Sareak

☉ Zeberio

‘Zeberio Harana’ mendi martxak 43 eta 24 kilometroko bi ibilbide izango ditu

Austarri Mendi Klubak antolatuta, irailaren 17an egingo dute Zeberio Harana mendi martxa. Izena emateko epea irailaren 12ra arte egongo da zabalik Zirkuitua webgunean.

|

Upo mendia Zaratamotik // Geuria

Austarri Mendi Taldeak antolatuta, irailaren 17an egingo dute ‘Zeberio Harana’ mendi martxa. Parte hartzaileek ibilbide luzea eta laburra izango dituzte aukeran: lehenengoak 43 kilometro ditu, 2.400 metroko desnibela eta 11 ordutan burutu daiteke; txikiak, berriz, 24 kilometroko luzera dauka, 1.300 metroko desnibela eta aurreikusten da sei ordu inguruan egin daitekeela.

Irteera Zeberioko Zubialde plazatik egingo da larunbatean. Ibilbide luzea 07:00etan hasiko da, baina korrikalariek 06:00-06:30 artean egon beharko dute elkartzeko puntuan. Ibilbide laburra egiteko, 08:00-08:30 bitartean hurbildu beharko dira parte hartzaileak, martxa 09:00etan hasi baino lehen.

Ibilbide luzea baliagarria izango da Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko sailkapenerako. Martxa Piku Bikotx (616m), Garaigorta (662m), Aibelabe (638m), Arrugaeta (669m), Untzueta (770m), Artanda (550m), Upo (573) eta Tontorranditik (522m) igaroko da Mandoia eta Argiñaoko Atxara igo baino lehen.

Ibilbide laburra Mintegitik (272m) pasatuko da Upora heldu baino lehen, eta hortik, San Segismundo (407m), Tontorrandi eta Mandoia zeharkatuko ditu. Argiñaoko Atxa igaro eta Zeberion bukatuko dira bi lasterketak.

Martxan zehar jan-edana egongo da kontrol puntuetan: hiru edo bost gune egongo dira ibilbidearen luzeraren arabera. Bukaeran, dutxa zerbitzua ere eskainiko da, eta parte hartzaile guztiek oparia jasoko dute.

Izen-ematea

‘Zeberio Harana’ mendi lasterketan izena emateko epea irailaren 12ra arte egongo da zabalik Zirkuitua webgunean. Inskripzioa aldez aurretik eginez gero, 12 eurokoa izango da federatuentzako, eta lasterketa egunean egiten bada, 15ekoa. Ez federatuentzako, 15ekoa izango da, aldez aurretik eginda, eta 18koa, martxaren egunean bertan. Gehienez, 400 pertsonarentzako dortsalak banatuko dira.

☉ Zeberio

Austarriko mendizale zeberioztarrak Nafarroako Urbasara abiatuko dira hilabete amaieran

Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 17an izango da

|

Urbasako basoak // Jon Goikouria Larrabeiti

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak asteburu osoko irteera prestatu du ekainaren 22an eta 23an Lizarra aldera, Nafarroara. Bidaia honen helburua Urbasa eta Lokiz mendikateetatik ibilaldia egitea da Lokiz (1.121mt) eta Azantza (1.085mt) bisitatuz.

Lokiz edo San Kosme Nafarroako mendebaldean dagoen mendia da, izen bereko mendilerroan eta Allingo udalerriaren barruan dagoena. Lehen ibilbidea Galdeanon hasi eta Lokizera helduko da. Ostean Ibirin eta Sartzaletatik igaroko dira mendizaleak. Guztira 12,5 kilometroko ibilaldia egingo dute 750 metroko desnibelekoa.

Bigarren egunean Azantzara abiatuko dira zeberioztarrak, Urbasako mendilerroko gailurrera hain zuzen ere. Mendilerroaren hegoaldeko muturrean kokatua dago, Lizarrarantz luzatzen den adarrean. Abartzuza eta Irantzu artean dago, Etxabarriko Haitzak izenez ere ezagutzen den paraje hau. Ibilbidea Irantzun hasiko dute, Azantzara igaroz (1.085mt). Hortik Abarzuzara jarraituko dute. 12 kilometro izango dira guztira, 525 metroko desnibelekoa.

Aukeran egongo dira Galdeano, San Kosme eta Artabia bisitatuko duen zein Irantzu, Peña del Sacristánetik igaroko diren ibilbideak egitea.

Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 17an izango da austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 zein 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko ermiten maketa-erakusketa egingo dute udaletxean

Txomin Bustinza Ibarrondo, Jose Mari Ruiz del Rio eta Alfonso Ruiz del Rioren maketak ekainaren 3tik 13ra ikusi ahalko dira Zeberioko udaletxean

|

Zeberiogana // Geuria

Ekainaren 3tik 13ra Zeberioko eraikinen maketa-erakusketa antolatu dute udaletxeko bigarren solairuan. Erakusketa honetan Zeberioko auzo ezberdinetako ermitak ikusteko aukera izango dute herritarrek: Etxasoko San Esteban, Argiñaoko san adrian, Uriondoko asentzio, Undurragako dan justo eta san pastor, Barañaoko San Anton, Urizargo San Bartolome eta Olabarrietako Santo Tomas.

Maketak Txomin Bustinza Ibarrondo, Jose Mari Ruiz del Rio eta Alfonso Ruiz del Riorenak dira. “Txomin zendu baino lehen etxeko tailerrean maketak ikusteko aukera izan genuen iazko Gabonetan”, azaldu dute erakusketako antolatzaileek. “Txomin berez galdakoztarra zen baina familia Zeberiokoa zen eta ondare horrekin udalerrian enfokatutako erakusketa egitea ideia polita izango litzatekeela pentsatu genuen”.

Olabarrietako Santo Tomas, Ermitabarrin // Geuria

Ideia proposatuta, Txominen familia Zeberioko Udalarekin harremanetan ipini zen eta printzipioz udalerriko ermiten bilduma ikusteko aukera izango dute herritarrek, Ruiz del Río anaien Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas parrokiarekin batera. “Txominek Zeberioko eraikin askoren maketak egin zituen bizitza zehar baina erakusketa, hasiera batean, ermiten ingurukoa izango da”.

Maketak astelehenetik barikura 10:00etatik 13:30ak arte eta 16:30etik 20:00ak arte ikusi ahal izango dira. Zapatu eta domeketan ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Lainoak ez ditu Austarriko zeberioztarrak geldiarazi Altzaniako mendilerroan, Araban

Lainoak ikuspegia mugatu bazien ere, eguraldia alde izan zuten mendizaleek Araban

|

Zeberioko mendizaleak / Austarri Mendi Taldea

“Oraingoan, hainbat tontor erraz ikusteko aukera ematen duen Altzaniako mendilerroan barrena ibiliko gara”, horrela azaldu zuten Austarri Mendi Taldeko arduradunek maiatzaren hasieran Altzaniako Mendilerrora egin behar zuten irteeraren asmoa, eta oroitzapen ederra bidali diote GEURIAri.

“Jendea oso pozik itzuli da maiatzeko irteeratik”, izan dira mendi taldeko ordezkarien berbak. “Aurreikusitakoa bete dugu eta lainoa dela-eta bista eskasak izan baditugu ere ez dugu euririk izan irteera osoan zehar”. Gutxienez tontorrean argazkia ateratzeko aukera izan zuten mendizaleek.

Ekaineko irteera asteburu osokoa da eta Nafarroara egingo dute hilaren 22an eta 23an, Lokiz eta Azantzako bazterrak bisitatzera.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko San Antonioek boloak eta Gazte Barri Dantza Taldea ekarriko dituzte Ermitabarrira

Ekainaren 13tik 16ra ospatuko dituzte aurtengo San Antonio jaiak Ermitabarri auzoan

|

Herritarrak, boloetara jokatzen // Geuria

Ekainaren 13tik 16ra (eguenetik domekara, biak barne) ospatuko dituzte aurtengo San Antonio jaiak Ermitabarri auzoan.

Urtero bezala, San Antonioak Iturripe Kultur elkartearen koordinazio-lanaren ondorioz antolatzen dituzte, Artesa okindegiaren eta Taberna Zaharraren laguntzarekin eta Zeberioko Udalaren babesarekin. Programa duela egun gutxi itxi egin zuten Kultur Elkartekoek eta aurreko urteetako estiloa mantenduko dute aurten ere. Dagoeneko, jaietan antolatu dituzten jarduera guztiak adin herritar guztiei zuzendu dizkiete egunez egun.

Jaiak ekainaren 13an hasiko dira, eguena. 12:30ean txupinazoa botako dute eta jarraian meza egingo dute ermitan. 13:30ean luntxa antolatu dute. Ekainaren 14an, barikua, pilota partidak jokatuko dituzte 18:30ean. 21:00etatik aurrera sardina jana eta DiskoFesta Sound saioa antolatu dute.

Ekainaren 15ean, zapatua, jaia eguerditik aurrera izango da: 12:00etan txikientzako puzgarriak eta tailerrak ipiniko dituzte eta 15:00etan herri bazkaria. Bazkalostean lehiaketen txanda izango da: txapel jaurtiketa, igel txapelketa eta bolo partidak egingo dituzte eta 19:30ean prestatutako herri meriendaren ostean gaueko txandako animazioa hasiko da: diskofesta saioa Nemuxekin, Etxebarria Aita-seme Trikitilariak eta txokolatada.

Ekainaren 16a, domeka, jaien azken eguna izango da, baina hala ere hainbat jarduera prestatu dituzte eguerditik bazkalordura arte: 12:00etan helduen eta umeen pato lasterketa antolatu dute. 13:00etan erakustaldia eskainiko du Gazte Berri Dantza Taldeak eta San Antonioei amaiera emateko herri kirolen ikuskizuna egingo dute 14:00etan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberiok 54.000 euro bideratuko ditu Zubialdeko frontoia konpontzeko

Zeberioko Udalak pilotalekuko lanak uda hasieran aurreikusi bazituen, tartean herriko jaiak izango dira eta ondorioz, frontoi barneko jarduerak ezin izango lirateke bertan burutu

|

Hezetasunak, Zubialdeko pilotalekuan // Geuria

Zeberioko Udalak Zubialdeko frontoia konpontzeko aurrekontua itxi egin du eta 54.000 euro bideratuko ditu hezetasun arazoei aurre egiteko. “Jarduketen artean margoketa, argitazpen eta bentilazio lanak egingo dituzte”, azaldu du Ekain Goti herriko alkateak eta lan horiek gremio ezberdinen artean egingo dituztela gehitu du.

Joan den urtarrilaren amaieran Gotik GEURIAri azaldu lez, Zubialde frontoian egin beharreko lanak udalerriko “aurtengo proiekturik garrantzitsuena” izango da eta momentu honetan lanei noiz ekingo dioten zalantzatan daude Udaleko teknikariak: “Obren hasiera uda aldean aurreikusi bagenituen ere, data zailak dira lanak abiarazteko, hainbat kontu adostu behar direlako eta batez ere jaiak gainean ditugulako eta frontoia jarduera batzuk egiteko erabiltzen dugulako”.

Lanak uda hasieran edo ostean, modu batean edo bestean, iraupena gutxienez hilabete batekoa izango dela aurreratu du Zeberioko alkateak eta tarte horretan pilotalekua itxita egongo dela jakinarazi du.

Metakrilatozko xaflak, frontoiko atean // Geuria

Hezetasuna, etsai nagusia

Urte hasieran GEURIAn iragarri bezalaxe, Arantza Perez Etxebarria Mandoia Pelota Klubeko presidenteak hezetasunak arazo kezkagarriak sortu dituela azaldu zuen: “Neguko egun euritsuetan bereziki arazoak izan ohi ditugu urarekin: hormetatik edo zorutik bertatik iragazi ohi da ura eta pilotalekuko zorua guztiz labangarri lotu ohi da”, azaldu zuen zeberioztarrak. Ondorioz, haurren entrenamendu saio ugari bertan behera utzi behar izan dituzte eguraldi txarra egiten duten egunetan, istripuak ekiditeko.

Arazoari irtenbidea emateko saiakera bat egon zen duela hilabete batzuk: “Metakrilatozko xafla bat ipini genuen, baina alferrik. Hezetasunak frontoi barrura sartzen jarraitzen zuen”, esan du Perezek. Hezetasunaren arazoez gainera eraikinaren irisgarritasun falta aipatu du Arantzak ere: “Gurpildun aulkietan doazen pertsonak ezin dira frontoira sartu gaur egun eta ondo legoke behar horietara egokitzea gure pilotalekua”.

Osorik irakurri