekonomia Zientzien ikasketak amaitu ostean, gaur egungo senarra ezagutu, ezkondu eta Bizkaira heldu zen, bizitza berri bat hasteko.
“Errumaniako Komunismoa amaitu eta mugak zabaldu zituztenean, ezagun askok maletak egin eta atzerrira joan ziren, Italia eta Espainiara bereziki, nekazaritzan eta pertsonen zaintzaren esparruan lan egiteko”. Mihaelaren buruan ez zegoen atzerrira joatearen ideiarik, baina batzuetan bizitza bera da erabaki horiek hartzen dituena. Izan ere, Mihaelaren beraren ikasketak ordaindu ahal izateko Italiara joan zen bere ama, etxe batean lan egitera.

Mende bateko jauzia
Duela 14 urte Bizkaira iritsi zenean, mende bateko jauzia egin zuelaren sentsazioa izan zuen Mihaelak. Bere senarra Barakaldon bizi zen garai hartan eta eraikuntzaren sektorean egiten zuen lan. Ikearen aurrean dauden eraikin erraldoietako pisu batean bizi zen. Hura izango zen Mihaelaren etxe berria.
“Botosaniko eraikin garaienak 10 solairu ditu eta nire etxea laugarren solairuan zegoen. Barakaldokoa 21. solairuan zegoen. Hona iritsi aurretik ez nuen inoiz autopistarik ikusi, eta orain A8a nuen etxe azpian. Ez neukan inolako beldurrik, baina egia da bizimodu berri honetara moldatzea asko kostatu zitzaidala”. Eta ez hori bakarrik, Botosani eta Barakaldoko erritmoen aldeak errumaniarraren arreta erakarri zuen bereziki: “07:00etan jende guztia bere lantokian dago. Hemen, berriz, saltokiak 10:00etan zabaltzen dituzte. Hasiera batean alferkeria hutsa zela pentsatu nuen, baina gero ohitura kontua zela ikusi nuen”.
“Bizkaira heldu nintzenean argi neukan nire unibertsitateko ikasketek etorkizunik ez zutela izango. Oinarrizko lan bat bilatu behar genuen bertan”. Lehen urtean sei hilabete eman zituen Mihaelak lan egin barik eta handik gutxira Sopelako etxe batean garbiketa lanak egiteko eskaintza bat topatu zuen.
Hizkuntza ez zen oztopoa izan berarentzat, txikitan amarekin gaztelerazko telebista nobelak ikusten zituelako Errumanian. Hiru urte eman zituen etxe hartan. “Gurasoek ez zidaten ezer esan, baina badakit era horietako lanetan aritzearen ideia ez zutela batere gogoko. Niri ere ez zitzaidan gustatzen ideia hura”.
Hala ere, Mihaelak ez ditu bere etorkizunaren ateak guztitz itxi: azken asteetan Errumaniako kontsulatuarekin harremanetan egon da unibertsitateko ikasketa-tituluak baliozkotzeko eta agian, egunen batean, bere ikasketekin zerikusia duen lanen bat aurkitzeko. Batek daki.

Burrunbatik lasaitasunera
Barakaldoko etxebizitza alokairukoa zen eta egun batetik bestera etxea utzi behar izan zuten Mihaelak eta bere senarrak. Senarraren nagusia Zeberiokoa da eta berarekin berba egin ostean Ermitabarri auzora iritsi ziren.
Ermitabarri ez da Botosani baina bertako bizimoduak Errumaniakoaren antz handiagoa dauka Barakaldokoarekin alderatuta. Senarraren nagusiak urte erdi itxita zeraman Ermitabarriko taberna zabaltzeko ideia eman zion. Gainera, goiko partean etxebizitza bat dauka eta Mihaelak 2015ean bere lehen semea erditu zuen. Leku aproposa zen familia sortzeko eta lan egiteko. Esan eta egin, Zeberioko Udalarekin berba egin ostean Taberna Zaharra berrireki zuten senar-emazteak, hilabete eta erdi etxea egokitzen eman ostean.

