→Zeberio

Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole zeberioztarrari buruzko dokumentala grabatu dute herrian

‘Aire!’ filmaren grabaketa lanak udan hasi zituzten, Katalunian, eta azken bi asteotan, Igorren, Artean eta Zeberion hartu dituzte azken sekuentziak

'Aire!' dokumentalaren grabaketa // Zineuskadi

Aire! dokumentalak Maurizia Aldeiturriaga musikari zeberioztarraren bizitzaren nondik norakoak eta pandero-joleak XX.mendeko euskal musikari egindako ekarpenak izango ditu hizpide. Grabaketa lanak udan hasi zituzten, Katalunian, eta azken bi asteotan, Igorren, Artean eta Zeberion hartu dituzte azken sekuentziak.

Ikus-entzunezkoa Gentzane Martínez de Osabak zuzendutako bigarren dokumental luzea da. Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeek koprodukzioan bultzatu dute eta Eusko Jaurlaritzaren, EiTBren eta Arteako eta Zeberioko Udalen laguntza jaso du. Gainera, zinea.eus-ek aurreratu duen bezala, Eukeni Arriortua argazki zuzendariaren parte hartzea eta Carlos Sagi, Iraide Ansorena eta Naroa Gaintza musikarien kolaborazioa izango du.

Artistez gain, proiektuan Kataluniako eta Euskal Herriko 13 musikari gazte ari dira lanean; izan ere, ekoizleek azaldu dutenez, filmak neska-mutil hauen “bizitzak batuko ditu, elkarrekin musika pieza bat sortzeko”. Grabaketak bukatzear daudela iragarri arren, halere, egileek ez dute dokumentalari buruzko xehetasun gehiagorik eman. “Prozesuan dago eta ezin da ezer aurreratu, baina itxura ona dauka eta profesional bikainen eskuetan dago”, argitu zuten abuztu hasieran grabaketa lanak hartu zituzten Zeberioko Mandoia Aterpetxearen sare sozialetatik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak