☉ Zeberio
ZOZKETA / Amparanoia, Skabidean, Janus Lester… Zeberio KM0 jaialdian ikusteko bonu bikoitz bat zozketatzen dugu
ZOZKETA EGINDA / Azaroaren 3an, 4an eta 5ean Zeberio KM0 izeneko jaialdia prestatu du Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikiak. Amparanoia, Skabidean, Janus Lester, Bad Sound, Etzanderak, Odola Kantari, Maria Rivero, Sés, Women Soldier, Burbuilak, Green Valley, Hekthor Folk, Basatitiak (Irune Ziztada, La Basu, Alas Glow, Vittersweet eta Herbass & Marta) eta Orkresta Elektrotuna taldeen kontzertuak antolatu dituzte.
Era berean, Zeberio Kantuz, garagardo dastaketa Bogaren eskutik eta tokiko sortzaileen erakusketa antolatu dituzte. Bertan parte hartuko dute: Nieves Barrenetxea, Danen Bilbao, Iker Mugarra eta Jabier Salazar ‘Txeta’. Erakusketa urriaren 30etik azaroaren 5era dago ikusgai Zeberioko udaletxean.
Bestetik, artisau eta ekoizleen azoka eta ere izango dira Zeberioko jaialdian. Gorakat, Txaramelaegurra, Aidi.Alc, Basalore Agrokosmetika, Matraka, Marfriecoprint, Kuluxka, Lamarietatea, Hari-harika, Danen Bilbao, Gancedo Txistuak, Buztinola Tailerra, Platinela, Muturbeltz, Gorobi, Gure Baserri Koop, Artesa Okindegia, Euskal Pastela, Borja Bakiolako Ortua, Olarreko, Iza Okindegia eta Maskilu izango dira azokan. Mahai inguruak ere izango dira Xabier Madariagaren gidaritzapean.
Ekoizle eta artisau azoka egiten den bitartean bertso saioa ere antolatu dute: Onintza Enbeita, Xabi Paya, Peru Abarrategi eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izango dira Zeberion.
Zeberio KM0 jaialdirako asteburu osoko bonu bikoitz bat zozketatuko dugu GEURIAn Zelako Kultur Ideiak eskutik. Honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:
1️⃣ GEURIAko jarraitzaile izan Facebooken, Twitterren eta Instagramen
2️⃣ Zein lagunekin joango zinateke Zeberio KM0 jaialdira? Facebookeko, Twitterreko edo Instagrameko argitalpenean zure lagun bat etiketatu.
Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 2ra arte (12:00). Behin zozketan parte hartzeko epea itxita, hurrengo egunetan egingo dugu zozketa eta irabazlearekin mezu pribatu bidez jarriko gara harremanetan.
Irabazlea:
– Nerea
☉ Zeberio
Zeberioko eskolako ikasleek zaintzaren inguruko tailer parte-hartzailea egingo dute gurasoekin
Berdintasuna ardatz nagusi izanik, protagonistak Zeberioko eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izango dira
Ikasturte berriaren hasierarekin proiektu berri bat ipiniko du martxan Zeberioko eskolak Udaleko Berdintasun sailarekin. Gaia zaintza izango da eta protagonistak Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izango dira.
“Berezitasun modura, ikasleen gurasoek tailer honetan parte hartzera gonbidatuko ditugu”, azaldu du Nerea García Rebollo proiektuko bultzatzaileak. “Helburua zaintzaren inguruko sentsibilizazioa lantzea da”. Azken hiruhilekoan, ikasturtean zehar ateratako informazioa eta ondorioekin proiektuaren aurkezpena egingo dute ikasleek. Proiektua guztiz finkatuta ez badago ere, horiek dira eskolako zuzendaritzak Udalarekin elkarlanean sortutako ildo nagusiak.
Tailer parte-hartzaile hauek sortzearen ideia joan den ekainean sortu zen, proiektu hau sortzeko beharra sumatu zutenean: “Asmoa zaintzaren inguruko tailerra sortzea zen. Azken batean, gure ustez zaintza berdintasunaren oinarria da eta garrantzitsua iruditzen zaigu berdintasuna lantzeko; ez bakarrik martxoaren 8an edo azaroaren 25ean mobilizazioak antolatuz. Egunero landu behar den zerbait da”.
Hurrengo asteetan proiektuaren nondik norakoak eta datak zehaztuko dituzte, eskolako eta Udaleko ordezkariak elkartu ostean.
☉ Zeberio
Herriko tabernetatik kalera atera dituzte Zeberioko desfibriladoreak
Gaur farmaziako sarreran bertan topa daiteke Zubialdeko gailua, udaletxeko arkupean. Ermitabarrikoa taberna parean ipini dute
Zeberioko Udalak lekuz aldatu ditu momentura arte herriko zenbait tabernatan kokatuta zeuden desfibriladoreak. Zubialde auzokoa Herriko taberna barruan kokatuta zegoen, eta Ermitabarri auzoari dagokionez, Taberna Zaharran.
“Mundu guztiarentzat eskuragarri egoteko atera dugu kanpora”, azaldu du Ekain Goti Zeberioko alkateak. Kontuan izan behar da momentura arte taberna barruan kokatuta zeuden gailuak lokalak zabalik zeuden bitartean erabili zitezkeela soilik.
Gaur egun farmaziako sarreran bertan topa daiteke Zubialdeko gailua, udaletxeko arkupean. Ermitabarrikoa taberna parean ipini dute. Hirugarren desfibriladore berri bat ipini dute Arkulanda auzoan ere.
Zeberion HeartStart FRx desfibriladoreak eskuragarri daude. Gailu hauek bizi-orientazioko ezaugarri aurreratuak dituzte, bat-bateko bihotz-gelditzearen tratamendua gidatzen laguntzeko. Konfigurazio errazarekin, ahots-adierazpen argiekin, HeartStart FRx in situ erantzuna emateko diseinatuta dago.
☉ Zeberio
Gipuzkoako mendi altuenetara abiatuko dira Zeberioko Austarri mendi taldekoak
Egun osoko irteera honetan Petroleros (940 mt), Aizkorri (1.523 mt), Aketegi (1.551 mt) eta Arantzazutik igaroko dira (731 mt), 13 kilometroko ibilbidea eginez
Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleak Aizkorri mendilerrora abiatuko dira irailaren 15ean. Egun osoko irteera honetan Petroleros (940 mt), Aizkorri (1.523 mt), Aketegi (1.551 mt) eta Arantzazutik igaroko dira (731 mt), 13 kilometroko ibilbidea eginez.
Aukeran egongo da Petroleros – Urbia eta Arantzazu ibilbidea. Inguru hori guztia Gipuzkoak eta Arabak partekatzen duten Aizkorri-Aratz izeneko parke natural handian dago (Aizkorri-Aratz).
Hitzordua irailarren 15a izango da, 07:30ean, Zeberioko udaletxeko plazan bertan. Interesdunek irailaren 12ra arte eman dezakete izena Hogarrean (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte), austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 zein 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
Garaiera handiko irteera
“Aizkorri mendilerroan daude Gipuzkoako mendirik altuenak. Harresi handi bat balitz bezala, Aizkorri mendilerroa Zegama herriaren gainera erortzen dela dirudi, Goierriko eskualdean. Beste aldean, oasi berde gisa, Urbiako zelaiak zabaltzen dira, artzainen eta animalien etxolek zedarrituta, hala nola ardiak, behiak…” Horrelaxe azaldu dituzte Austarri Mendi Taldeko ordezkariek txangoaren nondik norakoak.
Zelai horietatik inguruko hainbat tontor igotzeko aukera izango dute mendizaleek: Aizkorri, Aketegi (Gipuzkoako mendirik garaiena, 1.551 mt), Aitxuri… “Zelai horien amaieran, Donejakue Bidea igarotzen den San Adriango Tunela dago. Urbiako erdialdean, ermita bat bisitatu eta Urbiako Fonda ezagunean indarrak berritzeko aukera izango dugu”.
Aizkorri-Aratz inguruan erliebe malkartsua dago, kareharriz osatua nagusiki. Fenomeno karstikoak paisaiako ezaugarri garrantzitsuenetakoak dira, eta lurpeko ur-jariatze sare zabala ere badu; honek lurpeko barrunbe ugari sortu ditu.
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Mendiak dira eta hainbat udalerri parkean bertan kokatuta daude
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Mendiak dira eta hainbat udalerri parkean bertan kokatuta daude: Gipuzkoako Aretxabaleta, Eskoriatza Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zegama, Zerain; Arabako Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondo; eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra eta Apota-Ubarrundiako Partzuergoa.
Inguru honetan, jatorrizko basoek eremu handiak hartzen dituzte. Pagadi kaltzikola eta azidofiloak batez ere gipuzkoar isurialdean topa ditzakegu; horietan ageri-agerikoa da joandako garaietan zertutako ikazkintza jarduera.
☉ Zeberio
Zeberioko Udalak Zubialdeko haurren parkeko zoladura aldatu eta konponketak egin ditu
Udalak 7.500 euro bideratu ditu zoladura aldatu eta parkeko elementuetan mantentze-lan txikiak egiteko
Zubialde auzoan, udaletxea atzean kokatutako haurren parkeko zoladura ordezkatu eta bertako elementuetan konponketa lanak egin ditu uztaila amaieran Zeberioko Udalak. Mantentze lan hauetarako 7.500 euro bideratu ditu (BEZa kanpo) Udalak.
“Aurreko zoladura zaharkitua zegoen eta haurren segurtasunerako aldatu behar zen”, azaldu dio GEURIAri Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Lur bigungarria aldatzeaz gainera umeen parkeko gainontzeko elementuak ikuskatu eta konponketa txikiak egin dizkiegu”.
☉ Zeberio
Bideoa / Zergatik deitzen dira Sandoniak Zeberioko jaiak?
Zeberio Zooberio da gaur. Mozorro Eguna ospatzen dute gaur jaien azken egunean, eta bertako flora eta faunaren artean murgildu gara!
Indaba eta makarroi-janaren atarian, galdera batzuk egin dizkiegu zeberioztarrei (eta Euskal Herriko jaietako saltsa diren Etxebarria Aita Seme Trikitilariei): “Zergatik deitzen dira Sandoniak Zeberioko jaiak?”, “Parrandan atera zara?”…