→Zeberio

‘Zeberio Harana’ mendi martxan 106 kirolarik hartu dute parte

60 pertsonak hartu dute parte ibilbide luzean eta 46k lasterketa laburrean. Bataz besteko balorazioa 8 ingurukoa izan da, baina baude 9ko eta 10eko nota jarri duten kirolariak ere.

2022ko 'Zeberio Harana' mendi martxa // Austarri Mendi Taldea

Austarri Mendi Taldeak larunbatean antolatutako ‘Zeberio Harana’ lasterketak 106 lagun bildu ditu: 60 pertsonak hartu dute parte 43 kilometroko ibilbidean eta 46 kirolarik, martxa laburrean (24 kilometrokoa). Ostiral goizerako, 80 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena online; baina larunbat goizean, 116 kirolarik zeukaten inskripzioa eginda, azkenean, guztiak agertu ez baziren ere.

Jesus Zubiaur Austarri Mendi Taldeko kidea eta lasterketaren antolatzaileetako bat pozik agertu da aurtengo edizioak izandako arrakastarekin: “Zirkuituan izena emateko lekuan, aukera dago lasterketaren balorazioa egiteko, eta parte hartzaileek, bataz bestean, 8ko nota eman digute” —azaldu du — “Halere, badaude 9 edo 10 jarri diguten asko ere”. Kirolari horietako hainbatek “errepikatu” egin dute lasterketa, aurreko urteetako edizioetan ere hartu baitute parte; gainera, 2022ko lasterketara jende berri asko hurbildu da, Gipuzkoatik eta Iparraldetik etorritako zenbait.

Ibilbide laburra

‘Zeberio Harana’ 2018ko maiatzean egin zuten azkenekoz, pandemiaren geldiadia baino lehen, eta orduan 156 lagunek eman zuten izena. Aurten, lasterketaren data irailera aldatu behar izan dute, beste mendi martxa garrantzitsuekin bat ez egiteko, baina azkenean, Areatzako IX. Mendi Martxa egun berean antolatu da, eta dezentek eman dute bertan izena.

Dena den, parte hartzaileen kopurua (eta haien balorazioak) mantentzea lortu dute antolatzaileek. Kirolari profesional askok “entrenamentu” gisa erabiltzen dute Zeberioko martxa, batez ere, ibilbide luzea, baina aurten, jende gehiago erakarri dute, lasterketa laburra antolatu baitute lehen aldiz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak