→Zeberio

Garazi (ikaslea): “Online bidezko klaseak emango dizkigute, irakasle bakoitzak dituen baliabideak erabiliz”

Milioi erdi inguru ikasle unibertsitario eskolarik gabe geratuko dira zenbait egunez. Horietako bat da Garazi Salazar zeberioarra. Egun Palentzian ari da erizaintza ikasten.

Erizaintzako lehen urtea ari da ikasten Garazi, Palentzian // Argazkia: G.S.

Koronabirusaren eraginez, martxoaren 16tik aurrera ikastetxeak eta unibertsitateak itxita daude Estatu osoan. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoaren 13an eman zuen berauek ixteko agindua Eusko Jaurlaritzak. Milioi erdi inguru ikasle unibertsitario eskolarik gabe geratuko dira zenbait egunez. Horietako bat da Garazi Salazar zeberioarra. Palentzian ari da erizaintza ikasten eta ostiraletik bere etxean da, Zeberion. Berarekin batera Euskadiko beste ikasle batzuk euren etxeetara itzuli ziren.

Palentzian ari zara erizaintza ikasten. Zelan bizi izan duzu koronabirusagatik alarma egoera etxetik kanpo?
Ba kontuan izanda etxetik kanpo nengoela nahiko zaila izan da, batez ere ezjakintasuna zela eta, ez nekien etxera bueltatzeko aukera izango nuenik, ezta etxekoak zein egoeratan zeuden ere.

Unibertsitatea itxiko zela jakinaraz zizueten?
Unibertsitateak esan zigun klaseak bertan behera geratuko zirela baina nahiko prozesu zaila izan zen, egun oso bat egon ginen erantzunaren zain, Uva (Valladolideko Unibertsitatea) osoa jarri behar zelako ados eta unibertsitatean galdetzean beraiek ere ez zuten ezer argi.

EAEn ostegunean jakinarazi zuten ikastetxeak eta unibertsitateak itxiko zituztela. Ostegunean bertan etxera itzultzea pentsatu zenuen?
Pentsatu bai, baina ezinezkoa zitzaidan. Izan ere, Palentzian klaseak bertan behera geratu arte ezin nintzen etxera bueltatu. Ostiralean derrigorrezko klaseak nituen eta bertara joan behar nuen halabeharrez.

Zein da hemendik aurrerako ikasketa plana?
Online bidezko klaseak emango dizkigute, irakasle bakoitzak dituen baliabideak erabiliz, hau da, audio bidez, bideo-deien bidez, edota apunteak plataformara igota eta zuk zure kabuz ikasiz eta zalantzak email bidez galdetuta. Hala ere, irakasle batzuk ez dira oraindik gurekin kontaktuan jarri beraz oraindik ez dugu guztia argi.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak