Sareak

☉ Zeberio

Ermitabarriko bolatokia eta labea eraberritzeko plana martxan dago

2023ko aurrekontuetako beste inbertsio batzuk dira Elorrebieta eta Solatxi auzoetako bideak berrasfaltatzea eta Tellerin komun publikoak jartzea

|

Ermitabarriko bolatokia 2020an // Geuria

2023ko aurrekontua 1,7 milioi eurokoa izango da Zeberion. Otsailean aurrera atera zen proposamenean, zenbateko horretatik 261.000 euro inguru inbertsioetara bideratzea onartu zuten, eta orain, esku hartzeetako hainbat zehaztu dituzte. Elorrebieta eta Solatxi auzoetako bideak berrasfaltatzea, Tellerin komun publikoak jartzea eta Ermitabarriko bolatokia eta labea eraberritzea dira batzuk.

“Zeberion boloetara jokatzen duen jendea dago, baina herriko bolatokia erabilgarri ez dagoenez, beste talde batzuetan lehiatzen ari dira”, azaldu du Karlos Idirin alkateak. Ermitabarriko gunea berriro erabilgarri egoteko, bi kanaletako pista eta teilatua konponduko dituzte. Foru Aldunditik obrarako lizentzia jaso eta gero, goiko aldea eraberrituko dute: “Zorua, berriz, auzolanean konponduko dugu, bolatokiak nolakoak diren dakien teknikari baten laguntzarekin”. Horretarako, 26.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute.

Halaber, bolatokiaren parean dagoen labea ere birgaituko dute, “ez sua egiteko, baina bai panel interpretatiboekin, jendeak zertarako balio zuen eta nola erabiltzen zen ikusteko”. Egun, labearen sabaia erorita dago, eta labea bera egoera nahiko onean dagoen arren, guztiz birgaituko dute. “Baserrietan oraindik badaude labeak, baina hain balio historiko handia duen elementu bat kanpoan izatea aprobetxatu behar dugu”, azaldu du alkateak. Guztira 9.000 euroren bueltako aurrekontua aurreikusi dute esku hartzerako.

Obra gehiago

Bestalde, ondare historikoa berreskuratzeaz gain, 2023ko zenbatekoak biltzen dituen inbertsioetako asko auzo bideen birgaitzera bideratuta daude; hala, Elorrebieta eta Solatxi auzoetako asfaltatze lanetarako gorde dituzte 50.000 euro inguru. Eta Ura Uraren Euskal Agentziak baimena eman ondoren, Tellerin komun publikoak instalatzeko obrarekin hasi nahi dute. 20.000 euroko aurrekontua egongo da jarduketa burutzeko.

Iazko partidarekin ere hainbat obra egin dituzte herrian azken hileotan: Sautuolabarrin gimnasia egiteko makinak eta umeentzako jolasak jarri dituzte (10.000 euro inguru) eta baita espaloiak garbitu eta lirdingaren kontrako tratamendua eman ere; ez labaintzeko tratamendua jarri diote udaletxearen atzeko aterpeari; eta Ermitabarriko hariztian Zeberioko historiari buruzko panelak ezarri dituzte.

Ildo beretik, duela bi urte Ugarte parean berreskuratu zuten Galtzada Errealaren zatiari babesteko estalkia jarri diote. Herritarrek bisitatzeko ikusgai egon ondoren, plastikozko babesgarria jarri diote eta gainetik hare gorria bota, euriak eta kanpoko elementuek eragin ez diezaioten. 30 metroko ibilbidean zehar luzatu dute estalkia.

☉ Zeberio

Egitaraua | Ermitabarriko San Antonioak Zeberion |2023

Sardina jana, herri bazkaria eta merienda, txokolatada eta luntxa egingo dituzte festak irauten duen bost egunetan (ekainaren 9tik 13ra)

|

Ermitabarriko jaietako bazkaria 2019an // Geuria

San Antonio jaiak ekainaren 9tik 13ra ospatuko dituzte Zeberion. Ermitabarri auzoan sardina jana, herri bazkaria eta merienda, txokolatada eta luntxa egingo dituzte festak irauten duen bost egunetan. Eta hainbat ekintza ere egongo dira ostiraletik asteartera: pilota partidak eta rifen zozketa, boloak, txapela jokoa, pato lasterketa, herri kirolak eta musika, elektrotxarangarekin eta Etxebarria Aita-semeekin.

Ekainak 9, ostirala
17:30. Txupinazoa
17:30. Pilota partidak
*Rifen zozketa egingo da partiden bukaeran. Saria Samsung Qled Q60 43’’ telebista izango da. Rifak euro batean daude salgai
20:00. Sardina jana
22:00. Elektrotxaranga

Ekainak 10, larunbata
11:00. Umeentzako jolasak/ puzgarriak
12:00. Umeentzako boloak
13:00. Trikipoteoa
15:00. Herri bazkaria
*Txartelak erosteko azken eguna ekainaren 6a (asteartea) izango da. Ohiko lekuetan egongo dira salgai: Taberna Zaharra, Amañe, Herriko Taberna, Batzokia eta Herriko Denda. Bazkarirako, heldua zein umea izan, ezinbestekoa da txartela erostea, nahiz eta 8 urtetik beherakoentzat dohainik izan
16:30. Plater tiroa
18:00. Rana/ txapela jokoak
18:30. Boloak nagusientzako
19:30. Herri merienda
20:00. Musika Etxebarria Aita-semeekin
01:00. Txokolatada

Ekainak 11, igandea
12:00. Helduen Pato lasterketa
12:15. Umeen Pato lasterketa
13:15. Herri kirolak: Txabila herri kirol taldea eta Karmele Gisasola harri jasotzailea

Ekainak 13, asteartea
13:00. Meza ermitan
13:30. Luntxa

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Auto bat maldatik behera erori da Zeberion, Arantzazutik Argiñao auzora doan bidean

Ibilgailuaren gidaria arin zauritu da, eta Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman dute

|

Ezbeharra 07:30 inguruan gertatu da, Arantzazutik Zeberioko Argiñao auzora doan bidean, baserri baterako sarbideko pistan. Auto bat maldatik behera erori da, hainbat itzulipurdi eman eta gero. Ibilgailuaren gidaria arin zauritu da, eta Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman dute. 

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Ekain Goti (EH Bildu Zeberio): “Denok batera lan eginda lortuko dugu nahi dugun Zeberio”

EH Bildu agintera heldu da Zeberion. 11 botoren aldearekin gainditu dituzte EAJren emaitzak, eta Ekain Goti alkate izango da datozen lau urteetan

|

Ekain Goti (EH Bildu), Zeberioko alkatea // Geuria

EH Bildu agintera heldu da Zeberion. 11 botoren aldearekin gainditu dituzte EAJren emaitzak, eta Ekain Goti alkate izango da datozen lau urteetan. “Jendeak aldaketa nahi du, eta EH Bildun jarri du konfiantza”, azaldu du Gotik, bozak igaro eta egun eskasera.

Udalerrian egin behar diren proiektuetarako, aurretik duten legegintzaldia gogoz hasiko dutela onartu du alkateak: Herriko taldeekin eta eragileekin, “denok batera lan eginda lortuko dugu nahi dugun Zeberio”. Erronka, gainera, ondo prestatutako taldearekin hasiko dute, ilusioz. “Udaletxeko ateak zabalik daude, herritarrek nahi dutena eskatzeko”.

