→Zeberio

‘Zeberio Harana’ mendi martxak 80 partaide baino gehiago bilduko ditu

Izena emateko epea irailaren 12ra arte egon da zabalik, baina lasterketa hasi baino lehen ere egin ahalko da inskripzioa bihar goizean

2018ko 'Zeberio Harana' mendi martxa // Austarri Mendi Taldea

Austarri Mendi Taldeak antolatuta, larunbat honetan, irailaren 17an, egingo dute ‘Zeberio Harana’ mendi martxa. Parte hartzaileek ibilbide luzea eta laburra izango dituzte aukeran: lehenengoak 43 kilometro ditu, 2.400 metroko desnibela eta 11 ordutan burutu daiteke; txikiak, berriz, 24 kilometroko luzera dauka, 1.300 metroko desnibela eta aurreikusten da sei ordu inguruan egin daitekeela.

Irteera Zeberioko Zubialde plazatik egingo da larunbatean. Ibilbide luzea 07:00etan hasiko da, baina korrikalariek 06:00-06:30 artean egon beharko dute elkartzeko puntuan. Ibilbide laburra egiteko, 08:00-08:30 bitartean hurbildu beharko dira parte hartzaileak, martxa 09:00etan hasi baino lehen.

Ibilbide luzea baliagarria izango da Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko sailkapenerako. Martxa Piku Bikotx (616m), Garaigorta (662m), Aibelabe (638m), Arrugaeta (669m), Untzueta (770m), Artanda (550m), Upo (573) eta Tontorranditik (522m) igaroko da Mandoia eta Argiñaoko Atxara igo baino lehen.

Ibilbide laburra Mintegitik (272m) pasatuko da Upora heldu baino lehen, eta hortik, San Segismundo (407m), Tontorrandi eta Mandoia zeharkatuko ditu. Argiñaoko Atxa igaro eta Zeberion bukatuko dira bi lasterketak.

Martxan zehar jan-edana egongo da kontrol puntuetan: hiru edo bost gune egongo dira ibilbidearen luzeraren arabera. Bukaeran, dutxa zerbitzua ere eskainiko da, eta parte hartzaile guztiek oparia jasoko dute.

Izen-ematea

Inskripzioak aldez aurretik eta online egiteko epea irailaren 12an itxi da, eta 80 parte hartzaile baino gehiagok eman dute izena. Lasterketara joan, baina oraindik inskripziorik egin ez dutenek, ibilbidea hasi baino lehen egin ahalko dute bihar goizean: federatuentzako, 15 eurokoa da izen-ematea, eta ez federatuentzako, 18koa. Gehienez, 400 pertsonarentzako dortsalak banatuko dira lasterketa egunean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak