→Zeberio

Ermitabarriko historia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute Zeberion

Gorbeia Turismok antolatutako bisita gidatu irailaren 3an (larunbata) egingo da. Bi orduko iraupena izango du, eta auzoko eliza eta eraikin historikoetatik igaroko da, herriaren ondarea ezagutarazteko asmoz.

Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas eliza // Geuria

Zeberioko Ermitabarri auzoaren jatorria eta historia ezagutzera emateko bisita gidatua antolatu du Gorbeia Turismo ekimenak, irailaren 3an (larunbata). Olabarrietako Santo Tomas elizan hasiko da ibilbidea, kilometro batekoa, eta auzoko eraikin historikoetatik eta baserrietatik igaroko da, herriko ondare kulturala publikoari hurbiltzeko asmoz.

Bisita gidatuak bi orduko iraupena izango du: 11:30ean hasiko da, elizan, eta 13:30ean bukatuko da, Ermitabarriko Taberna Zaharrean. Bertan, ibilaldiko ticketa pintxo-poteagatik ordezkatu ahal izango dute nagusiek, eta umeei freskagarri bana emango diete.

Guztira, 20 pertsonarentzako lekua egongo da ibilbidean parte hartzeko. 6 urtetik beherako haurrek debalde eman ahalko dute izena; 6-12 urte bitarteko umeentzako ticketak 1,5 euroan daude eskuragarri; eta 12 urtetik gorakoentzako sarrerek 3 euro kostatuko dute. Izena emateko epea irekita dago Basque Mountains webgunean.

Gorbeialdeko bisita turistikoak

Gorbeia Turismo ekimenak parke naturalaren ingurunea ezagutzeko antolatu duen 9 ibilbideetako bat da Zeberioko bisita. Ekainaren 26an antolatu zuten lehen aldiz, eta irailekoa izango da aurtengo azkena. Gainontzeko ibilbideak Areatza, Dima, Orozko, Otxandio, Ubidea eta Zeanuri herrietatik egin dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak