Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Zeberioko lehen sektorea, krisi klimatikoaren ikusmiran

Aurten bizi izan dugun iraila historia osoko beroena izan dela erakutsi dute NASAren tenperatura erregistroko datuek (GISTEMP). Egoera hau ikusita eta lehen sektorean izan dezakeen eraginari erreparatuz, Zeberioko Aresandiaga auzora hurbildu gara, bertako nekazariekin berba egitera

|

Nekazari bat, Imanol eta Iñigoren Zeberioko baserrian // Geuria

Duela 20 urte nork esango zukeen 2023an Zeberion ahuakateak haztea posible izango zenik? Galdera horrek aldaketa klimatikoak gizartean eragindako gaur egungo egoeraren ikuspegia ematen digu, ahuakateak klima tropikaletan hazten direlako: Antillan, esaterako, barietateak klima tropikal hezea hobesten du, eta itsas mailatik 800 metroraino landatzen da, batez besteko tenperatura 24ºC-tik 26ºC-ra bitartekoa izanik, eta izotzaldiak oso sentikorrak dira. Antilletara joan barik, Zeberioko Aresandiagan ahuakateak ikusi ditugu, jendeak asko estimatzen dituen eta modan dauden baia jangarriak. Azken urteetako tenperaturek igoera nabarmena izan dute eta tendentziak goranzkoa izaten jarraitzen du.

Dagoeneko, aurten bizi izan dugun iraila historia osoko beroena izan dela erakutsi dute NASAren tenperatura erregistroko datuek (GISTEMP). NASAk 1880 urteaz geroztik egin ditu planetako tenperatura irakurketak eta 1960 eta 2020 urteen artean egindako bistaratzeak tenperatura-anomaliak erakusten ditu, Lurraren azpiko urtaro-zikloarekin batera: “Epe luzera berotzeko joera ikus daiteke, eta hilabete bakoitzaren kopurua denborarekin handitzen den heinean, berotegi-efektuko gasak (karbono dioxidoa, esaterako) atmosferara askatzen dituzte giza jardueren ondorioz”. 2023 irudikatzen duen lerroa animazioa amaitu aurreko urte guztien gainetik agertzen da, 2023ko iraila aurreko irailetatik bereziki urrun baitago. 2023ko iraila 2020ko baino 0,48 gradu beroagoa izan zen.

NASA: “Epe luzera berotzeko joera ikus daiteke, eta hilabete bakoitzaren kopurua denborarekin handitzen den heinean, berotegi-efektuko gasak atmosferara askatzen dituzte giza jardueren ondorioz”

Nolako eragina izan du honek guztiak gure gizartean eta bereziki gure lurretan? José María Juez ‘Baskonia’k lau urte daramatza Zeberioko Aresandiaga auzoko baserri batean nekazaritza lanak egiten. Kontsumo propiorako sasoiko barazkiak dituzte bertan: lekak, kalabazak, porruak, piperrak, tomateak, azak, azaloreak… Aldaketa klimatikoaz galdetzean tomateak aurreko urteetan baino “zertxobait geroago” biltzen dituztela aitortu du, “baina ezer gutxi gehiago”, eta ortutik jasotako kopuruari dagokionez aldaketarik ez duela ikusi esan du zeberioztarrak. Baina hau ez da gizartearen gaur egungo errealitatearen isla zuzena. Ez, behintzat, lehen sektoreaz bizi diren langileentzat.

Jose María Juez, Aresandiagako baserrian // Geuria

“Uda luzatu egin da, giro beroa duten egunak nabarmendu dira uda hasi aurretik, udaberrian, eta baita ere udazkenera arte helduz”, azaldu dio GEURIAri Unai Tamayo (Arrigorriaga, 1972) EHUko irakasleak. “Irailean eta urrian ere 30 gradutatik igo egin gara egun askotan, eta hori ez da arrunta. Datua ez da datu isolatua, baizik eta tendentzia bat markatzen duena. Aurreikuspenei begira, badirudi egoera areagotu egingo dela”. Egoera honetara bizitza estiloan moldaketarik egin ez dugulako heldu garela dio Tamayok: “Koronabirusaren garaia oso adierazgarria izan zen. Hor, bereziki mugikortasunari dagokionez, beste eredu bat jarraitu genuen, eta han bai ikusi genuen zeru garbiagoa eta kutsadura gutxiago. Baina garai haiek ahaztu eta berriro 2019ko egoerara bueltatu gara”.

“Koronabirusaren garaia oso adierazgarria izan zen: mugikortasunari dagokionez, beste eredu bat jarraitu genuen, eta han bai ikusi genuen zeru garbiagoa eta kutsadura gutxiago. Baina garai haiek ahaztu eta berriro 2019ko egoerara bueltatu gara”

Dagoeneko urtaroen arteko mugak desagertzen ari dira eta neguan hotz gutxiago eta udako egun luzeagoetan bero gehiago nabaritzen ari gara: “Agerian dira eta gero eta gertuago eta maizago pairatzen ditugu aurretik aipatutako lehorte, egun bero, euri zaparrada, haize bolada eta horrelakoak, baina, ez gara kontziente horren atzetik zer dagoen eta, bereziki, horrek gure jardunbidean aldaketak eskatzen dituela”, dio EHUko irakasleak. “Gizarte oparoan bizi gara eta egoera berrira moldatzeko gai izango garela uste dugu, horrek guretzat inongo aldaketa kualitatiborik suposatu gabe. Hau da, uste dugu erresilientziak edo egoera berrira egokitzeak ez duela suposatuko bizi kalitatean moldaketarik, eta hori ez da horrela”.

Unai Tamayo, Arrigorriagako hiri-ortuan // Geuria

Eragina lehen sektorean

Aldaketa klimatikoak eragin zuzena du gizartean, lehen sektorean bereziki: “Nahi beste teknologia izan dezakegu, baina lurraren fruiturik gabe jatekoa bermaturik ez badago, gizartearen bizi iraupena ere ez dago bermaturik”, esan du Tamayok: “Bero gehiegi egiteak lehorteak ekar ditzake, bereziki ur falta dugunean. Horrek uzta mugatuagoak sortuko ditu, eta horrek eragin zuzena izango du ekonomian, produktuak garestituz”.

Tamayo, Arrigorriagako hiri-ortuetako hazitegi batean // Geuria

Baskoniak lan egiten duen Aresandiagako baserritik 100 metro eskasera, errepidearen bestaldean, Imanol eta Iñigo Larizgoitia nekazarien baserria eta negutegiak daude. Anai biek Jose Mariak azaltzen duenaren kontrako egoera bizi dute. 30 urte daramatzate lehen sektoretik bizitzen eta Imanolekin berba egiteko aukera izan du GEURIAk: “2002 urtetik aurrera hasi ginen aldaketa klimatikoaren ondorioak nabaritzen gure eguneroko bizitzan”, azaldu du Imanol Larizgoitiak (Zeberio, 1969). “Pentsaezina zen gure lurretan zitrikoak eta ahuakateak izatea. 2020tik ahuakateondo bat dugu baserrian eta tenperatura tropikalak eta ura behar ditu hazteko”.

Imanol Larizgoitia, baserriko negutegian // Geuria

Urteek aurrera egin ahala antzinako patroiak ez direla betetzen ikusi dute Larizgoitia anaiek: “Patroi ezberdinekin ari gara lanean eta ez dakigu nola, egia esateko”. Duela 30 urte negozioarekin hasi zirenean tomateen uzta bat edo birekin lan egitea ahalbidetzen zuen Zeberioko tenperaturak: “Urrian hirugarren tomate uzta bildu dugu. Hemendik gutxira Gabonetan jasoko ditugu”. Nekazaritza aldaketa klimatikoaren mende dagoela azpimarratu du Imanolek, eta nekazaritzako patroiak bete ezean lehen sektorea pikutara joango dela iragarri du: “Elikagaiak ezin dira patroi barik ekoiztu”. Aldaketa klimatikoak ekarritako tenperatura altuek, gainera, bestelako ondorioak ekarri dituzte landa eremura: hezetasunarekin batera onddo berrien agerpenak bertako espezieak mehatxatu ditu.

“Urrian hirugarren tomate uzta bildu dugu. Hemendik gutxira Gabonetan jasoko ditugu”

Larizgoitia anaiek sasoiko zuzeneko ekoizpena eta banaketa egiten dute Zeberion eta inguruetan, Bilboko alde zaharreraino asko jota, eta 0 kilometroko produktu freskoen aldeko apustua egin dute lehen momentutik. “Jendeak ez daki aldaketa klimatikoak eragin zuzena duela egunero jaten dituen produktuen ekoizpenean”, esan du Imanolek: “Jendeak uste du supermerkatuek sasoi guztietako janaria ekoizten dutela, eta hori ez da horrela; alde batetik hirugarren mundua pobretzen ari gara eta elikagai gehienak diktadura jasaten ari diren herrialde txiroetatik datoz, besteak beste”.

Supermerkatuetan sasoi guztietako elikagaiak izatearen ondorioz, alde batetik hirugarren mundua pobretzen ari gara eta produktu gehienak diktadura jasaten ari diren herrialde txiroetatik datoz”

Planetak baliabide mugatuak ditu eta horiek modu arduratsuan kudeatzean dago gakoa, bereziki aldaketa klimatikoak gizartea gero eta gehiago mehatxatzen duen azken urte hauetan. Gure elikaduran eragina izaten ari den aldaketa klimatikoaren gurpiletik irteteko gakoa gure ohiturak aldatzean dago. Noiz aldatuko da egoera? Lehen pausoa begiak zabaltzean datza.

Unai Tamayo // Geuria

 

☉ Zeberio

Itxaso Atutxak ez du EAJren Bizkaiko buruzagitzan jarraituko

Hamabi urteko ibilbidearen ondoren erreleboa emango du azaroan eta enpresa pribatura bueltatuko da, bere “ziklo politikoa” bukatzat emanda

|

Onda Vascan jakinarazi du Atutxak ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko // EAJ

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur jakinarazi du ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko. Hala, Jose Antonio Susok Araban hartutako bide bera hartu du. Ikusteke dago Gipuzkoako Joseba Egibarrek gauza bera egingo duen edo ez.

Zergatiaz galdetuta, Onda Vascari emandako elkarrizketan Atutxak bere “ziklo politiko eta ibilbide publikoa” bukatutzat eman du,  enpresa pribatura bueltatuko dela zehaztuz. Bere garaian 3Koma ekoiztetxeko arduraduna izan zen zeberioztarra hainbat urtez.

2013an heldu zen Atutxa BBBren buruzagitzara, Andoni Ortuzarren ordez. Ordutik hona, alderdi mailako erabaki garrantzitsuetan parte hartu du, eta bi errelebo gidatu ditu Bizkaiko Foru Aldundian: Unai Rementeria Ahaldun Nagusi moduan Jose Luis Bilbaoren ordez, eta iaz Elixabete Etxanoberena Rementeria beraren ordez.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Undurraga eta Etxebarri arteko Errege Bide zatia konpontzen hasi da Zeberioko Udala

Astelehenean bertan ekin diete konponketa lanei. Obra hauetarako 27.000 euro bideratuko ditu Zeberioko Udalak, BEZa kanpo

|

Errege Bidea // Zeberioko Udala

Iraila eta urriko hasierako euriteek kalteak eragin dituzte Zeberioko Undurraga eta Etxebarri auzoen arteko Errege Bidearen zatian eta Zeberioko Udalak astelehenean bertan ekin zion bidea konpontzeko lanei.

Ura garraiatzeko hodi berriak ipiniko ditu Udalak eta lursaila egonkortzeko materiala gehituko dutela iragarri du Ekain Goti herriko alkateak: “Gainera luizi batzuk egon ziren zonalde horretan eta bertako inguruak garbituko ditugu hurrengo egunetan”, azaldu dio GEURIAri eta lanek aste biko iraupena izango dutela aurreikusi du. Konponketa hauetarako 27.000 euro bideratuko ditu Zeberioko Udalak, BEZa kanpo.

Errege bidea // Zeberioko Udala

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gabonetako oporrak baino lehen bukatu nahi ditu Zeberioko Udalak frontoiko lanak

Udalak 65.000 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) hezetasunak konpondu, margoketa lanak egin, bentilazio sistema berri bat ipini eta LED sistema bidezko argiteria ezartzeko

|

Zubialdeko frontoia // Geuria

Urriaren erdialdean hasiko dituzte Zeberioko Zubialde auzoko frontoiko lanak, ondo bidean. Urte hasieran Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri aurreratu zion herriko frontoi nagusian egin beharreko konponketak. Izan ere, Gotik azaldu lez, “hezetasunena ez da kontu berria” eta Udalaren asmoen baitan zegoen arazo horri aurre egitea.

Udako oporrak amaituta eta Gabonetarako hilabete eta erdi falta direlarik, tarte hori erabili nahi du Udalak egin beharreko obrak burutzeko. Ekainen aurreikuspenen arabera, gauzak behar bezala badoaz lanen iraupena hilabete bi baino txikiagokoa izan beharko litzateke, Gabonetarako prest egoteko.

Aurrekontua 65.000 eurokoa izango da, BEZa kanpo. “Frontoi barruan saneamendu lanak egingo dituzte, margoketa lanak eta bentilazio sistema berria ezarriko dugu bertan”, izan dira herriko alkatearen berbak. Gainera, LED sistemako argiteria ipiniko dutela gehitu du.

Entrenamenduak, Ermitabarrira

Obrek dirauten bitartean frontoia ezin izango dute erabili Mandoia Pelota Klubeko ikasleek eta behin behineko alternatiba moduan entrenamendu klaseak Ermitabarriko frontoian ematea izango da: “Asteburuko partidak egiteko frontoi txikiegia bada ere entrenamenduetarako balioko du”. Asteburuko partidak Arrigorriagan jokatuko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Santa Kurtze ermitako lanak hilabete bukaeran amaituko dituzte

Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira. Horietatik 23.325,91 euro eliztarren ekarpenetatik lortu dituzte

|

Santa kurtze parrokiako arkupea, konponduta // Geuria

Santa kurtze auzoko ermitaren lanen azken ukituak ematen ari dira egun hauetan Zeberion. 2023ko abenduaren 6an, 19:00ak aldera, gidari gazte batek autoaren kontrola galdu, errepidetik irten eta Santakurtze elizako arkupearen aurka jo zuen. Errepidea bustita zegoen eta kolpeak, ikusgarria izan arren, ez zuen zauritu larririk utzi.

Kalteak materialak izan ziren beraz, arkupea ezagutezina geratu baitzen. Istripua gertatu eta egun gutxira, kalteak konpontzeko prozedura martxan ipini zuen Zeberioko parrokiak, eta GEURIAri azaldu lez aseguruak 12.105,50 euro ordaindu dizkio elizari konponketak egiteko.

Elizako ordezkarien arabera kopuru hori “txikiegia” da arkupea konpontzeko: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da eta aseguruak kalte jakin batzuk konponduko ditu emandako diruarekin”, azaldu dute. “Gure gurasoek eraiki zuten ermita hau bere fedea eta ahaleginari esker, orain gure esku dago konpondu eta mantentzea”, azaldu dute parrokiatik.

Horiek horrela eta istripua sortutako autoak “kalte izugarriak” izan zirela ikusita, parrokiak konponketa integrala egin du arkupean: “Falta zitzaigun dirua eliztarren ekarpenei esker lortzen ari gara”, gehitu dute parrokiako arduradunek. Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira.

Zeberioko Parrokia: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da”

Teknikarien lana, kudeaketa eta aholkularitza Bilboko Gotzaindegiko Kultura Gai eta Ondasunen Sailari egokitu zaio. Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiak, Zeberioko Santa Kurtze auzoaren laguntzarekin, eta eliztar eta boluntario anonimo gehiagok egin dute konponketa honen ahalegina.

Lanak bukatuko dituztenean inaugurazio ofiziala egingo dutela aurreratu diote GEURIAri.

Ondasun historikoa

Santa Kurtze ermita Gurutze Santuari eta honen aurkikuntzaren oroitzapenari dago eskainia. Gurutze Santua Constantino enperadorearen amak, Santa Elenak, aurkitu eban Jerusalemen, 326. urtean.

Tenplu honen jatorria ezezaguna da, baina 1678. urtean auzokide batzuek (Martin Petralanda, Rafael eta Tomas de Ibarrola eta Juan de Urabarrok) berreraiki zuten.

Egungo eraikina 1890ekoa da eta jatorriko eraikinaren antz handirik ez du. Casto de Zabalak proiektatu zuen eta azken berreraikitze honek 2.500 pezetako kostua izan zuen.

Ermitaren arkupean hilerri bat dago. Kareharri bloke bat da, trapezio-formaduna, apaindua eta XI.-XII. mendeen artean egindakoa.

Santa Kurtze eguna maiatzaren 3an da. Antxina, egun honek landaguneetan berebiziko garrantzia hartzen zuen, udaberriko bedeinkapenen egutegian egun nagusienetarikoa izaten baitzen.

Mezatan elorri zuri loredunez, zumez edo hurritzez egindako gurutzeak bedeinkatzen zituzten. Ostean, soroetan sartzen ebezan, ereindako ortuak bedeinkatzeko. Baserrietako leihoetan be ipinten zituzten, etxeak tximistetatik babesteko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia ikastaroak iragarri ditu Zeberiok

Kirol-ikastaroetan izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute

|

Halterak, Ugaoko El Jaro kiroldegian // Geuria

Ikasturte berriaren hasierarekin, Zeberioko Udalak herrian eskainiko dituen kirol-ikastaroen eskaintza iragarri berri du. Hiru jarduera izango dira guztira: Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia eta hirurak, urtero lez, eskola zaharrean eskainiko dituzte.

Jarduerak, momentuz, astearte eta ostegunetan programatu dituzte. Urritik aurrerako datak zehazteke daude oraindik:

17:00 – 17:55 Mantentze gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze gimnasia

Izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute (amaiera ordua 14:00ak izango dira). Parte-hartzeko telefono zenbakia 946 481 079 da.

Osorik irakurri