→Zeberio

Kodes mendilerrora irteera egingo du Zeberioko Austarri Mendi Taldeak

Austarri Mendi Talde zeberioztarrak egun osoko irteera prestatu du Kodes mendilerrora datorren apirilaren 10ean, domeka

Torralba del Río, Kodes mendilerroaren aurrean // Basaula

Austarri Mendi Talde zeberioztarrak egun osoko irteera prestatu du Nafarroa eta Araba arteko Kodes mendilerrora datorren apirilaren 10ean, domeka.

“Kodes mendilerroa Arabaren eta Nafarroaren artean dago. Arabako mendilerro garaienetako bat da, 30 kilometroko luzeraduna. Hegoaldeko isurialdean dagoenez, inguru harritsu eta lehorra da. Hegoaldeko isurialdea da, Nafarroakoa alegia, malkartsuena eta idorrena. Iparraldeko isurialdea, Arabakoa alegia, ez da hain malkartsua eta zuhaitzez beteta dago”, azaldu dute Austarrikoek beren webgunean.

Kodesetik hasita (800mt) Joar tontorreraino abiatuko dira (1.417mt). Hortik La Planara (1.338mt) eta bertatik Kanpezu udalerrira helduko dira (575mt). Guztira 11 kilometroko ibilbidea izango da hilaren 10ean egingo dutena.

Mendilerroaren hegoaldeko magalean Azuelo, Torralba del Río, Aguilar Kodes, Nazar eta Mirafuentes udalerriak daude. Iparraldean, berriz, Arabako Mendialdea izeneko eskualdeko Kanpezu udalerria dago.

Izen-emateak

Izena emateko azken eguna apirilaren 7a izango da eta bi modutan izena eman dezakete interesdunek: hogarrean bertan barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte edo modu telematikoan: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz edo 665 735 054 edo 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.

Bazkideen kasuan, helduek 8 euro eta haurrek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkideak ez diren helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta 5 euro haurren kasuan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak