☉ Zeberio
Kontzentrazioa egingo dute Mandoian, Zeberion, eraiki gura duten Feroskana Parke Eolikoaren aurka
Zeberioko Ermitabarri auzotik, Usansoloko Unkina plazatik eta Arantzazuko plazeatik 09:00etan abiatuko dira herritarrak ekainaren 1ean. Kontzentrazioa 12:00etan izango da Mandoian

Zeberio, Usansolo eta Arantzazuko herritarrek kontzentrazioa egingo dute datorren ekainaren 1ean Mandoiako kordalean, bertan eraiki gura duten Feroskana Parke Eolikoaren aurka. Kontzentrazioa Austarri, Argiñatx eta Burtotza Mendi Taldeek eta Makatzak Arratiako Ekologista taldeak deitu dute
“Mandoia ez dago salgai” lelopean, 09:00etan irtengo dira Zeberioko Ermitabarri auzotik, Usansoloko Unkina plazatik eta Arantzazuko plazeatik. Asmoa 12:00etan Mandoiako tontorrean egotea da, bertan FeroscaWind enpresak eraiki gura duen Feroskana Parke Eolikoa proiektuaren aurkako ezinegona plazaratzeko.
Mandoiako kordalean 200 metroko garaierako sei aerosorgailu eraikitzeko asmoa du Ferosca Wind enpresak: bost Zeberioko lurretan eta bat Bediakoetan. Erreferentzia modura, Bilboko Iberdrola dorreak 160 metroko garaiera du. Proiektuak 20.739.791 euroko aurrekontua izango du, Udalak, Ferosca Wind enpresaren bidez kaleratu berri dituen datuen arabera. Obrek bederatzi hilabeteko iraupena izango dute, ondo bidean.
Joan den apirilaren amaieran, proiektuan zuzenketak egiteko epea zabaldu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Horren arabera, interesdunek 30 egun balioduneko epea dute alegazioak aurkeztu ahal izateko. Espedienteko informazio guztia hemen dago eskuragarri.
☉ Zeberio
Zeberioko Udalak Korrikako lekukoa eramateko aukera luzatu die herritarrei
Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da 14:00ak baino lehen

Beste urte batez, Zeberioko Udalak Korrikan hartuko du parte. “Udala denon artean osatzen dugu”, azaldu dute udal ordezkariek, “ordezkaritza politikoa duten bi taldeek, herriko langileek, norbanakoek eta udal langileek”.
Aurreko edizioan, 2024an, udal langileak izan ziren Korrikako lekukoa eramateaz arduratu zirenak eta aurten aukera hori zabaldu nahi diete herritarrei: “Lekukoa eraman nahi baduzu udal webgunean ipini dugun QR kodea eskaneatu beharko duzu izena emateko”.
Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da 14:00ak baino lehen. Izen-emate bat baino gehiago egotekotan zozketa egingo lukete Udaletik egun berean, 14:45ean, udaletxean bertan.
!Animatu eta izan Korrikaren parte! Euskararen aldeko kilometroak elkarrekin egingo ditugu”.
☉ Zeberio
‘Gure Denboran’ dokumentaleko protagonistak omendu dituzte Zeberion, Emakumeen Nazioarteko Egunean
Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz

Urtero lez, Zeberioko Udalak elkarretaratzea egin du Emakumeen Nazioarteko Egunean, eguerdi aldera, herriko plazan.
Jarraian, Zeberioko emakumeei ahotsa ipini dien 35 minutuko ‘Gure denboran’ izeneko dokumentala proiektatu dute plazako ermitan eta harrera ona izan duela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek.
Zintaren proiekzioaren ostean, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak omendu dituzte eta lore sorta bat eman diote bakoitzari.
Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz.

Hauek, baina, ez dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egingo diren jarduera bakarrak. Datozen egunetan bestelako ekintzak prestatu dituzte.
Egitaraua | Zeberioko Martxo Feminista
Martxoak 13, barikua
18:00 Maskulinitate toxikoari buruzko saioak, eskola zaharra
Martxoak 23-26
18:00 ‘Zeberioko emakumeak historian’ + erakusketa, plazako ermita zaharra
☉ Zeberio
Gaur antolatu dute Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra Zeberion
Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte

Zeberioko eskola zaharrak Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra hartuko du gaur arrastian, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian.
Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte, eta norberak istorio bakar eta pertsonala sortuko du, sormena eta irudimena erabiliz.
Amaieran, beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Bertan, elementu beretik abiatuta istorio desberdinak eta bakarrak sortu daitezkela erakutsiko dute parte-hartzaileek.
Saioa 8 urtetik gorako umeentzat zuzenduta dago eta 18:00etan eskainiko dute. Izena eman nahi dutenek 15:00ak arte daukate.
☉ Zeberio
Zeberioko etxebizitza bateko tximinia batek su hartu du eta jabeek beraiek amatatu dute
“Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu dute Segurtasun Sailetik

Zubialde auzoko tximinia batek su hartu du gaur arrastian. Auzotarrek larrialdi zerbitzuetara abisua eman eta Bizkaiko Suhiltzaileen auto-eskala bat eta ur ponpa pisutsu bat gerturatu dira Zeberioko auzora, 19:00ak aldera.
Segurtasun sailetik azaldu dute sutea lehen mailakoa izan dela eta etxebizitzako jabeek beraiek amatatu ahal izan dutela larrialdi-zerbitzuak iritsi direnerako: “Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu diote GEURIAri.
Ezbeharraren kausa argitu barik dago momentuz.
☉ Zeberio
Arrastia igarotzeko irteera prestatu dute gazte zeberioztarrentzat Basauriko KNS Aventura Parkera
Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik, hilaren 14an. Izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da

Martxoaren 14an egun arrastia igarotzeko irteera prestatu die Zeberioko Udalak herriko 12 eta 17 urte bitarteko gazteei, Basauriko KNS Aventura Parkera.
Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik eta izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da. Interesdunek 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute horretarako.
KNS Aventura Park abentura anitzeko parkea Bilbo inguruko 7 urtetik gorako helduentzako eta haurrentzako 1.500 metro karratuko azaleradun jarduera-parkea da.
Lau aire zabaleko zirkuitu ditu, metro bateko garaieratik hasita eta bederatzi metro artekora, 80 metroko luzerako tirolinekin eta pasabide eta ibilbide anitzekin.
‘Humor Amarillo’ eta ‘Grand Prix’ telebista programetako eszenatokietako elementuak ere badaude bertan: giza futbolina, gladiadoreen borroka, infernuko horma, giza boloak, sator-matea eta tragabolak.
Gainera, bestelako jokoak eta jarduerak eskaintzen ditugu: rokodromoa, boulderra, aizkora eta izarrekin tiro egitea… eta beste jarduera batzuk.










