→Zeberio

Pou Anaiek euren lehen liburua aurkeztu dute Zeberioko Eskola zaharrean

Sei urte igaro dira Pou anaiek azken aldiz Zeberio bisitatu zutenetik eta atzo gogoz heldu ziren Zubialdeko Eskola zaharrera. Ondo gogoratzen zuten anai arabarrek azken esperientzia, ia-ia Austarri Mendi elkartekoek baino hobeto. Oraingo honetan euren lehen abentura liburuaren aurkezpena dela eta hurbildu ziren Zeberiora: Aupa Pou, Bizitzari Sokaz Lotuta

Eneko eta Iker, liburuagaz // Geuria

Sei urte igaro dira Pou anaiek azken aldiz Zeberio bisitatu zutenetik eta atzo gogoz heldu ziren Zubialdeko Eskola zaharrera. Ondo gogoratzen zuten anai arabarrek azken esperientzia, ia-ia Austarri Mendi elkartekoek baino hobeto. Oraingo honetan euren lehen abentura liburuaren aurkezpena dela eta hurbildu ziren Zeberiora: Aupa Pou, Bizitzari Sokaz Lotuta. “Liburua joan den apirilaren amaieran kaleratu genuen, Saint Jordi egunerako”, azaldu zuen Eneko Pouk. “Zoragarria izan da, Durangoko azokan hirugarren ediziora iritsi ginelako”. Eskola zaharrean liburu horrek dakarren edukia, Pou anaien bilakaera kontatzen duen eta eskaladatik haratago doan abentura liburua, dokumental baten bidez kontatu zieten zubialdeko aretoa jendez bete zuten lagun mendizaleei.

Aurkezpen labur baten ondorioz, play-a sakatu eta krispetak faltan, dokumentala martxan jarri zuten. Baina ez zen zinta arrunta izan; munduan zehar egindako espedizioetako irudiak agertzen zihoazen heinean ahotsik gabeko tarteak agertzen ziren, eta une horietan mendizaleek pasarteak kontatu zituzten, komentatutako dokumental bat balitz. Irudietan haurrak zireneko lehen hastapenak ikusi ziren, aita eta amagaz egindako mendi irteerak Gavarnieko zirkura, Pirinioetako Monte Perdidora egindako igoerak umeak baino ez zirenean… 90. hamarkadan anai bien bideak nolabait ‘banatu’ ziren: Ikerrek kirol eskaladatik jo zuen eta Enekok, alpinismotik. Proiektoreak Midi d’Ossauko 60ºko maldak, Juanito Oiarzabalekin batera egindako Annapurnako Iparraldeko Aldeko momentuak, sherpa eta oxigeno barik (1999). Ikerrek Euskal Herriko eskaladaren egoera azaldu zuen: “2000 urtean 8C eta 8C+ak ikus zitezkeen Euskal Herrian eta eskalada praktikatzeko giroa zegoen, baina ez zegoen 9ko biderik. Horregatik, Alemaniara joan nintzen bide berriak zabaltzera”. Jakina da Pou anaiak ezerrekin alderatu ahal badira ontzi izotz-hausleekin izan daitekeela: mendian zehar bide berriak deskubritu eta frogatuz.

Horma guztien gainetik

2000 urtetik aurrera anaien bideak batu egin ziren berriro eta munduko bazter guztiak arakatzen hasi ziren: Yukon (Kanada, 2000 urtea), El Capitan (Yosemite Parke Nazionala, Kalifornia, 2003), Madagascar (2004), Totem Pole (Ozeania, 2005), Fitz Roy (Patagonia 2006/07), Orbayu (Naranjo de Bulnes), Pakistan (2010), Ferro Torre (2013), Siberia (2015), Amazonia (2017)… etab luze bat. Munduko pareta bakoitzak oroimen zoragarriak bezain harrigarriak utzi dizkie Eneko eta Ikerri. 7 Pareta, 7 Kontinente proiektua burutu ostean 4 Elementu izenekoarekin hasi ziren eta Koronabirusak etena egin bazien ere, martxan dabil oraindik eta 2022an bukatzeko asmoa azaldu zuten atzokoan.

Dokumentala ikusten sufrimendu aurpegiak ikusi ziren ikusle batzuen artean. Abentura, arriskua… argiak piztean txalo zaparrada jaso zuten mendizaleek eta ostean etorkizuneko espedizioak gauzatu ahal izateko liburuak sinatzera eta zeberioztarregaz  berba egitera ekin zioten.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak