→Zeberio

Maurizia Aldeiturriaga panderojole zeberioztarrari omenaldia egin diote BEST topaketaren lehen edizioan

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketaren (BEST) lehen edizioko irudia izan da Aldeiturriaga. Panderojoleak “maskulinizatutako eta gutxietsitako genero baten”, folklorean, egindako lana aitortu dute

BEST topaketaren irekiera ekitaldia eta karteleko irudia // Bizkaiko Foru Aldundia

Sormenari lotutako kultura disziplinetan erreferente diren emakumeei ikusgarritasuna emateko sortu da BEST, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa. Zelako Kultur Ideiak Kooperatibak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, azaroaren 19an (larunbata) antolatu dute lehen edizioa, eta Maurizia Aldeiturriaga panderojole zeberioztarra izan da ekimenaren irudia.

Egitasmoaren webgunean zein karteletan erabili dituzte Aldeiturriagaren argazkiarekin egindako collage-ak. Baina, bereziki, jardunaldiaren hasieran eskaini diote panderojoleari merezi duen errekonozimendua, antolatzaileek esan bezala, bere lana ez baita inoiz behar beste aitortu. Garai hartan erabat maskulinizatuta zegoen munduan plaza publikoa betetzearen aitzindaria izan zen Aldeiturriaga, eta ideia hori azpimarratu nahi izan dute irekiera ekitaldian.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak inauguratu du topaketa Bilboko Euskalduna Jauregian. Eta bera izan da panderojolearen ekarpenak argitara ekartzearen arduraduna: “Norbaitek plaza hartu bazuen gizonezkoen mundu batean, argi eta garbi, Maurizia izan zen” —esan du diputatuak — “Eta hori, gainera, askotan gutxietsi egiten den genero batean, folklorean”.

Euskal musika eta dantza, askotan, “bigarren mailakotzat” hartu izan direnez, zeberioztarrak egindako lana azpiratuta gelditu izan dela onartu du Bilbaok. Hain zuzen, horregatik da garrantzitsua Aldeiturriagak ibilitako bide zailari eta euskal kulturari egindako ekarpenari garrantzi gehiago ematea: “Uste dut [bere lana] gure sustraietara erabat lotuta dagoela. Beraz, gora Maurizia eta gora zuek!”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak