→Zeberio

Maurizia Aldeiturriagari buruzko ‘Aire!’ dokumentala datorren urtean estreinatzeko diru bilketa hasi dute

Deialdia ireki dutenetik, 31 ekarpen egin dituzte herritarrek dokumentala diruz laguntzeko. Guztira 2.510 euro bildu dituzte hilabete batean, eta 15.000 euroko aurrekontu osoaren %16 eskuratzea lortu dute

Aire! dokumentalaren grabaketa // @airedokumentala

Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole zeberioztarrari buruzko Aire! dokumentala datorren urtean estreinatu nahi dute ekoizleek. Horrela aurreratu zuen ikus-entzunezkoaren zuzendari den Gentzane Martinez de Osabak abenduaren 8an Durangoko Azokan egindako aurkezpenean. “Momentu honetan edizioan edo muntaian gaude” —azaldu zuen zinemagileak— “Uztaila eta iraila bitartean amaitu genuen grabazioa, eta orain, buru-belarri ari gara horrekin”.

Baina “azken pausoak” aurrera eramateko, finantzazioa behar dutela gehitu zuen Martinez de Osabak. Edizioa, postprodukzioa eta banaketa burutzeko zein proiektuari “ikusgaitasuna emateko”, aurrekontu handiagoa behar dute Marmoka Films eta Bideografik ekoizleek. Eta, hain zuzen, horretarako jarri dute martxan crowfunding edo diru bilketa kanpaina herritarra.

Momentuz, deialdia ireki dutenetik, 31 ekarpen egin dituzte biztanleek dokumentala diruz laguntzeko. Guztira 2.510 euro bildu dituzte hilabete batean, eta 15.000 euroko aurrekontu osoaren %16 eskuratzea lortu dute, Verkami plataformako azken datuen arabera.

Gazteen presentzia

Proiektua diruz laguntzeko, ekoizleek eta zuzendariak herritar guztiak animatu dituzte crowfunding kanpainan parte hartzera. Izan ere, dokumentalak Mauriziaren izena gaurkotasunera ekartzeaz gain, hizkuntza, kultura, musika eta beste hainbat gai modu “transbertsalean” transmititzeko balioko du, eta euskaldun guztiei egingo die ekarpena; bereziki, gazteenei.

Maurizia Aldeiturriagaren figurak proiektu guztia “bustiko” duen arren, zeberioztarraren figura ahanzturatik ateratzeko eta gogoeta pizteko “gidari” lana musikari gazteek izan dute Aire! lanean. Proiektuan Kataluniako eta Euskal Herriko 13 musikari gaztek hartu dute parte, elkarrekin musika pieza bat sortzeko.

Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole zeberioztarrari buruzko dokumentala grabatu dute herrian

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak