Sareak

☉ Zeberio

Tortilla txapelketak, suzko zezenak eta kontzertuek Zeberioko Santakurtze jaiak girotuko dituzte

Maiatzaren 3tik 5era izango dira aurtengo Santakurtzeak Zeberion eta STAK Santa Kurtzeko Jai Batzordeak Bertsio Gaua antolatu du lehen aldiz aurten

|

Suzko zezena // Wikipedia

Maiatza ate joka dago eta hilabete berriaren hasierarekin Hego Uribe eskualdeko herriak beroketak egiten ari dira udara arteko jaiak direla eta. Maiatzaren 3tik 5era Santakurtzak ospatuko dituzte Zeberion eta STAK Santa Kurtzeko Jai Batzordeak egitaraua iragarri berri du.

Aurtengo berritasun aipagarriena maiatzaren 4an (zapatua) egingo duten Bertsio Gaua izango da. Bertan, Ilentia, Durundue, U7, Seveelrio, Satankurtzeren kontzertuak eta DJ Matxinadaren saioa egingo dute auzo zeberioztarrean. “Bertsio gauerako bost talde sortu dira eta zapatuko gaua DJ Matxinadak girotuko du”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Patata tortilla // Geuria

Egitaraua | Zeberioko Santakurtzak

Maiatzak 3, barikua
12:00 Meza eta erramu bedeinkapena + luntxa
18:30 Txupinazoa
18:45 Tortilla txapelketan izena emateko epea zabaldu
20:00 Tortillen aurkezpena
20:15 Dantza plaza
21:00 Sari-banaketa + parrillada eta musika
22:00 Suzko zezena

Maiatzak 4, zapatua
10:30 Mendi irteera
13:00 Herri kirolak
15:00 Bazkaria (norberak etxetik ekarrikoakaz)
17:30 Kontzertua: Mani eta Iker
18:00 Jolasak eta txapelketak
19:30 Txokolatada
20:00 Bertsio Gaua. Kontzertuak: Ilentia + Durundue + U7 + Seveelrio + Satan Kurtze + DJ Matxinada

Maiatzak 5, domeka
12:00 Desmontajea + konbideduen bazkaria, nor bere etxean

☉ Zeberio

Zapatu honetan ospatuko dituzte Zeberioko Uriondo auzoko jaiak

13:00etan meza egingo dute auzoko ermitan eta amaitu bezain pronto barauskiarra prestatuko diete herritarrei

|

Uriondo // Inocencio Goikuria

Maiatzaren 11n, zapatu honetan, ospatuko dituzte Zeberioko Uriondo auzoko jaiak. 13:00etan meza egingo dute auzoko ermitan eta amaitu bezain pronto barauskiarra prestatuko diete herritarrei.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Oinarrizko bizi-euskarria eta desfibriladorea erabiltzeko ikastaroa egingo dute Zeberion

Ikastaroa maiatzaren 13an eta 27an antolatu dute Zeberioko Kultur Etxeko jantokian,18:30ean

|

DEA desfibriladore bat // Ytimg.com

Zeberioko Udalak oinarrizko bizi-euskarria eta desfibriladoreak erabiltzeko egun biko ikastaroa antolatu du maiatzaren 13an eta 27an. Ikastaro labur hau Kultur Etxeko jantokian antolatu dute 18:30ean.

“Izena ematea beharrezkoa izango da”, azaldu dute udal ordezkariek. Interesdunek e-posta bidali beharko dute udala.zeberio@bizkaia.org helbide elektronikora. Udaletxera deitzeko aukera ere zabaldu dute: 946 481 079.

Berebiziko gailuak

Bihotz-biriketako geldialdi bakoitzeko bizitza bat salbatzeko epea 4 eta 5 minutu artekoa izan ohi da, eta horietako bakoitzak % 10 gutxiago irauten du. Beraz, denborak berebiziko garrantzia du kasu horietan, eta desfibriladore bat erabiltzeak duen garrantzia funtsezkoa da biziak salbatzeko.

Kanpo-desfibriladore bat gailu mediko elektroniko bat da, bihotz-biriketako geldialdia tratatzeko aukera ematen duena. Diagnostikatzea ere badu eginkizun, pertsona bihotzeko eta biriketako sistemarekin arazo bat pairatzen ari dela diagnostikatzea.

Hainbat desfibriladore mota daude, horietako batzuk ospitale-eremura mugatutakoak. Erabilera publikorako ohikoenak kanpoko desfibriladoreak dira. Erreskatatzailearen esku-hartze mailaren arabera, gailu horiei Kanpoko Desfibriladore Automatikoak (KDA) edo Kanpoko Desfibriladore Erdiautomatikoak (KDEA) esaten zaie.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak Lekandara egingo du irteera, Euskal Mendi Federazioaren 100. urteurrenean

Zeberioko mendizaleek domeka honetan ipini dute hitzordua, 09:00etan, Zubialdeko plazan. Asmoa Pagomakurrera autoz joatea da

|

Lekanda // Mikel Martinez de Osaba

Datorren apirilaren 28an, domeka, Lekanda mendira abiatuko dira (1.309 m) Zeberioko Austarri Mendi Taldeko kideak, Euskal Mendi Federazioaren 100 urteak ospatzeko (1924-2024). Izatez, apirilaren 27 eta 28an Euskal Herriko ehun mendi talde baino gehiago igoko dira zazpi herrialdeetatik aukeratutako 100 tontorretara, eta ehungarren urteurreneko bandera eramango dute. Efemeridea oroitzeko bi mila mapa egingo dituzte.

Zeberioko mendizaleek 09:00etan ipini dute hitzordua Zubialdeko plazan eta asmoa Pagomakurrera autoz joatea da. Behin Pagomakurren ibilbidea hasiko dute honako lekuetatik igaroz: Pagomakurre, Arraba, Lekanda, Itxina, Atxular eta Pagomakurre.

Lekandako tontorra. Atzean, Gorbeia // Menditxoko

Axnagusia, gertutik

Itxina kareharrizko mendigunearen gailurrik garaiena da, Gorbeiako mendigune handiaren zati dena. Arrabako axnagusia edo, besterik gabe, Axnagusia ere esaten zaio. Lekanda toponimoak mendiaren iparraldeko isurialde malkartsuan du jatorria, baina, azkenean, gailurreraino ere zabaldu dela dirudi. Itxina mendigunearen ekialdean dago, 1200 metroko desnibelarekin Arratiako harana menderatzen duela, Zeanuriko zeruaren gainean (205 m). Iparralderago dagoen gailurra Igalirrintza (1296 m) deitzen da, askotan Lekandaren sinonimo bezala erabili izan dena.

Itxina da Gorbeiako mendigunearen (Gorbeiagane) zatirik malkartsuena eta erakargarriena. Oso ondo mugatutako paraje malkartsua da, “belarri” itxurakoa. 5 km2 inguruko hedadurarekin, 1.309 metroko gehienezko kota du Lekandan, eta 1.017 metroko gutxieneko kota Axpezar sakonunean. Arro itxi hondoratu bat da, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera Itxinako erdigunea zeharkatzen duen arrakala handi bati jarraituz.

Itxinako barnealderako sarbideak oso urriak dira. Ikusgarriena Atxulaurren Begia da, ekialdeko harresian irekitzen den zuloa, Supelegor eta Lexardi inguruetarako sarbidea ematen duena. Arrabako zelaietatik (1.070 m) garrantzitsuak dira Kargaleku (1.113 m) eta Igalerantz (1.162 m) pasabideak. Mendebaldeko harresia, batzuetan Torruntxueta deitua, oso malkartsua da eta Sintxitako amildegira erortzen da. Gurdietarako pasabide bakarra Itxingo arratea zen (1.080 m), Orozkoko bailaratik sartzeko aukera ematen zuena. Axkorrigan gailurrera sartzeko (1.090 m), Atxaragun pasabidea (1.042 m) dugu.

“Irteera herritar guztientzat zabalik dago eta jendea animatuz gero horixe kudeatu beharko genuke”, azaldu dute Austarri Mendi Taldetik. Horregatik, ekimenean parte hartu nahi dutenek Zeberioko mendi taldearekin harremanetan jarri behar dira. Gainera, nor bere bazkaria eraman behar dutela jakinarazi dute.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

#A21 / Emaitzak / Zeberio / EH Bilduk EAE-ko hauteskundeak irabazi ditu lehen aldiz

#A21 / Zeberio / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko ikasleek bertoko bazterrak erakutsiko dizkiete Siziliako umeei

“Gure ikasleek Euskal Herriko naturguneak landu dituzte eta Siziliako umeak bertara datozenean leku horiek ezagutzeko bisita antolatu dute”

|

Zubialde eskolako ikasleak, Sizilian// Zubialde Eskola

Zubialde eskolako 6. mailako 15 ikasle apirilaren 19an itzuliko dira Siziliako Kataniako Guglielmo Marconi zentroan (Lentini, Katania, Sizilia) egiten ari diren egonalditik. Bertako ikasleekin zazpi egunez elkartrukea egiten ari dira egun hauetan. Nuria Korta Zubialde eskolako zuzendariak GEURIAri azaldu moduan, Siziliakoak hilaren 28an etorriko dira Zeberiora bueltan eta harrera egiteko eskola komunitate osoa egongo da herrian: “Gainera, herri afaria antolatu diegu Siziliakoei apirilaren 30ean, igandea”.

“Eskolako hirugarren zikloko ikasleak, seigarren mailakoak bereziki izan ohi dira elkartruke hauetan parte hartzen duten umeak”. Joan den apirilaren 13an abiatu ziren Zubialdeko umeak Siziliara. Bestalde, Kortak ingelesa ikastearen balioa azpimarratu du eta haurrak urtero atzerrira doazenean horixe lantzen dutela gehitu du: “Bidaia prestatzerakoan, harremanetan ipintzen gara atzerriko zentroarekin eta proiektu bat diseinatzen da. Bertako egoera esanguratsu horretan lantzen dute ingelesa”.

Zubialde eskolako ikasleak, Loiuko aireportuan // Zubialde Eskola

Aurtengo gaia naturagaz lotura duen bisita programa bat sortzea izan da: “Gure ikasleek Euskal Herriko naturguneak landu dituzte eta Siziliako umeak bertara datozenean leku horiek ezagutzeko bisita antolatu dute eta zeberioztar gazteak izango dira bisita horien gidariak”. Kortak adibide bat ipini du: “Zumaiako Flyscha bisitatzeko lanketa bat egin dute inglesez, eta egun hauetan gauza bera egiten ari dira Italiako ikasleak, bertako naturguneekin”.

Osorik irakurri