Zeberioko EH Bilduk deituta, ostiralean (urtarrilak 13), kontzentrazioa egingo dute herrian, “kalitatezko osasun sistema publikoaren alde”. Elkarretaratzea 19:30ean hasiko da, udaletxearen parean, eta urteko lehenengoa den arren, udatik hasita deitu duten laugarrena izango da.
Gabonetan zehar (urtarrilaren 5era arte), kontsultategia bi egunetan baino ez da zabalik egon, ordutegi murriztuarekin: abenduaren 27an, 08:00etatik 10:00etara eta abenduaren 30ean, 12:00etatik 15:00etara. Osakidetzak Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetako profesionalen “atsedena bermatzeko” neurritzat hartu ditu murrizketok 89 zentrotan, baina herri txikietan ez da alternatibarik egon osasun arreta ziurtatzeko.
Uda garaian ere, Zeberioko kontsultategian erizaintza zerbitzua baino ez da eskaini uztailean eta abuztuan zehar, eta herritarrek Ugaoko zentrora joan behar izan dute artatuak izateko. Hain zuzen, ekainaren 29an, uztailaren 8an eta abuztuaren 31n kontzentrazioak deitu zituen Zeberioko Bilduk murrizketa horiei muga jartzeaz gain, Jaurlaritzari osasun ereduaren aldaketa eskatzeko.
Uztaileko mozioa
Erreibindikazio nagusiak Lehen Arreta indartzearen aldeko mozioan aurkeztu zituen alderdiak, eta uztailaren 5ean, ezohiko udalbatzan, Zeberioko EAJren babesa jaso zuen komunikatua onartzeko. Dokumentuan jaso zituzten eskaera nagusiak hiru izan ziren: Lehen Arreta “garai berrietara” egokitzea eta arreta komunitarioa garatzea; aurrez aurreko kontsultei “lehentasuna” ematea eta telefono-kontsultak “eraginkorrak direnean bakar-bakarrik” erabiltzea; eta, prekarietatearen aurka, osasun-langileen artean “iraupen luzeko kontratuak lehenestea”.