Tabernak itxita eman zuen denbora tartean, Ermitabarriko bizilagunak Zubialdeko tabernetara joaten ziren, eta Mihaelaren familiak taberna berriro zabaldu zuenean ermitabarri berpiztu zuten, nolabait.
Taberna kultura
Hasierak gogorrak dira normalean eta Ermitabarrin hasi zuten proiektua ez zen salbuespena izango. Lehen hilabeteetan Mihaelak kudeatu zuen Taberna zaharra, ostalaritzako inolako noziorik izan gabe: “Errumanian ez dago taberna kulturarik: jendea kafetegira doa kafesne bat edan eta pastel bat jatera, eta akabo. Taberna batera sartu izan naizen bakoitzean komuna erabiltzeagatik izan da gehienetan”, aitortu du.
“Errumanian ez dago taberna kulturarik: jendea kafetegira doa kafesne bat edan eta pastel bat jatera, eta akabo”
“Errumanian ez bezala, tabernak edozer gauza ospatzeko lekuak dira hemen: urtebetetzeak, ezkontzak, hiletak… berdin dio zer gertatu. Ospatu beharreko hori tabernan egiten da eta hori zoragarria da, jendea elkartu egiten duelako”. Errumanian poteoa existitzen ez dela gehitu du Mihaelak. Taberna batera joatean, menuak ez dakar ardo edalontzirik. Nahi izatekotan botila osoa erosi behar du bezeroak.
Ermitabarriko taberna martxan jartzean, ardoarekin ere gorabeherak izan zituela gogoratu du Botosanikoak: “Ez nekien nola zerbitzatu behar zen ardoa eta are gutxiago zenbateraino bete behar zen edalontzia. Egia esateko ez dut ia alkoholik edaten!”, dio barrez. Hala ere, Zeberiok harrera oso polita egin ziela gogoratu du Mihaelak. Lehen momentutik jakin zuten auzotarrek iritsi berriek euskaraz berba egiten ez zekitela, eta negozioarekin laguntza eman zieten hasieratik.
“Ez nekien nola zerbitzatu behar zen ardoa eta are gutxiago zenbateraino bete behar zen edalontzia. Egia esateko ez dut ia alkoholik edaten!”
Bertako ohituretara moldatu egin dira ere, hasierak gogorrak izan baziren, Mihaelarentzat bereziki: “Errumanian ez dago odolosterik. Ez dakite zer den hori”. Zeberiora heldu zinenean, auzotarrek esan zieten tabernan odolosteak egon behar zituztela, zeberioztarrei asko gustatzen zitzaizkiela. “Odolarekin egiten zirela jakin nuenean gauza horiek ez nituela sekula jango zin egin nuen!”. Gaur egun, ostera, pilo bat gustatzen zaizkio. Hasiera batean, bi herrialdeen arteko kontrastea handiegia zela ikusi zuen Errumaniakoak, baina bere burua nolabait bizileku berrira moldatu behar zuela ulertu zuen.
“Jendeak euskaraz hitz egitera animatzen nau beti. Ez dute itxaropena galtzen!”
Euskara ikastea oraindik egiteke duen zeregina da Mihaelarentzat. Eta badaki. Baina horretarako denbora behar duela dio. “Hitz batzuk ulertzen ditut, baina Zeberion oso arin hitz egiten dute”. Zeberioko AEKn klaseak hartu zituen, baina bigarren semearen jaiotzarekin denbora barik lotu zen. “Hala ere, jendeak euskaraz hitz egitera animatzen nau beti. Ez dute itxaropena galtzen!”.

Lanaren zikloa
Zeberioko auzo txiki bateko taberna bada ere, eta “atseden” hartzeko astelehena izan arren, Mihaelak asteko zazpi egunetan egiten du lan senarrarekin Taberna Zaharrean, goizeko lehen ordutik gaueko azken momentura bitartean. Goizetik gauera egiten dute lan barraren aurrean eta atzean. Senarraren jarduera tabernan oinarritzen da gehienbat, eta Mihaelarena ere, baina bereziki Ermitabarriko apartamentu turistikoak kudeatzen ditu, familia kontuak ahaztu barik.
Tabernako bezero nagusiak herriko auzotarrak dira, baina aldi berean dituen apartamentu turistikoetako bisitariak ere. 07:00etan jaikitzen da egunero Mihaela eta tabernako lehen pintxoak egiten ditu. Umeak jaiki, prestatu eta Zeberioko eskolara bidaltzen ditu tabernaren aurrean geldialdia duen autobusean.

Segidan, eguneroko errekaduak egiten ditu eta senarra ez badago zerbitzari lanak egiten ditu barraren bestaldean. Eguerdi aldera bazkaldu egiten du, “gehienetan zutik eta barran”, dio tabernariak. “Beti dago egin beharreko ezer tabernan”. Eramateko bazkaririk prestatu behar bada, horrek dauka lehentasuna. Arratsaldean haurrak bueltatu egiten dira, baina egun jakin batzuetan eskolaz kanpoko jarduerak dituzte. Horretaz aitaginarreba arduratzen da.
“Ostegunetan pintxopotea daukagu eta behartuta gaude senarra eta biok bertan egotera”. Gaualdean, taberna itxi eta guztia garbitu eta hozkailuak betetzen ditu. “Hona heldu nintzenetik inoiz ez naiz egun berean jaiki eta oheratu”.
Lotura hautsi barik
Nork bere sustraiak ezin ditu sekula ahaztu. Bizkaian 14 urte eman baditu ere, Errumaniarekin duen lotura mantendu izan du denbora tarte horretan Mihaelak. Ama ere Zeberion bizi da Mihaelaren familiarekin eta bertan jaten dutenaren % 90a Errumaniako errezetak dira. Haurrak behin egon dira Errumanian eta gurasoek bertako ohituren inguruan berba egiten diete “momentuz interes handirik ez badute ere”.
Oporrei dagokienez, Gabonak hiru egunetan ospatzen dituzte Errumanian, abenduaren 25ean, 26an eta 27an. 25 eta 26an jai egunak dira. Hiru egun horietan familia osoa elkartu egiten da. “Gure kasuan Zeberion familiako kide guztiak gaude eta egunero ikusten dugu elkar, baina 25ean taberna itxi egiten dugu eguerdian eta Errumaniako janari tradizionala bazkaltzen dugu elkarrekin”.
“Errumaniara joatea eta bertako jendearekin errumanieraz berba egitea asko gustatuko litzaidake”
“Errumaniara joatea eta bertako jendearekin errumanierraz berba egitea asko gustatuko litzaidake”. 21 urte bizi izan ditu Mihaelak, eta arrazoi ekonomikoengatik ezin izan zuen Errumania behar bezala ezagutu. “Alderaketa bat egitearren, Bilbon bizitzea eta Bizkaitik inoiz irtetea bezalakoa litzateke nire kasua”. Haurrak nagusiagoak izango direnean bertara joatea eta herrialdea behar bezala ezagutzea gustatuko litzaioke.
Etorkizuna, semeekin
36 urterekin, Mihaelaren etorkizuna bere semeak dauden lekuan ikusten du. “Haurrak zaindu behar ditut bere kabuz bizitzeko gai diren arte”. Urte hauetan Errumanian baino bizitza kalitate hobea du Mihaelaren familiak Zeberion.

