Sareak

☉ Zeberio

Galder Gobantes: “Sokatira errekonozimendu gehiago behar duen kirola dela uste dut”

Patuak sokari tira egitera bultzatu zuen Galder Gobantes zeberioztarra, eta lesio baten ondorioz sokari tira egiten ibili da munduko hainbat lekutan, bai kirolari moduan, bai antolatzaile lez.

|

Galder Gobantes zeberioztarra hirugarrena eskumatik // Argazkia: Utzitakoa

Geuria #078 alean argitaratutako elkarrizketa
Irakurri osorik PDFan

Irailaren 16tik 19ra Munduko Lurgaineko Sokatira Txapelketa antolatu zuten Getxoko Fadura instalazioetan eta bertan klub txapelketak  eta Nazioarteko Mundu Txapelketa jokatu ziren. 17 herrialdetako kirolariak izan genituen Fadurako berdeguneetan eta 39 taldek garaipena bilatu zuten sokari tira eginez. Kirolari horien guztien artean Galder Gobantes zeberioztarra egon zen (Zeberio, 1987), taldeen arteko txapelketan, 560kgko eta 640kgko modalitateetan eta nazioen arteko txapelketan 720kgtan. Galderrek lan bi burutu ditu Sokatira Mundialean: alde batetik kirolari bezala aritu da, eta bestetik, antolakuntza lanak egin ditu.

Ekitaldia bukatuta, Taldeen arteko txapelketan Gaztedi Ak lehenengo postua eta B taldeak hirugarren postua eskuratu ostean eta Nazioen arteko txapelketan Euskal Herriak laugarren postua eskuratu ondoren Galder Gobantesekin berba egitea lortu dugu. Arrigorriagako Sokarri taldean hasi zuen ibilbidea zeberioztarrak, eta Eskoziako BRCn eta Gipuzkoako Ibarran egon ostean gaur Erandioko Goiherrin dabil lehian.

Nolako balantzea egin dezakezu 2021eko Sokatira Mundiala buruz?
Egin dezakedan balantzea da ospatu ahal izan dugula. Oso zaila izan da Covid egoera dela eta txapelketa antolatzea, eta azkenean zuzenki egitea lortu dugu, beraz, oso balantze positiboa egin dezaket. Azken hilabeteetan nazioarteko bidaietan egon den malgutasunari esker, momentu batzuetan espero genuena baino parte hartzaile kopuru handiagoa izan du txapelketak.

Nolakoak izan dira iraileko bost egun horiek Faduran?
Covid garaian ospatutako txapelketa bat izan denez, ezberdina izan da. Alde batetik, nazio ezberdinetako kirolariak burbuila ezberdinetan egon dira eta ahal izan den neurrian burbuila horiek era isolatuan mantendu dira. Txapelketa guztia aurrera eraman ahal izan da Faduran eskaini zizkiguten instalazio guztiei esker. Bestalde, garai hauetan txapelketa egitearen beste ondorioetako bat ikusle eta sokatiralarien artean harremanik eza izan da.

Zer izango litzateke egun horietan ikusitakotik nabarmenduko zenukeena?
Gehien gustatu zaidana nazioarteko sokatiralariak bertan ikustea izan da, etortzeko aukera izan dutela, alegia. Momentu oro eskertu izan diet etortzeko egin duten esfortzua. Txapelketaren antolakuntzan eta txapelketan bertan sokatiralari moduan parte hartzeak bost egun horiek modu intentsuago batean bizitzera eraman nau. Alde batetik, txapelketa era egoki batean aurrera joateak, eta bestalde, kirol errendimendu bat eraman nahi izateak atsedenik ez izatera eraman nau.

Non ibili zara sokatiraren munduan, Galder?
2010ean Arrigorriagako Sokarri taldean hasi nintzenetik, Eskozian BRC taldean, Gipuzkoako Ibarra taldean eta Erandioko Goiherri taldean lehiatzen ibili naiz. Sokatira txapelketak direla eta, munduan zehar bidaiatzeko aukera izan dut: Eskozia, Ingalaterra, Irlanda, Herbereeak, Belgika, Suitza, Suedia, Txina eta Hego Afrika.

