Sareak

☉ Zeberio

Olentzero Zeberioko errege bidean agertu zenekoa, kalejira alaiean

1986tik aurrera Olentzeroren Ermitabarritik Zubialderainorako kalejira Zeberion errotzen hasi zen eta urtero errepikatzen hasi ziren, milurteko aldaketa gertatu arte

|

Olentzero, Zeberion, iazko kalejiran // Juan Pablo Ayarza

Beste urte batez, abenduaren 24an Olentzero, Mari Domingi eta astoaren laguntzarekin Ermitabarritik Zubialderako errege bidetik ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek. Baina beti izan al da horrela Gabonetako tradizio hau? Olentzero betidanik ezagutu badugu ere, Zeberion inork gutxik daki zein izan zen menditik jaisten den gizon hau kalean ikusi zuten lehen aldia. Misterio bat omen da.

Misterioak misterio, eta data zehatz batzuk mahai gainean jartzearren, herriko hainbat pertsonekin bildu da GEURIA: Zeberioko Udala, historiagileak, guraso elkarteko kideak…

“Elizak egun horretan, abenduaren 24an Belen Bizia deitzen zen meza ospatu ohi zuen garai hartan Zubialdeko plazan”, azaldu du Kepa Perez Urraza herritarrak (Bilbo, 1952). “Benetako ume txiki bat, sei hilabetekoa edo, bertara eramaten zuten. Hori zen garai hartako ohitura”. Kepak 1986 urteko ‘Olentzero Zeberion’ izenburua daraman eskuorri bat dauka eskuartean.

Olentzero, Ermitabarrin, iaz // Juan Pablo Ayarza

“Gaur arrastiko hiruretan Arbildun”. Hitz horien azpian eskuz marraztutako olentzero bat ageri da eta behean jarraitzen du: “Arbildutik arrastiko 3retan urtenda kamiñotik desfilea Ermitabarriraino. Arrastiko 6’30 meza Zubialden”. Ondoren programa bat ageri da, kalejira hartan egingo zena zehazten: “Txistulari, soinulari, trikitilari. Gurdiak: Olentzero ikatza egiten, tximinitik erregaluekaz, Olentzeroren erregaluak, Gaztain-erreketa, Olentzero-mukurre. Animaliak: behiak, zaldi, astoak, ahuntzak, ardiak…”.

Izanari forma emanez

Garai hartan, duela 40 urte, Olentzero barneratuagoa zegoen herri handi eta hirietan, baina herrietan ez hainbeste. Tradizioa 80. hamarkadan errotzen hasi zen Euskal Herrian, baina antzina Olentzeroren figura ere existitzen zen: Julio Caro Barojak ‘Estudios Vascos’ (Txertoa, 1983) liburuan aipatu lez, neguko solstizioaren ospakizuna zen Olentzero: antigualean eguna luzeago izaten hasten zenean eta eguzkia ordu gehiagotan argitzen hasten den sasoiari Egubarri (egun eta berri hitzen arteko lotura) esaten zaio.

Izan ere, antzina, sua zen eguzkia irudikatzeko forma nagusia eta Euskal Herriko etxe askotan sua pizten zuten Gabon Egunean Olentzero ‘mukurre’ izeneko enbor sendo batean.

Olentzero, iaz // Juan Pablo Ayarza

Espaniako eleizetan, Jesusen jaiotza izango zela eta, Gabonak baino lehenagoko egunetan Amabirjinari kopla batzuk kantatzen zizkioten. Kopla horiek “O” letraz hasten ziren: “O Sapientia“, “O Rex“, “O” …, eta Frantzian, Gabonetako Oak edo “Les oleries“.

Horrela, eta Nafarroa Baionako Gotzaiaren menpe zegoenez, Lesakan, Beran eta horko herrietan sasoi edo denbora hauei Olentzero deitzen hasi ziren: Olen (frantsesetik ‘Olerieak’) eta -tzaro (garaia). Gaur egungo kopletan, berriz, Olentzero menditik datorren ikazkin lodi bat da eta kristo jaio delaren berria ekartzen dio herriari.

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentziyuarekin
ikatz egitera.
Aditu duanian
Jesus jaio dala
lasterka etorri da
berri ematera
[…]

Urteek aurrera egin ahala pertsonai horrek hainbat aldaketa izan ditu: azken urteetan Mari Domingi eta Napo astoaren laguntza izan du.
1986ra bueltatuz, beraz, urte garrantzitsua izan zen Zeberiorentzat, urte hartan egin izan baitzuen lehen agerpen publikoa, ziurrenik. “Hiru gurdi, zaldiak, astoak, soinulariak… hau guztia antolatzea benetan zaila izan zen”, azaldu du Kepak. Abenduaren 24a zen. Jendea familian afaltzeko gaua. Kalejira bat kudeatzeko egun zaila.”Pertsonak mugiaraztea konplexua zen, baina animalia eta gurdiekin aurrera eta atzera egotea beste kontu bat zen!”.

Beraz, Olentzeroren 86ko kalejira 15:00etan hasi zen Arbildutik Ermitabarriraino, herriaren errepide bakarretik. Izan ere, Arbildu auzoan errepide ondoan dagoen pabiloi barruan gurdiak, olentzero eta kalejiran eraman ziren kontu guztiak muntatu zituzten.

Kepa Perez: “Pertsonak mugiaraztea konplexua zen, baina animalia eta gurdiekin aurrera eta atzera egotea beste kontu bat zen!”

Kalejira martxan ipini zenean, lehen partean asto bat zihoan gurdi batekin eta bertan herriko soinulariak: Amaia Astondoa, Esther Alesandre… Beste gurdi batean Kepa Junkera trikitilari bera egon zen. Ibilaldi osoa gaur egungo errepidetik egin zuten.

Kontuan izan behar da garai hartan ez zegoela ia trafikorik eta era honetako jarduera bat egiteko ez zen inolako baimenik eskatu behar. Pentsaezina zen. Ermitabarrirainoko ibilbidea astiro-astiro egin zuten eta bertatik Zubialderaino, herriko plazaraino, alegia.

Olentzero, Errege bidean zehar, iaz // Juan Pablo Ayarza

Ermitabarritik, eskolatik

1986tik aurrera Olentzeroren Ermitabarritik Zubialderainorako kalejira Zeberion errotzen hasi zen eta urtero errepikatzen hasi ziren, milurteko aldaketa gertatu arte. Hortik aurrera Olentzerok urte jakin batzuetan eskolara egiten zuen ibilbidea eta beste batzuetan Ermitabarriko bide orijinalaren kalejira egiten zuten.

2001ean ez zen Olentzeroren kalejira “orijinala” egin; Olentzerok ibilbidea eskolara egin zuen zuzenean eta 2007an gauza bera. 2012an, berriz, Ermitabarriko ibilbidea berreskuratu zuten eta 2014an ere.

Azken urte hartatik gaur egun arte Ermitabarritik Zubialderainoko kalejira egiten dute Errege Bidetik. Gaur egun Mari Domingi eta Napo astoarekin lagunduta eta umez inguratuta ikusten dugu Olentzero, gauean opari banaketarekin hasi baino lehen, zeberioko txikienen aurpegiak ilusioz betetzen.

☉ Zeberio

Zeberioko Udalak Korrikako lekukoa eramateko aukera luzatu die herritarrei

Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da 14:00ak baino lehen

|

Korrika, Zeberion, 2024an // AEK

Beste urte batez, Zeberioko Udalak Korrikan hartuko du parte. “Udala denon artean osatzen dugu”, azaldu dute udal ordezkariek, “ordezkaritza politikoa duten bi taldeek, herriko langileek, norbanakoek eta udal langileek”.

Aurreko edizioan, 2024an, udal langileak izan ziren Korrikako lekukoa eramateaz arduratu zirenak eta aurten aukera hori zabaldu nahi diete herritarrei: “Lekukoa eraman nahi baduzu udal webgunean ipini dugun QR kodea eskaneatu beharko duzu izena emateko”.

Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da 14:00ak baino lehen. Izen-emate bat baino gehiago egotekotan zozketa egingo lukete Udaletik egun berean, 14:45ean, udaletxean bertan.

!Animatu eta izan Korrikaren parte! Euskararen aldeko kilometroak elkarrekin egingo ditugu”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

‘Gure Denboran’ dokumentaleko protagonistak omendu dituzte Zeberion, Emakumeen Nazioarteko Egunean

Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz

|

'Gure Denboran' dokumentaleko protagonistak, filma proiektatu ostean // Zeberioko Udala

Urtero lez, Zeberioko Udalak elkarretaratzea egin du Emakumeen Nazioarteko Egunean, eguerdi aldera, herriko plazan.

Jarraian, Zeberioko emakumeei ahotsa ipini dien 35 minutuko ‘Gure denboran’ izeneko dokumentala proiektatu dute plazako ermitan eta harrera ona izan duela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek.

Zintaren proiekzioaren ostean, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak omendu dituzte eta lore sorta bat eman diote bakoitzari.

Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz.

Elkarretaratzea, herriko plazan // Zeberioko Udala

Hauek, baina, ez dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egingo diren jarduera bakarrak. Datozen egunetan bestelako ekintzak prestatu dituzte.

Egitaraua | Zeberioko Martxo Feminista

Martxoak 13, barikua
18:00 Maskulinitate toxikoari buruzko saioak, eskola zaharra

Martxoak 23-26
18:00 ‘Zeberioko emakumeak historian’ + erakusketa, plazako ermita zaharra

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gaur antolatu dute Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra Zeberion

Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte

|

Story Stoneak // thewildcherryfarm.com

Zeberioko eskola zaharrak Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra hartuko du gaur arrastian, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian.

Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte, eta norberak istorio bakar eta pertsonala sortuko du, sormena eta irudimena erabiliz.

Amaieran, beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Bertan, elementu beretik abiatuta istorio desberdinak eta bakarrak sortu daitezkela erakutsiko dute parte-hartzaileek.

Saioa 8 urtetik gorako umeentzat zuzenduta dago eta 18:00etan eskainiko dute. Izena eman nahi dutenek 15:00ak arte daukate.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko etxebizitza bateko tximinia batek su hartu du eta jabeek beraiek amatatu dute

“Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu dute Segurtasun Sailetik

|

Suhiltzaileak, lanean // Geuria

Zubialde auzoko tximinia batek su hartu du gaur arrastian. Auzotarrek larrialdi zerbitzuetara abisua eman eta Bizkaiko Suhiltzaileen auto-eskala bat eta ur ponpa pisutsu bat gerturatu dira Zeberioko auzora, 19:00ak aldera.

Segurtasun sailetik azaldu dute sutea lehen mailakoa izan dela eta etxebizitzako jabeek beraiek amatatu ahal izan dutela larrialdi-zerbitzuak iritsi direnerako: “Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu diote GEURIAri.

Ezbeharraren kausa argitu barik dago momentuz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Arrastia igarotzeko irteera prestatu dute gazte zeberioztarrentzat Basauriko KNS Aventura Parkera

Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik, hilaren 14an. Izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da

|

Martxoaren 14an egun arrastia igarotzeko irteera prestatu die Zeberioko Udalak herriko 12 eta 17 urte bitarteko gazteei, Basauriko KNS Aventura Parkera.

Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik eta izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da. Interesdunek 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute horretarako.

KNS Aventura Park abentura anitzeko parkea Bilbo inguruko 7 urtetik gorako helduentzako eta haurrentzako 1.500 metro karratuko azaleradun jarduera-parkea da.

Lau aire zabaleko zirkuitu ditu, metro bateko garaieratik hasita eta bederatzi metro artekora, 80 metroko luzerako tirolinekin eta pasabide eta ibilbide anitzekin.

‘Humor Amarillo’ eta ‘Grand Prix’ telebista programetako eszenatokietako elementuak ere badaude bertan: giza futbolina, gladiadoreen borroka, infernuko horma, giza boloak, sator-matea eta tragabolak.

Gainera, bestelako jokoak eta jarduerak eskaintzen ditugu: rokodromoa, boulderra, aizkora eta izarrekin tiro egitea… eta beste jarduera batzuk.

Osorik irakurri