Iazko azaroan Errumaniako bisitari bat heldu zen Zeberioko apartamentuetara eta berarekin berba egiteko aukera izan zuen Mihaelak: “Errumaniako janaria hemengoa baino garestiagoa zela esan zidan, besteak beste. Errumaniako gutxiengo soldata 800 eurokoa da gaur egun, baina hango supermerkatuetan eros daiteken janaria hemengoa baino garestiagoa da. Horrela daude gauzak gaur egun”.
“Errumaniako gutxiengo soldata 800 eurokoa da gaur egun, baina hango supermerkatuetan eros daiteken janaria hemengoa baino garestiagoa da”
“Orain zoriontsuago bizi naiz hemen, Botosanin bizitza berri bat hastearekin alderatuta”, aitortu du Zeberioko errumaniarrak. “Momentu honetan Errumaniara itzuliko bagina semeen etorkizuna suntsituko nuke”. Baina aldi berean, Mihaelak ez ditu bere bizitzako azken egunak Zeberion eman nahi.
Zahartzaroan, bere ametsa da urtean behin edo birritan gutxienez Errumaniara joatea, bertan pare bat aste eman eta Zeberiora itzultzea. “Badakit nire semeen bizitza hemen dagoela, baina nire gurasoak bezala, nire jaioterriarekin dudan harremana sendotzea gustatuko litzaidake, eta azken urteak Errumanian eman”.
☉ Zeberio
Kandelak egiteko tailerra antolatu dute gazteentzat, Zeberion
Argizarizko kandelak sortzea jarduera egokia da gazteentzat, jarduera ekonomikoa, sortzailea eta prozesua nahiko erraza izan ohi delako

Hilabete honetan nerabeei zuzendutako tailerrak antolatu ditu Zeberioko Udalak.
Lehena joan den otsailaren 6an izan zen, eta gazteek imanak egiteko saioa izan zuten ermitako plazan.
Hurrengo tailerra hilaren 27an izango da, leku berean. Bertan, argizarizko kandelak egiteko tailerra prestatu dute. Ordutegia zehazteke dago.
Argizarizko kandelak sortzea jarduera egokia da gazteentzat, ekonomikoa, sortzailea eta prozesua nahiko erraza izan ohi delako.
Normalean molde baten bidez egiten diren sormenak izan ohi dira. Kandelak izango duen mukia edo ‘metxa’ bertan ipini eta moldea aurretik urtutako argizariarekin bete ohi da. Batzuetan esentzia edo kolorante tantak gehitzen zaizkio (usain edo kolore jakin bat lortzeko). Hozten utzi eta kandela eginda egongo litzateke.
☉ Zeberio
Merienda berezia eta ‘Gora Bihotzak!’ ikuskizuna antolatu dute Zeberioko Karnabaletan
Izan ere, otsailaren 13an egurrezko jolasak antolatu dituzte 17:30ean plazan. Ondoren, 18:00ak aldera ‘Gora Bihotzak!’ kantu eta dantza ikuskizuna ekarri dute Austarri Kultur Taldekoek plazako ermitara

Otsailaren 13an karnabalak ospatuko dituzte Zeberion. Urtero lez karnabletan egiten duten bezala, haurrei zuzendutako ekitaldi bereziak prestatu ditu Txubelasu Guraso Elkarteak, Austarri Kultur Taldearekin elkarlanean eta Udalaren babesarekin. Txubelasutik GEURIAri azaldu lez, egun horretan merienda berezia prestatuko diete etxeko txikiei.
Izan ere, otsailaren 13an egurrezko jolasak antolatu dituzte 17:30ean plazan. Ondoren, 18:00ak aldera ‘Gora Bihotzak!’ kantu eta dantza ikuskizuna ekarri dute Austarri Kultur Taldekoek plazako ermitara: “Zenbat dantza utzi ditugu bidean azken garai hauetan? Eta zenbat musu eman gabe? Zenbat besarkada sentitu gabe? Dantzatzea aldarrikatzen dugu, basarkatzea, musukatzea, kantatzea, nahi dugunean nahi dugunarekin eta nahi dugun moduan. Dantza ezin bada ez da gure iraultza”.
“Animatu eta mozorratuta etorri”, gonbidatu dituzte herritarrak herriko elkarteetatik.
☉ Zeberio
Bideoa | Egia auzoan esnatu dute lurra Zeberioko eskolako haurrek
Baserriz, basoez eta mendiez inguratuta, ikasleek lurra kolpatzen eta kantatzen eman dute Santa Ageda bezperako goiza

Oles oles, Zeberioko eskolako haurrekin izan gara Egia auzoan.
Baserriz, basoez eta mendiez inguratuta, ikasleek lurra kolpatzen eta kantatzen eman dute Santa Ageda bezperako goiza.









