Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Lisette Cintado: «Ahalegin guztiak egingo ditut, nahiz eta taekwondoa nire bigarren aukera izan»

Lisette Cintado zeberioztarrak sei urte zituenetik praktikatzen du taekwondoa. Iazko urrian, Letoniako gazteen txapelketan hartu zuen parte, eta hirugarren postua lortu zuen

|

Lisette Cintado Letonian izandako txapelketan brontzezko domina irabazi ondoren // Utzitakoa

[2022ko azaroaren 3an paperezko edizioan publikatutako elkarrizketa – Geuria 090] Kolpeak hankarekin edo eskuekin eman daitezke, zuzenean edo salto eta bira bat emanda. Koreografia sinkronizatua dirudi, nahiko ikusgarria, baina, halere, oraindik, jende gutxik ezagutzen du taekwondoa gure inguruan. Lisette Cintadok (Zeberio, 2005) sei urte zituenetik praktikatzen du kirola, eta nazioarteko hainbat txapelketatan lortu ditu podiumak; azkena, Letoniako European Youth Olympic Weight Categories Championships-en. Zeberioztarrak txikitatik egin duen esfortzuari buruz, ikasketak kirolarekin uztartzearen zailtasunez eta etorkizuneko planez hitz egin digu.

Zeintzuk izan ziren zure lehen pausoak taekwondoan?
Lau urte nituela hasi nintzen kirol hau praktikatzen, Basauriko The Masters klubean. Eta, egia esan, hasieran oso txarto ibili nintzen: ez nuen batere gustuko. Eskolaz kanpoko hainbat ekintza egiten nituen, Mugendo edo ingelesa kasu, eta hau beste bat gehiago baino ez zen. Gurasoek hori ikusi zuten, ez nenbilela pozik, eta atera egin ninduten. Baina 6 urte bete nituenean, nire neba [Jon Andoni Cintado] taekwondoko garaikurrak lortzen ikusten nuen, eta nik ere hori egin nahi nuela pentsatu nuen. Beraz, beste behin saiatu nintzen. Orduan hasi nintzen gerrikoak lortzen, txapelketak irabazten, eta, gutxi gorabehera, kirola ondo egiten.

Nazioarteko txapelketak, entrenamenduetara joan-etorriak… Familiaren laguntza duzu horretarako?
Bai. Babes osoa ematen didate. Aitona-amonak Basaurin bizi dira, eta egunero eramaten ninduten entrenamenduetara klub horretan nenbilenean. Orain Barakaldon entrenatzen dut, eta berdin jarraitzen du kontuak, Zeberiotik bertara autoz eramaten nautelako beti, joan eta bueltatu. Horrez gain, nire aitak ere esfortzu bereziki handia egin du: berak ez zuen inoiz taekwondorik praktikatu neba-arrebok hasi ginenera arte; baina, orduan, kirola egiten hasi zen gerriko beltza lortu eta gure coach [entrenatzaile] egin ahal izateko. Gure klubean, izan ere, entrenatzaileek ez zuten Euskal Herritik kanpoko txapelketetara joan nahi izaten, eta gu bioi aukera gehiago emateko sartu zen aita bertan. Horrela, leku guztietara mugitu ahal izan gara: Zaragozara, Alacantera, Herbeheretara… Baina nik gutxiago bizi izan dut hori nire nebak baino.

Zure neba da zure erreferentea kirol honetan?
Bai, bera eta inguruko jendea. Txikitatik ikusi izan ditut Olinpiadak eta bertan parte hartzen zuen jendea, baina benetan kontutan hartzen ditudanak nire neba eta Espainiako Taekwondo Federazioarekin ezagutu ditudan pertsonak dira, hurbilen ditudanak. Azkenean, sentitzen dut haiek direla nire esfortzua ondoen ulertzen eta baloratzen dutenak, dauden lekura nik egiten ditudan gauza berdinak eginda heldu direlako.

Federazioarekin parte hartu duzun azken txapelketa Letonian jokatutako European Youth Olympic Weight Categories Championships izan da. Nolakoa izan da zure esperientzia bertan?
Oso ona. Hasiera batean, frogatzeko baino ez nintzen joan, zeren, Letonian izanda, Europako txapelketa bat, hainbeste jenderekin, pisu desberdin batean eta lehenengo aldiz Federazioarekin. Aldaketa asko izan ziren. Baina gehiago izan zen gozatzeko eta ondo pasatzeko txapelketan pentsatzen ibiltzeko baino. Ni oso lasai joan nintzen, presiorik gabe, eta bertan ezagutu nuen jendearekin oso gustura ibili nintzen.

Baina, halere, hirugarren postua lortu zenuen.
Bai, eta horrekin ere oso pozik nago. Azkenean, prestaketa guztiak izugarrizko lana eskatzen du. Udan, adibidez, ezin duzu deskonektatu, badakizulako txapelketa bat hurbil daukazula. Gainera, beti egon behar zara janaria ondo zaintzen eta dietak egiten.

Dieta asko egiten dira taekwondon?
Bai. Kirol honetako norgehiagokak pisuan oinarritzen dira, kategoriak pisuaren araberakoak direlako. Zu sendoa bazara, ahalik eta pisu gutxien izatea lagungarria dela suposatzen da; izan ere, gero eta pisu gutxiago, horrela, txikiagoa den pertsona batekin lehiatuko zara. Beraz, oso dieta zorrotzak egin ohi dira kirol honetan. Nik, adibidez, 9 urte nituenetik egin izan ditut, baina pasa den urtean, nahikoa zela erabaki nuen, ez nuela gehiago egingo. Hemendik aurrera, pisu astunen kategorian lehiatuko naiz; azkeneko txapelketa horrela egin dut, eta dena bikain joan da.

Gogorra izango zen hain txikitatik hastea.
Bai, niretzat, eta baita familiarentzat ere. Imajinatu, bestela, zure 9 urteko haurrak arratsalde batean bokatarik ezin duela jan ikusten ibili behar izatea. Betidanik haiek prestatu didate janaria (amak, aitak, amonak…), dena nutrizionista baten aholkuekin, noski; izan ere, nire neba elikadurako profesional askorengana joan zen, eta guk aurretik bagenekien gauzak nola egin behar ziren. Baina egia da jende gehienak ez dakiela, eta gainera, ezin duela diru asko gastatu nutrizionista baten aholkuetan. Askorentzat, inbertsio bat da, azkenean, zeren, nork ziurta dezake txapelketa baterako pisua galdu eta gero lehiaketan zerbait irabaztea lortuko duzula? Agian pisuaren barruan zaude, baina hori da txapelketa osoan lortzen duzun bakarra.

Eta, gainera, garestia izango da txapelketan izena ematea.
Hemengoetan ez horrenbeste, baina nazioarteko inskripzioak, adibidez, 100 eurora hel daitezke, izen-ematean bakarrik. Eta ordaindu ostean, agian, txapelketarako entrenatzen ari zarela, ukondoan jo, lesioa egin eta ezin zara joan.

Gertatu zaizu inoiz?
Bai, baina joan naiz, eta ahal nuena egiten ahalegindu. Entrenamenduak bereziki kaltegarriak dira, normalean, zu jotzen zaituztelako, baina zuk aurkaria ez: sparring baten antzera, zuk entrenatu behar duzun moduan, beste pertsonak ere egin behar du.

Zer da, kirolari bezala, zure alde ona eta zer, findu behar duzuna?
Taekwondoak bi diziplina ditu: batetik, borroka, eta bestetik, teknika. Azken horretan gerrikoak lortzen dira, eta horretarako, poomsae izeneko mugimendu antzeko batzuk ezagutu behar dituzu. Nik 11 urte ingururekin lortu nuen gerriko beltza, baina teknika utzita daukat jada. Orduan, esango nuke nire alde ona borroka dela, eta erraztasun gehien dudan arloa, malgutasuna edo diziplinatua izatea eta esfortzua egiteko prest egotea. Findu behar dudana, berriz, “karakterra” izango da agian.

Zein zentzutan “karakterra”?
Taekwondoa egitean, zu borrokan ari zara, eta zure izaera borrokarakoa bada, hobeto joango dira gauzak. Batzuk teknikoki oso onak dira, baina, agian, ez dute izaera hori, lasaiagoak dira.

Borrokak egiteaz gain, zu ikaslea ere bazara. Zaila egiten zaizu ikasketak eta kirola batera egitea?
Txapelketa batetik zatozenean, adibidez, ostegunetik astelehenera kanpoan egon ondoren, loguraz zatoz, klaseko hiru egun galdu dituzu, eta azterketak ere bai. Datak aldatu behar dituzu, eta gainera, ikasi. Baina, noiz? Letoniara bazoaz, bertan ezin duzu ezer egin. Orduan, askotan zaila da biak ondo eramatea.

Ez duzu uste taekwondoa zure ogibidea izan daitekeenik?
Ez, nik uste ezetz. Dedikazio osoa behar duzu horretarako, eta ematen dituzten diru laguntzak (lortzen badituzu, oso jende gutxik jasotzen baititu) eskasak dira. Gainera, kirol karrera amaitzen duzunean, 28 urterekin edo, horretan bakarrik ibili bazara, ez duzu inoiz lanik egin izan, eta ez dizute laguntzarik emango hori konpentsatzeko. Txikitatik ari zara taekwondoan dirua eta denbora inbertitzen, eta asko eman beharko lizukete guzti hori bueltatzeko. Nik argi daukat: ahalegin guztiak egingo ditut, nahiz eta taekwondoa nire bigarren aukera izan, eta ondo irteten bada, ederto; bestela, zer egingo diogu…

☉ Zeberio

San Antonio eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan

12:00etan meza santua egingo dute eta jarraian luntxa prestatuko diete bertara hurbilduko direnei

|

Luntx bat, Burbustuko jaietan // Geuria

Urtarrilaren 17an, bariku honetan, San Antonioak ospatuko dituzte Zeberioko Barañao auzoan.

Zeberioko auzo txikietan egiten duten lez, 12:00etan meza santua egingo dute eta jarraian luntxa prestatuko diete bertara hurbilduko direnei.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko gazteek irteera antolatu dute sagardotegira martxoan

Irteeran izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a izango da

|

gipuzkoa astigarraga alorrenea sagardotegia
Gipuzkoako Alorrenea sagardotegia // Utzitakoa

Martxoaren 15ean irteera antolatu dute Zeberioko gazteek. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a izango da.

“Aurten be sagardotegireko irteera preparau gurean gabiz. Badakigu ondiño ezkabizela informaziño asko emoten baia gauzek aurreratu ahala joango gara dana eguneratuten”, azaldu dute Zeberioko taldetik.

Parte hartu nahi dutenek modu bitan ipini daitezke harremanetan elkartearekin: 667 841 838 telefono zenbakira deituz edo instagrameko kontuaren mezularitza zerbitzua erabiliz. “Animau!! Igez itzelezko egune pasau gendun eta!!”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gorka Perez: «Mendiko artzaintza galtzen ari da eta han behar dira, hain zuzen ere, txakurrak»

Artzain txakurrak trebatzea maite du Gorka Perez Olabarrik, eta praktika horren garapenaren inguruan berba egiteko elkartu gara beragaz Undurragako lurretan

|

Gorka eta Pintxo, artaldearekin lanean / Geuria

Gure mendietan gero eta artzain gutxiago ikusten ditugu. Gainbeheran dagoen ogibidea da. Urteek aurrera egin ahala, ardiak menditik jaitsi eta betidanik ezagutu den artzaintza estentsiboak indarra galdu eta intentsiborako joera nabarmentzen ari dela azaldu du Gorka Perez Olabarrik (Zeberio, 1986). Eta egia da: gero eta sarriago ikusten ditugu ardiak nabe handietan edo etxe ondoan, belarra jaten, inguruak “garbitzen”.

Artzainekin batera artzain-txakurrak daude, eta beren lana ezinbestekoa da ardiak edo ganadua leku batetik bestera eramateko orduan. Orduan, mendietatik urrun, non gelditu da txakur hauek hainbeste urteetan zehar eskainitako laguntza? Gorkak txikitatik ezagutu ditu artzainen lagun fidelen mendiko lanak. Egun batez bada ere, beragaz, Pintxogaz eta artaldexo bategaz izan gara Zeberioko azken auzoan.

Gorka eta Pintxo, artaldearekin lanean, Atzean Areatza // Geuria

Nondik datorkizu txakurrak trebatzeko zaletasun hau, Gorka? Txikitan baserri inguruan ibiltzen nintzen. Bertan, Undurragan, artzain zaharrak egon ohi ziren eta horiekin ematen nuen denbora. Hor sortu nuen artzain txakurrak trebatzeko lotura. Lehen aldian txakur bat ekarri nuen etxera, ondoren ardiak jarri genituen eta zaletasun hura pizten hasi zen, astiro-astiro.

Edozein txakur prestatu daiteke ardiekin lan egiteko? Txakur arraza jakin batzuk daude ardiekin lan egiteko, baina hortik harago garrantzitsuagoa da la hori burutzeko instintua edukitzea. Gaur egun arrazak garatuta daude eta Border Colliea, Euskal artzain txakurra, Gos d’atura (kataluniarra), Kelpie australiarra… asko dira lan egiteko balio dutenak.

Txakur hauek arreorako erabili egiten dira; ez dira guardiarakoak. Hori da. Ardiak kontrolatzeko, ganadua landa batetik beste batera eroateko, transhumantziarako… lan egiten dutenak dira arreokoak. Guardiarako mastinak bezalako txakurrak erabili ohi dira, esaterako.

Pintxo, ziztu bizian // Geuria

Nola aukeratu egiten da artzaintzarako txakur bat? Lehenik eta behin txakurra zertarako erabiliko den jakin behar da. Ardiekin lan egiteko mugatzen bada jarduera arraza garatuena Border Colliea da. Euskal artzain txakurra ere badago kategoria horretan, baina malgutasun handiagoa dauka azken honek eta gainontzeko ganaduarekin lan egiteko balio du ere. Lanaren arabera aukeratuko dugu trebatu beharreko txakur arraza. Border Colliearen kasuan, bere espezialitatea inguraketa lanak egitean datza, esaterako, baina aldi berean oso animalia delikatuak izan ohi dira: zaratak daudenean txakur oso sentsibleak dira.

Gorka Perez: “Txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da”

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat aukeratutako txakurraren jatorria da: gurasoak nortzuk diren, alegia. Iraganean artzaintzaren munduan lan egin izan badute berme handiagoa du kumeak esparru horretan lan egiteko. Eta txakurtxoa zaletasun horrekin jaiotzea benetan garrantzitsua da. Hala ere, txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da. Beraz, guri dagokigunez garrantzitsuena animaliaren arbasoek izandako gurutzaketen berri izatea da.

Lehen instintua aipatu duzu artzaintzarako txakur batek izan behar dituen ezaugarrien artean. Eta hezitzailearekiko lotura? Animaliak lotura bat izan behar du bere hezitzailearekin. Horregatik obedientzia lantzeak inportantzia handia dauka. Behin garatuta, ardiak gehitu egiten zaizkio entrenamenduetan.

Pintxo, adi // Geuria

Nolakoa da hezitzaile batek txakur bat behar bezala trebatzeko prozesua? Txakurra lehen bizpahiru hilabeteak bete dituela banatzen da amarengatik. Garrantzitsua da ulertzea nork ematen dion jaten, nork eramaten duen paseoan, nor den etxeko ‘jabea’… Lotura horrek indarra hartzen du egunek aurrera egiten duten heinean. Oinarrizko obedientzia hori landuta dagoenean ardiak gehitzen zaizkio entrenamendu saioei. Hasiera batean agian kontaktu bisuala landu beharko du animaliak ardiekin eta espazio baten barruan babestuta egon beharko dira, egoera arriskutsuak eta estresa ekiditeko. Denborak aurrera egin ahala askatasun handiagoa ematen zaio txakurrari. Ardiekin obedientzia landuta txakurraren kontrola lortzen dugu. Eman beharreko hurrengo pausua agindu jakin batzuk lantzea izango da.

Gorka, Pintxoren lanak ikuskatzen // Geuria

Denbora asko behar da txakur bat behar bezala hezteko? Artzainak eskatzen dionaren arabera, egia esan. Baina esan genezake, orokorrean, prozesuak normalean urtebeteko iraupena izan ohi duela, gutxi gorabehera. Urte eta erdiko txakur batek ardiekin lan egin ez badu gerora zaila da adin horrekin behar horietarako trebatzea.

Eta artzaintzan lan egiten duen txakur bat arraza garbikoa izatea inportantea da? Ez du zertan izan beharrik. Adibide modura, Border Collie eta Euskal artzainen arteko nahasketek emaitza oso onak izan ohi dituzte. Baina egia da arraza garbiko txakurrek berme hori ematen dutelaren ospea dutela.

Gero eta artzain gutxiago ikusten dira gure mendietan, baina kontraesankorra badirudi ere Hego Uribeko herri askotako jaietan artzain txakurren ikuskizun ugari egiten dituzte oraindik. Zergatik da hau? Zaletasun handia daukan mundua da, ezbairik gabe. Eskualdean eta baita eskualdetik kanpo ere! Hor dago ere Oñatin urtero egiten den nazioarteko artzain txakurren txapelketa, Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak… lehiaketa ugari antolatzen dira inguruan eta ez bakarrik txakur artzainen ingurukoak; euskal artzain txakurren arteko txapelketak eta arraza libreko lehiaketak ere antolatzen dituzte. Urtez urte ere artzainen belaunaldi aldaketa ikusten da eta zaletasuna gogor mantentzen dela esan daiteke.

Gorka Perez: “Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadi osoan”

Eta horren haritik artzain txakurrak hezteko negoziorik al dago? Oso gutxi. Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadin. Eskari gutxi daukan zaletasuna da eta txakur hauek egunerokotasunean behar dituen artzainak bere kabuz hezten ditu txikitatik. Baina egoera zuk zeuk azaldu duzu: mendiko artzaintza galtzen dabil eta mendian behar dira txakurrak. Artzaintza estentsiboa galtzeko joera ematen ari da azken urteetan eta horren ordez intentsiboaren norabidea hartzen ari da, baserri formatura: ardiak azpiegituretan ikusten hasi gara, nabeetan. Bertan, txakurren lana ez da hain beharrezkoa.

Ardi bat // Geuria

Hezitzaile modura, zein esparrutan hezten dituzu zure txakurrak? Obedientziaren esparruan: paseoren bat ematen badut nire alboan egoteko eta bereziki ardiekin egoteko. Nire txakurren lana ardietan zentratzen da.

Lana ematen dute ardiek gaur egun hemen, Zeberion? Bai, egunero egin behar da ezer beraiekin: landaz aldatu, txertoak ipintzeko leku zehatz batean ipini behar da artaldea, ardiak kontatzeko banan-banan igaro behar dira leku jakin batetik… hori guztia txakurraren lana da. Txakur barik lan hori egiteko denbora hiru aldiz biderkatuko litzateke.

Non egiten dituzu trebaketa saioak? Etxean bertan. Duela urte batzuk Nafarroara joan nintzen praktika honen inguruko ezagutzak jasotzera. Garai hartan beste txakur bat neukan eta Border Collien inguruko Britainiatik zetorren metodo bat ikastera joan nintzen Nafarroara. Hala ere, nire txakurrak nik neuk hezi izan ditut.

Pintxo, kontrol lanetan // Geuria

Nola ikusten duzu artzain txakurren lanaren etorkizuna? Zail, ez dizut kontrakoa esango. Gero eta oztopo gehiago ipintzen dizkiete artzainei eta txakurrei esparru estentsiboan. Apurka-apurka, artzain txakurren lana menditik etxe ondoetara mugatzen ari da, arrazoi batengatik: etxeko lurrak garbi mantentzeko. Azken batean, lursailean artalde ertain edo handiak dituenak txakurra behar du ardiak landa eremu batetik bestera mugitzeko.

Gorkaren artaldea // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Aerosorgailu parke bat ipini gura du ‘Feroskana Parke Eolikoa’ proiektuak Zeberioko Mandoian

Bost aerosorgailu Zeberioko lurretan ipini gura dituzte, eta bat Bedia udalerrian. Aurtengo apirila-maiatza aldera, proiektua jendaurrean aurkezteko epea zabalduko dute

|

Parke eoliko bat // Jon Goikouria Larrabeiti

‘Feroskana Parke Eolikoa’ Ferosca Wind (Delta Power) enpresaren proiektua da. Horren arabera, 27 MWko sei aerosorgailuz osatutako parke eolikoa ipini gura dute Mandoia kordalean: bost Zeberio aldean eta bat Bedia udalerrian. Aerosorgailu bakoitzak 4,7 MWko potentzia izango luke.

Zeberioko Udalak argitaratu duen dokumentu baten arabera, proiektu hau 2023ko abenduan jaio zen. Urte hartan parke eolikoa sortu ahal izateko lehen eskaria egin zuen Ferosca Windek eta 2024ko urtarrilean eskumen izapidearen ebazpena egin zuten.

2024ko uztailean, enpresak Aurretiazko Administrazio Baimenaren (LMA) eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren (HIA) eskaera aurkeztu zuen Industriako Bizkaiko Lurralde Bulegoan.

Aurtengo apirila-maiatza aldera, proiektua jendaurrean aurkezteko epea zabalduko dute, 30 egunekoa, informazioa publikoa izan dadin eta enpresa eskatzaileak (Ferosca Windek) aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gehigarria aztertu ahal izateko. Azaroan bertan ingurumen-inpaktuaren adierazpenari buruzko ebazpena egingo dute.

Aerosorgailuak EAEn

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mendietan lau parke eoliko daude gaur egun, horien artean Oiz mendian eraikitakoa. Bizkaian Enkarterrietako guneak jasango du eragin handiena, bertako itsasertzeko mendiguneetan hainbat zonalde identifikatu dituztelako. Gipuzkoan, herrialde osoan daude instalazio eolikoak jartzeko kokalekuak, oro har.

Aerosorgailu baten batez besteko ahalmen elektrikoa bizpahiru megawattekoa (MW) da. Horri esker, urtean 6 milioi kilowatt orduko (kwh) elektrizitate ekoiztu ditzake. Etxe batek urtean 3.500 kWh kontsumitzen ditu batazbesteko, hau da, 400 megawatt orduko gutxi gorabehera.

Urtean 6 milioi KWh elektrizitate ekoiztu dezake aerosorgailu batek. Etxe batek 3.500 kWh kontsumitzen ditu urtero (400 MW orduko, gutxi gorabehera)

Siemens Gamesa enpresak, esaterako 4,7 MW potentziako aerosorgailuak sortzen ditu. Haize baxuko guneetarako bereziki diseinatutako turbinen garapena bultzada garrantzitsua da onshore energia eolikoaren garapenerako, baliabide eoliko handiko kokalekuak mugatuagoak diren merkatu helduetan. Errotoreen tamaina handitzean, turbinak energia gehiago ekoizteko gai dira, eta, horrela, haien gaitasun- edo erabilera-faktorea handitzen da”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak / Mela-mela eginda heldu dira Olentzero, Mari Domingi eta Napo Zeberiora

Azken orduko eguraldi txarra dela eta, Ermitabarritik Zubialdera egin beharreko errege bideko ibilbidea bertan behera utzi eta horren ordez, haurreskolatik Zubialdeko aterperainoko paseoa egin dute

|

Olentzero eta Maridomingi, gaur, Zeberion // Geuria

Blai eginda baina osorik iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Zeberiora, opariz betetako Naporekin. Azken orduko eguraldi txarra dela eta, Ermitabarritik Zubialdera egin beharreko errege bideko ibilbidea bertan behera utzi dute eta horren ordez, haurreskolatik Zubialdeko aterpera egin dute.

Iritsi da eguna. Abenduak 24. Euri zaparrada bota badu ere, horrek ilusioa ez du haurren aurpegitik ezabatu. Olentzzero, Mari Domingi eta Napo Zeberion izan dira herritarren artean. Txistulariek, dultzaineroek eta panderojoleek harrera zoragarria egin diete udaletxe atzeko aterpean eta segidan hasi dira herriko txikienen eskutitzak jasotzen.

Napok aipamen merezia merezi izan du, haurren atrakzio nagusia izan delako eta laztan guztiak berarentzat izan dira. Olentzerok eta Mari Domingik, ostera, denetarik izan dute: poz-pozik zeuden haurrak edo beren aurpegia lehen aldiz ikusten zituztenen begiradak.

Gaurko afariaren ostean haurrak arin-arin oheratu eta ondo lo egiteko eskatu die ikazkinak etxeko txikienei, bihar sorpresaren bat jasoko baitute.

Eguberri on!

Osorik irakurri