Lesio baten ondorioz hasi zinen sokari tiraka. Kasualitatea izan zen edo aldez aurretik gogoko zenuen kirol hau?
Denbora luzean errehabilitazio lanetan aritu eta gero, arazoak ematen zizkidan belaunak, baina sokatira egiteak ez zidan minik egiten. Kasualitatea izan zen sokari tiraka hastea. Sokatira munduan hasi nintzen Sokarriko sokatiralari batek eta biok komunean dugun lagun bati esker, nire belauneko errekuperazio lanetan ondoko herriko kiroldegian elkartu ginelako. Kirola probatzeko gonbidapena jaso nuen eta horri esker hasi nintzen.

Zergatik aukeratu zenuen sokatira eta ez beste edozein kirol?
Proba hori egin eta gero gustatzen hasi zitzaidan, eta halaxe izan da gaur egunera arte. Bina beste kirol batzuk praktikatzea ere gustatzen zait: bizikletan ibiltzea, eskiatzea, frontenisa, korrika egitea…

Nolakoak dira sokatiralari baten entrenamendu saioak?
Lehenik eta behin, indar eta erresistentzia lana egiten da, batez ere aurre denboraldian. Eta denboraldian zehar, hiru motatako entrenamendu saioak ditugu batez ere. Saio hauetan momentu oro soka erabiltzen da, batzuetan indarra lantzeko, beste batzuetan erresistentzia, eta azkenik, elkarren aurkako tiraldietan.

Zenbat denbora eskaintzen diozu sokatirari astean?
Denboraldiko momentuaren arabera denbora ezberdina eskaintzen diot sokatirari: gutxienez astean hiru egun, eta zenbait garaitan, egunero.

Nolako ekipamendua behar du sokatiralari batek lehiatu ahal izateko?
Lurgaineko sokatirari dagokionez, behar beharrezkoa den materiala ondorengoa da: arautegiak baimendutako botak eta gerrirako zinto bat. Ondoren, zure taldearen edo nazioaren arropa. Azkenik, eskuetan ematen dugun erretxina.

Aurten estresa aipatu dute atleta olinpikoek. Nolakoa da sokatiran pairatzen den estres maila?
Estres mailak taldeak izan ditzakeen helburuekin harremana izan dezake. Ondoren, urteetan izandako esperientziak estres maila hori hobeto kudeatzen lagun diezazuke.

Zer aurreikuspen dituzu ikasturte berrira begira?
Lurgaineko denboraldia bukatu eta gero, goma gaineko denboraldia dator Munduko Txapelketarekin Herbereetan, 2022ko otsailaren bukaeran. Seguru asko nazioarteko ordezkari bezala joango naiz. Lurgaineko denboraldiko atseden egunak eta gero, zein erronka nahi ditudan erabakiko dut.

Noiz izango dugu sokatira kirol olinpiko bezala?
Bidea luzea dago egiteke horretarako. Gaur egun errekonozimendu gehiago behar duen kirola dela uste dut, munduan zehar gero eta ikusle gehiago behar dituena, eta ondorioz, enpresen eta erakundeen finantzaketa handiagoa.

☉ Zeberio

Austarriko mendizale zeberioztarrak Nafarroako Urbasara abiatuko dira hilabete amaieran

Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 17an izango da

|

Urbasako basoak // Jon Goikouria Larrabeiti

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak asteburu osoko irteera prestatu du ekainaren 22an eta 23an Lizarra aldera, Nafarroara. Bidaia honen helburua Urbasa eta Lokiz mendikateetatik ibilaldia egitea da Lokiz (1.121mt) eta Azantza (1.085mt) bisitatuz.

Lokiz edo San Kosme Nafarroako mendebaldean dagoen mendia da, izen bereko mendilerroan eta Allingo udalerriaren barruan dagoena. Lehen ibilbidea Galdeanon hasi eta Lokizera helduko da. Ostean Ibirin eta Sartzaletatik igaroko dira mendizaleak. Guztira 12,5 kilometroko ibilaldia egingo dute 750 metroko desnibelekoa.

Bigarren egunean Azantzara abiatuko dira zeberioztarrak, Urbasako mendilerroko gailurrera hain zuzen ere. Mendilerroaren hegoaldeko muturrean kokatua dago, Lizarrarantz luzatzen den adarrean. Abartzuza eta Irantzu artean dago, Etxabarriko Haitzak izenez ere ezagutzen den paraje hau. Ibilbidea Irantzun hasiko dute, Azantzara igaroz (1.085mt). Hortik Abarzuzara jarraituko dute. 12 kilometro izango dira guztira, 525 metroko desnibelekoa.

Aukeran egongo dira Galdeano, San Kosme eta Artabia bisitatuko duen zein Irantzu, Peña del Sacristánetik igaroko diren ibilbideak egitea.

Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 17an izango da austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 zein 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko ermiten maketa-erakusketa egingo dute udaletxean

Txomin Bustinza Ibarrondo, Jose Mari Ruiz del Rio eta Alfonso Ruiz del Rioren maketak ekainaren 3tik 13ra ikusi ahalko dira Zeberioko udaletxean

|

Zeberiogana // Geuria

Ekainaren 3tik 13ra Zeberioko eraikinen maketa-erakusketa antolatu dute udaletxeko bigarren solairuan. Erakusketa honetan Zeberioko auzo ezberdinetako ermitak ikusteko aukera izango dute herritarrek: Etxasoko San Esteban, Argiñaoko san adrian, Uriondoko asentzio, Undurragako dan justo eta san pastor, Barañaoko San Anton, Urizargo San Bartolome eta Olabarrietako Santo Tomas.

Maketak Txomin Bustinza Ibarrondo, Jose Mari Ruiz del Rio eta Alfonso Ruiz del Riorenak dira. “Txomin zendu baino lehen etxeko tailerrean maketak ikusteko aukera izan genuen iazko Gabonetan”, azaldu dute erakusketako antolatzaileek. “Txomin berez galdakoztarra zen baina familia Zeberiokoa zen eta ondare horrekin udalerrian enfokatutako erakusketa egitea ideia polita izango litzatekeela pentsatu genuen”.

Olabarrietako Santo Tomas, Ermitabarrin // Geuria

Ideia proposatuta, Txominen familia Zeberioko Udalarekin harremanetan ipini zen eta printzipioz udalerriko ermiten bilduma ikusteko aukera izango dute herritarrek, Ruiz del Río anaien Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas parrokiarekin batera. “Txominek Zeberioko eraikin askoren maketak egin zituen bizitza zehar baina erakusketa, hasiera batean, ermiten ingurukoa izango da”.

Maketak astelehenetik barikura 10:00etatik 13:30ak arte eta 16:30etik 20:00ak arte ikusi ahal izango dira. Zapatu eta domeketan ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Lainoak ez ditu Austarriko zeberioztarrak geldiarazi Altzaniako mendilerroan, Araban

Lainoak ikuspegia mugatu bazien ere, eguraldia alde izan zuten mendizaleek Araban

|

Zeberioko mendizaleak / Austarri Mendi Taldea

“Oraingoan, hainbat tontor erraz ikusteko aukera ematen duen Altzaniako mendilerroan barrena ibiliko gara”, horrela azaldu zuten Austarri Mendi Taldeko arduradunek maiatzaren hasieran Altzaniako Mendilerrora egin behar zuten irteeraren asmoa, eta oroitzapen ederra bidali diote GEURIAri.

“Jendea oso pozik itzuli da maiatzeko irteeratik”, izan dira mendi taldeko ordezkarien berbak. “Aurreikusitakoa bete dugu eta lainoa dela-eta bista eskasak izan baditugu ere ez dugu euririk izan irteera osoan zehar”. Gutxienez tontorrean argazkia ateratzeko aukera izan zuten mendizaleek.

Ekaineko irteera asteburu osokoa da eta Nafarroara egingo dute hilaren 22an eta 23an, Lokiz eta Azantzako bazterrak bisitatzera.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko San Antonioek boloak eta Gazte Barri Dantza Taldea ekarriko dituzte Ermitabarrira

Ekainaren 13tik 16ra ospatuko dituzte aurtengo San Antonio jaiak Ermitabarri auzoan

|

Herritarrak, boloetara jokatzen // Geuria

Ekainaren 13tik 16ra (eguenetik domekara, biak barne) ospatuko dituzte aurtengo San Antonio jaiak Ermitabarri auzoan.

Urtero bezala, San Antonioak Iturripe Kultur elkartearen koordinazio-lanaren ondorioz antolatzen dituzte, Artesa okindegiaren eta Taberna Zaharraren laguntzarekin eta Zeberioko Udalaren babesarekin. Programa duela egun gutxi itxi egin zuten Kultur Elkartekoek eta aurreko urteetako estiloa mantenduko dute aurten ere. Dagoeneko, jaietan antolatu dituzten jarduera guztiak adin herritar guztiei zuzendu dizkiete egunez egun.

Jaiak ekainaren 13an hasiko dira, eguena. 12:30ean txupinazoa botako dute eta jarraian meza egingo dute ermitan. 13:30ean luntxa antolatu dute. Ekainaren 14an, barikua, pilota partidak jokatuko dituzte 18:30ean. 21:00etatik aurrera sardina jana eta DiskoFesta Sound saioa antolatu dute.

Ekainaren 15ean, zapatua, jaia eguerditik aurrera izango da: 12:00etan txikientzako puzgarriak eta tailerrak ipiniko dituzte eta 15:00etan herri bazkaria. Bazkalostean lehiaketen txanda izango da: txapel jaurtiketa, igel txapelketa eta bolo partidak egingo dituzte eta 19:30ean prestatutako herri meriendaren ostean gaueko txandako animazioa hasiko da: diskofesta saioa Nemuxekin, Etxebarria Aita-seme Trikitilariak eta txokolatada.

Ekainaren 16a, domeka, jaien azken eguna izango da, baina hala ere hainbat jarduera prestatu dituzte eguerditik bazkalordura arte: 12:00etan helduen eta umeen pato lasterketa antolatu dute. 13:00etan erakustaldia eskainiko du Gazte Berri Dantza Taldeak eta San Antonioei amaiera emateko herri kirolen ikuskizuna egingo dute 14:00etan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberiok 54.000 euro bideratuko ditu Zubialdeko frontoia konpontzeko

Zeberioko Udalak pilotalekuko lanak uda hasieran aurreikusi bazituen, tartean herriko jaiak izango dira eta ondorioz, frontoi barneko jarduerak ezin izango lirateke bertan burutu

|

Hezetasunak, Zubialdeko pilotalekuan // Geuria

Zeberioko Udalak Zubialdeko frontoia konpontzeko aurrekontua itxi egin du eta 54.000 euro bideratuko ditu hezetasun arazoei aurre egiteko. “Jarduketen artean margoketa, argitazpen eta bentilazio lanak egingo dituzte”, azaldu du Ekain Goti herriko alkateak eta lan horiek gremio ezberdinen artean egingo dituztela gehitu du.

Joan den urtarrilaren amaieran Gotik GEURIAri azaldu lez, Zubialde frontoian egin beharreko lanak udalerriko “aurtengo proiekturik garrantzitsuena” izango da eta momentu honetan lanei noiz ekingo dioten zalantzatan daude Udaleko teknikariak: “Obren hasiera uda aldean aurreikusi bagenituen ere, data zailak dira lanak abiarazteko, hainbat kontu adostu behar direlako eta batez ere jaiak gainean ditugulako eta frontoia jarduera batzuk egiteko erabiltzen dugulako”.

Lanak uda hasieran edo ostean, modu batean edo bestean, iraupena gutxienez hilabete batekoa izango dela aurreratu du Zeberioko alkateak eta tarte horretan pilotalekua itxita egongo dela jakinarazi du.

Metakrilatozko xaflak, frontoiko atean // Geuria

Hezetasuna, etsai nagusia

Urte hasieran GEURIAn iragarri bezalaxe, Arantza Perez Etxebarria Mandoia Pelota Klubeko presidenteak hezetasunak arazo kezkagarriak sortu dituela azaldu zuen: “Neguko egun euritsuetan bereziki arazoak izan ohi ditugu urarekin: hormetatik edo zorutik bertatik iragazi ohi da ura eta pilotalekuko zorua guztiz labangarri lotu ohi da”, azaldu zuen zeberioztarrak. Ondorioz, haurren entrenamendu saio ugari bertan behera utzi behar izan dituzte eguraldi txarra egiten duten egunetan, istripuak ekiditeko.

Arazoari irtenbidea emateko saiakera bat egon zen duela hilabete batzuk: “Metakrilatozko xafla bat ipini genuen, baina alferrik. Hezetasunak frontoi barrura sartzen jarraitzen zuen”, esan du Perezek. Hezetasunaren arazoez gainera eraikinaren irisgarritasun falta aipatu du Arantzak ere: “Gurpildun aulkietan doazen pertsonak ezin dira frontoira sartu gaur egun eta ondo legoke behar horietara egokitzea gure pilotalekua”.

Osorik irakurri