☉ Zeberio
Mar Garrote: «Agroekofeminismoan bizitza, zaintza eta pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu»
Mar Garrote Zeberioko Maskilu kontserberaren hastapenetako ekoizlea da. Proiektuan diharduen arren, duela lau urte ekimen propioa jarri zuen martxan: nekazaritza ekologikoa eta feminismoa uztartzen dituen Zerbatik taldea
Urte luzez atzerritik bidaian ibili eta gero, errotzeko beharra sortu zitzaion Mar Garrote Calvori (Madril, 1976). Hiriko bizitzatik ihes egin nahian, Zeberioko Maskilu kontserberaren proiektuan sartu zen buru-belarri, orain dela hamarkada bat. Duela lau urtetik, gainera, bere proiektu propioa ere badarama aurrera: Zerbatik uzta agroekofeministak. “Norbaitek esan zidan behin, gosaltzea egunean zehar egiten dugun lehen ekintza politikoa dela” —dio Calvok. “Bada, nik uste dut lehenengo ekintza politikoa gosaldu baino askoz lehenago egiten dugula: gure buruari elikagaia nork produzitu duen, nork erosi duen eta nork sukaldatu duen galdetzen diogunean”. Ekoizlearen iritziz, sistema industrialak ez du inoiz “nor” hori (edo subjetu horren bizitza) erdigunean jarriko; eta, beraz, beharrezkoa da metodo alternatibo baten alde egitea: agroekofeminismoaren, edo, behinola deitzen zitzaion bezala, baserriko emakumeek bultzatutako autokontsumoaren sistemaren alde.
Nola hasi zinen agroekologiaren munduan? Maskilu kontserberaren proiektuarekin hasi nintzen, duela hamar bat urte. Zeberioko Udalak Nekazalgunea izeneko politika publikoa jarri zuen martxan, lehen sektorea bultzatzeko, eta Ermitabarriko lursail bat, bost urtez bertan bizi ahal izateko apartamentuak eta elikagaien transformaziorako erabili zitekeen eraikin bat jarri zuen ekimenera aurkeztu nahi zuten ekoizleen eskura. Hasieran, lau lagun izan ginen (Nadia López, ni eta gure bikoteak) hemen landatzen hasi ginenak, Basortu izeneko proiektuaren izenpean. Gero, horrek Maskilu kontserba agroekologikoen proiektua sortzea ekarri zuen, eta 11 lagun bildu ginen bertan (egun, 14 gaude lanean). Hasierako lau lagunak, gerora, banatu egin ginen, eta orain, bakoitzak bere proiektu propioak dauzka esku artean. Hori bai, Maskilun jarraitzen dugu guztiok, sarean lan egiteko logika galdu gabe.
Zein da zure aldetik sortu duzun azken proiektua? Zerbatik uzta agroekofeministak izeneko taldean ari naiz buru-belarri, duela lau urtetik. Proiektu honek hiru hanka ditu: ortuko nekazal lana, kontserbak eta otzarak egitea, eta formazioa; hau da, agroekologia edo produktu kimikorik gabeko elikagaiak ekoiztea, feminismoa eta hezkuntza.
Zein da hezkuntzaren garrantzia ekoizpen ekologikoan? Modelo agroindustriala utzi eta nekazari txikiei ekoizpen agroekologikoan hasteko laguntza eskaintzen dien politika publiko gutxi dago. Guri gehien kostatu zitzaiguna, Basortun hasi ginenean, nola hasi behar genuen jakitea izan zen, nola egin genitzakeen gauzak, eta ekoizpena hasteko orduan, proiektuari zein figura juridiko eman. Beste alde batetik, gizartean, orokorrean, ezagutza falta handia dago, eta zaila da modelo hau sustatu nahi duen jendea aurkitzea, askok ez baitakite zer den; beren eguneroko hiriko bizitzatik oso urrun ikusten duten ekimena da. Horregatik guztiagatik, zaila da proiektu agroekologikoak edo agroekofeministak aurrera ateratzea, ezagutza falta dagoelako arlo guztietan (ekoizleengan zein herritarrengan), eta gabezia hori da, hain zuzen, konpondu behar duguna.
Formakuntza eskaini ahal izateko, badaukazu aldez aurreko esperientziarik? Ni gizarte hezitzailea naiz ikasketaz, eta denbora luzez ibili izan naiz horretan lanean: gatazkak konpontzeko mediazioan. Arteara [Arratia] etorri baino lehen, asko bidaiatu nuen, eta atzerrian egon nintzen bizitzen; Mexikon, azkenekoz. Baina hona bueltatu nintzenean, konturatu nintzen ez nuela horrela jarraitu nahi, ezberdin bizi nahi nuela, umeak izan nahi nituela, eta hauek beste modu batean hezi nahi nituela, hirian baino, herri txiki batean. Beraz, lan hori uztea erabaki nuen Zeberioko proiektuarekin hastean. Baina landa munduaren balioaz ohartzean, konturatu nintzen gainontzeko jendea garrantzi horretaz sentsibilizatzea baliotsua dela. Horregatik, Zerbatik proiektuarekin hastean, errekuperatu egin ditut pedagogiaren arloan eta hezitzaile moduan ditudan ezagutzak, eta orain, jolasekin eta antzeko dinamikekin azaltzen diot jendeari zer dagoen jokoan elikadura sistemaz hitz egiten dugunean.
Zergatik sortu proiektu paralelo bat, Maskilutik aparte, formazio lanetan hasteko? Honakoa proiektu pertsonala da, eta ortuan hainbat lagunen eta familiako kideren laguntza izan arren, nik bakarrik kudeatzen dut. Basorturekin hasi ginenean, eskala handiko zerbait egin nahi izan genuen, baina proiektuan geunden bi bikoteek seme-alabak izan genituenean, konturatu ginen planteatu genuen moduan eramanezina zela. Lan dinamika hori nekagarria zen, eta aldatu egin behar genuela ohartu ginen. Orain esku artean dauzkagun proiektu indibidualak gaur egun daukagun egoerara hobeto egokitzen dira, ez soilik aurreko esperientziatik ikasi dugulako, baizik eta, Zerbatiken kasuan bezala, agroekofeminismoa erabiltzen dugulako: zaintza eta bizitza erdigunean jartzea.
Horrela definituko zenuke agroekofeminismoa? Niretzako, sareak sortzea eta nekazaritza modeloa aldatzea da. Eredu agroindustriala kapitalista eta patriarkala da, jendea alboratzen du eta ez du natura errespetatzen. Agroekofeminismoan, bizitza, zaintza eta pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu, baita natura eta lurraldea ere. Azken batean, hitzak esaten duen bezala, agroekofeminismoa agroekologiari feminismoa gehitzean sortzen da; agroekologia betaurreko moreekin ikusten dugunean, alegia. Zein genero perspektiba dauka prozesu osoak? Nork landatzen du? Nola landatzen da? Eta nola banatu, prestatu, kontsumitu…?
Norbaitek esan zidan behin, gosaltzea egunean zehar egiten dugun lehen ekintza politikoa dela; bada, nik uste dut lehenengo ekintza politikoa gosaldu baino askoz lehenago egiten dugula: gure buruari elikagaia nork produzitu duen, nork erosi duen eta nork sukaldatu duen galdetzen diogunean. Adibidez, gosaria, egunero-egunero zure emazteak erosi eta sukaldatzen badu, ekintza politikoa agroekologiaren aldekoa izan daiteke, baina ez da oso feminista izango.
Kanpoko produkzioaz gain etxeko ekonomietan ere eragin behar bada, horrek bizitzera ohituta gauden sistema guztiz aldatzea beharko luke. Bai. Egungo modeloan, elikaduraz hitz egiten denean, ekoizleak baino ez dira kontuan hartzen, eta sistema hori baino askoz konplexuagoa da, hainbat ardatz baititu. Alde batetik, noski, jangaiak ekoizten dutenak daude, landatzen dituztenak, eta prozesatzen dituztenak. Baina gero, badaude banaketa eta kontsumoa ere.
Gaur gaurkoz, banaketa da botila-lepoarena egiten duen sistemako katebegia, horretaz arduratzen diren agenteak baitira prozesu osoarekin aberasten direnak, eta ez ekoizleak. Kontsumoaz ari garenean berriz, erosleez ari gara, bai etxeetakoez, herritarrez, bai erakunde publikoez. Izan ere, egoitzetarako, eskolako jantokietarako eta arlo publikorako egiten diren erosketek eragina dute bultzatu nahi dugun modeloan. Berdin bazait supermerkatuan erostea eta Perutik datozen janariak erostea, hemengo ekoizleei beharrean, egin dezaket; nire osasuna kontuan hartzen badut, baina ez produktua nondik datorren, agroekologikoa erosiko dut, pestizidarik gabe, nahiz eta elikagaien ekoizleek esplotatuta lan egin; modelo aldaketa nahi baldin badugu, berriz, osasuntsua dena erosiko dugu, kiwia edo sagarra (denboraldiaren arabera) eta fijatu egingo gara produktua zein baldintzatan eta nork ekoitzi duen.
Politika publikoek, orduan, agroekofeminista ez den modeloari, industrialari, ematen diote lehentasuna? Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuaren [PAC, gazteleraz] laguntza ekonomikoak nora bideratzen diren ikusi baino ez dago. Pizgarriak ortu handiena daukanari ematen dizkiote, hedadura handieneko lursailak dituenari, berotegi handiena daukanari, traktore handiena erosi nahi duenari… Eta gehienak gizonezkoak dira. Ez laguntzak gizonezkoei baino ez dizkietelako eman nahi, baizik eta, normalean, haiek direlako modelo industrialarekin jarraitu nahi dutenak edo berau bultzatzen dutenak.
Emakumeek, historikoki, ez dute modelo industriala defendatu? Baserriaren modeloa, Euskal Herrian, urte luzez emakumeek babestu izan duten modeloa da. Autokontsumoa oinarri duen sistema da, eremu txikian egiten dena, lursaila zaintzen duena (kimikorik erabili gabe), eta natura eta gizakia lotzen dituena, baliabide naturalak errespetatuz eta merezi duten balioa emanez (urari, lurrari, haziei). Egun, badirudi hirietan hautsi egin dela gizakiak naturarekiko duen lotura, ahaztu egin dugula, baina baserriko modeloak erakusten duen moduan, izaki ekodependenteak eta interdependenteak gara: bata bestearen eta ingurunearen beharra dugunak. Balio horiek agroekofeministak dira, oraintsu eman diogun izendapenaren arabera, baina elikadura sistema hori ez da berria, antzinatik datorren zerbait baizik.
Zu Etxaldeko Emakumeak elkartearen parte zara (elikadura subiranotasunaren proposamenari lotutako andrazkoak batzen dituen kolektiboa). Bertan, agroekofeminismoa, baserriko munduaz gain, Hego Amerikako emakumeen sistemarekin ere lotzen duzue. Abya Yalako —gaztelerazko “Latino América” izendatzeko modu ez koloniala— landa eremuko emakumeengandik ikasi dugu: La Via Campesina proiektutik. Haien bitartez ikusi dugu lurraren defentsarako borrokaren garrantzia eta guztionak diren ondasunak berreskuratzeko indarra. Izan ere, Hego Amerikan, sistema industrialaren eta kapitalistaren parte diren enpresak herritarren eta beren lurren kostara aberasten ari dira; bereziki, gu bizi garen lurraldeko multinazionalak.
1990tik, munduan dagoen dibertsitatearen % 75 galdu dela jakin nuen aurrekoan, eta enpresa horiek izugarrizko eragina dutela galera horretan. Gaur egun, landare espezie guztien hazien % 60 hiru enpresaren artean kontrolatzen dituzte, Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, FAOk, emandako datuen arabera. Eta horrela, herritarrak elikagaien ekoizpenaren gaineko kontrola galtzen ari gara, haziak enpresei erosi behar dizkiegulako.
Horren aurka zer egin daiteke? Zerbatiken eta Maskilun Hazien Sarea elkartean gaude. Bere helburua “zaindariak” diren kideen bidez haziak gordetzea eta mantentzea da. Zeberion, adibidez, porruaren eta tipularen haziak dauzkagu hozkailuetan, eta modu horretan, ziurtatu egiten dugu bertako elikagaien gaineko kontrola guk geuk izatea. Bestalde, guztiona den ondasuna zaintzeaz gain, elikadura subiranotasuna babestu eta lurraldearentzat balio kulturala duen lehengaia zaintzen dugu.
☉ Zeberio
Zeberioko eskolako ikasleek zaintzaren inguruko tailer parte-hartzailea egingo dute gurasoekin
Berdintasuna ardatz nagusi izanik, protagonistak Zeberioko eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izango dira
Ikasturte berriaren hasierarekin proiektu berri bat ipiniko du martxan Zeberioko eskolak Udaleko Berdintasun sailarekin. Gaia zaintza izango da eta protagonistak Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izango dira.
“Berezitasun modura, ikasleen gurasoek tailer honetan parte hartzera gonbidatuko ditugu”, azaldu du Nerea García Rebollo proiektuko bultzatzaileak. “Helburua zaintzaren inguruko sentsibilizazioa lantzea da”. Azken hiruhilekoan, ikasturtean zehar ateratako informazioa eta ondorioekin proiektuaren aurkezpena egingo dute ikasleek. Proiektua guztiz finkatuta ez badago ere, horiek dira eskolako zuzendaritzak Udalarekin elkarlanean sortutako ildo nagusiak.
Tailer parte-hartzaile hauek sortzearen ideia joan den ekainean sortu zen, proiektu hau sortzeko beharra sumatu zutenean: “Asmoa zaintzaren inguruko tailerra sortzea zen. Azken batean, gure ustez zaintza berdintasunaren oinarria da eta garrantzitsua iruditzen zaigu berdintasuna lantzeko; ez bakarrik martxoaren 8an edo azaroaren 25ean mobilizazioak antolatuz. Egunero landu behar den zerbait da”.
Hurrengo asteetan proiektuaren nondik norakoak eta datak zehaztuko dituzte, eskolako eta Udaleko ordezkariak elkartu ostean.
☉ Zeberio
Herriko tabernetatik kalera atera dituzte Zeberioko desfibriladoreak
Gaur farmaziako sarreran bertan topa daiteke Zubialdeko gailua, udaletxeko arkupean. Ermitabarrikoa taberna parean ipini dute
Zeberioko Udalak lekuz aldatu ditu momentura arte herriko zenbait tabernatan kokatuta zeuden desfibriladoreak. Zubialde auzokoa Herriko taberna barruan kokatuta zegoen, eta Ermitabarri auzoari dagokionez, Taberna Zaharran.
“Mundu guztiarentzat eskuragarri egoteko atera dugu kanpora”, azaldu du Ekain Goti Zeberioko alkateak. Kontuan izan behar da momentura arte taberna barruan kokatuta zeuden gailuak lokalak zabalik zeuden bitartean erabili zitezkeela soilik.
Gaur egun farmaziako sarreran bertan topa daiteke Zubialdeko gailua, udaletxeko arkupean. Ermitabarrikoa taberna parean ipini dute. Hirugarren desfibriladore berri bat ipini dute Arkulanda auzoan ere.
Zeberion HeartStart FRx desfibriladoreak eskuragarri daude. Gailu hauek bizi-orientazioko ezaugarri aurreratuak dituzte, bat-bateko bihotz-gelditzearen tratamendua gidatzen laguntzeko. Konfigurazio errazarekin, ahots-adierazpen argiekin, HeartStart FRx in situ erantzuna emateko diseinatuta dago.
☉ Zeberio
Gipuzkoako mendi altuenetara abiatuko dira Zeberioko Austarri mendi taldekoak
Egun osoko irteera honetan Petroleros (940 mt), Aizkorri (1.523 mt), Aketegi (1.551 mt) eta Arantzazutik igaroko dira (731 mt), 13 kilometroko ibilbidea eginez
Zeberioko Austarri Mendi Taldeko mendizaleak Aizkorri mendilerrora abiatuko dira irailaren 15ean. Egun osoko irteera honetan Petroleros (940 mt), Aizkorri (1.523 mt), Aketegi (1.551 mt) eta Arantzazutik igaroko dira (731 mt), 13 kilometroko ibilbidea eginez.
Aukeran egongo da Petroleros – Urbia eta Arantzazu ibilbidea. Inguru hori guztia Gipuzkoak eta Arabak partekatzen duten Aizkorri-Aratz izeneko parke natural handian dago (Aizkorri-Aratz).
Hitzordua irailarren 15a izango da, 07:30ean, Zeberioko udaletxeko plazan bertan. Interesdunek irailaren 12ra arte eman dezakete izena Hogarrean (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte), austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 665 735 054 zein 656 415 597 telefono zenbakietara deituz.
Garaiera handiko irteera
“Aizkorri mendilerroan daude Gipuzkoako mendirik altuenak. Harresi handi bat balitz bezala, Aizkorri mendilerroa Zegama herriaren gainera erortzen dela dirudi, Goierriko eskualdean. Beste aldean, oasi berde gisa, Urbiako zelaiak zabaltzen dira, artzainen eta animalien etxolek zedarrituta, hala nola ardiak, behiak…” Horrelaxe azaldu dituzte Austarri Mendi Taldeko ordezkariek txangoaren nondik norakoak.
Zelai horietatik inguruko hainbat tontor igotzeko aukera izango dute mendizaleek: Aizkorri, Aketegi (Gipuzkoako mendirik garaiena, 1.551 mt), Aitxuri… “Zelai horien amaieran, Donejakue Bidea igarotzen den San Adriango Tunela dago. Urbiako erdialdean, ermita bat bisitatu eta Urbiako Fonda ezagunean indarrak berritzeko aukera izango dugu”.
Aizkorri-Aratz inguruan erliebe malkartsua dago, kareharriz osatua nagusiki. Fenomeno karstikoak paisaiako ezaugarri garrantzitsuenetakoak dira, eta lurpeko ur-jariatze sare zabala ere badu; honek lurpeko barrunbe ugari sortu ditu.
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Mendiak dira eta hainbat udalerri parkean bertan kokatuta daude
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremuaren % 60 inguru Herri Mendiak dira eta hainbat udalerri parkean bertan kokatuta daude: Gipuzkoako Aretxabaleta, Eskoriatza Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zegama, Zerain; Arabako Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondo; eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra eta Apota-Ubarrundiako Partzuergoa.
Inguru honetan, jatorrizko basoek eremu handiak hartzen dituzte. Pagadi kaltzikola eta azidofiloak batez ere gipuzkoar isurialdean topa ditzakegu; horietan ageri-agerikoa da joandako garaietan zertutako ikazkintza jarduera.
☉ Zeberio
Zeberioko Udalak Zubialdeko haurren parkeko zoladura aldatu eta konponketak egin ditu
Udalak 7.500 euro bideratu ditu zoladura aldatu eta parkeko elementuetan mantentze-lan txikiak egiteko
Zubialde auzoan, udaletxea atzean kokatutako haurren parkeko zoladura ordezkatu eta bertako elementuetan konponketa lanak egin ditu uztaila amaieran Zeberioko Udalak. Mantentze lan hauetarako 7.500 euro bideratu ditu (BEZa kanpo) Udalak.
“Aurreko zoladura zaharkitua zegoen eta haurren segurtasunerako aldatu behar zen”, azaldu dio GEURIAri Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Lur bigungarria aldatzeaz gainera umeen parkeko gainontzeko elementuak ikuskatu eta konponketa txikiak egin dizkiegu”.
☉ Zeberio
Bideoa / Zergatik deitzen dira Sandoniak Zeberioko jaiak?
Zeberio Zooberio da gaur. Mozorro Eguna ospatzen dute gaur jaien azken egunean, eta bertako flora eta faunaren artean murgildu gara!
Indaba eta makarroi-janaren atarian, galdera batzuk egin dizkiegu zeberioztarrei (eta Euskal Herriko jaietako saltsa diren Etxebarria Aita Seme Trikitilariei): “Zergatik deitzen dira Sandoniak Zeberioko jaiak?”, “Parrandan atera zara?”…