#M28 | Zeberio | EH Bildu garaile, 11 botorengatik; Ekain Goti, alkate

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko ibilbidea egingo dute larunbatean

Austarri Kultur Elkarteak “Zeberio ezagutuz” dinamikaren barruan egingo du lau orduko bidea. Lau gunetik eta baselizatik igarotzeko aprobetxatuko dute

|

Ermitabarriko San Antonio baseliza // Geuria

Herriko auzoetatik eta bertako ermitetatik ibilbidea egingo du Zeberioko Austarri Kultur Elkarteak larunbat honetan, ekainak 3. “Zeberio ezagutuz” dinamikaren barruan egingo dute lau orduko bidea, eta lau gunetik eta baselizatik igarotzeko aprobetxatuko dute: Ermitabarri (San Antonio), Argiñao (San Adrian), Barañao (San Antonio) eta Etxaso (San Esteban). Gainera, zuhaitzak identifikatzeko ekintza bat egingo dute umeentzat. Parte hartzaileek 09:30ean hasiko dute ibilbidea Ermitabarritik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Untzuetako tontorrean ekitaldia egingo dute larunbatean, Nafarroako Erresumaren historia gogora ekartzeko

Untzueta Nafar Gaztelu eta Independentista Sare taldeek deituta egingo dute ospakizuna. Hamaiketako herrikoiaren ostean, aurreskua dantzatuko dute, albokariek eta txalapartariek lagunduta

|

Untzuetara igoera, Nafarroako Erresumaren historia omentzeko // Utzitakoa

Untzueta Nafar Gaztelu eta Independentista Sare taldeek deituta, Untzuetako gailurrean ekitaldia egingo dute asteburuan Euskal Herriaren historiari omenaldia egiteko. Aitzol Altuna ikerlariak La tenencia del valle de Orozko liburuan azaldu bezala, mendiaren inguruak (Hego Uribe barne) Nafarroako Erresumaren parte ziren 1199-1200 urteen artean gaztelarrek konkistatu zituztenera arte. “Guk jatorri historiko eta lurraldekotasun hori gogora ekarri nahi ditugu”, diote antolatzaileek.

Untzueta Pikura igo ondoren, 11:30ean hamaiketako herrikoia egingo dute larunbatean. Gero, 12:00etan, aurreskua dantzatuko dute eta orduan hasiko da omenaldirako ekitaldia. Urtero bezala, musikak girotuko du jaia aurten ere: txalapartariak eta albokariak egongo dira gailurrean eguerdiaren ostera arte.

Untzuetaren historia

Ospakizuna Untzuetako Erdi Aroko gazteluaren arrastoen inguruan egingo dute. XI. mendean, gotorleku txiki bat eraiki zuten jauntxoek mendiaren tontorrean, gunea erasoetatik babesteko leku estrategikoan. Txomin Egiluz ikerlari eta parte hartzaileak azaldu bezala, “zonaldea Nafarroaren menpe egotera igaro zenean, gotorleku hura handitu eta sendotu egin zuten”.

Gaztelua 50 metroko luzerako eta 20 metroko zabalerako hesiaz inguratuta zegoen, eta barruan, hormek metro eta erdiko zabalera zeukaten. Dorreak hiru solairu zeuzkan: beheko solairua biltegi bezala erabiltzen zuten, Zeberiotik asto eta idien bidez igotzen zituztelako hornidura guztiak. Gaur egun, baina, egituraren arrasto gutxi gelditzen dira, UHF errepikatzaile bat jarri baitzuten haren lekuan.

Gainera, garaiko arrastoetako batzuk lekualdatuta daude; hala ere, oraindik ikusgarri. “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako”, dio Egiluzek. Eta, hain zuzen, guda horietan gazteluaren aurka bota zituzten jaurtigaiak dira herrian gordetzen dituztenak: harrizko bolak.

Harribolak eta jentilak

Herritarren arabera, jentilak ziren “harribola” horiek jaurtitzen zituztenak. Juan Manuel Etxebarria filologo eta etnolinguista zeberioztarrak azaldu duen bezala, Untzueta Pikuko Gorbeiako partean dagoen hutsunea, besteak beste, horrela sortu zen: “Kondairak dio jentil batek harribola bat botatzean huts egin eta mendiari zati bat kendu ziola”.

Bola horietako 17 oraindik Zeberion daude. “1983ko uholdeen ostean horietako batzuk agerian geratu ziren eta familia batek batu eta Arkulanda auzora eraman zituen”. Horma baten gainean apaingarri moduan daude, eta errepidetik bertatik ikusi daitezke.

Harriboletako bat // Geuria

Osorik irakurri