Sareak

☉ Zeberio

Zeberioko emakumeak batzeko eta saretzeko bidea hasi dute

Laxia Olagorta kideak azaldu du lehen helburua eta ezinbesteko baldintza “emakumeen arteko konfiantzazko espazioa sortzea” dela

|

Emakumeak, Arrigorriagan, 2021eko Martxoaren 8an // Geuria

Emakume taldea sortzeko lehen urratsa eman zuten Zeberion joan den abenduaren 22an eskola zaharreko lehen solairuan egindako bileran. Herrian gabezia bat ikusita, martxan jarri dira, eta lehen topaketa horretan dozena bat emakume batu ziren.

Kontutan hartu behar da, gainera, Zeberioren orografiak zaildu egiten dituela harremanak, sakabanatuta bizi direlako auzotarrak. Hori horrela, asmoetako bat adin eta auzo guztietako emakumeengana heltzea da.

Lehen batzar horren bide orria beharrak eta aldarrikapenak identifikatzean zetzan, elkar ezagutzeko eta etorkizunera begira ereiteko. Zentzu horretan, anbizioz landu nahi duten arnas luzeko proiektua da, Zeberion emakumeak erdigunera ekarriko dituena, hain zuzen ere. Laxia Olagorta bilera horretan parte hartu zuen emakumeetariko bat da, eta GEURIAri azaldu dionez, lehen helburua eta ezinbesteko baldintza “emakumeen arteko konfiantzazko espazioa sortzea da”.

Abiapuntutzat hori hartuta, hainbat gai jorratu zituzten: emakume sarea sortzearen beharra, antolatzen diren jarduera eta ekitaldietan ikuspegi feminista txertatzearen garrantzia, emakume taldea izanda ere beharrezkoa litzatekeela gizonekin lanketa egitea, edo haurren hezkuntza ekuazioan sartu beharreko aldagaia ere badela, besteak beste.

Hurrengo asteetarako bigarren bilera bat egitea daukate aurreikusita, eta epe labur zein ertainera begira badituzte hainbat erronka, besteak beste martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna.

☉ Zeberio

Zeberioko Austarriko mendizaleek Altzaingo mendilerrora egingo dute irteera

Maiatzaren 26an, 08:00etan abiatuko dira mendizaleak Zubialdeko plazatik. Irteeran izena emateko azken eguna maiatzaren 23a izango da

|

La Lezeko haitzuloa // La Cabra del Monte

Maiatzaren 26an, domeka, egun osoko irteera antolatu dute Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleek Altzaingo mendilerrora (Araba). Hasiera batean irteera Aizkorri mendira antolatu behar zuten, baina egun berean Zegama-Aizkorri maratoia izango da eta probaren egunarekin bat ez egiteko maiatza eta iraileko irteerak aldatu dituzte: maiatzaren 26an irailean egin behar zutena egingo dute Altzainera) eta Aizkorri irailerako utzi dute.

Hitzordua maiatzaren 26an izango da eta Zeberioko mendizaleak 08:00etan lotu dira Zubialdeko plazan. Irteeran izena emateko azken eguna maiatzaren 23a izango da: aurrez aurre Hogarrean eman dezakete izena interesdunek (barikuetan, 20:00etatik 21:00arte). Modu telematikoan ere egin daiteke austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 eta 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

La Lezetik hasiz

“Oraingoan, hainbat tontor erraz ikusteko aukera ematen duen Altzaniako mendilerrotik ibiliko gara”, azaldu dute Austarritik. Leze haitzulorako sarbide berezia abiapuntutzat hartuta, gora egingo dute mendizaleek amildegi batetik. Amildegiaren goiko aldean, Artzanegi eta Atxipi gailurren arteko lepora iritsiko dira. Atxipi bisitatuko dute, postontzi batekin koroatuta dagoen begitoki polit bat.

La Lezeko haitzuloa // Txastimendiak

Apota leporaino eta Albeiz Haitzeko talaiaraino jarraituko dute orduan. Apota lepora itzuli eta, Umandiako igoerari aurre egingo diote, ekialdeko hegaletik.

Mendebalderantz jaitsita, Atabarrate mendatera iritsiko dira Zeberioko mendi taldekoak, “mendi-pasabide polit eta basotsua”. Behera jarraituko dute, Arrazpiko errepikagailuetarantz, basoan barrena. Beherago, Zirauntzako iturburua bisitatuko dute eta SLA 14 bidezidorrari jarraituz, Araiako ibilbidea amaituko dute. “Bidezidor horretatik jaitsita, ezpondaren zati bat erori egin da, eta pasabidea posible bada ere, hegalera igo behar da, ibaira ez erortzeko kontu handiz. Behatzaileak bagara, erraza da bidean baso mota ezberdinak bereiztea (pagoak, koniferoak, hariztiak…)”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zapatu honetan ospatuko dituzte Zeberioko Uriondo auzoko jaiak

13:00etan meza egingo dute auzoko ermitan eta amaitu bezain pronto barauskiarra prestatuko diete herritarrei

|

Uriondo // Inocencio Goikuria

Maiatzaren 11n, zapatu honetan, ospatuko dituzte Zeberioko Uriondo auzoko jaiak. 13:00etan meza egingo dute auzoko ermitan eta amaitu bezain pronto barauskiarra prestatuko diete herritarrei.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Oinarrizko bizi-euskarria eta desfibriladorea erabiltzeko ikastaroa egingo dute Zeberion

Ikastaroa maiatzaren 13an eta 27an antolatu dute Zeberioko Kultur Etxeko jantokian,18:30ean

|

DEA desfibriladore bat // Ytimg.com

Zeberioko Udalak oinarrizko bizi-euskarria eta desfibriladoreak erabiltzeko egun biko ikastaroa antolatu du maiatzaren 13an eta 27an. Ikastaro labur hau Kultur Etxeko jantokian antolatu dute 18:30ean.

“Izena ematea beharrezkoa izango da”, azaldu dute udal ordezkariek. Interesdunek e-posta bidali beharko dute udala.zeberio@bizkaia.org helbide elektronikora. Udaletxera deitzeko aukera ere zabaldu dute: 946 481 079.

Berebiziko gailuak

Bihotz-biriketako geldialdi bakoitzeko bizitza bat salbatzeko epea 4 eta 5 minutu artekoa izan ohi da, eta horietako bakoitzak % 10 gutxiago irauten du. Beraz, denborak berebiziko garrantzia du kasu horietan, eta desfibriladore bat erabiltzeak duen garrantzia funtsezkoa da biziak salbatzeko.

Kanpo-desfibriladore bat gailu mediko elektroniko bat da, bihotz-biriketako geldialdia tratatzeko aukera ematen duena. Diagnostikatzea ere badu eginkizun, pertsona bihotzeko eta biriketako sistemarekin arazo bat pairatzen ari dela diagnostikatzea.

Hainbat desfibriladore mota daude, horietako batzuk ospitale-eremura mugatutakoak. Erabilera publikorako ohikoenak kanpoko desfibriladoreak dira. Erreskatatzailearen esku-hartze mailaren arabera, gailu horiei Kanpoko Desfibriladore Automatikoak (KDA) edo Kanpoko Desfibriladore Erdiautomatikoak (KDEA) esaten zaie.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Tortilla txapelketak, suzko zezenak eta kontzertuek Zeberioko Santakurtze jaiak girotuko dituzte

Maiatzaren 3tik 5era izango dira aurtengo Santakurtzeak Zeberion eta STAK Santa Kurtzeko Jai Batzordeak Bertsio Gaua antolatu du lehen aldiz aurten

|

Suzko zezena // Wikipedia

Maiatza ate joka dago eta hilabete berriaren hasierarekin Hego Uribe eskualdeko herriak beroketak egiten ari dira udara arteko jaiak direla eta. Maiatzaren 3tik 5era Santakurtzak ospatuko dituzte Zeberion eta STAK Santa Kurtzeko Jai Batzordeak egitaraua iragarri berri du.

Aurtengo berritasun aipagarriena maiatzaren 4an (zapatua) egingo duten Bertsio Gaua izango da. Bertan, Ilentia, Durundue, U7, Seveelrio, Satankurtzeren kontzertuak eta DJ Matxinadaren saioa egingo dute auzo zeberioztarrean. “Bertsio gauerako bost talde sortu dira eta zapatuko gaua DJ Matxinadak girotuko du”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Patata tortilla // Geuria

Egitaraua | Zeberioko Santakurtzak

Maiatzak 3, barikua
12:00 Meza eta erramu bedeinkapena + luntxa
18:30 Txupinazoa
18:45 Tortilla txapelketan izena emateko epea zabaldu
20:00 Tortillen aurkezpena
20:15 Dantza plaza
21:00 Sari-banaketa + parrillada eta musika
22:00 Suzko zezena

Maiatzak 4, zapatua
10:30 Mendi irteera
13:00 Herri kirolak
15:00 Bazkaria (norberak etxetik ekarrikoakaz)
17:30 Kontzertua: Mani eta Iker
18:00 Jolasak eta txapelketak
19:30 Txokolatada
20:00 Bertsio Gaua. Kontzertuak: Ilentia + Durundue + U7 + Seveelrio + Satan Kurtze + DJ Matxinada

Maiatzak 5, domeka
12:00 Desmontajea + konbideduen bazkaria, nor bere etxean

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak Lekandara egingo du irteera, Euskal Mendi Federazioaren 100. urteurrenean

Zeberioko mendizaleek domeka honetan ipini dute hitzordua, 09:00etan, Zubialdeko plazan. Asmoa Pagomakurrera autoz joatea da

|

Lekanda // Mikel Martinez de Osaba

Datorren apirilaren 28an, domeka, Lekanda mendira abiatuko dira (1.309 m) Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideak, Euskal Mendi Federazioaren 100 urteak ospatzeko (1924-2024). Izatez, apirilaren 27 eta 28an Euskal Herriko ehun mendi talde baino gehiago igoko dira zazpi herrialdeetatik aukeratutako 100 tontorretara, eta ehungarren urteurreneko bandera eramango dute. Efemeridea oroitzeko bi mila mapa egingo dituzte.

Zeberioko mendizaleek 09:00etan ipini dute hitzordua Zubialdeko plazan eta asmoa Pagomakurrera autoz joatea da. Behin Pagomakurren ibilbidea hasiko dute honako lekuetatik igaroz: Pagomakurre, Arraba, Lekanda, Itxina, Atxular eta Pagomakurre.

Lekandako tontorra. Atzean, Gorbeia // Menditxoko

Axnagusia, gertutik

Itxina kareharrizko mendigunearen gailurrik garaiena da, Gorbeiako mendigune handiaren zati dena. Arrabako axnagusia edo, besterik gabe, Axnagusia ere esaten zaio. Lekanda toponimoak mendiaren iparraldeko isurialde malkartsuan du jatorria, baina, azkenean, gailurreraino ere zabaldu dela dirudi. Itxina mendigunearen ekialdean dago, 1200 metroko desnibelarekin Arratiako harana menderatzen duela, Zeanuriko zeruaren gainean (205 m). Iparralderago dagoen gailurra Igalirrintza (1296 m) deitzen da, askotan Lekandaren sinonimo bezala erabili izan dena.

Itxina da Gorbeiako mendigunearen (Gorbeiagane) zatirik malkartsuena eta erakargarriena. Oso ondo mugatutako paraje malkartsua da, “belarri” itxurakoa. 5 km2 inguruko hedadurarekin, 1.309 metroko gehienezko kota du Lekandan, eta 1.017 metroko gutxieneko kota Axpezar sakonunean. Arro itxi hondoratu bat da, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera Itxinako erdigunea zeharkatzen duen arrakala handi bati jarraituz.

Itxinako barnealderako sarbideak oso urriak dira. Ikusgarriena Atxulaurren Begia da, ekialdeko harresian irekitzen den zuloa, Supelegor eta Lexardi inguruetarako sarbidea ematen duena. Arrabako zelaietatik (1.070 m) garrantzitsuak dira Kargaleku (1.113 m) eta Igalerantz (1.162 m) pasabideak. Mendebaldeko harresia, batzuetan Torruntxueta deitua, oso malkartsua da eta Sintxitako amildegira erortzen da. Gurdietarako pasabide bakarra Itxingo arratea zen (1.080 m), Orozkoko bailaratik sartzeko aukera ematen zuena. Axkorrigan gailurrera sartzeko (1.090 m), Atxaragun pasabidea (1.042 m) dugu.

“Irteera herritar guztientzat zabalik dago eta jendea animatuz gero horixe kudeatu beharko genuke”, azaldu dute Austarri Mendi Taldetik. Horregatik, ekimenean parte hartu nahi dutenek Zeberioko mendi taldearekin harremanetan jarri behar dira. Gainera, nor bere bazkaria eraman behar dutela jakinarazi dute.

Osorik irakurri