☉ Zeberio
Virginia Lizarraga izendatu dute Eusebio Aldekoa Zeberioko adinekoen egoitzako zuzendari
Ekain Goti Zeberioko alkatearen hitzetan, Udalak 2023an izan duen betebehar “konpexuena” izan da zuzendaria bilatzearena
Ermitabarriko Eusebio Aldekoa adinekoen egoitzak zuzendari berria du: Virginia Lizarraga. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu bezala, Lizarraga esperientzia handiko profesionala da alor honetan eta laster hilabetea beteko du karguan: “Erronka nagusia pertsonak eta familiak ardatz dituen arreta-eredua finkatzea da eta profesionalen plantilla egonkortzea”, azaldu dio Lizarragak GEURIAri.
Legegintzaldia hastearekin batera, Zeberioko Udalak erronka berri batekin egin zuen topo iaz: Eusebio Aldekoa adinekoen egoitzari zuzendari berria bilatzea. Lanpostu hau hutsik egon da 2023ko uztailetik eta Udalari buruhauste ugari ekarri dizkio: “Ordura arte zegoen gerenteari lan-eskaintza bat egin zioten eta egoitza utzi zuen. Ondorioz, Eusebio Aldekoa zuzendaritzarik gabe lotu zen”, azaldu zion Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri iazko urrian. Alkatearen hitzetan Udalak 2023an izan duen betebehar “konplexuena” izan da honako hau eta emaitzarekin “pozik” dagoela azaldu du.
☉ Zeberio
Txubelasuk mural-margoketa, umeen ikuskizuna eta txokolatada antolatu ditu Zeberion, Euskararen egunean
Igandean, 13:00etan Tio Teronen Semeak dantza-ikuskizuna antolatu dute Zubialdeko aterpean
Abenduaren 1ean, 11:00etatik aurrera, mural margoketa, tattoo gunea, txapa tailerra, umeen ikuskizuna eta txokolatada antolatu dute Zeberion Txubelasu Guraso Elkartekoek, Udalaren babesagaz, Euskararen eguna ospatzeko.
12:00etan, gainera, Mintzodromoa egingo dute eta jarraian, 13:00etan Tio Teronen Semeak dantza-ikuskizuna antolatu dute Zubialdeko aterpean. Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira taldea sortzeko. Bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Estilo desberdinak nahastuko dituzte Gipuzkoatik etorritako artista hauek ondo pasatzeko helburu bakarrarekin.
☉ Zeberio
Bertan behera utzi dute gaur arrastian Zeberion eskaini behar zuten ‘La maja y la mona’ antzezlana
Atzoko jarduera ere bertan geratu zen jende faltagatik. Azkenean haurrentzako kontakizun interaktiboa eta Familientzako genero rolak tailer interaktiboa egin dituzte
Azaro feministako azken jarduera zen ‘La maja y la mona’ izeneko antzezlana, Zeberioko Hogarrean eskaini behar zutena. Teknikaririk ez egoteagatik bertan behera utzi behar dute. Atzoko ‘Genero indarkeriaren mitoak’ izeneko tailerra ere bertan behera utzi behar izan zuten ere, jende faltagatik.
Beraz, azaroaren 21etik 26ra ospatu dute Azaro Feminista Zeberion. Bertan haurrentzako kontakizun interaktiboa eta Familientzako genero rolak tailer interaktiboa egin dituzte, Azaroaren 25eko elkarretaratzeaz gainera.
Abendu Kulturala, martxan
Hala ere, Zeberioko Udaletik gogoratu dute domeka honetan Abendu Kulturaleko Tito Teronen Semeak antzezlana eskainiko dutela aterpean, aurreikusita zegoen moduan.
☉ Zeberio
Zeberioko apartamentu turistikoek bisita gutxiago baina iraupen luzeagokoak erregistratu dituzte
Udan Madril, Katalunia eta Andaluziatik datoz turistak. Udazkenean, berriz, Frantzia eta Herbehereetatik gehien bat, turismo aktiboa helburu
Urteko bigarren erdialdeko datuak faltan, 2024ko urtarriletik ekainera 77 turista igaro dira Ermitabarriko apartamentuetatik. Zeberioko Udalaren arabera, 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an 473. Hau da, azken urteko datuei erreparatuz iaz aurreko urtean baino 153 erabiltzaile gutxiago igaro ziren bertatik.
“Bistan da aurtengo datuei begira egin daitekeen aurreikuspenari erreparatzen badiogu 2024an pertsona gutxiago igaro direla Ermitabarriko apartamentuetatik”, azaldu du Mihaela Vatamanu Taberna Zaharrako gaur egungo kudeatzaileak, “baina erreserbatzen diren gau kopuruak nabarmen egin du gora”, gehitu du. “Datuak beraz, bestekoaren antzekoak dira”.
Mihaelak 10 urte daramatza apartamentuak kudeatzen eta urtero patroi bera errepikatzen dela ziurtatu du: “Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak datoz, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”.
☉ Zeberio
Zeberioko 206 familia historiko aztertu ditu Kepa Perezek argitaratu berri duen liburuan
‘Gure sustraien geroaz gozatuz’ bildumaren azken liburua da hau eta joan den azaroaren 22an aurkeztu zuen Zubialdeko Hogarrean edo San Antolin ermitan
Kepa Perez Urrazak Zeberioko 206 familien lerro genealogikoak aztertu eta 400-500 urteetan zehar herrian iraun dutena frogatzea izan da ‘Zeberio haraneko sendi-iraupena azken lau mendeetan zehar’ argitaratu berri duen liburuan (Erroteta, 2024). ‘Gure sustraien geroaz gozatuz’ bildumaren azken liburua da honako hau eta azaroaren 22an aurkeztu zuen Zubialden.
“Zer irakatsi beharko genuke eskolan?”, galdera bota du idazleak. “Horixe bera zen nire kezka profesionala, familiarraz gainera, ‘Ingurune hurbileko curriculum soziohistorikoa’ argitaratu nuenean (1517-1917). Adibide bat jartzearren: Ez dauka zentzurik orain dela 200 urte Napoleonek Waterloon irabazi edo galdu zuen jakitea ez badakigu Zeberion bertan momentu hartan Napoleonen tropa frantsesak herrira etorri eta bertan hilketak, lapurretak eta erreketak egin bazituen”. Gertukoaren eta historikoaren berebiziko garrantzia azpimarratu du Kepak.
“Eskolan kultura orokorra erakusten dute, baina erakutsitako hori norbaitek egindako aukeraketa da”, gehitu du Arkulandakoak. “Eta zergatik ez tokian tokikotik aztertu hori guztia? Hor kokatzen da nire ikerketa”.
Bildumaren azkena
‘Gure sustraien geroaz gozatuz’ bildumaren lehen lanean Zeberion azken mendeetan zehar bizi izan diren auzokideen lerrokapenak eta fogerazioak kontuan hartu zituen Perezek alde batetik, eta udal-erroldetatan agertzen ziren pertsonen izen, bi abizen, egoera zibila, adina eta bestelako datuak erregistratu zituen.
Bigarren lana ‘Zeberioko hareneko sendien kokapena auzoka eta baserrika’ da eta bertan udalerriko familiak osatzen zituzten guraso, seme-alaba eta gainerako kideen berri ematen du zeberioztarrak.
‘Zeberio haraneko sendi-iraupena azken lau mendeetan zehar’ liburuak lau atal nagusi ditu: sendi iraaupenaz orokortasunak, Zeberio hiru eremu geografikotan sendi-iraupenaren 206 lerro genealogiko, Zeberioko 42 sendi-sareen grafiko genealogikoak eta Endogamia eta odolkidetsuna.
Zeberioztar denek etxeko liburutegian izan beharko luketen kontsulta liburua da Kepa Perez Urrazaren azken lan osotu hau. Adibide modura, elkarrizketa egitearen momentuan Zeberioko abizen bat esateko eskatu zion kazetariari. Honek bat bota eta idazleak familia horren inguruko testuinguru zehatza eskaini zion.
Bibliografia | Kepa Perez Urraza
‘Paulo Iztueta euskal pentsamendauren eraikitzaile’ (EHU, 2007) (Bilbao Bilbao, María Begoña / Pérez Urraza, Karmele / Pérez Urraza, Kepa)
‘Ingurune hurbileko curriculum soziohistorikoa’ (EHU, 2007)
‘Zeberio haraneko sendien kokapena auzoka eta baserrika’ (erroteta 2015)
‘Olabarrietako elizateko eta Zeberio haraneko auzokideen zerrendak’ (Erroteta, 2015)
‘Norbere inguruneaz kantu errimatua’ (Erroteta, 2017)
‘Zeberio haraneko sendi-iraupena azken lau mendeetan zehar’ (2024)
☉ Zeberio
Ekaitz Maizen ‘Amaiur Peak 5.760m’ filma proiektatuko dute gaur Zeberioko Hogarrean
19:30ean egingo dute proiekzioa eta ostean eskalatzailearekin berba egiteko aukera izango dute bertara gerturatuko direnek
Gaur bertan arratsaldeko 19:30ean, Amaiur Peak 5760m ikus-entzunezkoa proiektatuko dute Zeberioko Hogarreko beheko solairuan.
Zenbait egunez Ladakh inguruan, Himalayako mendebaldean eta India, Pakistan eta Txinako mugatik gertu eskalatu ondoren, Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz orratz “arraro” baten igoera planteatzen hasi ziren. Esan zietenez, “orratzak ez zuen igoera posiblerik”.
Baina hala eta guztiz ere, tontorraren gailurrera heltzeko ideiari ekin zioten eskalatzaile biek eta hala egin zuten: egiten ari ziren proiektua alde batera utzi eta tontor hura helburu nagusi lez zehaztu zuten.
Material oso gutxirekin (60 m-ko 8 mm-ko soka bat, 6 izotz-torloju, 6 pitoi, friend- eta pitzadura-sorta oso bat eta 10 metroko zinta bat) 5.760 metroak igo zituzten, uste baino zailtasun gehiagorekin. Mendi hark ez zuen izenik eta Nafarroako gazteluaren izena jarri zioten.
Solasaldia eskalatzailearekin
Zeberioko proiekzioa amaitu ostean, Ekaitz Maiz eskalatzaileak aurkezpen bat egingo du ikus-entzunezkoaren inguruan eta behin ikusi ondoren, mahai bat antolatu dute egilearekin jendeak egin nahi dituen galderak edo jakin-minak azalduko lituzke.
Ekaitz Maiz 30 urte baino gehiagoko esperientziadun eskalatzaile, alpinista eta bide zabaltzailea da. Urte horietan zehar lorpen ugari eskuratu ditu kirolariak: 9a mailako hainbat bide uztartu eta neguko zein udako bia ugari zabaldu ditu, horma enblematikoetan. Gainera, 400 bide baino gehiago zabaldu ditu kirol-eskalarako.
Mendiko alderdi guztiak gustatzen zaizkio Ekaitzi, bereziki kirol eskalada, boulderra edo alpinismoa maite ditu. “Espezialitate bakoitzaren alderdi ona gustatzen zait. Hori bai, nire proiektu guztiak naturarekin lotuta egoteagatik eta jende gutxi ibiltzen den lekuetan garatzeagatik bereizten dira beti”, azaldu du kirolariak bere webgunean.
Aitaren eskutik
Hamabi urterekin hasi zen eskalatzen Maiz, aitaren eskutik, Txindokiren ertzean, eta ordutik ez da gelditu. Kirolean, 9a batzuk uztartu izan ditu, lehenengoa Begi Puntuan, Etxaurin eta baita 8bak ere, Karmatik hasita, Lezaian.
Era berean, blokean aurre egin dion erronka gogorrena 8B+ zailtasun mailako pareta izan da, Harribizi harribitxi proposamena. Horman, “Agur eta Ohore” bidea zabaldu zuen, eta El Pilar del Cantábrico edo Koldarren Infernua eskalatu ditu, besteak beste, 8a+ zailtasun mailakoa.