Bideoa / Zeberioko laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik
Sorginek herrian utzitako aztarnak jarraituz toponimia ibilbidea egin dugu Juan Manuel Etxebarriagaz auzoetako kontakizun aipagarrienak bilduz.

Eder Lozano Heras: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”

Bideoa | Ana Guerra, Ugaoko Izarra: «Ugaoko familiak kabalgata herrian bertan ikusteko sortu da ideia»

Venezuelako kontsulak Basaurin aldarrikatu du presidentea Nicolas Maduro dela

Bideoa | Errege Magoekin eta euren pajeekin topo egin dugu Basaurin!
Geuria #087 Monografikoan argitaratutako erreportajea
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan
Zeberiok leku berezia dauka Euskal Herriko mapan, sorginkeriaren alorrean. 1555ean 18 lagun auzipetu zituzten Gesalan, sorgintzat salatuak. Auzi horren haritik, sorginkeriaren inguruko istorio eta kontakizun ugari jaso dituzte Zeberioko auzoek, zein baino zein harrigarriagoak. Laburpentxo bat egitearren, toponimia ibilbidea egin dugu Juan Manuel Etxebarria Ayesta etnolinguista gidari, Zeberioko auzoak arakatuz, sorginen aztarnak jarraituz. Joxe Migel Barandiaran apaiz, antropologo, etnologo eta arkeologoak hainbat definizio eman zituen sorginen inguruan iraganean: “Funtzio bereziak egiten dituzten jeinuak, pertsona sorginduak, normalean andrazkoak dira, gau-batzarretan parte hartzen zutenak, era batzuetako malefizio edo sorginkeriatan”. Horrela definitzen zituen. Etimologiaren ikuspuntutik egiten diren definizioak bi dira: lehena, latinetik Sors (zorte, patu) eta gin (atzizki egilea). Bigarrena, Sor (Sortu, egitea) eta gin (atzizki egilea). Barandiaranen arabera, izaki hauek itxura ezberdinarekin agertzen ziren: Supelegor kobazuloan sai edo putre itxuragaz agertu zirela azaltzen du bere testuetan, baita katu beltz itxuran ere.

Juan Manuel Etxebarria // Geuria
Baina nortzuk ziren andra horiek eta nola bereiz zitezkeen gainontzeko emakumeengandik? Kepa Pérez Urraza Pedagogian doktore, unibertsitateko irakasle jubilatu eta Zeberioko ondare kulturalean aditu denaren arabera (Zeberio, 1952), sorgina izateko honako “delitu eta gaiztakeriak” burutu behar zituen emakume batek: sorginkeria, aztikeria eta konjuroak burutzea; sineskeriak erabiltzea: kurutze-balioaz, oilarraz, landareez, ukondoaz igurtzi eta airean hegan egitea; Petralanda deitutako larrean zeuden ospakizunetan parte hartzea; jan edanak, dantzak, ‘kontra naturako’ sexu jarduerak egitea, Belzebu deabrua gurtzea eta Jaungoikoa, Amabirjina eta Santuak ukatzea; soloetan hautsak bota eta frutak galtzea; umetxoei odola xurgatu eta eraitea; bestelako deabru-arteak.
Juan Manuel Etxebarriak Joxe Migel Barandiaranen testuetatik jasotako informazioaren arabera, emakume bat modu ezberdinetan sorgindu daiteke: eliza bati hiru buelta emanez, ondo bataiatuta ez egonda, beste sorgin baten soinekoak heredatuz, sorgin baten orratzontzia onartuz, deabruari musu emanez edo gurutzea oinagaz eginez.
Sorginek eragin berezia izan zuten Zeberion XVI. mendean. Herri honetan toponimo ugari topa daitezke: Gesala, Zeberiogana, Gorozitu, Etxazo, Barbatxao, Ereñotza, Amezola, Areiltza, Artiñao, Olatzar, Bertzuten, Solatxi, Ametza, Olabarri, Telleri, Adarraga, Presalde, Barañao… bistan da toponimo gehienak Zeberiokoak direla bat izan ezik: Dimako Petralanda.
Hori dela eta, lehenik eta behin Ermitabarrira gerturatu gara Juan Manuel Etxebarria filologo eta etnolinguistagaz, sorginek Ermitabarriko Gesala auzoan utzitako aztarnen abiapuntura. Sorginkeriaren inguruko auziak berez 1.555 eta 1558 bitartean izan ziren, eta horrela azaldu zuen Kepa Perez Urrazak Zeberioko Onakaos eta Gazte Asanbladak 2020ko ekainean antolatutako Aste Kulturalak zikloan: “1538-39 urteetan, Kalahorrako Inkisizioak aginduta, Bizkaian 187 pertsona penitentziatuak izan ziren, hau da, sorgintzat salatu, atxilotu, torturatu, epaitu, zigortu eta kondenatuak. Guztien izen-abizenak eta zein herritakoak diren zehazten da. Gure inguruari dagokionez, Inkisizioaren ebazpena jaso zutenen artean, besteak beste, Orozkoko 21 kide, Zeberioko 18 eta Arratiako 22 dagoz”.
“Dario de Areitiok Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkariko (RIEV) XVIII. liburukian Kattalintxe izeneko neskatxo bat sorgindu zala batzen du erdara zaharrean”, azaldu du Juan Manuel Etxebarriak Gesalabeko baserriaren aurrean. Eztabaida horren haritik “ikaragarrizko epaiketa” sortu zela kontatu digu Etxebarriak: “Auzotar asko egon ziren inplikatuta epaiketa hartan: batzuk akusatzen eta beste hainbeste akusatu modura”. Hainbat epaiketa eta zigor egon ziren bertan. Denborak aurrera egin ahala, sorginkeria baino “familien arteko inbidiek eragindako eztabaidak” izan ziren, etnolinguistaren berbetan. “Epaiketa hura urruntxo joan zen garaiko jendearen arabera eta gertakari horren haritik sorginkeriak leku pribilegiatua eskuratu zuen Euskal Herriko mapan”.

Juan Manuel Etxebarria // Geuria
“Ondorioak egon ziren, bai noski!” azaldu du Etxebarriak. RIEV aldizkariaren arabera, akusatuak ‘kordel eta ur’ zigorrak jasan zituzten: “Artikuluan erdara zaharrean mintzatzen dira eta ez dakit zehazki zer esan nahi duen horrek, Inkisizioaren zigorrak ondo ezagutzen baditut ere”, aitortu du Juan Manuelek.
Esaten da sorginak eta lamiak Zeberioko hainbat lekutatik Dimako Petralandara joaten zirela hegaz, Zeberiokoa ez den toponimo bakarrera. Horren inguruko istorio ugari daude eta Etxazo, Gorozitu, Ereñotza, Barbatxao eta Adarraga auzoetan sorginkeriarekin lotutako kontakizun berezi bat dute zeberioztarrek, familia baten ingurukoa: hegan egiten hasi baino lehen, sorgin eta lamiek gorputza olio berezi bategaz igurzten omen zuten, gero laino guztien azpitik eta sasi guztien azpitik Lamindaora joateko. “Lamindaon Petralanda izeneko zelaia dago eta bertan akelarreak egiten omen zituzten sorginek”, azpimarratu du Etxebarriak. Herriko etxe batean, emakume batzuek neskatxo bat sorgintzeko nahian zeuden, horretarako, gorputza olioz igurtzi eta hegan egiteko formula prestatzen. “Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik” esaldia bota eta hegaz eroan zuten emakumeek haurra. Bitartean, etxeko gizona eszena haren lekuko izan zen giltza zulotik eta ez zuen nahi sorginek bere alaba sorgintzerik. Horretarako, bere gorputza olioz igurtzi eta sorginei entzundako esaldia bota zuen, baina “laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik” esan beharrean “laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik” esan zuen, konturatu barik. Gizonak hegaz egin zuen, bai, baina nola! “Petralandaraino heldu omen zen, baina zorabiatuta eta guztiz urratuta, ia-ia hilzorian!” azaldu du Juan Manuelek irribarre eginez. Istorioak dio gizon hark sorginkeria etetea lortu zuela azken momentuan.

Zeberiogane // Geuria
Izakiak bidegurutzeetan
Sorginen lekuak asko dira Zeberion eta iraganean auzotar askok herriko bideetan ikusi zituztela esaten dute. Zeberio bezalako herrietan aipamen berezia dute andabideek: “Auzotar bat hiltzen zenean, gorpua baserritik elizaraino eramaten zuten, oinez”, dio Juan Manuelek Zeberioganako arkupetik gertu dagoen bidegurutze bat seinalatuz. “Batzuetan, hilotzagaz egin beharreko bidea baserritik elizara bitartekoa zen, zuzen-zuzenean. Beste batzuetan, ordea, baserri batetik beste batera igaro behar zen, eta bigarren baserritik elizara. Kasu horietan garrantzi berezia zuten bidegurutzeek”. Herritar askoren ustetan, bidegurutzeetan agerpenak egon ohi dira: arimak, sorginak… Eta arazo horri aurre egiteko, esaterako, Kurtzebarri auzoan gurutze bat jarri zuten antzina, izaki horiek urrun mantentzeko. Andabideen kasuan, baserritik elizarako ibilbide horretan abadea lehena zihoan ilaran eta bidegurutzeetara heltzean errespontsua otoizten zuen. “Esaten da, baita ere, bidegurutzeetan kiratsa egon ohi zela, eta hori arrazoitzeko herritarrek zioten sorginak eta izaki horiek zirela usain txar horien errudunak”.
Bidegurutzeetan ez ezik, Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomaseko parrokian irudi apotropaikoa dago, izpirituak eta sorginak bezalako izakiak aldentzeko. Etnolinguistaren arabera, irudi horrek mundu zaharrean du jatorria eta kristau aroan sartu ahala, gurutzeak, kandela bedeinkatuak, kanpaiak eta bestelako elementuak gehitu zitzaizkien.
Uriondo auzoko baserri batekoa zen Juan Manuelen ama eta Etxebarriak sorginkeriaren inguruko pasarte zirraragarria kontatu digu, amak berak bizitakoa. Emakumeak neskame bezala egin zuen lan 10 urte baino ez zituela eta Uriondotik Zaratamoko Larikao auzoko etxe batera joan zen behar egitera. Bertan benetako sorginkeria bizi izan zuela kontatu digu bere semeak: “Zaratamoko etxe hartan ume bat bizi zen, oso gaixorik. Etxeko atsoak esan zuen ume horri baten batek begizkoa bota ziola eta pertsona hori topatu behar zutela. Garai hartan ume asko zendu egiten ziren eta ezbehar asko gertatzen ziren begizkoen kontuekin. Orduan, beruna hartu eta sartanean urtu zuten, eta edukia kristalezko urez betetako ontzi batera bota zuten. Tenperatura aldaketa hark kea sortu zuen eta likidoa hoztu zenean, ura kendu eta bertan agertu ziren irudiak irakurri zituen atsoak. Jarraian, ume horri andrazko batek begizkoa bota ziola esan zuen andreak. Horiek horrela, umearen sehaskako burkoa bidegurutze batean erretzeko esan zuen atsoak, eguerdiko 12:00etako kanpai hotsetan. Baina San Migeleko kanpaia Zaratamokoa baino hobeto entzuten da. Bidegurutzera heltzean, pospoloak atera zituzten baina pizterakoan berehala amatatzen ziren. Orduan, atsoak etxera bueltatu eta tximiniako pospoloak ekartzeko agindua eman zion nire amari eta bueltatu zenean, atsoak esan zuen ama kanpoan zegoela, katu beltza irten zela bertatik eta deabruak ihes egin zuela. Asko kostata eta San Migeleko kanpai hotsekin batera, burkoa erre zuten bidegurutzean bertan. Umea hurrengo egunean hil zen. Baina arrazoia ez omen zen begizkoa izan: meningitisak jota hil zen umetxoa”.
Antzina, zientziaz kanpoko gertaerak nolabait azaldu ahal izateko sorginkeriarekin zerikusia zuten ekintzak burutzera eramaten zituzten herritarrak. “Gaur asko dakigu, baina lehen ez zegoen edozein gertaerari azalpen egokirik emateko modurik. Horregatik, jendeak sorginkeria bezalako kontuekin interpretazioak egiten zituen egoera jakin batzuei azalpena eman ahal izateko”.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.
☉ Zeberio
Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.
Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.
2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.
☉ Zeberio
Bisitari gutxiago baina egonaldi luzeagoak izan dituzte Zeberioko apartamentu turistikoek 2025ean
255 bisitari etorri dira Ermitabarriko apartamentuetara 2025ean eta beren egonaldia lau egunekoa izan da Mihaela Vatamanu arduradunaren arabera

2024ko norabidea jarraituz, Ermitabarri auzoan kokatutako apartamentu turistikoek 255 bezerorekin itxi dute 2025 urtea, aurreko urteetan baino gutxiago: 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an, 473 (2024ko bigarren seihilabeteko datuak falta dira: urtarriletik ekainera bitartean 74 pertsona igaro ziren).
2025ean 103 erreserba egin zituzten guztira: 76 Estatu mailakoak (% 74) eta 27 nazioartekoak (% 26). Egonaldien batazbestekoa lau egunekoa izan da eta erreserba gehienak (% 90a) Booking plataformaren bidez egin dituzte.
Apartamentuak kudeatzen dituen Mihaela Vatamanuren datuen arabera, Estatu mailako datuei erreparatuz, erreserba gehienak Bartzelonako turistak izan dira (% 20) eta jarraian Madril legoke (% 14): “Tendentzia hau azken urteetan mantendu izan da”, zehaztu zuen Mihaelak 2024an. Nazioarteko erreserbei dagokienez, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorri dira bisitari gehienak 2025ean.
“Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak etorri ohi dira, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”, azaldu zuen Mihaleak 2024ko balantzea egin zuenean. 11 urte daramatza Vatamanuk Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzen eta erreserba kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, turisten egonaldiak gero eta luzeagoak direla azpimarratu du.
☉ Zeberio
Zeberioko Elizondo, Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetako errepideak asfaltatuko dituzte hurrengo asteetan
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik

2025ean egin beharreko lanen artean ageri dira Zeberioko auzo jakin batzuetan egin beharreko asfaltatze-lanak. Zehazki, Ermitabarriko Elizondo (Eusebio Aldekoa egoitza aurreko errepidea), Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetan egin behar dituzte obrak.
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Bide jakin batzuetan barandak ipiniko dituztela gehitu dute.
Lan hauek Uribarri auzoko sarrerako errepidea konpondu ostean hasi behar zituzten. Uribarrin egindako lanak “konplexuak” izan ziren, bide azpiko lurrak mugitu eta errepidea hondoratu zelako. Konponketa horretarako 80.000 euro bideratu zituzten 2025ean.
Pilotalekua, aurrera
Bestalde, Ermitabarriko frontoiko lanak aurrera doaz. Zeberioko Udalak iazko irailean iragarri zuen lan horiek 2025 urtea bukatu baino lehen amaituta egongo zirela ondo bidean, baina langileak bertan ari dira lanean egun hauetan. Udalak 70.000 euro bideratu ditu eraberritze lan sakonak egiteko Ermitabarriko pilotalekuan: “Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, aurreratu zioten udal ordezkariek GEURIAri 2025eko urtarrilean.
Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu zuten Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak.





