☉ Zeberio
Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia ikastaroak iragarri ditu Zeberiok
Kirol-ikastaroetan izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute
Ikasturte berriaren hasierarekin, Zeberioko Udalak herrian eskainiko dituen kirol-ikastaroen eskaintza iragarri berri du. Hiru jarduera izango dira guztira: Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia eta hirurak, urtero lez, eskola zaharrean eskainiko dituzte.
Jarduerak, momentuz, astearte eta ostegunetan programatu dituzte. Urritik aurrerako datak zehazteke daude oraindik:
17:00 – 17:55 Mantentze gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze gimnasia
Izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute (amaiera ordua 14:00ak izango dira). Parte-hartzeko telefono zenbakia 946 481 079 da.
☉ Zeberio
Kontakizunak, hitzaldiak eta ikastaroak prestatu dituzte A25ean, Zeberion
Azaroaren 25etik 29ra jarduera bat prestatu dute egun bakoitzeko Zeberioko Udalak moldatu berri duen Hogarreko beheko solairuan
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren haritik jardueraz betetako astea antolatu dute aurten Zeberion, eta beraz egunez egun, azaroaren 25etik 29ra jarduera bat prestatu dute egun bakoitzeko Zeberioko Udalak moldatu berri duen Hogarreko beheko solairuan.
Azaroaren 25ean Kontakizun interaktiboa prestatu du Zeberioko Udalak. Hilaren 26an Indarkeria eta genero mitoak solasaldia prestatu dute, 27an autodefentsa tailerra, 28an familiaren genero rolak eta 29an A25aren inguruko hitzaldia.
☉ Zeberio
Bentilazio eta argiteria sistema ezarri dituzte Zeberioko Zubialdeko frontoian
Ezarri berri duten sistema honetan berogailua jartzeko aukera dagoela azaldu diote langileek GEURIAri
Zubialde pilotalekuko lanak aurrera doaz. Fase ezberdinetan gauzatzen ari dira lanak: Joan den urriaren 21ean Zeberioko frontoiko ateak itxi zituen Udalak bertako hezetasun arazoei behin betiko konponbidea emateko helburuarekin.
Jarraian LED sistemara aldatu dituzte argiak, efizientzia energetikoa helburu, eta bentilazio sistema ipini dute eraikinaren goiko aldean: “Sistema honen bidez hezetasuna ez da frontoiko barnealdean geratuko”, azaldu diote langileek GEURIAri. “Gainera, ezarri berri den sistema honetan berogailua jartzeko aukera dago, hotz handia egin izanez gero”.
Eman beharreko hurrengo urratsa pilotalekuko hormak saneatzea da: hormak zulatu, estali eta konpondutako zatiak margotzea da. Hori dela eta frontoia Gabonetako oporrak arte itxita egongo dela aurreikusi du Udalak. Lan hauetarako 65.000 euroko inbertsioa egin dute guztira, eta espero dute etorkizunera begira ez direla arazo berberak errepikatuko.
☉ Zeberio
Antzerki saioak eta ‘Bidasoa’ dokumentalaren proiekzioa antolatu dituzte Zeberioko Abendu Kulturalean
Azaroaren 15etik urte amaierara arte jarduera ugari prestatu ditu Zeberioko Udalak Hogarrean
Azaroaren 15etik aurrera Abendu Kulturalari hasiera emango dio Zeberioko Udalak. Aurten jarduera ugari antolatu dituzte Gabonak arte. Hilaren 15ean bertan (ostirala) Fermin Muguruzaren ‘Bidasoa’ dokumentala proiektatuko dute Hogarraren beheko solairuan: 2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.
Azaroaren 22an ‘Klimaterioa’ antzezlana antolatu dute: “Zer gertatzen da emakumearen bizitzan klimaterioan sartu eta menopausia ate joka dagoenean? Nola sentitzen dira? Alboan dutena akabatzeko moduan daude. Suminkortasunez beteta abanikoen erreginak bilakatzen dira. Eraldaketa prozesu honek bestelakoak ere ematen ditu.” Klimaterioak klimaxera iristeko autopista bilatzen ari denean klimaterioarekin topo egiten duen emakumearen ibilerak kontatuko ditu, bakarrizketa eta bertsoak uztartuz elkarrizketara bidea egiteko. Klimaterioa Ugaoko Jane jauregian ikusi ahalko dute herritarrek azaroaren 15ean.
Hilaren 29an ‘Kaiting in the Night’ bakarrizketaren txanda izango da. Ikuskizun honek Kaitin Allende Zaldunbide kazetariaren bizitza ekarriko du oholtzara (Klimaterioko zuzendaria): lanak eman dizkion esperientziak, amatasunaren abenturak eta baita gaur egun zaintzak bere bizitzan duen garrantziaz, egun hauetan ama zaindu egiten duelako.
Abenduaren lehenean ‘Tio Teoren Semeak’ dantzaldi teatralizatua prestatu dute: hainbat jatorritako dantzariak talde bat sortzeko bildu dira eta gauza bi dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Estilo desberdinak nahastuko dituzte ondo pasatzeko helburu bakarrarekin.
Abenduaren 13an ‘LGTBIQ+ Harremanak landu landa eremuan’ gaia ardatz modura hartuta bertso saioa egingo dute.
Hortik aurrera Gabonetako programazioarekin bat egingo du Abendu Kulturalak. Horiek horrela, hilaren 24an Olentzerori harrera egingo diote urtero lez, Ermitabarritik Zubialderako ibilbidea egin ostean. Hilaren 26an ‘Ai Gure Juaneteak!’ antzezlana ekarriko dute Hogarrera. Ikuspegi eszeniko hibridoa da. Letraz eta musikaz osatua. Taula gainean aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore. Hitzaren eremua aktorearena da, esatariarena. Baina aktorea musikari ere bihurtzen da tarteka. Testua Laboaren abesti batzuen letren berrinterpretazio oso bat da, gaur egungo ikuspuntutik. ‘Hegazti errariak’, ‘Izarren hautsa’, «Bedeinkatua’, ‘Negu Hurbila’, ‘Lili bat’, ‘Oi Pello Pello’, ‘Haika Mutil’, ‘Baga biga higa’, ‘Ihes beteta’…
Abendu Kulturalari amaiera emateko Tontorrandira igoera antolatu dute hilaren 31n Austarri Mendi Taldekoek.
☉ Zeberio
Santigituak: galtzear den herri jakinduriaren azken oinordeko irribarretsua Zeberion
Orkatilan bihurrituak sendatu ditu hamarkada luzez Felisin Eguskizak, «musu-truk, noski», eta Euskal Herri zein estatuko dozenaka lagun pasatu dira bere eskuetatik
Harritu antzean hartu gaitu bere etxeko atarian Felisin Eguskiza Eguskizak (Zeberio, 1942). 82 urte ditu emakume zeberioztarrak, egun bizi den etxean jaiotakoa da, Olatxu auzoan, eta GEURIAren bisitak halako urduritasun jostari bat eragin dio: “Ez dakit oso ondo zer azaldu”.
Mikel Urkixori zuzendutako hitzak dira, erreportaje honetan bidelagun izan dugun zeberioztarrari. Urkixo bere auzokidea da, lau hamarkada gazteagoa, eta Felisinen sekretua ezagutzen du: “Orkatiletako bihurrituak sendatzen ditu”. Zalantzarik balego, zera gaineratu du: “Hau ez da inork kontatua, nireak birritan gutxienez sendatu ditu, baita nire lagunenak ere”.
Sekretu horren zergatiaz galdetuta, Eguskizak marketinik gabeko erantzun labur bezain grafikoa eman digu, bere hatz lodia erakutsiz: “hau”. Gorantz kiribildua du, zerurantz okertuta, eta genetikaren berezitasun horretan omen datza bere lanaren gakoa: “Nire amak ere horrela zuen hatz lodia, eta berak erakutsi zidan dakidan guztia”.
Liburu bat dakar esku artean Eguskizak, Gorka Menendez Bacetaren ‘Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak’ izenekoa. Eskualdeko herri medikuntza eta jakituria etnobotanikoa aztertzen ditu bere orrialdeetan, eta Felisin liburuko protagonistetako bat da.
Bertan Santigituak zelan egiten diren azaltzen du, hori baita Arratia eta Zeberio aldean ematen zaien izena (zaintiratua beste leku batzuetan). Erritual bat da santigitua, eta egiten dena bezain garrantzitsua da zelan egiten den.
Mendeetako jakinduria pilatzen da Eguskizaren eskuetan haria, orratza, galtzerdia, olioa eta sendabelarrak (txikoria-belarra) hartzen dituenean: lehenik eta behin olioa berotu behar da, “ez da beharrezkoa olibazkoa izatea, oso garesti dago eta” zehaztu du Eguskizak barrez lehertzear. Behin epelduta, ukendua eta sendabelarrak orkatilan zehar igurtzi, “zaina beti beherantz” zehaztu digu Felisak, haria orratzean sartu, galtzerdiarekin orkatila kolpatu, eta hurrengo otoitzarekin bukatzen da errituala: “Sana tiritu, sana urratu, sana bere lekuan sartu”.
Orkatila oker eta Zeberio ezagutu
Ez daki zehazten, baina dozenaka, ehunka pertsona izan dira hamarkada hauetan bere eskuetatik pasa direnak, bai Euskal Herrikoak, baita estatu mailakoak ere: “Bilbotik, Bermeotik, Madriletik…”. Baten bat kirolari ezaguna izan dela aipatu digu, baina izena zehaztu gabe: “Ez naiz bere izenaz akordatzen”. Egia den edo sekretua gorde nahi duen, ezin jakin.
Bitxikeria moduan, mediku bat artatu zuenekoa du akorduan: “Olatxun pilotan ari zela bihurritua egin zuen, eta Olatxu tabernako Lidia Urrazak esan omen zion, ez zelako euskalduna: vete a donde la rubia, que ella te cura”. Esan eta egin: “Bukatu nuenean bakarrik esan zidan medikua zela, zelako sustoa hartu nuen jakin nuenean”.
“Olatxun pilotan ari zela bihurritua egin zuen, eta Olatxu tabernako Lidia Urrazak esan omen zion, ez zelako euskalduna: vete a donde la rubia, que ella te cura”
Errespetu handia die bai medikuei eta bai medikuntzari, horregatik tentuz jokatu du beti: “Apurtuta egon zitekeen susmo txikiena izanda ez nituen artatzen”. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaio jendeari “begietara so egitea”, horrela jakiten duelako “min egiten ari natzaion edo ez”. Egungo bizi parametroekin sinestezina dirudien arren, “musu-truk” egin du bere egitekoa Eguskizak beti. Arrazoia oso argia da: “Horrela erakutsi zioten amari, eta horrela erakutsi zidan berak niri. Lagundu ahal denari lagundu egin behar zaio”.
Galtzear den jakintza da Eguskizarena: “Zeberion ni naiz azkena, eta ez dut uste hemendik kanpo ere asko geratuko direnik”. Arrazoiaz galdetuta, argi dauka: “Ikasteak lana ematen du, egiteak lana ematen du. Gaueko ordu txikietan ere izan dut hemen jendea. Gazteek ez dute ikasi nahi, eta guztiz ulergarria da”. Hala ere, onartzen du min ematen diola Santigituak desagertuko direla pentsatzeak: “Nire bizitzaren parte izan da, eta ez nuke hori gertatzerik nahi”. Nahigabeak gutxi iraun dio, ordea, eta jarraian argazki onak ateratzeko eskatu digu.
☉ Zeberio
Lamien dantzek eta suzko zezenak Gau Beltzaren ohiturak berreskuratuko dituzte Zeberion
Guraso elkartearen helburua Gau Beltzaren ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea egitea da. Antzinakoak kontuan hartuta, Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dituen aukerak eta erakargarritasuna baliatuta
Zeberioko Udalak, Txubelasu Guraso Elkartea eta eskolarekin batera jarduera ugaridun programa osatu du aurtengo Gau Beltzarako, arratsaldetik gauera bitartean.
“Guraso elkarteak, eskolarekin batera, Gau Beltzaren ospakizuna berreskuratu nahi du”, azaldu dute Txubelasutik. “Bizipenak aldatu egin dira eta, honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da”.
Guraso elkartearen helburua Gau Beltzaren ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea egitea da: “Antzinakoak kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta”.
Horiek horrela, gaztainerreak, Sanduli Mandulia, beldurrezko ipuinen kontaketa, Lamien dantza eta suzko zezenaren ikuskizuna antolatu dituzte urriko azken eguneko gauan. Guraso elkartekoek ospakizunera mozorrotuta joateko deitu dituzte herritarrak.
Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza
17:30 Gaztainerrea, Zubialde plaza
18:30 Sanduli Manduli, Egiatik
19:30 Beldurrezko ipuinen kontakizuna, udaletxeko ataria
20:00 Lamien dantza, eskola zaharrean
20:30 Suzko zezena