Sareak

☉ Zeberio

Bideoa / XVIII. mendeko harlauzak topatu dituzte Zeberioko Ermitabarri auzoan Errege bidean

Zeberioko Udalak XVIII. mende amaierako harlauzak topatu ditu Ermitabarritik igarotzen den Galtzada Errealean garbiketa eta inausketa-lanak egiten ari zela

|

Zeberioko Udalak XVIII. mende amaierako harlauzak topatu ditu Ermitabarritik igarotzen den Galtzada Errealean garbiketa eta inausketa-lanak egiten ari zela. Langileak Karabiko gurutzagunearen eta Etxebarriako bidearen arteko 500 bat metroetan lanean ari ziren: “Galtzada Errealeko bidea erabat utzita zegoen tarte horretan eta garbiketa-lanak egitea erabaki genuen”, azaldu du Karlos Idirin Zeberioko alkateak.

Lan horietan sastraka eta soberako lurra kendu eta hodiak jarri dituzte. Garbitutako lursailaren gainean Arabako harrobi batetik ekarritako harri horiak jarri dituzte langileek, “oinez edo bizikletan dabiltzan erabiltzaileentzako egokia”. Lurra kentzen ari zirela, Galtzada Erreal originalean erabili zituzten harri zabalak topatu dituzte langileek: “Hamar bat metroko tartean agertu dira harri horiek eta, kendu baino, horiek eskuz garbitu eta agerian uztea erabaki dugu, herritarrek Galtzada nolakoa zen ikus dezaten”, gehitu du alkateak.

Juanjo Hidalgo historialari eta arkeologoa, Errege Bidean // Geuria

Topatutako harrien jatorriaz berba egiteko Juanjo Hidalgo historialari eta arkeologoagaz elkartu gara Galtzadako harriak topatu dituzten leku berean: “Ermitabarrin topatutakoak harlauzak dira, Errege Bidearen ertzak osatzen dituzten harriak”, azaldu digu Hildagok. “Topatutako harri hauek lerrokatuta daude eta horrelako lerro bik osatzen zuten galtzada, bidea egonkortzeko. Barrualdean txokorrak deritzoten harriak botatzen zituzten. Harriztadura hauek bideak denbora luzez ondo iraun zezan erabiltzen zituzten, hondatu ez zitezen”.

Hala ere, Laudioko historialariak azaldu du Errege Bidea baino lehen, Ermitabarritik igarotzen den erreka ondoko bide honetan ez zegoela inolako galtzadarik, eta bertatik artilea bezalako materiala garraiatzen zutela mandoetan: “Harrizko galtzada eta gurdien erabilera XVIII. mendeko kontua izan zen”, zehaztu du Hidalgok.
Galtzada Errealaren garbiketa lanetarako 17.854 euro bideratu ditu Zeberioko Udalak eta 15 eguneko lanak aurreikusi ditu, joan den maiatzaren 26tik hasita.

☉ Zeberio

Etxeko suteak ekiditeko hitzaldia antolatu dute Zeberioko Santa Kurtzen

Saioa otsailaren 17an antolatu dute Santa Kurtzen, 12:00etan

|

Sutea Uriondo auzoan // Geuria

Otsailaren 17an, zapatua, suteen prebentziorako Jagon daiguzan gure etxeak! izeneko hitzaldia eskainiko dute 12:00etan. Formazio saio txiki hau Zeberioko Udalak antolatu du eta eguraldiak txarrera egiten badu lekuz aldatu daitekeela azaldu dute.

Formazio saio honen helburua auzotarrei etxeko suteen aurrean modu egokian jardutea da. Horregatik, zapatuko saioan ur hartuneen eta kutxen kokapenaz eta suteen kontrako materialeaz mintzatuko dira eta erabileraren inguruko azalpen praktikoak egingo dituzte, besteak beste.

Gorka Idirin, suhiltzailea: «Gu laguntzera ez da inor etorriko»

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Taberna Zaharrak eta Ermitabarri apartamentuek Errotik proiektuan parte hartuko dute

Proiektu honen bidez, Gorbeialdek hizkuntza kudeaketa esparruko doako zerbitzua emango die Ermitabarriko lehen sektoreko ekoizleei eta turismoko establezimenduei

|

Ermitabarri auzoa 2022an // Geuria

Gorbeialde Landa Garapeneko Elkarteak Errotik izeneko euskara sustatzeko proiektua martxan ipini du, Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Ekimen honen bidez, Gorbeialdek doako zerbitzua emango die lehen sektoreko ekoizleei zein turismoko establezimenduei.

Zeberiori dagokionez, Ermitabarriko negozio bik izena eman dute izena Errotik-en: Taberna Zaharrak eta Ermitabarri apartamentuak. Gorbeialde elkartearen arabera, Landa eremuan dauden hainbat enpresetan hutsunea dago. “Izan ere, Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen”. Ondorioz, turismoko zein landa eremuko enpresa askotan eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik ez dela ikusten azaldu dute Gorbeialdetik: “Horregatik erabaki dugu hizkuntza kudeaketaren eremuan eragiten hastea”.

“Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen”

2022tik lanean

Errotik proiektua 2022an jaio zen, Arratiako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen duen eusGara zerbitzuak Gorbeialde elkartearekin elkarlanean, eta bi hotelekin lan egiten hasi ziren bezeroei ematen zaizkien eskuorriak itzuliz, menuak euskaratuz, hizkuntza paisaian eraginez, sare sozialetan euskararen presentzia bermatuz… Lanketak emaitza ona izan zuen eta bertatik jaio zen Errotik. EusGararen eragin eremua industria arloko enpresetara mugatzen da baina, eta horregatik Gorbeialdek Foru Aldundira jo zuen finantzazio bila eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarengana zerbitzu teknikoa jasotzeko. Emaitza modura, itzulpenak, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saioak, hizkuntza ohituretan eragiteko laguntza, diru-laguntzen kudeaketa… jasoko dute.

Hego Uribe eskualdetik harago, Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegiak eman dute momentura arte izena Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektu honetan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Egun osoko irteera antolatu dute Austarri Mendi Taldeko zeberioztarrek Ubal mendilerrora

11,5 kmko ibilbidea egingo dute mendizaleek otsailaren 18an. Gainera, Kuxkuxeroaren kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute

|

Ikuspegia, Peña del Moro tontorretik // Mendiak.eus

Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek egun osoko irteera prestatu dute otsailaren 18an Ubal mendilerrora (Karrantza).

Igoera Lanestosatik hasiko dute (289 mt) eta hortik Peña del Morora zuzenean: “Peña del Moro Karrantzako mendebaldean dagoen mendia da, Bizkaia eta Kantabria artean kokatutakoa. Honen ekialdean Peña del Mazo dugu eta tontorrak 818 metrokoa da”, azaldu dute mendi taldetik. Peña del Morotik Ramalesera jarraituko dute mendizaleek (95 mt). 11,5 kmko ibilbidea izango da guztira eta mendizaleek, gainera,  Kuxkuxeroaren kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute.

Irteera otsailaren 18an egingo dute 08:00etan, Zeberioko plazan. Irteeran izena emateko azken eguna otsailaren 15a izango da eta hiru modutan egin daiteke: mendi taldearen lokalean (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte), austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz edo 665 735 054656 415 597 telefono zenbakietara deituz. Bazkideentzako prezioa 8 eta 4 eurokoa izango da (helduak eta haurrak) eta gainontzekoek 10 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko karnabalek euskaldunen inguruko historia-ikuskizuna ekarriko dute barikuan eskolara

Karnabalak goizean goiz hasiko dira otsailaren 9an, Zubialde eskolan, haurrek ‘Txapela buruan eta ibili munduan’ proiektuarekin egindako lanketagaz. Arrasti aldera, herriko elkarteek hainbat jarduera prestatu dituzte herriko plazan

|

Gaurkotasun programako frame bat // Zubialde eskola

Aurtengo karnabalek menu berezia ekarriko dute Zeberiora otsailaren 9an, bai Zubialde eskolara, bai herriko plazara.

Eskolari dagokionez, esan daiteke aurreko urteetako gaiei begira urrats berri bat eman dutela Zeberiokoek. Aurtengo proiektua Txapela buruan eta ibili munduan da eta eskolako ziklo guztiek horren inguruko lanketa egin dute. Nuria Korta zuzendariak GEURIAri azaldu lez, “sekulako montajea” izango da eta kronologia bat jarraituz euskaldunak Ternuara joan zireneko edo esku-pilota eta zesta punta ameriketara eraman zuteneko gaiak jorratuko dituzte istorioen bidez.

Zeberiotik mundura

Hirugarren zikloko ikasleen aurtengo gaia geografia izan da eta kazetaritzarekin uztartu dute. Horrela, ‘Zeberio Barri: behar duzun informazioa’ izeneko albistegi edo gaur egungo gaien inguruko formatuko proposamena landu dute, hiru esatarik aurkeztuta (kazetari lantalde eta guzti): “Ikasleek gaurkotasun gaien inguruko telebista saio bat grabatu dute eskolan eta Canva programarekin editatu dute”, gehitu du Nuriak. Gaur eguneko gaien artean Korrikako prentsaurrekoa New Yorken, Japoniako Michelin sariak, eta Palestinako Gatazka kubrituko dituzte besteak beste, eta Australiako surflarien eta Keniaren inguruko erreportajea erakutsiko dizkiete ere ikusentzuleei. Bideoa eskolan bertan proiektatuko dute gainontzeko ikasleen aurrean.

Nuria Korta: “Ikasleek gaurkotasun gaien inguruko telebista saio bat grabatu dute eskolan eta Canva programarekin editatu dute”

Baina hori ez da dena; arrasti aldera karnabalak Zubialdeko plazara eramango dituzte. Bertako jarduerak Austarri Kultur Elkartearen, Txubelasu Guraso Elkartearen eta Zeberioko Gazte Elkartearen elkarlanaren emaitza izan dira, Udalaren babesagaz.

18:00etatik aurrera txokolate-jana, dantza-plaza eta futbolin txapelketako finala jokatuko dute. Karnabal egunari amaiera emateko DJ Matxinadaren musika saioa egingo dute.

Zeberioko karnabalak Zubialde eskolan, 2021ean // Geuria

Egitaraua | Zeberioko karnabalak 2024

18:00 Txokolate-jana
19:00 Dantza-plaza
19:30 Futbolin Txapelketako finala
20:15 DJ Matxinada

Osorik irakurri

☉ Zeberio

San Blas eguna ospatuko dute Zeberioko Saldarian auzoan

Zeberioko Udalak meza prestatu du 12:00etan eta bukatu ostean luntxa egingo dute tenpluan bertan

|

Saldariango ermita // Geuria

Saldarianek urteroko hitzordua izango du San Blas egunean, otsailaren 3an (zapatua). Zeberioko Udalak meza prestatu du 12:00etan eta bukatu ostean luntxa egingo dute tenpluan bertan.

Osorik irakurri