Sareak

☉ Zeberio

Zeberioko ondare historikoa, iragana eta etorkizuna

Zeberion, ondare historiko artistikoa iraganaren testigu da, baina baita etorkizunaren akuilu ere.

|

Zeberioko Abendu Kulturaleko egitarau oparoari erreparatuz gero, bada Gabonen bueltan egin ohi diren ekitaldietatik kanpo kokatzen den ospakizun bat: San Esteban egunaren harira Etxazo auzoko ermitan egiten duten goiz pasa.

Ez da tenore honetako jai bakarra, meza, jana, edana eta herri kirolak nahasten dituena, inondik inora: perretxikoen antzera loratu dira historian zehar ermitak herriko auzo eta mendi magaletan. Egun, hamabi dira zutik dirauten harri eta egurrezko eraikinak. Ikuspegi erlijiosoaz harago doan balio artistiko eta historiko esanguratsua aitortzen zaie, eta dozena horretatik bakoitzak dauka santuen izendegiari lotutako jaia eta eguna.

Ez hori bakarrik, herrian sobera ezaguna den baina Zeberiotik kanpo askorentzat altxor ezkutua zatekeen Ermiten Ibilbidea ere osatu zuten orain dela bi hamarkada luze.

Gai polemikoa izan zen bere garaian, herriko kultur elkartea, Austarri, eta Udala aurrez aurre jarri zituena. Kepa Perez Urraza EHUko irakasleak “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa” azterlanean (2009) horren berri ematen digu: “Badira 10 urte Austarri-Korta Kultur Elkartearen asmo zahar baten ekimenez, Zeberioko ermiten ezagutza fisiko, artistiko eta historikoari hasiera eman zitzaionetik. 2000. urtean ateratako liburuxka baten aurkezpenean zera genioen: Zeberioko Austarri-Korta Kultur Elkarteak, gure herriko ondasun kulturala ezetu asmoz, ekintza kolektibo lez, ermitarik ermita ibilaldia prestatu dau. Ondoan doan orri multzoa, helburu hori betetzeko ahalegin laburra baino ez da”.

Lan horren uzta izan zen “Zeberion zehar ermitaz ermita. Ibilaldirako gida laburra” lana, eta hortik preseski heldu zen kultur elkarteko kideen haserrea urte batzuk geroago: “Harrezkero, 2006an. Zeberioko Udalak aginduta, Zeberioko ermitak. Ermitas de Zeberio 16 orrialdeko liburuxka bat argitaratu du testua hizkuntza bietan eta ermiten irudiak koloretan. Egilea Alex Turrillas. Liburuxka hori dela eta, batetik, tristea da Udalak berak lan hori burutzea, Zeberiokoa den elkarte kultural bati burutzea agindu ordez kanpoko egile bati agintzea, eta bestetik, tristeago oraindik, egile horrek ez aipatzea jatorrizko iturririk, Austarri-Kortak 2000. urtean ateratako liburuxkaren zati esanguratsuak erabat hitzez hitz kopiatu eta gero”.

Polemikak polemika, ibilbidea eskuragarri dago egin nahi duenarentzat. Ermiten sekretu bakarra ez da euren kokalekua edo bertara heltzeko gurutzatu behar diren baso edo ibilbide malkartsuak, mendeen poderioz sortu diren kondaira eta mitoek ere eman baitute zeresana.

Juan Manuel Etxebarria etno-linguista eta filologo zeberioztar handiak horien inguruan hitz egin zuen GEURIAren 74. zenbakian egin genion elkarrizketa mamitsuan, bere “Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak” I eta II liburuak abiapuntutzat zituena.

Liburuaren ernamuina izan zena aipatzen du bertan: “Auzoko Simon Goyoagak kontatutako mito bat aipatu nion Jose Migel Barandiani eta ikaratuta geratu zen. Kontakizun hura Etniker aldizkarian argitaratu behar nuela esan zidan. Horrela hasi nintzen Zeberio eta inguruetako ipuinak eta kondairak jasotzen. 1995ean Labairuk eta BBK-k ‘Gorbeialde inguruko etno-ipuin eta esaundak’ lana publikatu zidaten. Baina ez diot lan egiteari sekula utzi eta 2016an bilduma handiagoa argitaratu nuen, aurreko lanaren bigarren atala”. Auzokideak kontatu zion mitoak zera dio: “Gaur egungo San Justo y Pastor ermitako zelaian altxor bat ezkutatuta dagoela kontatu zidan, eta urrezko txanponez betetako idi-larrua zela zehazki”.

Urte hauetan guztietan norbait altxorraren bila ibili den edo, are gehiago, aurkitzea lortu duen ez du zehazten, eta Zeberion ez da horren berririk izan.
Ermitak ondarearen zati bat dira, baina ez bakarra. Udalaren web orrian sartu irten bat egitea besterik ez dago, dorretxe, baserri berezi eta zubien zerrenda ikusteko. Hori gutxi ez, eta azken aldian zeresana ematen ari den Errege Bideak zeharkatzen du herria.

Errege bide… gorria

Errege bidea bigarren mailako galtzada izan zen, XV. mendean Zeberio zeharkatzeko sortu zena, merkantziak Arratiatik Bilbora atera ahal izateko. XVIII. mendean ezagutu zuen distirarik handiena, eta ordutik garrantzia galtzen joan zen, ia desagertzeraino. Azkenengo hamarkadetan instituzioek, eta bereziki Udalak, berreskuratzeko apustua egin dute, eta emaitzak emankorrak ari dira izaten.

2022ko ekainean, Ermitabarritik igarotzen den bide zatia garbitzen ari zirela XVIII. mende amaierako harlauzak aurkitu zituzten. GEURIAK Juanjo Hidalgo arkeologoarekin hitz egin zuen, eta zera azaldu zigun: “Ermitabarrin topatutakoak harlauzak dira, Errege Bidearen ertzak osatzen dituzten harriak”.

Hidalgoren esanetan “topatutako harri hauek lerrokatuta daude eta horrelako lerro bik osatzen zuten galtzada, bidea egonkortzeko. Barrualdean txokorrak deritzoten harriak botatzen zituzten. Harriztadura hauek bideak denbora luzez ondo iraun zezan erabiltzen zituzten, hondatu ez zitezen”.
Hala ere, Laudioko historialariak azaldu zigun Errege Bidea baino lehen, Ermitabarritik igarotzen den erreka ondoko zati honetan ez zegoela inolako galtzadarik, eta bertatik artilea bezalako materiala garraiatzen zutela mandoetan: “Harrizko galtzada eta gurdien erabilera XVIII. mendeko kontua izan zen”, borobildu zuen Hidalgok.

Mando eta gurdientzat diseinatutako galtzada garai berrietara egokitu da, baina, eta etorkizun hurbilean erabiltzaileak oinezkoak eta txirrindulariak izango dira. Horretarako, Zeberio eta Arteako Udalek bi herriak batzen zituen Errege Bidea bidegorri bilakatuko dute, udalerri biak legarreko pista baten bidez lotuz. Zeberiori dagozkion 200 metroak dagoeneko bukatuta daude, Ermitabarritik Sarasolako Etxebarri auzora, eta hortik Artearaino falta diren 150 metroak Arteko Udalari eta Foru Aldundiari dagozkio.

Zeberion, ondare historiko artistikoa iraganaren testigu da, baina baita etorkizunaren akuilu ere.

☉ Zeberio

Liztor asiarren habi kopuruak “modu kezkagarrian” egin du gora Zeberion azken bi urteetan

Aitziber Mendibil erlezain zeberioztarraren arabera, “jendearen interes faltak” liztor asiarraren habiak herriko zuhaitzetara ekarri ditu bueltan azken urteetan

|

Liztor asiarren habi bat, Ugaon // Geuria

Liztor asiarrek Hego Uriben eta Bizkaia mailan gero eta presentzia handiagoa dutela jakina da. GEURIAn iazko maiatzean Berdez Bizi elkarte galdakoztarraren inguruko elkarrizketan azaldu bezala, Asiako liztorra 2004 urtean iritsi zen Europara. Itsasontzi batek Vespa Velutina espezieko erregina batzuk ekarri zituen Frantziako hego-mendebaldeko kostaldera eta urtez urtez hedatu dira.

Hego Uribe eskualdean eta Zeberioko kasuan bereziki azken urteetan azaleratu zen asiako liztorren mehatxua. 2018an habi pilo bat agertu ziren Zeberion eta horrek herritarren kezkak piztu zituen. Urte hartan, Koldo Velasco, Unai Larrabide eta Aitziber Mendibil erlezainak elkartu eta habi kopuru hori murrizteko tranpak ezartzeko kanpaina abiarazi zuten: “Liztorrak harrapatu, sailkatu eta jarraipena egiten dugu tranpen bidez”, azaldu du Aitziberrek. Ekimenak harrera ona izan zuen eta urte hartatik aurrera urtero antolatu zuten Gorbeialdeko hainbat udalerritan.

Liztor bat // Jon Goikouria Larrabeiti

Aldaketa klimatikoak eragindako beroaren ondorioz, intsektu hauek neguan bertan ikusten hasi gara eskualdean, bereziki ura dagoen zonaldean, Kantauri isurialdean bereziki: “Ugaotik Nerbioi ibaia igarotzen da eta ibilguan habi pilo bat atzeman dira azken urteetan. Zeberion izen bereko erreka dago eta gauza bera gertatzen da”, dio Mendibilek. 2018 eta 2023 bitartean 137 habi topatu dituzte Zeberioko lurretan Opendata Bizkaia webgunearen arabera.

2018 eta 2023 bitartean 137 habi topatu dituzte Zeberioko lurretan

2018an kokatu zituzten tranpek eragin zuzena izan zuten eta 2019tik 2021era bitartean: 2018an 29 habi topatu zituzten, baina 2019an eta 2020an 19ra jaitsi zen kopurua. Hau da, habien kopuruak % 34,5eko beherakada jasan zuen. Urte hartatik  aurrera, habi kopurua, astiro-astiro gora egiten hasi zen berriro: 2021ean 20 habi topatu zituzten, 2022an 24 eta iaz 26.

“Jendeak liztor asiarrei tranpak jartzeko saioetara joateari utzi dio, espezie inbaditzaile honekin bizitzera ohitu garelako”, dio Mendibilek. Liztorren bizitza zikloa urte batekoa da. Neguan habiak desaktibatzen dira, baina erreginak lurpean, arrakaletan… ezkutatu egiten dira.

Tenperatura epelak itzultzen direnean (lehen udaberrian, orain gero eta lehenago) esnatu egiten dira, ziklo berria hasiz: “Negua bukatzean izan ohi da tranpak ezartzeko momentu aproposena”, azaldu du Aitziberrek. “Liztorrei presioa egiteko modu eraginkorra da eta habiak murrizteko prozedura eraginkorra da. Hala ere, Vespa Velutina geratzeko heldu da hona”.

Liztor asiarren habi bat // Geuria

Aitziberren arabera, liztorren kanpainetako parte-hartzetan dago arazo nagusia: “Urteek aurrera egin ahala, Zeberion gero eta jende gutxiagok hartzen du parte liztorren inguruko hitzaldietan eta tranpa gutxiago jartzen direnez, habiak herriko zuhaitzetara itzuli dira”.

Erle gutxiago, bizitza gutxiago

Habi gehiago egoteak liztor asiar gehiago egotea esan nahi du. Liztor asiarrek, areriorik gabeko espezie inbaditzaileak diren heinean, erle autoktonoak hil egiten dituzte. National Geographicen arabera, erleak planeta mantentzeko gakoak dira: “Albert Einsteinek zioen gizakiak lau urtez biziraungo lukeela erleak planetatik desagertuko balira”, azaldu dute natura aldizkaritik, eta lurrak bioaniztasun itzela galduko zuela azaldu dute: “Gizakiok elikadura eta ekonomia krisi itzelak pairatuko genituzke”.

Esparru honetan polinizazioak garrantzi itzela du: erleek polena garraiatzen dute loreen artean eta ondorioz, landareek haziak eta frutak sor ditzakete. Erlerik gabe, haizeak garraiatuko luke polena landarez landare.

“Liztorren arazoa herritarrei komunikatu behar zaie ekosistemen alde eta baita erlezainak laguntzeko ere”, dio Mendibilek: “erlezain barik ez dago erlerik. Gaur egun ez dago erle basatirik: lehen gaztainondoen enborretan topa genitzakeen Apis mellifera espezietako erleak (eztia produzitzen dituztenak)”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Etxeko suteak ekiditeko hitzaldia antolatu dute Zeberioko Santa Kurtzen

Saioa otsailaren 17an antolatu dute Santa Kurtzen, 12:00etan

|

Sutea Uriondo auzoan // Geuria

Otsailaren 17an, zapatua, suteen prebentziorako Jagon daiguzan gure etxeak! izeneko hitzaldia eskainiko dute 12:00etan. Formazio saio txiki hau Zeberioko Udalak antolatu du eta eguraldiak txarrera egiten badu lekuz aldatu daitekeela azaldu dute.

Formazio saio honen helburua auzotarrei etxeko suteen aurrean modu egokian jardutea da. Horregatik, zapatuko saioan ur hartuneen eta kutxen kokapenaz eta suteen kontrako materialeaz mintzatuko dira eta erabileraren inguruko azalpen praktikoak egingo dituzte, besteak beste.

Gorka Idirin, suhiltzailea: «Gu laguntzera ez da inor etorriko»

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Taberna Zaharrak eta Ermitabarri apartamentuek Errotik proiektuan parte hartuko dute

Proiektu honen bidez, Gorbeialdek hizkuntza kudeaketa esparruko doako zerbitzua emango die Ermitabarriko lehen sektoreko ekoizleei eta turismoko establezimenduei

|

Ermitabarri auzoa 2022an // Geuria

Gorbeialde Landa Garapeneko Elkarteak Errotik izeneko euskara sustatzeko proiektua martxan ipini du, Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Ekimen honen bidez, Gorbeialdek doako zerbitzua emango die lehen sektoreko ekoizleei zein turismoko establezimenduei.

Zeberiori dagokionez, Ermitabarriko negozio bik izena eman dute izena Errotik-en: Taberna Zaharrak eta Ermitabarri apartamentuak. Gorbeialde elkartearen arabera, Landa eremuan dauden hainbat enpresetan hutsunea dago. “Izan ere, Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen”. Ondorioz, turismoko zein landa eremuko enpresa askotan eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik ez dela ikusten azaldu dute Gorbeialdetik: “Horregatik erabaki dugu hizkuntza kudeaketaren eremuan eragiten hastea”.

“Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen”

2022tik lanean

Errotik proiektua 2022an jaio zen, Arratiako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen duen eusGara zerbitzuak Gorbeialde elkartearekin elkarlanean, eta bi hotelekin lan egiten hasi ziren bezeroei ematen zaizkien eskuorriak itzuliz, menuak euskaratuz, hizkuntza paisaian eraginez, sare sozialetan euskararen presentzia bermatuz… Lanketak emaitza ona izan zuen eta bertatik jaio zen Errotik. EusGararen eragin eremua industria arloko enpresetara mugatzen da baina, eta horregatik Gorbeialdek Foru Aldundira jo zuen finantzazio bila eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarengana zerbitzu teknikoa jasotzeko. Emaitza modura, itzulpenak, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saioak, hizkuntza ohituretan eragiteko laguntza, diru-laguntzen kudeaketa… jasoko dute.

Hego Uribe eskualdetik harago, Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegiak eman dute momentura arte izena Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektu honetan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Egun osoko irteera antolatu dute Austarri Mendi Taldeko zeberioztarrek Ubal mendilerrora

11,5 kmko ibilbidea egingo dute mendizaleek otsailaren 18an. Gainera, Kuxkuxeroaren kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute

|

Ikuspegia, Peña del Moro tontorretik // Mendiak.eus

Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek egun osoko irteera prestatu dute otsailaren 18an Ubal mendilerrora (Karrantza).

Igoera Lanestosatik hasiko dute (289 mt) eta hortik Peña del Morora zuzenean: “Peña del Moro Karrantzako mendebaldean dagoen mendia da, Bizkaia eta Kantabria artean kokatutakoa. Honen ekialdean Peña del Mazo dugu eta tontorrak 818 metrokoa da”, azaldu dute mendi taldetik. Peña del Morotik Ramalesera jarraituko dute mendizaleek (95 mt). 11,5 kmko ibilbidea izango da guztira eta mendizaleek, gainera,  Kuxkuxeroaren kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute.

Irteera otsailaren 18an egingo dute 08:00etan, Zeberioko plazan. Irteeran izena emateko azken eguna otsailaren 15a izango da eta hiru modutan egin daiteke: mendi taldearen lokalean (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte), austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz edo 665 735 054656 415 597 telefono zenbakietara deituz. Bazkideentzako prezioa 8 eta 4 eurokoa izango da (helduak eta haurrak) eta gainontzekoek 10 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko karnabalek euskaldunen inguruko historia-ikuskizuna ekarriko dute barikuan eskolara

Karnabalak goizean goiz hasiko dira otsailaren 9an, Zubialde eskolan, haurrek ‘Txapela buruan eta ibili munduan’ proiektuarekin egindako lanketagaz. Arrasti aldera, herriko elkarteek hainbat jarduera prestatu dituzte herriko plazan

|

Gaurkotasun programako frame bat // Zubialde eskola

Aurtengo karnabalek menu berezia ekarriko dute Zeberiora otsailaren 9an, bai Zubialde eskolara, bai herriko plazara.

Eskolari dagokionez, esan daiteke aurreko urteetako gaiei begira urrats berri bat eman dutela Zeberiokoek. Aurtengo proiektua Txapela buruan eta ibili munduan da eta eskolako ziklo guztiek horren inguruko lanketa egin dute. Nuria Korta zuzendariak GEURIAri azaldu lez, “sekulako montajea” izango da eta kronologia bat jarraituz euskaldunak Ternuara joan zireneko edo esku-pilota eta zesta punta ameriketara eraman zuteneko gaiak jorratuko dituzte istorioen bidez.

Zeberiotik mundura

Hirugarren zikloko ikasleen aurtengo gaia geografia izan da eta kazetaritzarekin uztartu dute. Horrela, ‘Zeberio Barri: behar duzun informazioa’ izeneko albistegi edo gaur egungo gaien inguruko formatuko proposamena landu dute, hiru esatarik aurkeztuta (kazetari lantalde eta guzti): “Ikasleek gaurkotasun gaien inguruko telebista saio bat grabatu dute eskolan eta Canva programarekin editatu dute”, gehitu du Nuriak. Gaur eguneko gaien artean Korrikako prentsaurrekoa New Yorken, Japoniako Michelin sariak, eta Palestinako Gatazka kubrituko dituzte besteak beste, eta Australiako surflarien eta Keniaren inguruko erreportajea erakutsiko dizkiete ere ikusentzuleei. Bideoa eskolan bertan proiektatuko dute gainontzeko ikasleen aurrean.

Nuria Korta: “Ikasleek gaurkotasun gaien inguruko telebista saio bat grabatu dute eskolan eta Canva programarekin editatu dute”

Baina hori ez da dena; arrasti aldera karnabalak Zubialdeko plazara eramango dituzte. Bertako jarduerak Austarri Kultur Elkartearen, Txubelasu Guraso Elkartearen eta Zeberioko Gazte Elkartearen elkarlanaren emaitza izan dira, Udalaren babesagaz.

18:00etatik aurrera txokolate-jana, dantza-plaza eta futbolin txapelketako finala jokatuko dute. Karnabal egunari amaiera emateko DJ Matxinadaren musika saioa egingo dute.

Zeberioko karnabalak Zubialde eskolan, 2021ean // Geuria

Egitaraua | Zeberioko karnabalak 2024

18:00 Txokolate-jana
19:00 Dantza-plaza
19:30 Futbolin Txapelketako finala
20:15 DJ Matxinada

Osorik irakurri