☉ Zeberio
Urkiaga Txikerra baserria okupatu du Zeberioko Gazte Asanbladak, Gaztetxe proiektua martxan jartzeko asmoz
Zeberioko Gazte Asanbladak Zubialde ondoan dagoen Urkiaga Txikerra baserria okupatu du, Gaztetxea bertan ezartzeko asmoz.

Zeberioko Gazte Asanbladak Zubialde ondoan dagoen Urkiaga Txikerra baserria okupatu du, Gaztetxea bertan ezartzeko asmoz. Asanbladaren laugarren urteurrenaren egun berean egin dute publiko okupazioa. Gazte mugimendutik diotenez, “baserriak urteak daramatza hutsik eta bere egoera ez da ona”. Auzolanean baserria biziberritzea eta herritar ororen eskura egongo den aske-gunea eraikitzea da Gazte Asanbladaren helburua. Zubialdetik Ermitabarrira bidean dago baserria, plazatik 10 minutura oinez.
ESPAZIO BERRI BAT
Asanbladak “herrian zein gizarte mailan nabarmenak diren hutsuneak betetzeko” jarri nahi du martxan Gaztetxea. Azaldu dutenez, herri mailan talde ezberdinak antolatzeko, kultur jardueretarako, aisialdirako, elkar zaintzan oinarritutako harremanak sustatzeko edota izaera kolektiboa berreskuratzeko baliatuko dute okupatutako gunea. “Saikerak egin dira orain arte halako gune bat plaza inguruan ezartzeko, baina ez dugu arrakastarik izan. Udalak lokal bat alokatzeko laguntza eskaini digu baina oso toki txikiak dira denak, abiatu nahi dugun proiektuaren tamaina kontuan edukita”. Momentuz ez dute kaleratze agindurik edo baserriaren jabearen abisurik jaso. Gazte Asanbladak kartelak itsatsi ditu Zubialdeko plazan okupazioaren berri emateko.
Udara honetan Urkiaga Txikerra baserria atontzea da gazteen asmoa eta ekimen ezberdinak ahal denik eta lasterren jarri nahi dituzte martxan. Auzolanerako deia egin dute lagundu nahi duen herritar ororentzat, egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Txukuntze lanekin bukatu bezain pronto, asanblada egingo dute egunero. Gaur, gainera, kantaldia antolatu dute batzar osterako, eta San Juan sua iganderako.
☉ Zeberio
#M28 | Zeberio | Boto joera: eutsi edo irauli
#M28 | Zeberio | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

Azken legegintzaldian herriko alkatea izan den Karlos Idirin izango da hirugarrenez EAJko hautagaia. EH Bilduk, ostera, hautagai berria aurkeztu du: Ekain Goti. Aurreko hauteskundeetan ehun botoko aldeagatik lortu zituzten alkatetza eta gehiengoa jeltzaleek. PSEk Beatriz Moreno aurkeztu du akategai bezala, baina aurreikuspenen arabera, eta aurreko legegintzaldietan gertatu bezala, ez du ordezkaritzarik irabaziko. Aurten PPk ez du ordezkaririk aurkeztu Zeberion.
☉ Zeberio
#M28 | Energia garbiak instalatzea, aparkalekuak sortzea eta “Aretoa” bukatzea proposatu du Zeberioko EAJk
10 ataleko hauteskunde-programa aurkeztu dute jeltzaleek. Besteak beste, energia berdeak eta mugikortasun jasangarria jarri dituzte erdigunean

Alkatetzan bi legegintzaldi egin ondoren, Zeberioko EAJk hirugarrenez hautatu du Karlos Idirin datozen udal hauteskundeetan zerrendaren buruan egoteko. “Lehen aldiko ilusio berarekin” aurkeztuko da jeltzalea bozetara. “Herria konpromiso zehatzetatik eta harreman zuzenetatik kudeatzea proposatzen dut” —dio Idirinek— “herri moduan aberasten gaituen sentsibilitatea eta auzo guztiak erdigunean jarriz”.
Helburu horrekin, EAJk 10 ildoko hauteskunde-programa prestatu du: berdintasuna; ingurumena; hirigintza; osasuna eta aisia; turismoa; gazteria; adinekoak eta familia; euskara eta kultura; ondarea eta memoria historikoa; eta komunikazio-gardentasuna kontuan hartuta. Azken legegintzaldian garatzen hasi diren hainbat proiektutan lanean jarraitzeko asmoa biltzen dute jeltzaleek planteatutako neurrietan.
Aretoa eta aparkalekuak
Aisiari lotuta, 2023-2027 legegintzaldian herrian hainbat kirol parke sortu nahi dituzte. Eta ildo beretik, erabilera anitzeko gunea sortzea ere proposatu dute: Aretoa. 200 pertsonarentzako lekua izango duela azaldu dute EAJtik, eta kontzertuak, hitzaldiak, zinema, antzerkia eta beste hainbat jarduera biltzeko balioko duela. Lau urte hauetan proiektua bukatu ez arren, lan guztia bideratuta dagoela azaldu dute: “Lokalaren kokalekua dagoeneko negoziatuta daukagu, eta, beraz, aurten bertan has gaitezke eraikinaren ekipamenduarekin lanean”.
Halaber, herrian aparkaleku gehiago sortzeko planekin ere aurrera jarraitu nahi dute. “Zubialdeko aparkalekuei dagokienez, gunea handitu ahal izateko lursailak erosteko lanean ari gara eta hemendik gutxira, laster, obrak hasiko direla esan dezakegu”. Horrela, autoak herriaren eremutik kanpora eramanda, plaza osoa oinezkoentzako gune bilakatzea ahalbidetu nahi dute.
Energia garbiak
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko elektrolindegiak instalatzeko proposamena egin du EAJk. Eta ingurumenari eta ohitura osasungarrien ildoari jarraituz, Taberna Zaharreko eraikinean eta apartamentu turistikoetan panel fotovoltaikoak jartzea eta ikastetxean eta apartamentu turistikoetan energia kalorifikoa ekoizteko aerotermia sistema instalatzea planteatu dute.
☉ Zeberio
Uriondoko jaiak larunbat honetan ospatuko dituzte Zeberion
13:15ean hasiko da meza, eta ostean, barauskarria egongo da

Uriondo auzoko jaiak maiatzaren 20an ospatuko dituzte. Larunbatean, 13:15ean hasiko da meza, eta ostean, barauskarria egongo da ermitan, hurbiltzen direnentako.
☉ Zeberio
#M28 | Erabilera anitzeko aretoa, gazteentzako etxebizitzak eta alokairu duinak nahi ditu Zeberioko EH Bilduk
8 lan-ildoko hauteskunde-programa prestatu du koalizio ezkertiarrak. Prozesu parte hartzaileak izan dira esku hartzeak erabakitzeko bidea

EH Bilduk hautagai zerrenda berrituarekin egingo die aurre maiatzaren 28ko udal hauteskundeei. Ekain Goti alkategaiarekin eta beste 13 kideko taldearekin, demokrazia parte hartzailean oinarritutako programa aurkeztu dute, udala “herritar guztien etxea” bihurtu dadin: “Zeberioztarrek herriko arazo guztietan parte hartzea bultzatuko dugu, herritar modura edota talde gisa antolatuta”.
Horretarako, bizilagunekin adostutako “zaku bete proposamen” prestatu ditu koalizio ezkertiarrak datorren legegintzaldirako. Aurrera eramango dituzten proiektuak zortzi ardatzen bueltan antolatu dituzte: demokrazia eta parte hartzea; alokairu duinera bideratutako etxebizitzak berreskuratzea; indarkeriaren eta diskriminazioaren aurka egitea; herriko mugikortasuna; euskara; basogintza eredu berria; ekoizpen lokala; eta “Zeberioztarrak”, kultura eta gizarte ekintzak bultzatzeko esku hartzeak.
Areto berria
Azken horri lotuta, EH Bilduren proiektu nagusia herrian erabilera anitzeko espazio bat sortzea izango da. Udaletxeko bigarren solairuan dagoen aretoan liburutegia jartzeaz gain, bestelako jarduera batzuk har ditzakeen gunea martxan jarri nahi dute, “beharrezko erosotasuna, isiltasuna eta lasaitasuna” izango duen ikasgela bat eta hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta abar antolatzeko lekua. Guztia “Zeberioko bizitza kulturala garatu eta suspertzeko”.
Halaber, herriko gazteak erdigunean jartzeko proposamenak ere lehenetsi dituzte EH Bildutik. Aurrekontu parte hartzaileetan bizilagunek proposatutakoaren harira, gazteak herrian bizi ahal izateko alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua handitu nahi dute. Era berean, hutsik dauden etxebizitzak berreskuratzeko asmoa ere erakutsi dute, bizileku gabeziari eta ondare kulturalaren galerari batera aurre egiteko.
Herriko garraioa
Mugikortasunari lotuta, berriz, hainbat esku hartze proposatu ditu EH Bilduk. Mendiko eta auzoen arteko bide publikoak berreskuratzea, bidegorriaren proiektua garatzea, eskolatik plazara doan bidea hobetzea eta garraio publikoaren gabeziei erantzuna ematea daude lehentasunen artean. Azken horri lotuta (nahiz eta gaia udalaren eskumenekoa ez izan), instituzioekin lankidetzan jardungo dutela adierazi dute koaliziotik, “Arteara era Ugaora doan zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko eta bide alternatibo gehiago ezartzea bultzatzeko”.
☉ Zeberio
Ermitabarriko bolatokia eta labea eraberritzeko plana martxan dago
2023ko aurrekontuetako beste inbertsio batzuk dira Elorrebieta eta Solatxi auzoetako bideak berrasfaltatzea eta Tellerin komun publikoak jartzea

2023ko aurrekontua 1,7 milioi eurokoa izango da Zeberion. Otsailean aurrera atera zen proposamenean, zenbateko horretatik 261.000 euro inguru inbertsioetara bideratzea onartu zuten, eta orain, esku hartzeetako hainbat zehaztu dituzte. Elorrebieta eta Solatxi auzoetako bideak berrasfaltatzea, Tellerin komun publikoak jartzea eta Ermitabarriko bolatokia eta labea eraberritzea dira batzuk.
“Zeberion boloetara jokatzen duen jendea dago, baina herriko bolatokia erabilgarri ez dagoenez, beste talde batzuetan lehiatzen ari dira”, azaldu du Karlos Idirin alkateak. Ermitabarriko gunea berriro erabilgarri egoteko, bi kanaletako pista eta teilatua konponduko dituzte. Foru Aldunditik obrarako lizentzia jaso eta gero, goiko aldea eraberrituko dute: “Zorua, berriz, auzolanean konponduko dugu, bolatokiak nolakoak diren dakien teknikari baten laguntzarekin”. Horretarako, 26.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute.
Halaber, bolatokiaren parean dagoen labea ere birgaituko dute, “ez sua egiteko, baina bai panel interpretatiboekin, jendeak zertarako balio zuen eta nola erabiltzen zen ikusteko”. Egun, labearen sabaia erorita dago, eta labea bera egoera nahiko onean dagoen arren, guztiz birgaituko dute. “Baserrietan oraindik badaude labeak, baina hain balio historiko handia duen elementu bat kanpoan izatea aprobetxatu behar dugu”, azaldu du alkateak. Guztira 9.000 euroren bueltako aurrekontua aurreikusi dute esku hartzerako.
Obra gehiago
Bestalde, ondare historikoa berreskuratzeaz gain, 2023ko zenbatekoak biltzen dituen inbertsioetako asko auzo bideen birgaitzera bideratuta daude; hala, Elorrebieta eta Solatxi auzoetako asfaltatze lanetarako gorde dituzte 50.000 euro inguru. Eta Ura Uraren Euskal Agentziak baimena eman ondoren, Tellerin komun publikoak instalatzeko obrarekin hasi nahi dute. 20.000 euroko aurrekontua egongo da jarduketa burutzeko.
Iazko partidarekin ere hainbat obra egin dituzte herrian azken hileotan: Sautuolabarrin gimnasia egiteko makinak eta umeentzako jolasak jarri dituzte (10.000 euro inguru) eta baita espaloiak garbitu eta lirdingaren kontrako tratamendua eman ere; ez labaintzeko tratamendua jarri diote udaletxearen atzeko aterpeari; eta Ermitabarriko hariztian Zeberioko historiari buruzko panelak ezarri dituzte.
Ildo beretik, duela bi urte Ugarte parean berreskuratu zuten Galtzada Errealaren zatiari babesteko estalkia jarri diote. Herritarrek bisitatzeko ikusgai egon ondoren, plastikozko babesgarria jarri diote eta gainetik hare gorria bota, euriak eta kanpoko elementuek eragin ez diezaioten. 30 metroko ibilbidean zehar luzatu dute estalkia.