Sareak

☉ Zeberio

Hiru hamarkadako bidaia elektroniko eta literarioa

Mikel Urkixo idazle zeberioztarraren “Euskal Herria Undeground” liburu berriak musika elektronikoaren baitan sortutako azpikultura aztertzen du

|

Mikel Urkixo // Utzitakoa

Musika elektronikoa puri-purian zegoenean ezagutu zuen Mikel Urkixo Aierdi idazleak (Zeberio, 1981). Ezagutza horretatik abiatuta, azpi kultura horren baitan sortu zen mugimenduari eta bizi estiloari erreparatu dio, ‘Euskal Herria Underground. 1986-2015, bidaia elektroniko bat’ liburuaren bitartez.

Urkixok ‘Hustu Artekoak’ izeneko poesia liburua kaleratu zuen 2022an eta Beta III Milenio Ediciones argitaletxearekin kaleratutako bigarren obra honek poesia albo batera utzi, eta euskal gizartean ohiartzun eskasa izan zuen fenomeno honen azterketa sakona ekarri dio irakurleari, zeberioztarrak duela urte asko trabatuta zeukan “arantza” bat azaleratuz, bai idazle bezala, bai underground eszena horren “biktima” lez. Zentzu horretan, liburu honetara hurbiltzen den irakurleak aurkituko du sorpresaren bat edo beste, aurreiritziak alde batera uzteko gai bada bai bederen.

“2001eko igande anonimoa. Amaitzear da mundu analogikoa. Galdua du borroka. Gazteetako batek dantzan jarraitzen du, Imanol Salvador “Ima Intermusic”ek gau horretan Pagoa klubean jarri duen azken diskoa gogoan. Ezin kabiturik. Zoroen pare egiten du dantza. Lehen orduko eguzki izpiekin batera mugitzen du gorputza. Arritmikoki. Gazteak oraindik ez daki Richie Hawtinen Minus-“Orange1″ dela, burmuineko arrakaletan gora, barrenak aldrebestu dizkion kanta”. Horiek dira Mikel Urkixoren liburuaren hasierako lerroak.

Musika elektronikoaren azpikultura mundu guztian zehar arrapaladan hedatu zen, eta gure herrian ere oso zirkuitu interesgarria egon zen, undergrounda oso, euskal gizarteak ez baitzuen inolaz ere onartu edo “instrumentalizatu” nahi izan. Rock eta punk erradikalarentzat izan zuen tokirik, baina kultura elektroniko hark beldurtu egin zuen euskal gizartea.

Gaur egun, modan daude edo erdigunera ekarri dituzte talde baztertu eta gutxituen borrokak; bada, musika elektronikoa baztertuen musika gisa jaio zen hein handi batean.

House musika gay, lesbiana, trabesti, latino eta beltzentzako musika zela zioten Estatu Batuetan, eta tekno musika 80. hamarkadako Detroiteko ghetto latz eta ilun hartan sortu zuten beltzek. Bada ezer underground edo azpikulturalagorik? Gaur egun bolo-bolo dabiltzan diskurtsoak dira, baina musika elektronikoaren munduak beti eskaini die aterpea talde baztertuei.

Euskal gizarteko gazte sektore zabal batek ez zuen jakin ulertzen iraultza musikal hura. Beste borroka batzuek zuten lehentasuna garai hartan. Gainera, hasiera batean, post punka, rocka eta musika industriala zeritzona izan ziren elektronikaren jatorria. Hura eta Valentziatik zetozen hastapenetako soinu eta doinuak. Berez, ez zegoen guztiz aldendua modan zeuden punk eta rocketik. Baina sentsazionalismo handiegia zebilen gaiaren inguruan.

Beste alde batetik, egia da euskal sortzaileen artean beti izaten dela apurketa handietarako “amildegi sentsazioa”. Sortzaile asko beti daude “zaharra berrinterpretatu beharra leloarekin”, eta horrek aukera gutxi uzten die apurketa handiei. Eta musika elektronikoak apurketa handia suposatu zuen 1980-1990eko hamarkadan.

Biniloen gainbehera

Musika elektronikoak asko galdu zuen digitalaren sarrerarekin. Biniloen gainbehera etorri zen, eta horrek berekin kultura musikal handia galtzea ekarri du. Garaitsu hartan, musika elektronikozale asko biniloak identifikatzen saiatzen ziren, disimuloz, artisten sesioetan.

Eta publikoko jende askok, abestia entzunda, bazekien abestiak Detroiteko ukitua zuen, edo Berlingoa, edo Koloniakoa, edota Londresekoa. Eta jendea binilo-dendetara joaten zen binilo hura aurkitzeko esperantzarekin. Xarma handia zuen horrek.

Ez zegoen ia Internetik, baina jakin-min handia zuten askok. Lokaletan Technics biragailu eta Rodec izeneko mahaiak egoten ziren, eta lokal haiek eskola elektronikoak bihurtu ziren gazte askorentzat.

Kuriosoa da, baina gaur egun teknologien garaian bizi gara, eta inoiz baino ezjakinagoa da gizakia. Gaur egun, gainera, ekipo digitalekin, ezinezkoa da txarto pintxatzea (musika nahastea).

Aisialdiaren aldaketa

Urkixoren arabera, gaur egun asko aldatu da aisialdi eredua, eta “ezer gutxi” geratzen da mugimendu hartatik: “Lore gutxi batzuk, eta belartza handia. Agian gaur egun musika bigarren plano batean geratu da aisialdian. Ez dakit… ez naiz ausartzen egungo agertoki elektronikoaz iritzi potolorik botatzen, baina gauzak asko aldatu direla nabarmen-nabarmena da”.

Zeberioko idazlearen aburuz, 1980, 1990 eta 2000ko hasieretan jendea musikak mugitzen zuen. “Orain ez dut halakorik ikusten nik. Eta ez dago espazio handirik “zahartxo elektroniko zaleentzat”.

Beste herrialde batzuetan, musika elektronikoa erabat errotuta dagoenetan, guraso eta seme-alabak ikus daitezke dantzan, egunean zeharreko festibaletan. “Hemen inoiz egin izan da ahaleginik, baina uste dut ez dela gauza handirik lortu. Mugimendu hura uholde handi baten antzean etorri zen, eta berdin-berdin desagertu zen”.

Eskualdeko undergrounda

Hego Uriben Hoppy izan zen undeground eszenaren erreferenteetako bat, esaterako, Basaurin. Carlos De Miguel zen hango DJa, eta hark utzi eta Iker Uriarte ‘Trampas’ -liburuko protagonistetako bat- hasi zen han artista lanetan.

Besteren batzuk ere izan dira, baina Hego Uriben ez da nabarmentzeko handirik egon. Hemengo publikoa mugitu egiten zen Euskal Herrian zehar: Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Oiartzun, Gernika, Arrasate, Bergara… Iparraldean ere ez zegoen ezer handirik, eta Iparraldeko euskaldunak Hegoaldera hurbiltzen ziren.

Urkixo, betiere, musika elektroniko underground batez ari da, pista nagusietatik kanpo zegoen horren inguruan, hain zuzen ere: “Hori, ezjakina denarentzat, igual ez da erraza ulertzen. Baina lokal edo klub underground gehienek bazituzten ezaugarri komun batzuk: soinu-ekipo itzelak, programazio on-onak, hots, artista bikainak, eta astero leku berean topo egiten zuen jendea: lagunak. Horiek ziren ezaugarri nagusienak”. Sarea sortzeko aukera ematen zuten klubek.

Hego Uribeko Zaratamo eta Zeberio bezalako landa eremuak izan dituzten herriek ere kultura undergroundarentzako lekua ere bazuten: “Zeberiotik eta Zaratamotik ere batu zen jendea mugimendu elektroniko hartara, noski. Ez gara hain bereziak!” (barreak).

Saiakera-elkarrizketa estiloko liburua da zeberioztarrak publikatu berri duen azken liburu hau. “Ederto pasatu dut idazten”, aitortu du Urkixok. “Zuzentasuna du ardatz, zelan ez. Baina batzuetan idazlea zuzentasun horretatik zertxobait aldendu egiten dela azaldu du Mikelek.

“Elkarrizketa edo barne-bakarrizketa zenbaitetan, hitanozko adizki edo alokutiboak erabili ditut galdera eta harridurazko esaldietan, nahiz eta zuzentasunaren aurka egin. Neutroegia geratzen ari zitzaidan susmoa nuen, indarra galtzen ari zela testua, eta halaxe jokatzea erabaki dut. Baina agian beste garaitsu batean idatzi izan banu liburua, beste era batean jokatuko nuen. Horrexegatik diot idazleok une oro hartu behar izaten ditugula erabakiak. Zuzentasuna ardatz, baina zenbait erabaki “zalantzazko”.

Hiztegiak eta arauek askotan ez dizute ematen idazle gisa behar duzun mundu osoa. Eta horrek ere badu bere xarma. Irakurleak akatsa ikus dezakeen lekuan, idazlearen erabaki kontziente bat egon daiteke. Baina normalean irakurlea trebatua bada, segituan harrapatzen du idazlearen intentzioa”.

Apurka-apurka osatu zuen Urkixok sarea azken liburu hau idatzi ahal izateko. Asier Balzategi Balza izan zen lehena. Balza Bergarakoa da, gainera, mugimendu underground haren gotorleku handienetakoa: Jam Aretoa, Ziripot, Kogollo Party Krew-koen lokala… Bergara beti izan da musika elektroniko undergroundenaren tokirik berezienetakoa. Bai artistek zein publikoak gehien maitatu dutenetakoa. Hortaz, Balzaren baiezkoa jaso ondotik, beste artistengana hurbiltzeko aukera izan zuen Urkixok.

Eta Balzari eta Mikelen beste lagun batzuei esker, beste 13 artistengana iristeko aukera izan zuen idazleak. Argi nuen denetarikoak sartuko zituela Euskal Herria Undergrounden: nazioartean arrakastatsuak, garai hartako esanguratsuak, Euskal Herrian ezagunak izan zirenak, produkzioetan sartuak zebiltzanak (edo gaur egun dabiltzanak), kontratazioak egiten zituztenak, binilo-dendak izan zituztenak…

Garai hartako irudi oso eta osatua eman nahi izan du Mikelek: “Arrakasta izatea edo arrakastatsua izatea oso arraroa izaten da, baina aintzatespena arrakastaren gainetik dago, nahiz eta askotan kosta egiten zaigun sinestea”. Gure herrian, 40-65 urteko norbanako anonimo askoren etxean, egundoko binilo elektroniko-sortak daudela baieztatu du Mikel Urkixok, “altxor itzelak den-denak”.

☉ Zeberio

San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan

Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

|

Luntx baten argazkia // Geuria

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.

Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion

Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

|

Drogak // Ertzaintza

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.

Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.

Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.

Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.

Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek

Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

|

Haurrak, puzgarrietan // Geuria

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.

Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.

“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.

2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bisitari gutxiago baina egonaldi luzeagoak izan dituzte Zeberioko apartamentu turistikoek 2025ean

255 bisitari etorri dira Ermitabarriko apartamentuetara 2025ean eta beren egonaldia lau egunekoa izan da Mihaela Vatamanu arduradunaren arabera

|

Bisitariak turismo aktiboa praktikatzea gustatzen zaie Zeberioko inguruetan // Geuria

2024ko norabidea jarraituz, Ermitabarri auzoan kokatutako apartamentu turistikoek 255 bezerorekin itxi dute 2025 urtea, aurreko urteetan baino gutxiago: 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an, 473 (2024ko bigarren seihilabeteko datuak falta dira: urtarriletik ekainera bitartean 74 pertsona igaro ziren).

2025ean 103 erreserba egin zituzten guztira: 76 Estatu mailakoak (% 74) eta 27 nazioartekoak (% 26). Egonaldien batazbestekoa lau egunekoa izan da eta erreserba gehienak (% 90a) Booking plataformaren bidez egin dituzte.

Apartamentuak kudeatzen dituen Mihaela Vatamanuren datuen arabera, Estatu mailako datuei erreparatuz, erreserba gehienak Bartzelonako turistak izan dira (% 20) eta jarraian Madril legoke (% 14): “Tendentzia hau azken urteetan mantendu izan da”, zehaztu zuen Mihaelak 2024an. Nazioarteko erreserbei dagokienez, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorri dira bisitari gehienak 2025ean.

“Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak etorri ohi dira, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”, azaldu zuen Mihaleak 2024ko balantzea egin zuenean. 11 urte daramatza Vatamanuk Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzen eta erreserba kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, turisten egonaldiak gero eta luzeagoak direla azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Elizondo, Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetako errepideak asfaltatuko dituzte hurrengo asteetan

“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik

|

2024an asfaltatutako errepide bat // Geuria

2025ean egin beharreko lanen artean ageri dira Zeberioko auzo jakin batzuetan egin beharreko asfaltatze-lanak. Zehazki, Ermitabarriko Elizondo (Eusebio Aldekoa egoitza aurreko errepidea), Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetan egin behar dituzte obrak.

“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Bide jakin batzuetan barandak ipiniko dituztela gehitu dute.

Lan hauek Uribarri auzoko sarrerako errepidea konpondu ostean hasi behar zituzten. Uribarrin egindako lanak “konplexuak” izan ziren, bide azpiko lurrak mugitu eta errepidea hondoratu zelako. Konponketa horretarako 80.000 euro bideratu zituzten 2025ean.

Pilotalekua, aurrera

Bestalde, Ermitabarriko frontoiko lanak aurrera doaz. Zeberioko Udalak iazko irailean iragarri zuen lan horiek 2025 urtea bukatu baino lehen amaituta egongo zirela ondo bidean, baina langileak bertan ari dira lanean egun hauetan. Udalak 70.000 euro bideratu ditu eraberritze lan sakonak egiteko Ermitabarriko pilotalekuan: “Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, aurreratu zioten udal ordezkariek GEURIAri 2025eko urtarrilean.

Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu zuten Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak.

Osorik irakurri