Sareak

☉ Zeberio

Argazkiak | Baskoiak, erromatarrak eta aztarna arkeologikoak egon dira inauterietan Zeberioko Zubialde eskolan

Zubialdeko umeek urtero egiten duten aratusteetako antzerkia Irulegiko eskuari buruzkoa izan da aurten. Neska-mutilek denbora luzea eman dute prestaketa lanekin, eta gaur (otsailak 17), 15:00etan irten dira eszenatokira

|

Zubialdeko umeek urtero egiten duten aratusteetako antzerkia Irulegiko eskuari buruzkoa izan da aurten. Neska-mutilek denbora luzea eman dute prestaketa lanekin, eta gaur (otsailak 17), 15:00etan irten dira eszenatokira ikasi dutena erakustera. Batzuk arkeologoak izan dira, beste batzuk, Irulegiko herritarrak eta nagusienek erromatarren arteko guduak antzeztu dituzte.

☉ Zeberio

Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitza zuzendari bila dabil uztailetik

Ermitabarriko zentroa unibertsitate-titulu ofizialdun eta mendekotasun, desgaitasun, geriatria, gerontologia, egoitza-zentroetako zuzendaritza edo mendekotasunaren arreta-eremuarekin lotutako bestelako jakintzak dituen perfildun langilea bilatzen ari da

|

Eusebio Aldekoa erresidentzia, Olabarrietako Santo Tomas tenpluaren ondoan // Geuria

Legegintzaldia hastearekin batera, sartu zen udal gobernuak erronka berri batekin egin zuen topo: Ermitabarri auzoko Eusebio Aldekoa adinekoen egoitzari zuzendari berria bilatzea: "Ordura arte zegoen gerenteari lan-eskaintza bat egin zioten eta egoitza utzi zuen. Ondorioz, Eusebio Aldekoa zuzendaritzarik gabe lotu zen", azaldu dio Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri. "Kontu hori kudeatu eta bideratzeak lan handia eman digu", gehitu du Gotik.

Ekain Goti: "Prozesua martxan dago, baina ez dut uste urtea bukatu baino lehen amaituko dugunik".

 

Kargu hori publikora atera behar zela azaldu zuen Ekainek eta hala egin zuten joan den uztailaren 21ean. Iragarkiak unibertsitate-titulu ofizialdun eta mendekotasun, desgaitasun, geriatria, gerontologia, egoitza-zentroetako zuzendaritza edo mendekotasunaren arreta-eremuarekin lotutako bestelako jakintzak dituen perfildun langilea bilatzen du."Prozesua martxan dago, baina ez dut uste urtea bukatu baino lehen amaituko dugunik".

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Urriaren 31ra arte izena eman daiteke Zeberioko aurtengo argazki-lehiaketan

Aurtengo gaia 'Zeberioko lanak, baserriak, eguraldia, abereak, natura…' da eta saria lagun birentzako afaria izango da Zeberioko taberna batean

|

Zeberioganeko ermita // Geuria

Zeberioko IV. Argazki-Lehiaketa martxan dago eta parte hartzeko azken eguna datorren urriaren 31 izango da. Aurtengo gaia 'Zeberioko lanak, baserriak, eguraldia, abereak, natura…' da. Argazki irabazlearen egileak lagun birentzako afaria irabaziko du herriko taberna batean eta argazkia Zeberio 2024ko egutegian argitaratuko dute, gainontzeko parte-hartzaileenekin.

Zeberioko Udaletik azaldu dute lehiaketan aurkeztuko diren argazki guztiak Zeberion eginda egon behar direla onartuak izateko. Parte hartzeko interesdunek webgune honen bidez egin dezakete argazkien bidalketa.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Amparanoiak 'Zeberio KM 0' jaialdian joko du azaroan

Gainera, Maria Rivero Zeberioztarra, Green Valley, Bad Sound, Women Soldier, Skabidean eta beste talde batzuen konfirmazioak iragarri dituzte azaroaren 3, 4 eta 5erako

|

Amparanoia taldea // Amparanoia

Azaroaren 3an, 4an eta 5ean Zeberio KM 0 izeneko Asteburu Kulturala prestatu du Zeberion Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikiak eta Anparanoiaren kontzertuaren konfirmazioa iragarri berri dute. Amparanoiaren kontzertuarekin batera beste talde batzuen izenak iragarri dituzte: Maria Rivero Zeberioztarra, Green Valley, Bad Sound, Janus Lester, Hekthor Folk, Burbuilak, Women Soldier, Sés, Skabidean, Odola Kantari eta Etzanderak taldeek ere baietza eman dute azaroko lehen asteburuko jaialdirako. Sarrerak hilaren 28an ipiniko dituzte salgai.

Lehen konfirmazioak, banan-banan

Janus Lester

Zeberio KM 0 jaialdiko lehen baieztapena izan da Janus Lester. 80ko edo 90eko hamarkadako dantzaren oinordekoak dira, "baina moldaketa guztiz original eta garaikideak aurkeztuz", antolatzaileek azaldu dutenez.

Bad Sound 

Irungo Mosku auzo mitikoan du oinarri logistikoa Bad Sound. Gauzak ez dira egun batetik bestera arrazoirik gabe gertatzen; Iñaki 'Stepi'-k urteak daramatza erritmo lodi eta aseak botatzen Irungo Mosku plazan dagoen Dpor lokal belar-usaintsuan. Jamaikako erritmoekiko zaletasuna urrundik datorkio: ia esan genezake bizitzan zehar lagun izan dituela. Txikitan, gurasoek Irunen zuten taberna Bob Marleyren kanturen batekin girotzen zuela. Hortik, gaur egun Bad Sound System dena sortzera, "erridim"ez, kez eta aktibismoz betetako bidea izan da, eta belarria, esperientzia eta bidaide onak bereganatu ditu.

Etzanderak

Zeanuriko andrazkoen dantza taldea da Etzanderak. Euskal dantzetan oinarrituz, Euskal Herriko kultura eta ohiturak ahalik eta gehien zabaltzea da haien helburua.

Odola kantari // Zelako Kultur Ideiak

Odola Kantari

Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak "Odola kantari" emanaldia estreinatuko dute #ZeberioKm0 jaialdian. Musika eta literatura elkar maitatuz, heriotzari, gerrari, odolari… egingo diote kantu.

Maria Rivero

Maria Rivero abeslari eta konpositoreaz Zeberio KM 0ko eszenatokian gozatzeko plazerra izango dugu. Zeberioztarrak bere lan berria aurkeztuko du asteburu kulturalean: "Lerro Paraleloak".

Maria Rivero artista zeberioztarra // Geuria

Skabidean

2012an Iruñerrian sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea da Skabidean. 2022 urtean beraien laugarren diskoa kaleratu zuten.

Sés

Sés izeneko galizar kantautore eta produktorea filologia galegoan eta Gizarte antropologian lizentziatua da eta folklore tradizional galegoan hazi zen musikalki. "Zeberio Km0 jaialdian bere musikaz eta rollo onaz gozatzeko aukera izango dugu", gehitu dute jaialdiko antolakuntzatik.

Women Soldier

Women Soldier proiektua Belén Natalík eta Chalart58 elkarrekim 2017aren hasieran ateratako single batekin hasi zen. Dub Academyri esker, emakume talde bat bildu eta Chalart58rekin batera, 2017ko Rototom Sunplash eta 2018ko International Dub Gathering jaialdietan izan ziren. Hortik, La Panchita Records estudiosen lan bat egitearen ideia atera zen, sortzaile guztiekin eta Chalart58k sortutako Riddimekin. Lan ezberdinak kaleratu ostean, 2023an, MatahSound, Highpawgz eta Pitchup_irie dira Zeberion izango direnak.

Burbuilak

Izar Mendiguren, Irati Mendiguren eta Izaskun del Cerrok osatutako taldea izango dugu gurekin Zeberio Km0 jaialdian: "Burbuilak". "Hiru burbuila barrenak husten; zauriak eta pausoak, ezinegonak eta irrikak… Begiak itxi eta askotariko doinu eta soinuekin gozarazteko prest".

Green Valley

Ander Valverde da hazia eta Green Valley landarea. Taldearen abizena eragiten du taldearen izena agerrarazten duena: haran berde eta oparoa, ingurugiro alaia. 2004 urtetik sei musikari honenbestean lan egiten dute, ekosistema musikal hau mantentzeko, Dancehall eta Reggaea hasten diren tokian. Green Valley taldean, taularatze miragarri batetik abiatuz, letra aldarrikatzaile eta mezu positiboak bizikide dira, ikusleak kutsatu eta kontzientziatzen dituztenak.

Lehenengo kimu berdeetatik, bere eboluzioa bat-batekoa izan da, espezialitate-kritiken atentzioa erreklamatuz. Taldea era arrakastatsuan biratu du Espainia, Kolonbia, Mexiko, Argentina eta Txiletik, bere loratzea konfirmatzen duena.

Hekthor Folk

Folk musikari gasteiztarra da Hekthor Folk eta instrumentu asko menperatzen ditu: panderoa, alboka, zerra, peñardoa edo pandero karratua eta handpana edota esku zartagina. Maurizia Aldeiturriaga panderojole eta abeslariaren irudian oinarritutako Aire! dokumentalean parte hartu du.

Hekthor Folkek tailer baten bidez erritmoaren eta bere garrantziaren inguruan hitz egingo digu eta ostean perkusio tradizionalen oinarrizko instrumentuak ezagutuko ditugu Zeberion: membranofonoak, raskadoreak, idiofonoak,.. Hortik alboka eta elektronikaren laguntzarekin abesti desberdinen interpretazioa egingo du, eta azkenik, publikoak, hurbildu daiteke instrumentuak ikutu eta frogatzera.

Hala ere, "sorpresa" gehiago prestatu dituzte Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikitik eta hurrengo orduetan iragarriko dituztela jakinarazi dute sare sozialetatik.

Kontzertuez harago

Duela aste batzuk GEURIAn azaldu bezala, "Kontzertuez gainera erakusketak, dantza-emanaldiak, hitzaldiak tailerrak eta bestelakoak izango dira", aurreratu zuen Ekain Goti Zeberiko alkateak duela egun batzuk eta Zelako Kultur Ideiatik gehitu dute egun osoan zehar prestatu dituztela askotariko jarduerak Zubialden.

Joan den irailaren 15ean ekimena aurkeztu zuten herritarren artean Zeberion: "Lehenengo Zeberioko tabernei aurkeztu genien asmoa eta baita herriko elkarteei ere", gehitu du eta ekimenak, orokorrean "harrera ona" izan duela nabarmendu du: "Denetarik egon da auzotarren artean: batzuek sano ondo hartu dute proposatutakoa eta beste batzuek zalantzak izan dituzte".

"Denetarik egon da auzotarren artean: batzuek sano ondo hartu dute proposatutakoa eta beste batzuek zalantzak izan dituzte"

Zelako Kultur Ideiakek hainbat proiektutan hartu du parte 2022an sortu zenetik: Urdufolk, Herria Kantuz, Etzigarriak, B Plana eta Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST). Bertako kide dira Maria Rivero zeberioztarra, Gorka Chamorro ugaotarra eta Algortako Itxaso Payá.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

'Zeberio KM 0' izeneko asteburu kulturala antolatu dute Zeberion, azaroan

Azaroaren 3an, 4an eta 5ean antolatu dute formatu txikiko jaialdia Zeberioko Zubialde auzoan

|

Zubialde auzoa // Geuria

Azaroaren 3an, 4an eta 5ean 'Zeberio KM 0' Aste Kulturala formatu txikiko jaialdia prestatu du Zeberion Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikiak: "Jaialdi berezia antolatu dugu Zeberion eta zuek guztiok ezinbestekoak zarete", azaldu dute sare sozialetan. "Gordedatak eta batu gurera".

Zelako Kultur Ideiaken helburua kultura eta berrikuntza landa-eremuetara eramatea da: "Herriarentzat eta herriarekin kultura erein eta uzta jasoko dugu", azaldu dute sare sozialetan. "Partekatu, sortu, elikatu eta amestu egingo dugu". Ekain Goti Zeberioko alkateak jakinarazi duenez kontzertuak izango dira asteburu kulturalean baina ez hori bakarrik: "Gainera erakusketak, dantza-emanaldiak, hitzaldiak tailerrak eta bestelakoak izango dira Zubialden", eta Zelako Kultur Ideiatik gehitu dute egun osoan zehar hainbat jarduera prestatu dituztela herrian. Momentuz ez dute bestelako informaziorik eman nahi izan kooperatibatik

"Sekulako ekimena izango da", azpimarratu du Gotik. Joan den irailaren 15ean ekimena aurkeztu zuten herritarren artean: "Lehenengo Zeberioko tabernei aurkeztu genien asmoa eta baita herriko elkarteei ere", gehitu du eta ekimenak, orokorrean "harrera ona" izan duela nabarmendu du: "Denetarik egon da auzotarren artean: batzuek sano ondo hartu dute proposatutakoa eta beste batzuek zalantzak izan dituzte".

"Denetarik egon da auzotarren artean: batzuek sano ondo hartu dute proposatutakoa eta beste batzuek zalantzak izan dituzte"

Zelako Kultur Ideiakek hainbat proiektutan hartu du parte 2022an sortu zenetik: Urdufolk, Herria Kantuz, Etzigarriak, B Plana eta Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST). Bertako kide dira Maria Rivero zeberioztarra, Gorka Chamorro ugaotarra eta Algortako Itxaso Payá.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Austarrik urrira atzeratu du Leitzarako egun biko irteera

Izen-emateak irailaren 28ra arte zabaldu dituzte eta irteera honetan monumentu megalitiko ugari ikusteko aukera egongo dela azaldu dute Zeberioko mendi taldetik

|

Mendaurreko gailurra / Javier Urrutia

Irailean egun biko irteera egin behar zuten Austarri Mendi Taldeko kideek Leitzako Mendaur-Ekaitza eta Irakurri-Iruñarri mendiak egitera, baina atzeratu behar izan dute: "2023ko egutegian aldaketa baten berri eman nahi dizuegu", azaldu dute Zeberioko mendi taldetik. "Irailerako programatutako irteera urrira aldatuko dugu, 7-8ko asteburura". Austarritik argibideak argitaratu berri dituzte: irteera urriaren 7an izango da, 08:00etan eta itzulera hurrengo egunean egingo dute 20:00etan. Izen-emateak zabalduta daude irailaren 28ra arte eta parte hartzeko modu bi daude: Zeberioko lokalean bertan (ostiraletan 20:00-21:00ak artean), eskaera posta elektronikoz eginez (austarrimenditaldea@gmail.com) edo telefono bidez, 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz

Mendaur

Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen mendia da Mendaur (1.131 mt) eta Malerreka eta Bortzirieta eskualdeen artean kokatuta dago. "Mendi ederra da Mendaur. Ez dauka aldamenean bera adinakorik eta ikuspegi zabala eskaintzen du Bortzirien gainetik", diote mendi taldetik. Leitza aldean hasten den mendikate luze baten amaieran dago eta bera da kate horretan gainik altuena eta arrokatsuena. Parapenteaz ibiltzeko aprobetxatzen du zenbaitek. Ermita bat dauka tontorrean, ermita eta aterpe lanak egiten dituena, eta ermita dela eta, gurutz-bidea ere bai, Aurtitz aldetik abiatuta. Tontorra baino laurehun bat metro beherago urtegi txiki bat dago. Sunbila aldera konglomeratuzko haitz handi batzuk ikus daitezke, Atzurdi Punta deritzona da.

Ekaitza

Nafarroako Malerreka eta Bortziriak eskualdeen artean dagoen mendia da Ekaitza (1.046 mt), Mendaur, Mendieder, Loitzate eta Makilipurdi mendietatik hurbil kokatutakoa. Gailurra topatzeko zaila den mendia da, hortaz, lainoarekin tentu handiz ibili behar da. Ekaitzako gailurrak giltzarri moduan jokatzen du Mendaur-Mendieder eta Loitzateko soken artean, ikuspegi paregabeak eskainiz mendi-multzo osoaren gainetik. Gandorra hegoalderantz luzatzen da, eta luzatu ahala zorroztu, Oltzorrotz harri ikusgarriraino, non garai batean gaztelu bat izan baitzen. Gotorleku horren aipamena 1280. urtean egiten da. Dena den, ez da hori inguruan aurki daitekeen antzinateko arrasto bakarra. Ekaitzako hegoaldeko hegian auki ditzakegun monumentu megalitiko ugarik erakusten dute gizakiak antzinatik bizi direla inguru hauetan.

Irakurri-Iruñarri

Bestalde, Ezkurra edo Usategietako mendatearen iparraldean, Irakurri-Iruñarri mendien bizkar belartsu erraldoiak gailentzen dira. Mendikatea ipar-ekialderantz luzatzen da, eta Azango eta Sorbinzelaietako lepoek uztartzen dute kate hau Loitzate-Mendaur sokarekin. Bizkar belartsuak dira, lepo zabalek lotuak, eta haietan monumentu megalitiko ugari aurki dezakegu.

Zutarri ikusgarriak salbatzen du Iruñarriko gailurra (1.059 mt), errepideak eta antenak desitxuratua. Gure geografiako beste hainbat harri ospetsuren antzera, Iruñarriko zutarriak ere bere kondaira dauka: Erroldanek Iruñera jaurti nahi izan zuen harri hau baina, Nafarroako hiriburuko biztanleen zorionerako, erraldoi gaiztoak punteria eskasa izan eta harrikada mendi honetako gailurrean erori zen.

Osorik irakurri