☉ Zeberio
Amparanoiak ‘Zeberio KM 0’ jaialdian joko du azaroan
Gainera, Maria Rivero Zeberioztarra, Green Valley, Bad Sound, Women Soldier, Skabidean eta beste talde batzuen konfirmazioak iragarri dituzte azaroaren 3, 4 eta 5erako

Azaroaren 3an, 4an eta 5ean Zeberio KM 0 izeneko Asteburu Kulturala prestatu du Zeberion Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikiak eta Anparanoiaren kontzertuaren konfirmazioa iragarri berri dute. Amparanoiaren kontzertuarekin batera beste talde batzuen izenak iragarri dituzte: Maria Rivero Zeberioztarra, Green Valley, Bad Sound, Janus Lester, Hekthor Folk, Burbuilak, Women Soldier, Sés, Skabidean, Odola Kantari eta Etzanderak taldeek ere baietza eman dute azaroko lehen asteburuko jaialdirako. Sarrerak hilaren 28an ipiniko dituzte salgai.
Lehen konfirmazioak, banan-banan
Janus Lester
Zeberio KM 0 jaialdiko lehen baieztapena izan da Janus Lester. 80ko edo 90eko hamarkadako dantzaren oinordekoak dira, “baina moldaketa guztiz original eta garaikideak aurkeztuz”, antolatzaileek azaldu dutenez.
Bad Sound
Irungo Mosku auzo mitikoan du oinarri logistikoa Bad Sound. Gauzak ez dira egun batetik bestera arrazoirik gabe gertatzen; Iñaki ‘Stepi’-k urteak daramatza erritmo lodi eta aseak botatzen Irungo Mosku plazan dagoen Dpor lokal belar-usaintsuan. Jamaikako erritmoekiko zaletasuna urrundik datorkio: ia esan genezake bizitzan zehar lagun izan dituela. Txikitan, gurasoek Irunen zuten taberna Bob Marleyren kanturen batekin girotzen zuela. Hortik, gaur egun Bad Sound System dena sortzera, “erridim”ez, kez eta aktibismoz betetako bidea izan da, eta belarria, esperientzia eta bidaide onak bereganatu ditu.
Etzanderak
Zeanuriko andrazkoen dantza taldea da Etzanderak. Euskal dantzetan oinarrituz, Euskal Herriko kultura eta ohiturak ahalik eta gehien zabaltzea da haien helburua.

Odola kantari // Zelako Kultur Ideiak
Odola Kantari
Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak “Odola kantari” emanaldia estreinatuko dute #ZeberioKm0 jaialdian. Musika eta literatura elkar maitatuz, heriotzari, gerrari, odolari… egingo diote kantu.
Maria Rivero
Maria Rivero abeslari eta konpositoreaz Zeberio KM 0ko eszenatokian gozatzeko plazerra izango dugu. Zeberioztarrak bere lan berria aurkeztuko du asteburu kulturalean: “Lerro Paraleloak”.

Maria Rivero artista zeberioztarra // Geuria
Skabidean
2012an Iruñerrian sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea da Skabidean. 2022 urtean beraien laugarren diskoa kaleratu zuten.
Sés
Sés izeneko galizar kantautore eta produktorea filologia galegoan eta Gizarte antropologian lizentziatua da eta folklore tradizional galegoan hazi zen musikalki. “Zeberio Km0 jaialdian bere musikaz eta rollo onaz gozatzeko aukera izango dugu”, gehitu dute jaialdiko antolakuntzatik.
Women Soldier
Women Soldier proiektua Belén Natalík eta Chalart58 elkarrekim 2017aren hasieran ateratako single batekin hasi zen. Dub Academyri esker, emakume talde bat bildu eta Chalart58rekin batera, 2017ko Rototom Sunplash eta 2018ko International Dub Gathering jaialdietan izan ziren. Hortik, La Panchita Records estudiosen lan bat egitearen ideia atera zen, sortzaile guztiekin eta Chalart58k sortutako Riddimekin. Lan ezberdinak kaleratu ostean, 2023an, MatahSound, Highpawgz eta Pitchup_irie dira Zeberion izango direnak.
Burbuilak
Izar Mendiguren, Irati Mendiguren eta Izaskun del Cerrok osatutako taldea izango dugu gurekin Zeberio Km0 jaialdian: “Burbuilak”. “Hiru burbuila barrenak husten; zauriak eta pausoak, ezinegonak eta irrikak… Begiak itxi eta askotariko doinu eta soinuekin gozarazteko prest”.
Green Valley
Ander Valverde da hazia eta Green Valley landarea. Taldearen abizena eragiten du taldearen izena agerrarazten duena: haran berde eta oparoa, ingurugiro alaia. 2004 urtetik sei musikari honenbestean lan egiten dute, ekosistema musikal hau mantentzeko, Dancehall eta Reggaea hasten diren tokian. Green Valley taldean, taularatze miragarri batetik abiatuz, letra aldarrikatzaile eta mezu positiboak bizikide dira, ikusleak kutsatu eta kontzientziatzen dituztenak.
Lehenengo kimu berdeetatik, bere eboluzioa bat-batekoa izan da, espezialitate-kritiken atentzioa erreklamatuz. Taldea era arrakastatsuan biratu du Espainia, Kolonbia, Mexiko, Argentina eta Txiletik, bere loratzea konfirmatzen duena.
Hekthor Folk
Folk musikari gasteiztarra da Hekthor Folk eta instrumentu asko menperatzen ditu: panderoa, alboka, zerra, peñardoa edo pandero karratua eta handpana edota esku zartagina. Maurizia Aldeiturriaga panderojole eta abeslariaren irudian oinarritutako Aire! dokumentalean parte hartu du.
Hekthor Folkek tailer baten bidez erritmoaren eta bere garrantziaren inguruan hitz egingo digu eta ostean perkusio tradizionalen oinarrizko instrumentuak ezagutuko ditugu Zeberion: membranofonoak, raskadoreak, idiofonoak,.. Hortik alboka eta elektronikaren laguntzarekin abesti desberdinen interpretazioa egingo du, eta azkenik, publikoak, hurbildu daiteke instrumentuak ikutu eta frogatzera.
Hala ere, “sorpresa” gehiago prestatu dituzte Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikitik eta hurrengo orduetan iragarriko dituztela jakinarazi dute sare sozialetatik.
Kontzertuez harago
Duela aste batzuk GEURIAn azaldu bezala, “Kontzertuez gainera erakusketak, dantza-emanaldiak, hitzaldiak tailerrak eta bestelakoak izango dira”, aurreratu zuen Ekain Goti Zeberiko alkateak duela egun batzuk eta Zelako Kultur Ideiatik gehitu dute egun osoan zehar prestatu dituztela askotariko jarduerak Zubialden.
Joan den irailaren 15ean ekimena aurkeztu zuten herritarren artean Zeberion: “Lehenengo Zeberioko tabernei aurkeztu genien asmoa eta baita herriko elkarteei ere”, gehitu du eta ekimenak, orokorrean “harrera ona” izan duela nabarmendu du: “Denetarik egon da auzotarren artean: batzuek sano ondo hartu dute proposatutakoa eta beste batzuek zalantzak izan dituzte”.
“Denetarik egon da auzotarren artean: batzuek sano ondo hartu dute proposatutakoa eta beste batzuek zalantzak izan dituzte”
Zelako Kultur Ideiakek hainbat proiektutan hartu du parte 2022an sortu zenetik: Urdufolk, Herria Kantuz, Etzigarriak, B Plana eta Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST). Bertako kide dira Maria Rivero zeberioztarra, Gorka Chamorro ugaotarra eta Algortako Itxaso Payá.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.
☉ Zeberio
Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.
Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.
2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.
☉ Zeberio
Bisitari gutxiago baina egonaldi luzeagoak izan dituzte Zeberioko apartamentu turistikoek 2025ean
255 bisitari etorri dira Ermitabarriko apartamentuetara 2025ean eta beren egonaldia lau egunekoa izan da Mihaela Vatamanu arduradunaren arabera

2024ko norabidea jarraituz, Ermitabarri auzoan kokatutako apartamentu turistikoek 255 bezerorekin itxi dute 2025 urtea, aurreko urteetan baino gutxiago: 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an, 473 (2024ko bigarren seihilabeteko datuak falta dira: urtarriletik ekainera bitartean 74 pertsona igaro ziren).
2025ean 103 erreserba egin zituzten guztira: 76 Estatu mailakoak (% 74) eta 27 nazioartekoak (% 26). Egonaldien batazbestekoa lau egunekoa izan da eta erreserba gehienak (% 90a) Booking plataformaren bidez egin dituzte.
Apartamentuak kudeatzen dituen Mihaela Vatamanuren datuen arabera, Estatu mailako datuei erreparatuz, erreserba gehienak Bartzelonako turistak izan dira (% 20) eta jarraian Madril legoke (% 14): “Tendentzia hau azken urteetan mantendu izan da”, zehaztu zuen Mihaelak 2024an. Nazioarteko erreserbei dagokienez, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorri dira bisitari gehienak 2025ean.
“Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak etorri ohi dira, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”, azaldu zuen Mihaleak 2024ko balantzea egin zuenean. 11 urte daramatza Vatamanuk Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzen eta erreserba kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, turisten egonaldiak gero eta luzeagoak direla azpimarratu du.
☉ Zeberio
Zeberioko Elizondo, Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetako errepideak asfaltatuko dituzte hurrengo asteetan
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik

2025ean egin beharreko lanen artean ageri dira Zeberioko auzo jakin batzuetan egin beharreko asfaltatze-lanak. Zehazki, Ermitabarriko Elizondo (Eusebio Aldekoa egoitza aurreko errepidea), Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetan egin behar dituzte obrak.
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Bide jakin batzuetan barandak ipiniko dituztela gehitu dute.
Lan hauek Uribarri auzoko sarrerako errepidea konpondu ostean hasi behar zituzten. Uribarrin egindako lanak “konplexuak” izan ziren, bide azpiko lurrak mugitu eta errepidea hondoratu zelako. Konponketa horretarako 80.000 euro bideratu zituzten 2025ean.
Pilotalekua, aurrera
Bestalde, Ermitabarriko frontoiko lanak aurrera doaz. Zeberioko Udalak iazko irailean iragarri zuen lan horiek 2025 urtea bukatu baino lehen amaituta egongo zirela ondo bidean, baina langileak bertan ari dira lanean egun hauetan. Udalak 70.000 euro bideratu ditu eraberritze lan sakonak egiteko Ermitabarriko pilotalekuan: “Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, aurreratu zioten udal ordezkariek GEURIAri 2025eko urtarrilean.
Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu zuten Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak.









