☉ Zeberio
Medikua “egunero” egotea eskatzeko hirugarren kontzentrazioa egingo dute Zeberion, asteazkenean
Kontzentrazioa asteazkenean (abuztuak 31) egingo da, Udaletxe parean. Herriko EH Bilduk deituta, “kalitatezko osasun sistema publiko baten alde” egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan. Udan egin den hirugarrena izango da.

Zeberioko biztanleek mediku arreta “egunero” izan dezaten eskatzeko kontzentrazioa egingo dute asteazkenean (abuztuak 31), udaletxe parean. Herriko EH Bilduk deituta, “kalitatezko osasun sistema publiko baten alde” egingo dute ekitaldia, 19:00etan.
Udan zehar egingo den hirugarren elkarretaratzea izango da honakoa. Uztailean eta abuztuan erizaintza zerbitzua egon den arren, mediku hitzorduetarako Ugaoko zentrora joan behar izan dute zeberioztarrek, eta horri irtenbidea bilatzeko, ekainetik antolatu dituzte kontzentrazioak. Herriko EH Bilduk ekainaren 29an deitu zuen lehenenegoa; hurrengo hilaren 8an, bigarrena. Uztailaren 5ean, berriz, Zeberioko udal gobernuarekin (EAJ) batera, ezohiko udalbatzan aurkeztu zuen Lehen Arreta indartzearen aldeko mozioa.
Halere, ordudanik egoera ez da aldatu, aurreko kontzentrazioetan salatutako egoera mantendu egin baita. Herritarrek ziurgabetasun egoera pairatu behar izan dute udan zehar, “kontsulta zabalik zein egunetan egongo den jakin gabe” egon direlako. Bestalde, alderdiek gogoratu izan dute Zeberion “jarraipen zehatza, tratu pertsonalizatua eta arreta berezia behar duen adinekoen multzo handi bat” ere badagoela, eta, udan jasotako tratuagatik, bereziki, askotan sufritu dutela “abandonu sentsazioa”.
Eskaera zehatzak
Horri irtenbidea bilatzeko, udal gobernuarekin batera bultzatutako mozioan, eskaera zehatzak egin zizkioten Jaurlaritzari; izan ere, EAEko Osasun Saila izan zen ekainean mediku falta egongo zela iragarri zuena. Orduan jakitera eman zuenez, uztailean eta abuztuan zehar “ezinezkoa” zen Lehen Mailako Arreta Zentro guztietan medikuen presentzia bermatzea, bereziki Zeberio bezalako herri txikietan.
Mozioan proposatutako neurri nagusiak hiru izan ziren. Lehen Arreta “garai berrietara” egokitu eta arreta komunitarioa garatzea; aurrez aurreko kontsultei “lehentasuna” ematea eta telefono-kontsultak “eraginkorrak direnean bakar-bakarrik” erabiltzea; eta, prekarietatearen aurka, osasun-langileen artean “iraupen luzeko kontratuak lehenestea” eskatu zuen Udalak.
☉ Zeberio
Zeberioko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko ibilbidea egingo dute larunbatean
Austarri Kultur Elkarteak “Zeberio ezagutuz” dinamikaren barruan egingo du lau orduko bidea. Lau gunetik eta baselizatik igarotzeko aprobetxatuko dute

Herriko auzoetatik eta bertako ermitetatik ibilbidea egingo du Zeberioko Austarri Kultur Elkarteak larunbat honetan, ekainak 3. “Zeberio ezagutuz” dinamikaren barruan egingo dute lau orduko bidea, eta lau gunetik eta baselizatik igarotzeko aprobetxatuko dute: Ermitabarri (San Antonio), Argiñao (San Adrian), Barañao (San Antonio) eta Etxaso (San Esteban). Gainera, zuhaitzak identifikatzeko ekintza bat egingo dute umeentzat. Parte hartzaileek 09:30ean hasiko dute ibilbidea Ermitabarritik.
☉ Zeberio
Untzuetako tontorrean ekitaldia egingo dute larunbatean, Nafarroako Erresumaren historia gogora ekartzeko
Untzueta Nafar Gaztelu eta Independentista Sare taldeek deituta egingo dute ospakizuna. Hamaiketako herrikoiaren ostean, aurreskua dantzatuko dute, albokariek eta txalapartariek lagunduta

Untzueta Nafar Gaztelu eta Independentista Sare taldeek deituta, Untzuetako gailurrean ekitaldia egingo dute asteburuan Euskal Herriaren historiari omenaldia egiteko. Aitzol Altuna ikerlariak La tenencia del valle de Orozko liburuan azaldu bezala, mendiaren inguruak (Hego Uribe barne) Nafarroako Erresumaren parte ziren 1199-1200 urteen artean gaztelarrek konkistatu zituztenera arte. “Guk jatorri historiko eta lurraldekotasun hori gogora ekarri nahi ditugu”, diote antolatzaileek.
Untzueta Pikura igo ondoren, 11:30ean hamaiketako herrikoia egingo dute larunbatean. Gero, 12:00etan, aurreskua dantzatuko dute eta orduan hasiko da omenaldirako ekitaldia. Urtero bezala, musikak girotuko du jaia aurten ere: txalapartariak eta albokariak egongo dira gailurrean eguerdiaren ostera arte.
Untzuetaren historia
Ospakizuna Untzuetako Erdi Aroko gazteluaren arrastoen inguruan egingo dute. XI. mendean, gotorleku txiki bat eraiki zuten jauntxoek mendiaren tontorrean, gunea erasoetatik babesteko leku estrategikoan. Txomin Egiluz ikerlari eta parte hartzaileak azaldu bezala, “zonaldea Nafarroaren menpe egotera igaro zenean, gotorleku hura handitu eta sendotu egin zuten”.
Gaztelua 50 metroko luzerako eta 20 metroko zabalerako hesiaz inguratuta zegoen, eta barruan, hormek metro eta erdiko zabalera zeukaten. Dorreak hiru solairu zeuzkan: beheko solairua biltegi bezala erabiltzen zuten, Zeberiotik asto eta idien bidez igotzen zituztelako hornidura guztiak. Gaur egun, baina, egituraren arrasto gutxi gelditzen dira, UHF errepikatzaile bat jarri baitzuten haren lekuan.
Gainera, garaiko arrastoetako batzuk lekualdatuta daude; hala ere, oraindik ikusgarri. “Untzuetako gotorlekuaren istorioak harremana du Arrigorriagako Malmasingo gaztelu estrategikoarekin, eurek ere Gaztelaren aurka borroka egin zutelako”, dio Egiluzek. Eta, hain zuzen, guda horietan gazteluaren aurka bota zituzten jaurtigaiak dira herrian gordetzen dituztenak: harrizko bolak.
Harribolak eta jentilak
Herritarren arabera, jentilak ziren “harribola” horiek jaurtitzen zituztenak. Juan Manuel Etxebarria filologo eta etnolinguista zeberioztarrak azaldu duen bezala, Untzueta Pikuko Gorbeiako partean dagoen hutsunea, besteak beste, horrela sortu zen: “Kondairak dio jentil batek harribola bat botatzean huts egin eta mendiari zati bat kendu ziola”.
Bola horietako 17 oraindik Zeberion daude. “1983ko uholdeen ostean horietako batzuk agerian geratu ziren eta familia batek batu eta Arkulanda auzora eraman zituen”. Horma baten gainean apaingarri moduan daude, eta errepidetik bertatik ikusi daitezke.

Harriboletako bat // Geuria
☉ Zeberio
#M28 | Zeberio | EH Bildu garaile, 11 botorengatik; Ekain Goti, alkate
#M28 | Zeberio | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.
☉ Zeberio
#M28 | Energia garbiak instalatzea, aparkalekuak sortzea eta “Aretoa” bukatzea proposatu du Zeberioko EAJk
10 ataleko hauteskunde-programa aurkeztu dute jeltzaleek. Besteak beste, energia berdeak eta mugikortasun jasangarria jarri dituzte erdigunean

Alkatetzan bi legegintzaldi egin ondoren, Zeberioko EAJk hirugarrenez hautatu du Karlos Idirin datozen udal hauteskundeetan zerrendaren buruan egoteko. “Lehen aldiko ilusio berarekin” aurkeztuko da jeltzalea bozetara. “Herria konpromiso zehatzetatik eta harreman zuzenetatik kudeatzea proposatzen dut” —dio Idirinek— “herri moduan aberasten gaituen sentsibilitatea eta auzo guztiak erdigunean jarriz”.
Helburu horrekin, EAJk 10 ildoko hauteskunde-programa prestatu du: berdintasuna; ingurumena; hirigintza; osasuna eta aisia; turismoa; gazteria; adinekoak eta familia; euskara eta kultura; ondarea eta memoria historikoa; eta komunikazio-gardentasuna kontuan hartuta. Azken legegintzaldian garatzen hasi diren hainbat proiektutan lanean jarraitzeko asmoa biltzen dute jeltzaleek planteatutako neurrietan.
Aretoa eta aparkalekuak
Aisiari lotuta, 2023-2027 legegintzaldian herrian hainbat kirol parke sortu nahi dituzte. Eta ildo beretik, erabilera anitzeko gunea sortzea ere proposatu dute: Aretoa. 200 pertsonarentzako lekua izango duela azaldu dute EAJtik, eta kontzertuak, hitzaldiak, zinema, antzerkia eta beste hainbat jarduera biltzeko balioko duela. Lau urte hauetan proiektua bukatu ez arren, lan guztia bideratuta dagoela azaldu dute: “Lokalaren kokalekua dagoeneko negoziatuta daukagu, eta, beraz, aurten bertan has gaitezke eraikinaren ekipamenduarekin lanean”.
Halaber, herrian aparkaleku gehiago sortzeko planekin ere aurrera jarraitu nahi dute. “Zubialdeko aparkalekuei dagokienez, gunea handitu ahal izateko lursailak erosteko lanean ari gara eta hemendik gutxira, laster, obrak hasiko direla esan dezakegu”. Horrela, autoak herriaren eremutik kanpora eramanda, plaza osoa oinezkoentzako gune bilakatzea ahalbidetu nahi dute.
Energia garbiak
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko elektrolindegiak instalatzeko proposamena egin du EAJk. Eta ingurumenari eta ohitura osasungarrien ildoari jarraituz, Taberna Zaharreko eraikinean eta apartamentu turistikoetan panel fotovoltaikoak jartzea eta ikastetxean eta apartamentu turistikoetan energia kalorifikoa ekoizteko aerotermia sistema instalatzea planteatu dute.
☉ Zeberio
Uriondoko jaiak larunbat honetan ospatuko dituzte Zeberion
13:15ean hasiko da meza, eta ostean, barauskarria egongo da

Uriondo auzoko jaiak maiatzaren 20an ospatuko dituzte. Larunbatean, 13:15ean hasiko da meza, eta ostean, barauskarria egongo da ermitan, hurbiltzen direnentako.