Sareak

☉ Zeberio

Xabier Bengoetxea Uriarte: «Villano arrazako txakurren izaera eta nirea antzekoak direla esango nuke»

Goxok Villano arrazako txakurren urteroko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen maiatza hasieran Turtziozeko Tokiko Abeltzaintza eta Nekazaritzako Elikagaien azokan

|

Amamaren garaian ezagutu zituen Xabier Bengoetxe Uriartek (Zeberio, 1988) Enkarterrietako Villano arrazako txakurrak. Txakur hauek ikusi zituen lehen aldian bat-bateko maitemina sentitu zuen zeberioztarrak eta hura bere bizitzako txakurra izango zela erabaki zuen. Etxean beste arrazako txakurrak izan ditu betidanik baina Villanoek “bere izaera islatzen duen zerbait” dutela aitortu digu.

Maiatzaren hasieran, Turtziozeko Tokiko Abeltzaintza eta Nekazaritzako Elikagaien Azokan, Villano arrazako txakurren urteroko Euskadiko Txapelketa egin zuten. Xabierrek Goxo aurkeztu zuen bertan. Momentura arte ez zuen inolako txapelketatan aurkeztu etxean izandako txakurrik, baina salbuespena egitea erabaki zuen, eta denen harridurarako Zeberiokoaren txakurrak irabazi zuen Euskadiko Txapelketa. Berarekin lotu gara Zeberioko larre berdeetan, galzorian dagoen arraza honen nondik norakoak ezagutzeko.

Joan den maiatzaren hasieran Enkarterrietako Villano arrazako txakurren Euskadiko Txapelketa irabazi zenuen Goxogaz. Nolako txapelketak dira horiek, Xabier? Aitortu beharra daukat ez naizela plaza askotan egon. Egia da azken urteetan Gueñes eta Turtziozen izan naizela. Bertako txapelketetan nork bere txakurrak erakusten ditu eta gehienetan edertasuna da lehiaketa horien ardatz nagusia. Hala ere, nire ustez garrantzi handia dauka ere txakurren morfologia ikusi.

Villanoak lanerako txakurrak dira eta ezaugarri horiek izan behar dituzte animalia hauek: luzaroan egon behar dira bizirik eta lanean ahalik eta egoera onenean. Horregatik diot morfologiak ere pisu handia izan behar duela lehiaketa hauetan. Atzeko hankak erorita ez edukitzeak, esaterako, ezaugarri inportantea da arraza honetako txakurretan, aldaketako displasia ekidin dezakelako horrela. Gainera, harremanetarako erraztasuna izan behar dute txakur hauek, beste txakur batzuekin elkarlanean aritzen direlako. Ezin da elkarri etengabe heltzen ari diren txakurrak eduki; taldean lan egiten jakitea berebizikoa da.

“Harremanetarako erraztasuna izan behar dute txakur hauek, beste txakur batzuekin elkarlanean aritzen direlako”

Izan ere, Goxok pertsonekin egoteko erraztasun hori dauka, ezta? Bai, joan diren San Isidroetan azoka antolatu zuten Zeanurin eta Villanoen erakustaldia egongo zela irakurri nuen egunkarian. Lagun batzuekin izan ginen bertan eta Arkaitz Estiballes bertsolariarekin izan ginen bertan, berak ere arraza honetako txakur bat duelako. Goxo ezagututakoan, Estiballes bera harrituta lotu zen arra zela jakin zuen momentuan (barreak).

Baina normalean ez dira horrelakoak Villanoak? Batzuetan bai, batzuetan ez. Hori askotan aukeraketa genetikoaren emaitza izaten da askotan. Beste batzuetan jabearen izaera izaten da faktore erabakitzailea. Niri gustatzen zaizkidan txakurrak edonora eraman daitezken horiek dira. Baina aldi berean, etxean egonda bere ingurua defendatzen dakiten horiek ere. Iluntzean edozein motako animaliak topa daitezke Zeberion: basurdeak, azkonarrak, azeriak… lehenengo ideiara itzuli egiten gara beraz: etxean lan egiten dakiten horiek dira nire gustukoenak.

Eta nolakoak dira “kontrolatzeko” Villanoak? Azken batean txakur hauek handitxoak eta gihartsuak dira. Jabearen kontua da hori. Egia da animalia hauek gidatu ahal izateko indarra behar dela, baina etxekoekin ondo portatu ohi dira Villanoak: nire amagaz, adibidez, oso ondo konpondu egiten da Goxo. Hala ere, ordena eta autoritatea mantendu behar da txakur hauekin.

Honekin esan nahi nuena da berez presako txakurrak direla, baina… arriskutsuak? Ez: galzorian dagoen txakur arraza da eta morfologikoki burua harrapakinak heltzeko prestatuta duten arren ondo bereizten dute lana eta behar bezala egotearen artean. Momentu honetan, berba egiten ari garela etzanda daukagu hanka artean, lasai-lasai [hala da, bai. Elkarrizketak aspertzen duela dirudi]. Txakur egonkorrak dira, eta aldi berean bizkorrak, gogorrak, indartsuak…

Etxeko lanetarako mugatu egiten dira soilik Villanoak txapelketa horietan? Turtziozen, esaterako, Oridiziako gizon bat zegoen publikoaren artean. Villano bat dauka eta erreskate lanetarako erabiltzen du. Jakin izan nuenez, 2019an erreskaterako erabili ziren 250 txakurren artean (belgiar artzainak gehienbat) lehen postua berak lortu zuen bere Villanoagaz Europa mailako txapelketa batean. Azken batean bizkorrak bezain azkarrak dira arraza honetako txakurrak eta oso arin ikasteko gaitasuna dute. Gizakiok askotan kanpoko arrazetako txakurrak bilatu izan ditugu eta altxorrak uste baino gertuago ditugu.

Etxeko lanak egiteko, erreskaterako beharrak burutzeko… komentatu dituzunak landa eremuan egiten diren jarduerak dira. Eta bateragarriak dira herri ekin, hiriekin edo pertsonak topa daitezken eremuekin? Zalantza barik. Txakurrak kostaldera eramatea asko gustatzen zait eta sarritan egiten dut izan ere. Sozializazioa lantzeko aukera paregabea da, eta ez hori bakarrik: Goxo edonora eramaten dut nirekin. Txikitatik landu behar den gauza bat da.

Zein da zure helburua era honetako txapelketetan parte hartzen duzunean? Arraza hau munduan zehar ezagutaraztea. Txikitatik izan nuen arraza honen berri eta txikia izanik ere, nire amamaren garaian, izan nuen nire lehen Villanoa. Beste arraza batzuetako txakurrak ere izan ditut: Malinois artzain belgiarra, Gorbeialdeko artzain txakurra… baina Villanoek nire izaera islatzen duen zerbait dutela uste dut. Turtziozen kasuan lehen aldiz aurkeztu nuen burua bertako txapelketan. Aurkeztu eta irabazi! Horrek benetan hauspotu ninduen. Hala ere, helburu nagusia hortxe dago: galzorian dagoen arraza hau ezagutaraztea. Enkarterrietako altxor bat da. Badago Espainiar Alanoa izeneko beste arraza bat ere eta aditu batzuen arabera, arraza hori Villano arrazari esker berreskuratu dute. Euskararekin bezala gertatzen dela esango genuke: gure mendietara ohituta dagoen txakur arraza zahar maitagarria da eta pena da gehiago ez egotea.

Lehen esan duzu etxeko lanak egiten dituztela Villanoek. Hala egiten du Goxok be? Aitortu behar dut behietara ez dudala bota momentura arte, baina ardien atzetik ibili egiten da, leku batetik bestera ekartzen eta eramaten. Ezuzte batean ardiren bati heldu dio ere, baina oso gutxitan. Artaldea zaintzea da bere helburuetako bat, besteak beste. Askotan berandu arte egiten dugu lan etxean eta gaua heldu egiten da. Momentu horretan txakurra aktibatu egiten da, eta ezohiko soinurik entzuten badu, eremu handietan oso bizkor mugittzeko gaitasuna dauka. Animalien zaintzarako asko lagundu egiten du.

Gaua heltzean animalia asko topa daitezke Zeberioko lurretan. Bai! azeri eta azkonar asko ikusten dira hemendik. Azeriak mehatxu handiak dira bildotzentzat. Basurdeak, ordea, arriskutsuagoak izan ohi dira ardientzat. Horretarako dago Goxo, kanpoko mehatxu horiei aurre egiteko. Politena behiak mendian harrapatzea litzateke, baina arazoak izango genituzke: ziurrenik behiei koska egingo lieke, ez mina emateko, baizik eta animalia basati horiek kontrolpean izateko. Antzina behi basati ugari zeuden Zeberion, eta menditik jaitsi eta elikadurarako erabiltzeko oso animalia aproposak dira Villanoak.

“Antzina behi basati ugari zeuden Zeberion, eta menditik jaitsi eta elikadurarako erabiltzeko oso animalia aproposak dira Villanoak”

Eta orain zer? Zein da Goxoren hurrengo helburua? Era honetako txapelketa guztietan parte hartzea gustatuko litzaidake, Karrantzan, Gueñesen… eta ez hori bakarrik: aurrerago txakurkumeak izatea oso ondo egongo litzateke, gurea den arraza hau bizirik mantendu eta jarraikortasuna eman ahal izateko.

☉ Zeberio

Zeberioko Udala UEMAko kide izango da abendutik aurrera

Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da, baina UEMAko datuen arabera ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero

|

Zeberio // Geuria

Urdiaingo Udalarekin batera, Zeberiok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatearen erabakia hartu du joan den osoko bilkuran.

Zeberioko Udalak joan den azaroaren 6an egindako osoko bilkuran iragarri zuen UEMAko kide izatearen erabakia, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzi biren abstentzioarekin.

Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da. Hala ere, UEMAko datuen arabera, Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero: “Zeberio ere euskararen ezagutza altuko udalerria da, beraz, baina euskararen nagusitasun argirik gabeko udalerria. Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute Zeberion ere”.

“Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide izatea, besteak beste herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan”, gehitu dute mankomunitatetik.

Zer da UEMA?

1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.

UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.

Abenduan, mankomunitatearen kide

Abenduaren 13an egingo du UEMAk urte amaierako Batzar Nagusia Etxarri Aranatzen. Ordutik aurrera izango dira Urdiain eta Zeberio mankomunitateko kide.

Zeberio eta Urdiain gehituta, 120 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Mauriziaren omenaldiak eta domekako azokak emango diete hasiera Zeberioko Abendu Kulturalari

Udalak Escape Room bat, bakarrizketak, Maurizia Aldeiturriagari omenaldia, neguko azoka eta beste horrenbeste jarduera prestatu ditu neguari ongi etorria emateko helburuagaz

|

Zeberioko Abendu Kulturala atejoka dabil eta Udaleko Berdintasun Batzordeak azaroko jarduerak aurreratu dizkio GEURIAri, programa guztiz osatuta ez badago ere, jarduerak, urtero lez, 2026ko urtarrilera bitartean luzatzen direlako.

Abendu Kulturalaren ekitaldien programa hilabetearen erdialdean hasiko da: izan ere, azaroaren 14an bertsolarien saioa programatu dute. Azaroaren 21ean Maurizia Aldeiturriagaren bizitzaren inguruko emanaldi berezi bat prestatu dute. Gainera, Escape Room-a egingo dute eskolan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu Udaletik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean.

Azaroaren 28an BostOK!-en bakarrizketak programatu dituzte: “Badira ikuslea pertsona hobe eta jantziago bat bilakatzen duten ikuskizunak. Nabarmen, Bostok! ez da horren adibide. Litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Izan ere horixe da bostOK! Bost umoregilek Ondutako Klima”.

Hilabetea behar bezala bukatzeko Domekako Azoka antolatu dute azaroaren 30ean, bertako produktuekin. Gorbeialdek Zeberioko Udalaren babesarekin prestatu du Zeberioko Zubialde auzoko plazako aterpean, 10:00etatik 15:00ak arte. Bertan, Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu lez, “eskualdeko eta inguruetako ekoizleen nekazaritza eta artisautzako produktuetaz gozatu ahalko dute herritarrek”. Gorbeialde saltokien zerrenda osatzen ari da hilabetean zehar.

Abendu Kulturaleko gainontzeko jarduerak zehazteke daude oraindik. Behin betiko zerrenda osatzean GEURIAn iragarriko dugu, urtero egiten den era berean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak topatu dituzte Zeberioko Ermitabarri auzoan

Bi harginek gangaren planoak marraztu zituzten Olabarrietako Santo Tomaseko horma batean eta horien artean aukeratu zituzten tenpluak gaur egun duen gangen eredua

|

Olabarrietako Santo Tomas // Geuia

Ermitabarri auzoko Olabarrietako Santo Tomas tenpluan topatu dituzte Bizkaiko eta, ziurrenik Euskadiko arkitektura plano zaharrenak, Bizkaiko Eleiz Museoan iragarri lez.

Museotik azaldu moduan, Bilboko elizbarrutiko Monumentu Katalogoko aurkikuntzetako bat izan da Zeberioko auzoko tenpluan egin dutena. Museoko talde batek presbiterioaren ondoko gela bateko horma batean marraztutako planoak aurkitu zituen, eta duela 450 urte egindako ganga baten planoak direla ondorioztatu dute.

Tenpluan lanean ari ziren bi harginek gangaren planoak marraztu zituzten Olabarrietako Santo Tomaseko horma batean. Horiexek ziren tenpluko arduradunei gehien gustatzen zitzaiena aukeratzeko egin zizkieten proposamenak.

Hargin “trebeenak” tertzelete bikoitzeko gurutze-ganga dotore bat egin zuen erregelaz eta konpasez, antza, hamahiru giltzarri biribilekin. Besteak, «ez hain instrumentala», eskuz marraztu zuen gurutzeria sinpleago bat, bost giltzarrikoa honako hau.

Azkenean, bigarrenak irabazi zuen lehiaketa (diseinu sinpleagoa zeukana, alegia). Gaur egun eliza estaltzen duten gangek bere ereduari jarraitzen diote. «Agian merkeena izango zen», adierazi dute Museoko arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bideoa | Baserri bat erre da Zeberioko Etxebarri auzoan eta pertsona bat artatu dute

“Baserria kiskalita zegoen eta bertan bizi zen pertsona bakarra bere kabuz irten zen etxebizitzatik”, azaldu diote GEURIAri Segurtasun Saileko ordezkariek

|

Baserria, sutan // Utzitakoa

Gaur goizaldean dei bat jaso dute larrialdi zerbitzuek 01:45ak aldera. Zeberioko Etxebarri auzoan baserri batek su hartu zuela zioen deiak.

Abisua jaso eta momentu horretan Zeberioko auzora gerturatu dira suhiltzaileak: “Baserria kiskalita zegoen eta bertan bizi zen pertsona bakarra bere kabuz irten zen etxebizitzatik”, azaldu diote GEURIAri Segurtasun Saileko ordezkariek. Auzotarra erietxera eraman dute.

“Baserriko hormak baino ez dira zutik geratu”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Sutearen arrazoia aztertzen ari dira eta momentu honetan suhiltzaileak daude bertan, sua berriro ez aktibatzeko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak | Mozorroak jantzi eta kalera irten dira zeberioztarrak Gau Beltzan

Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen

|

Herritarrak, Gau Beltzan // Geuria

Beste urte batez Gau Beltza edo Arimen Gaua prestatu du Zeberioko Txubelasu Guraso Elkarteak, Zubialden.

Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen.

Osorik irakurri