Sareak

☉ Zeberio

Luis Zubero txirrindulari ohia eta ‘Ciclos Zubero’ dendako sortzaile zeberioztarra zendu da

Txirrindulari ohiak, Goddet Tourreko zuzendariari esan zion aldapak jaisteko modua zeberioko kurbetan ikasi zuela

|

Luis Zubero // Ciclos Zubero

Luis Zubero euskal txirrindularitzako erreferentea hil egin da, 77 urte zituela.

Zubero 1968tik 1976ra bitartean izan zen txirrindulari profesionala eta KAS taldeko txirrindularia izan zen 1968tik 1974ra. Amateur izan zenean deitu zuen arreta zeberioztarrak: 1967an Bizkaiko eta Espainiako txapeldun izan zen.

Profesional lez Pascuas-eko zirkuituan eta Sabiñanigoko GPa irabazi zituen eta 1970eko Frantziako Tourreko etapa batean bigarren postua eskuratu zuen Eddy Merckx-en atzetik: “Etapa hura Merckxek irabazi zuen, den-dena irabazten zuen moduan. Ez zuen ezer besteentzat. Indartsuena eta handinahiena zen”, horrela gogoratzen zuen Zuberok Merckx. Ozta ozta ez zuen irabazi etapa hura, baina Merckxi beldurra emateko gai izan zen.

Garai hartan Tourreko zuzendaria izandako Goddetek galdera egin zion Zuberori: “Non ikasi duzu aldapak modu horretan jaisten?”. “Zeberion”, erantzun zion Luisek irribarretsu. “Kurbaz beteta dago herria”.

Txirrindularitza profesionala utzi ostean, Bilboko erdigunean kokatutako Ciclos Zubero denda zabaldu zuen, txirrindularitza askorentzat erreferente bilakatutako negozioa.

☉ Zeberio

‘Gure Denboran’ dokumentaleko protagonistak omendu dituzte Zeberion, Emakumeen Nazioarteko Egunean

Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz

|

'Gure Denboran' dokumentaleko protagonistak, filma proiektatu ostean // Zeberioko Udala

Urtero lez, Zeberioko Udalak elkarretaratzea egin du Emakumeen Nazioarteko Egunean, eguerdi aldera, herriko plazan.

Jarraian, Zeberioko emakumeei ahotsa ipini dien 35 minutuko ‘Gure denboran’ izeneko dokumentala proiektatu dute plazako ermitan eta harrera ona izan duela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek.

Zintaren proiekzioaren ostean, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak omendu dituzte eta lore sorta bat eman diote bakoitzari.

Zeberioko Udaletik azaldu dute gaur proiektatutako dokumentala interneten ipintzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela erabaki non eta noiz.

Elkarretaratzea, herriko plazan // Zeberioko Udala

Hauek, baina, ez dira Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egingo diren jarduera bakarrak. Datozen egunetan bestelako ekintzak prestatu dituzte.

Egitaraua | Zeberioko Martxo Feminista

Martxoak 13, barikua
18:00 Maskulinitate toxikoari buruzko saioak, eskola zaharra

Martxoak 23-26
18:00 ‘Zeberioko emakumeak historian’ + erakusketa, plazako ermita zaharra

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Gaur antolatu dute Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra Zeberion

Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte

|

Story Stoneak // thewildcherryfarm.com

Zeberioko eskola zaharrak Berdintasunezko istorio harrigarriak sortzeko tailerra hartuko du gaur arrastian, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian.

Story stones teknika erabiliz, berdintasunaren aldeko mezuak sortuko dira. Umeek ausaz elementuak hautatuko dituzte, eta norberak istorio bakar eta pertsonala sortuko du, sormena eta irudimena erabiliz.

Amaieran, beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Bertan, elementu beretik abiatuta istorio desberdinak eta bakarrak sortu daitezkela erakutsiko dute parte-hartzaileek.

Saioa 8 urtetik gorako umeentzat zuzenduta dago eta 18:00etan eskainiko dute. Izena eman nahi dutenek 15:00ak arte daukate.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko etxebizitza bateko tximinia batek su hartu du eta jabeek beraiek amatatu dute

“Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu dute Segurtasun Sailetik

|

Suhiltzaileak, lanean // Geuria

Zubialde auzoko tximinia batek su hartu du gaur arrastian. Auzotarrek larrialdi zerbitzuetara abisua eman eta Bizkaiko Suhiltzaileen auto-eskala bat eta ur ponpa pisutsu bat gerturatu dira Zeberioko auzora, 19:00ak aldera.

Segurtasun sailetik azaldu dute sutea lehen mailakoa izan dela eta etxebizitzako jabeek beraiek amatatu ahal izan dutela larrialdi-zerbitzuak iritsi direnerako: “Suteak ke asko sortu du eta suhiltzaileek etxebizitza aireztatu eta berrikusketa lanak egin dituzte bertan”, azaldu diote GEURIAri.

Ezbeharraren kausa argitu barik dago momentuz.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Arrastia igarotzeko irteera prestatu dute gazte zeberioztarrentzat Basauriko KNS Aventura Parkera

Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik, hilaren 14an. Izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da

|

Martxoaren 14an egun arrastia igarotzeko irteera prestatu die Zeberioko Udalak herriko 12 eta 17 urte bitarteko gazteei, Basauriko KNS Aventura Parkera.

Autobusa 17:00etan irtengo da herriko plazatik eta izena emateko azken eguna martxoaren 9a izango da. Interesdunek 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute horretarako.

KNS Aventura Park abentura anitzeko parkea Bilbo inguruko 7 urtetik gorako helduentzako eta haurrentzako 1.500 metro karratuko azaleradun jarduera-parkea da.

Lau aire zabaleko zirkuitu ditu, metro bateko garaieratik hasita eta bederatzi metro artekora, 80 metroko luzerako tirolinekin eta pasabide eta ibilbide anitzekin.

‘Humor Amarillo’ eta ‘Grand Prix’ telebista programetako eszenatokietako elementuak ere badaude bertan: giza futbolina, gladiadoreen borroka, infernuko horma, giza boloak, sator-matea eta tragabolak.

Gainera, bestelako jokoak eta jarduerak eskaintzen ditugu: rokodromoa, boulderra, aizkora eta izarrekin tiro egitea… eta beste jarduera batzuk.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Asiar liztorraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Zeberion, asteburuan

Iazko balantzea, herriko egoera eta 2026ko helburuak iragarriko dituzte. Gainera, tranpen berritzea eta erakargarrien banaketa egingo dute

|

Bizkaiko Suhiltzaileak, asiar liztorrez inguratuta, habi bat kentzen Zeberioko Entelladorena auzoan // Geuria

Zeberioko plazako ermitak Asiar liztorraren inguruko berbaldi bat hartuko du martxoaren 7an, 11:00etan.

Iazko balantzea, herriko egoera eta 2026ko helburuak iragarriko dituzte bertan. Gainera, tranpen berritzea eta erakargarrien banaketa egingo dute.

Hitzaldia Gorbeialdek eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak antolatu du, Zeberioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Asiar liztorren inguruko elkarrizketa egin genion GEURIAn Aitziber Mendibil Barañano zeberioztarrari, liztorren bizimodua gertutik ulertzeko. Hementxe irakur dezakezu osorik.

Osorik irakurri